Miller-Urey esperimentua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Miller-Urey esperimentua 1953an Stanley Miller eta Harold Urey ikerlari estatubatuarrek egindako saioa da, molekula organikoen sintesia posible zela molekula inorganikoetatik abiatuta frogatzen zuena.

Stanley Miller biokimikari gazteak Aleksandr Oparinek 1925ean azaldutako hipotesia laborategian frogatu nahi zuen. Oparinen ustez, Lurreko antzinako atmosfera, orain dela 4.000 milioi urte, oxigenorik gabekoa zen; erreduktorea, beraz. Atmosfera horretan metano, amoniako eta hidrogeno bezalako gas erreduzituak nagusi ziren. Gas horiek aktibatzerakoan haien arteko erreakzio kimikoek molekula organikoak sortu behar zituzten. Molekula organiko hauek bizitzaren aitzindariak izan beharko ziren, Oparinen iritziz.

Miller-ek bere zuzendariari H. Urey-i eskatu zion laguntza, buruan zeukan asmoa gauzatzeko. Bi ikerlariek Lurreko antzinako atmosfera simulatzen zuen tramankulu bitxia diseinatu zuten. Bertan, metano, amoniako, hidrogeno eta ur-lurrunaren nahasketa bat deskarga elektrikoekin tratatu zuten astebeteko epean. Bukatutakoan molekula organiko batzuk agertu ziren tresna barruan, molekula horien artean aminoazidoak ugarienak zirelarik.

Esperimentuaren nondik-norakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esperimentuaren tresnak bi matraze zeukan: lehenengoak Lurreko antzinako atmosfera simulatzen zuen: ura (H2O), amoniakoa (NH3), metanoa (CH4) eta hidrogenoa (H2) zuelarik; bigarren matrazean ur irakiten zegoen, bere lurruna lehenengo matrazera bidaltzen zuena.

Miller-ek eta Urey-ek deskarga elektriko indartsuak (60.000 volt) eragiten zituzten lehenengo matrazean, gas molekulak aktibatzeko. Haien ustez, holako zerbait gertatu behar izan zen antzinako Lurrean, garai hartan ugariak baitziren ekaitz bortitzak.

Tresnaren zirkuitoan hozteko aparatua zegoen lehenengo matrazearen azpian. Hoztaile honek kondentsadore moduan jarduten zuen, hots, gasak kondensatzen zituen. Tresnaren beheko tokian U itxurako hodi batek ur kondentsatua eta sortutako molekula berriak jasotzen zituen.

Lehenengo matrazearen gasak deskarga elektrikoen bidez aktibatu ostean, bigarren matrazean sortutako ur-lurrunak aktibazioaren ondoren eratutako produktu berriak eramaten zituen (antzeko zerbait gertatu behar izan zen antzinako atmosferan, euri-tantek sortzen ari ziren molekula organikoak eraman eta ozeanora eroriarazi baitzituzten).

Hozte aparatua zeharkatu ondoren lehenengo matrazean sortutako produktuak kondentsatzen ziren (gasak likido bihurtzen ziren), eta U itxurako hodian pilatzen ziren (U itxurako hodiak antzinako ozeanorena egiten zuen).

Astebeteko epean etengabe funtzionatu ondoren, Miller-ek eta Urey-ek U itxurako hoditik laginak atera eta analizatu zituzten. Karbono inorganikoaren (CH4) %10 inguru molekula organiko berrietan zegoela aurkitu zuten.Molekula organiko horien artean 4 aminoazido zeuden (alanina, glizina, glutamiko eta aspartiko) eta zenbait azido organiko (laktiko eta azetiko, batez ere).

Denboraren poderioz beste zientzialari batzuek (J. Oró, Ponnamperuna, Carl Sagan...) Miller-en esperimentua hobetu eta sofistikatu zuten, beste substantzia batzuk sartuz matrazeetan (besteak beste, Miller-ek aurkitu zituen konposatu organikoak). Molekula organiko ugari lortu dira modu honetan: aminoazido guztiak, azido organiko anitz, urea, nukleotidoak, ATP, etab.

Esperimentuaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miller eta Urey-i esker frogatutzat jotzen da antzinako Lurrean, duela 4.000 milioi urte, molekula organikoak sortu zirela atmosferako gasetatik. Oparinen hipotesia ontzat jo zen, eta urrats garrantzitsua eman zen biziaren jatorriaren ikerketan.

Miller-en esperimentuak bide berriak ireki zituen biologiaren eremuan: Lurrean ez ezik, beste planeta batzuetan antzeko prozesuak gerta litezke ere. Exobiologia jaioa zen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]