Minbizi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Fitxategi:Normal cancer cell division from NIH.png
Zelula mutatuen ugalketa

Minbizia, kantzerra, mingaiztoa edo minjalea, gaixotasun oldarkorra da, hilgarria izan daitekeena. Minbizi edo neoplasia hitzak zelula ugalketa iraunkor, anormal eta autonomoa izendatzen du, zelulen alterazio genetikoaren ondorioz sortua dena eta bere progenie zelularrari transmititua izango dena.

Eragileen artean hainbat ditugu: tabakoa, dieta, birus infekzioak, alkohola, faktore genetikoak, ingurune kutsadura eta abar, zeintzuetatik guztien buru tabakoa dagoen[erreferentzia behar].

Batzuetan organo batean gera daiteke. Beste batzuetan aldiz, gorputzeko beste organo batzuetara hedatzen da. Kasu horretan, metastasi izena hartzen du. Hori dela eta, oso garrantzitsua da gaixotasuna garaiz harrapatzea, metastasia gertatzen bada beranduegi izan daitekeelako.

Onkologia da minbiziak tratatzen dituen espezialitate medikoa.

Ezaugarriak

Minbizia ez da gaixotasun bat, gaixotasun askoren bat egitea baizik. Minbizi bera daukaten bi gaixo, arazo desberdinak sortzen ohi dizkie. Oso heterogeneoa da. Tumoreen sortzea (tumorigenesia). Tumoreak edo neoplasmak ezaugarri desberdinak ditu:

  • Zelulak kontrol gabe bikoizten dira, hazkunde faktoreen gehikuntzagatik
  • Hazkundea aurrera ez eramateko zeinuak isilik daude.
  • Seinale apostosikoak inhibitua dauzkate.
  • Kapilar berriak sortu ditzakete, aurretik zeudenetatik.
  • Ez die eragiten Immunitate sistemako erasoak.

Bi motatako tumoreak aurki ditzakegu: Tumore onbera eta tumore gaiztoa. Minbizira eragiten duen tumore bakarra gaiztoa izango zen. Zenbait desberdintasun daude bien artean:

Onbera:

  • Zelula hauek hazten ari diren organoen zelulen itxura bera daukate.
  • Normalean astiro hazten dira. Mitosi gutxi eta ohikoak egiten dituzte.
  • Dauden organoan bikoizten dira, baina ez dute beste organorik erasotzen.
  • Ez da metastasirik sortzen.

Gaiztoa:

  • Ez dute dauden organo edo ehunen itxura bera.
  • Hazkunde abiadura desberdinak dituzte. Mitosi ugari eta arraroak.
  • Alboko ehunak erasotzen dituzte.
  • Metastasi dago: Zelula batzuk jatorriko lekutik, kapilarren bidez, gorputzeko beste leku batera doaz, bertako organoak edo ehunak erasotuz. Berez, honexeri deitzen diogu benetan minbizira.

Tumore gaiztoa zenbait ekintzen ondoren sortzen da:

  • Hasierako aldia: Gen batzuen bidez lehenengo tumorearen hazkuntza gertatzen da. Horrela tumore hau:
    • Handitzen jarraituko da, nahiz eta beste zelula batekin kontaktuan egon.
    • Ez da hazkuntza faktoreen menpe egongo
    • Hipoxiari aurre egingo dio: Tumorea hazten den heinean, erdiko zelulei ez zaie hainbeste 02 ailegatuko,eta hipoxikoak bihurtuko dira.
  • Aurreratze edo progresio aldia:
    • Zelula hauek tumoretik askatuko dira. Mugitzen hasiko dira, ondoko ehunak erasotuz.
    • Hasierako kapilarretatik beste kapilar batzuk sortuko dituzte, leku gehiagotara iristeko. Horrela, era berean, 02 eta mantenugai gehiago hartzeko gai izango dira
    • Organo berrietara ailegatzean kapilarren bidez sartzen dira bertan. Giro berrira ohituko dira eta hazten hasiko dira berriro.

Horrela, metastasiaren bidez, minbizira gorputz osotik heda daiteke, kontrolik gabe. Horregatik, sendatzeko aukera gehiago ematen diote beti, tumorea azkar aurkitzen diotenari.

Gaixotasunaren garapena

Minbizi gehienak zelula klonal batetik sortu eta etapa desberdinetan garatzen dira:

Hasiera

Agente kantzerigenoak ADN zelularrean alterazio genetikoa eragiten du. Honekin erlazionatuta bi gene mota aipatu behar dira:

  • Onkogeneak: protoonkogeneak ugalketa eta kontrol zelularrean seinaleen transmisioan parte hartzen duten geneak dira. Agente kantzerigenoak aldatu egiten ditu onkogene bihurtuz. Onkogene hauek zelula normala hazkuntza autonomoko zelula bihurtuko duten substantziak ekoizten dituzte.
  • Gene supresore edo antionkogeneak: zelula normaletan ugalketa zelularra murrizten dute. Antionkogene hauen mutazioa gertatzean zelula oztoporik gabe hasiko da ugaltzen.

Promozio edo garapena

Zelula onkogeneen aktibazio progresibo eta independentegatik minbizi zelula bihurtzen da.

Progresioa

Progresio tumorala ondoko prozesu hauen bidez gauzatzen da:

Honela minbizi zelulek eskualde urrunetan tumore berriak sortzen dituzte, metastasiak.

Ondorio fisiopatologikoak

Tumore mota, kokapen, ezaugarri biologiko eta ostalariaren portaeraren araberakoak dira.

Sintomen agerpena tumorearen tamaina, hazkuntza abiadura eta kokapenaren araberakoa izango da. Tumoreak parasito gisa jokatzen du, ostalariaren bitartez elikatzen da eta ekoizten dituen hondakinak bere bitartez kanporatzen ditu. Berak ekoiztutako substantzia hauek markatzaile tumoral gisa ezagutzen dira.

Tumoreak hormonak ekoizten dituen kasuetan sindrome berezi bat agertzen da, sindrome paratumorala.

Tratamendua

Tratamendu espezifikoa hiru bidetik etor daiteke:

Kasu terminaletan, gaixoak tratamendu espezifikorik ezin duenean hartu, tratamendu sintomatikoa baino ez du jasotzen, hil arteko tartea ahalik eta modurik hoberenean pasatzeko.

Immunoterapia

Immunitate-sistemak parte hartzen du minbiziaren prebentzioan. Minbiziaren aurka 3 immunoterapia bereiz daitezke:

  • Pasiboa: tumore zelulen antigorputz espezifikoen erabileran oinarritzen da.
  • Aktiboa: txerto antitumoralak ematean datza.
  • Egokituak: T linfozitoak aktibatzen dira laborategian, gero linfozito aktibatu horiek -minbizidun zelulei eraso egingo dietenak- gaixoari injektatzen dira.

Estatistikak EAEn

1995etik 2003 arte Txagorritxun, Santiagon, Basurtun, Gurutzetan, Galdakaon eta Donostia Ospitalean jasotako datuen arabera, hauexek dira emaitza orokorrean EAEari dagokionez:

Zortzi urte horietan 69.411 kasu antzeman zituzten guztira Osakidetzako aipatutako ospitaleetan, horietatik 41.144 gizonezkoak eta 28.267 emakumezkoak. Adin tarteak kontuan harturik, gehienek 60-79 urte zituzten diagnostikoaren momentuan (35.000 pertsona baino gehiago), bereziki 70-74 urte (10.532 kasu) eta 65-69 urte (10.215 kasu).

Aparatuen arabera, guztira heste lodiko minbizia ohikoena izan zen 9.222 kasuekin, bigarrena birikakoa 8.088rekin eta hirugarrena bularrekoa 7.861rekin. Sexuaren arabera, emakumezkoengan bularrekoa (7.760), ugaltze-aparatuarenak (4.942) eta heste lodikoa (3.493). Gizonezkoengan, birikakoa (7.112), heste lodikoa (5.729) eta ugaltze-aparatuarenak (5.127).

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Minbizi