Mitologia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Mitologiko» orritik birbideratua)


Mitologia (grezieraz μυθολογία, hau da, μύθος mito eta λόγος hitzaldia) mitoak, hau da, natura eta gizakien auziak azaltzen dituen fantasiazko istorioen multzoa da. Gaur egun, bi esanahi nagusi ditu hitzok: alde batetik, kultura edo erlijio batek duen mito-multzoa, edo, beste aldetik, mito-multzo hori biltzen, aztertzen eta interpretatzen duen jakintza arloa[1].

Mitoak tradizio eta kondairetan oinarritutako kontakizun sinbolikoak dira, unibertsoa edo munduaren jatorria, fenomeno naturalak eta azalpen ezagunik ez duen edozein gertaera azaltzeko sortuak. Hala ere, mito guztiek ez dute zertan esplikazio-asmo hori izan. Era berean, mito gehienak indar natural edo jainko batekin lotuta daude, baina asko belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititu diren istorio eta kondairak besterik ez dira.[2]

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grezierazko mythología bi hitzez osatua dago:

  • mythos (μῦθος), greziera klasikoan "diskurtsoa" edo "hitzaldia" esan nahi duena (Esquilo: «ἔργῳ κοὐκέτι μύθῳ», ‘hitzetik ekintzara’)[3]​. Beraz, "erritualizatutako hitz ekintza", hala nola, nagusiak batzar batean egiten duena, poeta batek bere lanetan, apaizak meza ematean, eta abar.
  • logos (λόγος), greziera klasikoan "adierazpena" esan nahi du, idatzizkoa zein ahozkoa, bai pentsamenduena eta bai pertsona batek bere pentsamenduak adierazteko duen gaitasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prometeoren mitoa Hesiodok tratatuko du lehen aldiz, geroago, Greziako tragedia trilogia baten oinarria izan zen antzerki obra batean, agian, Eskilorena, eta, geroago, Mary Shelleyren Frankenstein lana inspiratu zuen.
Sakontzeko, irakurri: «Mito»

Mitologia terminoak mitoen azterketaren zientziari edo mito multzo bati erreferentzia egin diezaioke. Mito terminoa sarritan erabili ohi da istorio faltsu bati erreferentzia egiteko[4][5], baina terminoaren erabilera akademiko orokorrak ez du bere egia edo faltsutasunaz epaitzen[5][6]. Folklorearen azterketan, mitoa munduak nola funtzionatzen duen eta gizadia gaur egun nola izatera iritsi zen azaltzen duen kontakizun sakratu bat da[6][7][8]. Giza ezagutzaren beste diziplina batzuetako espezialista askok mito terminoa modu ezberdinetan erabiltzen dute[8][9][10]. Oso zentzu zabalean, hitzak edozein istorio tradizional onar dezake[11][12][13].

Mitoetako pertsonaia nagusiak jainkoak edo naturaz gaindiko heroiak izan ohi dira[14][15][16]. Istorio sakratuen antzera, mitoak agintariek eta apaizek onartzen dituzte normalean, eta erlijioari oso lotuta daude[14]. Mitoak bizirik irauten duen gizartean, oro har, iragan urruneko benetako kontutzat hartzen da[14][15][17][18]. Izan ere, gizarte askok narratiba tradizionalaren bi kategoria dituzte: benetako istorioak edo mitoak, eta gezurrezko istorioak edo alegiak[19][20]. Mitoak, normalean, garai primitiboago batean gertatzen dira, munduak oraindik egungo forma lortu gabe zegoenean[14], eta munduak gaur egungo forma nola hartu zuen [6][7][8][21], eta erakundeak eta tabuak nola ezarri diren azaltzeko balio dute[14][21].

Mito tipologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitoen gai nagusiak kultura guztietan ematen dira, baina itxura eta esateko modua aldatuz.

  • Jatorri mitoak: munduaren, hiri baten edo arraza/kultura baten jatorria azaltzeko.
  • Erritu mitoak: ohitura batzuen zergatikoa azaltzen dituztenak, jainko bati atsegin emateko edo ezbeharrak saihesteko.
  • Gurpen mitoak: jainko baten bizitza eta lorpenak azaltzeko.
  • Ospe mitoak: agintari edo heroien leinua ezagutarazteko.
  • Amaiera mitoak: munduaren edo zibilizazioaren amaiera aurreikusteko (mito eskatologikoak):
  • Gizarte mitoak: gizartearen ohitura edo jokabide batzuk frogatzeko (gurpen mitoen antzekoak izaten dira eta legea hausteak dakarren arriskuaz dihardute).

Mitologia eta erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teide (Tenerife), mitologia guantxeen arabera, Guayotaren (deabrua) mendi morea zen.

Erlijioa eta mitologia ez dira gauza bera, eta erlijioaren barruan, mitologia osagai bat da beste askoren artean, hala nola: gurtza lekuak, arkitektura sakratua, ospakizunak, apaizak, egutegia, gurtza moduak, objektuak, hil ondorengo bizitzarekin lotutako sinesmenak, tabuak, eta abar.

Mitologia erlijio gehienetan ageri da modu garbian, eta era berean, mitologia gehienak erlijio bati lotuak egon ohi dira, gutxienez. Termino hau maizago erabiltzen da antzinako gizarteek sortutako erlijioak izendatzeko, hala nola greziar mitologia, erromatar mitologia eta eskandinaviar mitologia. Hala ere, garrantzitsua da gogoratzea pertsona batzuek eskandinaviar eta zelta panteoiak fabula huts gisa ikusten dituzten bitartean, beste batzuek erlijiotzat hartzen dituztela (ikus neopaganismoa). Era berean, hori gertatzen da herri indigenen mitologiak aztertzean ere (adibidez, Hego Amerikako Mitologia); bertan, jatorrizko erlijioak oraindik ere agertzen diren kasuak ikus daitezke.

Oro har, pertsona askok ez dituzte kristautasuna, judaismoa eta islama bezalako erlijioen jatorriaren eta garapenaren inguruko kontakizunak gertakarien hitzez hitzeko kronikatzat hartzen, baizik eta haien balio-sistemen irudikapen figuratibo edo sinbolikotzat.

Hala ere, pertsona askok, hala nola ateoek, agnostikoek edo erlijio horietakoren bateko sinestunek, mito eta mitologia hitzak erabiltzen dituzte erlijio batean edo gehiagotan agertzen diren historiak edo fededuna denaz bestelako erlijioak faltsutzat edo, gehienez ere, zalantzazkotzat jotzeko. Horrela, gaur egun dauden erlijio gehienetako jendea iraindu egiten da beren fedea mito-multzotzat hartzen denean; izan ere, haien erlijioa berez, gezurra dela esatea bezala da, eta hori beren sinesmenen aurka doa. Horren adibidea da talde kristau askotan Bibliako kontakizunei dagokienez; izan ere, Bibliako fededunek ez dute uste, oro har, beren istorioetako batzuk mitologikoak direnik, eta hitz hori hitz gutxiesgarritzat baino ez da erabiltzen.

Hala ere, jende gehiena ados dago erlijio bakoitzak bere erlijio-eskrituren inguruan garatu den mito-multzo batekin; izan ere, mito hitza bera modu objektiboan egiaztatu ezin diren gertaerei buruzkoa da. Era berean, mitologia juduaz, mitologia kristauaz edo mitologia islamiarraz hitz egin daitekeela uste da, sinesmen horietan dauden elementu mitikoez hitz egiteko, fedearen printzipioen egiazkotasunaz edo bere historiaren bertsioez hitz egin gabe; izan ere, bere erlijioa egiazkotzat hartzea pertsona bakoitzaren fedeari eta sinesmenei dagokie, eta ez mitoen azterketari.

Horren adibide dira gaur egungo apaiz eta errabinoak mugimendu judu eta kristau liberalenen barruan, neopaganoez gain, beren testu erlijiosoek mitoak dituztela onartzeko arazorik ez dutenak. Horrela, bere testu sakratuak egia erlijioso gisa ikusten dituzte, inspirazio jainkotiarrak errebelatuak, baina gizadiaren hizkuntzan erakutsiak. Hala ere, edozein esparrutan gertatzen den bezala, beste batzuk, aitzitik, ez daude horrekin ados.

Erlijio batzuk desagertzean, haiekin lotutako mitoak luzeago iraun izan dute, aldatuta bada ere, eta folklorean itsatsita. Hori gertatu da Irlandako edo Eskandinaviako. Euskal Herriko kondaira zaharrak, antzinako erlijio baten hondarrak direla uste dute batzuek[22].

Mitologia moderno ez-erlijiosoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odin, mitologia nordikokoa, eta Väinämöinen, mitologia finlandiarrekoa izan ziren J. R. R. Tolkienentzat inspirazioa Gandalf Magoa sortzeko.

Nahiz eta jende askok mitologia antzinako kulturekin edo erlijioekin erlazionatzen duen, ez da beti horrela izaten.

Alor narratiboan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitoek lotura izan dute beti, forma literarioekin eta bereziki genero narratiboekin, hala nola fabulak, maitagarrien istorioak, elezahar herrikoiak, sagak, kontakizun epikoak, legendak edo ipuin etiologikoak (zeintzuek azalpena ematen duten gauzak zergatik diren horrela ulertzeko).[2]

Narrazio mitikoen oinarri horiek ikus daitezke gaur egungo produkzio kultural askotan. Adibidez, telesailak, liburuak eta ipuinak, eta rol-jokoak, besteak beste, fikziozko unibertso propioa osatzea lortzen dutenak; osagai mitologiko oso garrantzitsuak hartzen dituzte, batzuetan sistema filosofiko sakon eta korapilatsuak ere sor ditzaketenak.

Mitologia mota honen adibide bikaina J. R. R. Tolkienek bere Silmarillion eta Eraztunen Jauna liburuetan garatutakoa da[23], besteak beste, berak legendarium deitu zuena, edo Cthulhuren mitoak, H. P. Lovecraften eleberrien eta bere zirkuluaren bateratzetik sortuak. Azken hauek, fisika ezezagun batetik abiatuz azaltzen dute unibertso osoa (suposatzen baitu unibertsoaren eta zientzien gure ezagutzek premisa okerrak dituztela), eta Jainkoaren existentziarik eza, non giza ulermenetik haratagoko kreaturak bizi baitira unibertsoan denboren hasieratik. Horren arabera, gizateria haientzat garrantzirik ez duen hauts-mota soil bat da. Gure ustez, jainkoak dira, primigeniar izenekoak, eta haien artetik boteretsuenak, kanpoko jainkoak eta jainko arketipikoak.

Beste adibide aipagarri batzuk, eleberri eta film desberdinetarako sortutako fikziozko munduak dira; esate baterako, Star Trek, Star Wars, Saint Seiya manga, Drangolace eleberriak, Harry Potter...

Kritikari batzuen iritziz, narrazio modernoetako pertsonaia nagusiak eta istorio-zikloak jabego publikokoak ez direnez, egile-eskubideei buruzko legeek eragotzi egiten diete egile independenteei historia modernoen zikloak jarraitzea, pertsonaien saga horiek mitologien funtsezko ezaugarrietako batzuk partekatzea saihestuz; gutxienez, egile-eskubideen epea bete arte eta jabego publikokoak izatera igaro arte. Hala eta guztiz ere, egile-eskubideen jabeek beste egile batzuekin jarraitzen dute batzuetan, hala nola L. Sprague de Camp-en Tarzan pertsonaiekin eta Conan eleberriekin (originalki Robert E. Howardenak), edo superheroien komikiekin, dozenaka autore izan ohi dituztenak.[24]

Alor ideologikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mito terminoak mitologiaren eta erlijioaren esparrutik haratagoko esanahia ere badu gizarte modernoetan. Kontestu ideologiko bati ere lotzen ahal zaio, adibidez marxismoaren ikuspegi historizistan, estatuaren desagerpena mitotzat jo daitekeela kontsideratzen dute kritikoek.[2]

Antzinako Greziako esanahiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

μῦθος (mȳthos) terminoak Homero eta haren garaiko beste poeta batzuen lanetan agertzen da, zeinetan terminoak hainbat esanahi zituen: elkarrizketa, narratiba, diskurtsoa, ipuina edo hitza[25].

λόγος (logos) terminoaren antzera, mythosek ere hitzen forman eman daitekeen guztia adierazten du. Horiek grezierazko ἔργον (ergon: ekintza, obra edo lana) kontrastatu daitezke. Hala ere, mythos terminoak ez du benetako eta gezurrezko narrazioen arteko bereizketa espliziturik[25].

Antzinako Greziako antzerkiaren testuinguruan, mitoek antzezlanen mitoa, narrazioa, argumentua eta istorioa aipatzen zituzten. David Wiles-en arabera, aro horretan, mythos greziar hitzak esanahi ezberdinen espektro osoa hartzen zuen, ukaezinezko faltsutasunetatik hasita esanahik erlijioso edo sinbolikoa zuten istorioetaraino[26].

Aristoteles (K.a. 384322) filosofoaren arabera, antzezlan baten izpiritua bere mitoa zen[26]. Mythos terminoa Greziako tragediaren iturbururako ere erabiltzen zen. Garai hartako tragikoak greziar mitologian inspiratu zitezkeen, jainko eta heroiak aipatzen zituen istorio tradizionalen multzoan. David Wilesek dio greziar tragediaren ikuskera modernoak engainagarriak izan daitezkeela. Normalean, entzuleak antzezpen baten oinarri ziren mitoak jada ezagutzen zituztela pentsatzen da, eta errepresentazioaren emaitza aurreikus zezakeela. Hala ere, ez zuten espero mito tradizionalak agertokira egokitzean antzerkigile greziarrek leialtasunez erreproduzitzea; baizik eta mitoak birsortu eta bertsio berriak sortzen zituzten[26]. Euripides eta haren antzeko narratzaileak (K. a. 480406) suspentseaz fidatzen ziren entzuleak hunkitzeko. Bere obretako batean, Merope bere semearen hiltzailea hiltzen saiatzen da aizkora batekin, jakin gabe gizona bere semea dela. Entzuleek, lan horri emandako erreakzioen deskribapen zahar baten arabera, ez zekiten filizidioa egingo ote zuen, edo garaiz atxilotuko zuten. Izututa, zutitu, eta zalaparta sortu zuten[26].

David Wilesek dio antzinako Greziako mito tradizionalak ahozko tradizioaren parte zirela, batez ere. Garai horretako greziarrak kultura-alfabetatuak ziren, baina ez zuten testu sakraturik sortzen. Testuetan, ez zegoen, forma aldaezin batean, jasotako eta betiko gordetako mitoen behin betiko edo baimendutako bertsiorik. Horren ordez, mitoen aldaera anitz zabaldu ziren. Aldaera horiek abestietara, dantzetara, poesiara eta arte bisualetara egokitu ziren. Mito-interpretariek aske ziren lan berri baterako sorburu-materiala birmoldatzeko, publiko berri baten beharretara egokituz edo egoera berri bati erantzunez[27].

Antzinako Greziako haurrek txikitatik ezagutzen zituzten mito tradizionalak. Platon filosofoaren arabera (K.a. 428347), amek eta umezainek mitoak eta istorioak kontatzen zizkieten beren ardurapean zeuden haurrei: David Wilesek mitologia-ezagueraren biltegi gisa deskribatzen ditu[27].

Bruce Lincolnek mythos eta logos terminoen itxurazko esanahiaz jarri du arreta Hesiodoren lanetan. Teogonian, Hesiodok musei egozten die, bai egiak aldarrikatzeko eta bai gezurra sinesgarriak (hau da, gauza errealak diruditen faltsukeriak) egiteko gaitasuna. Testuan, faltsukeriak kontatzeko erabiltzen den aditza legein da, etimologikoki logosarekin lotzen dena. Eskuizkribuaren tradizioan, bi aldaera daude egia aldarrikatzeko erabiltzen den aditzaren kasuan. Aldaera batek gerusasthai erabiltzen du; besteak, berriz, mythesasthai. Azken hori mytheomai (hitz egin, zenbatu) aditzaren forma bat da, etimologikoki mitoarekin lotzen dena. Lanak eta egunak obran, Hesiodok bere anaia Persesekin izandako gatazka deskribatzen du. Era berean, bere anaiari egiazko gauzak kontatzeko asmoa iragartzen die irakurleei. Egia esateko darabilen aditza mythesaimen da, myththeomairen beste forma bat[28].

Interpretazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitoen interpretazioak XIX. mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean, garrantzitsuenak hauek izan ziren:

  • Historizismoa: denboraren poderioz aldatutako benetako istoriotzat hartzen diren mitoak. Mitoa, denboraren poderioz, gertakari-istorio gisa herri-istorioak sortu dituena. Horrela, Schliemannek Troia aurkitu zuen olerki homerikoak egiazkoak zirela uste zuelako, baita izendatzen ziren hiriak ere. Bestalde, besteak beste Gilbert Pilot, Victor Bérard eta, geroago, Fernando Jaume Saura egileek Ulisesen bidaiak lanean Odisean kontatzen zen Troiatik Itakara benetako ibilbidea ezarri zuten.
  • Alegoria: mitoa, alegia, kontzeptuak eta errealitateak modu poetiko batean adierazteko modu gisa. Teoria hori Pizkundeak jaso zuen. Alegoria naturala izan zen garrantzi handiagoa zuena; Horrek naturaren fenomenoen jainkoen arteko borrokari egiten dio erreferentzia.
  • Mitologia konparatua: Max Müller-ek, Oxfordeko Unibertsitateko irakasleak garatu zuen 1856an, zeinak Comparative Mythology lana argitaratu baitzuen. XIX. mendean, lorpen handiak egin ziren gramatika konparatzailearen arloan; antzinako hizkuntzen azterketa (sanskritoa, latina eta greziera) garatzen da, eta denak hizkuntza beretik abiatzen direla ondorioztatzen da, indoeuroparra. Mitologia, hala, hizkuntzaren zientzien bidez azal zitekeela uste da, indoeuropar jainkoek ere nolabaiteko harremana baitzuten. Europako herrien jainkotasunak zeruko jainkotasunak ziren, eta etimologiak beren jatorriaren esanahia primitiboa argitzen du, ezen, fenomeno atmosferikoak izendatzetik sortzen direnez, pertsonifikazio bat egozten zaie, lehenik humanizatuz gero haietan oinarritutako kondairak kontatzeko, eta, azkenean, jainkotuz amaitzen da.
  • Eboluzionismoa: mitologiaren bilakaera kulturala prozesu historiko, sozial eta filosofikoaren ardatz gisa hartzen duena da. Primitiboena animismoa izango litzateke; hortik politeismora eboluzionatzen da (greziar mitologia aurkitzen den urratsa) azkenean monoteismora iristeko. XX. mendearen hasieran, lan antropologiko garrantzitsu bat agertzen da, The Golden Bough, James George Frazerren Urrezko abarra (zeinetan mitologiak ere baduen lekua) eta jarraitutako bilakaera magia, erlijioa eta zientzia izango ziren. Magiarekin, errito eta prozedura jakin batzuen bidez, naturako gertaerak kontrolatzeko asmoari erreferentzia egingo zion: horixe izango litzateke greziar mitologiako puntua.

Mitoen interpretazioak XX. mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendean, garrantzitsuenak hauek izan ziren:

  • Sinbolismoa: mitoa, batez ere, mundua eta bizitza adierazteko, ulertzeko eta sentitzeko modu bat da, logikak egingo lukeenetik ezberdina. Mitoak hizkuntza hunkigarriagoa du, eta hizkuntza arruntera itzuli ezin den zerbait adierazten duten irudi eta ikurrez betea da. Pentsamendu mitikoaren irudiak ez dira ulermenera zuzentzen, fantasiari eta sentiberatasunari baizik; horregatik, indar espresibo itzulezina dute. Psikologiaren alorreko interpretazioak ere egin ziren: Freudek eta Jungek uste zuten ametsen irudiak inkontzientearen adierazpen direla.
  • Funtzionalismoa: mitologiak eguneroko bizitzan betetzen duen gizarte-eginkizuna baloratzen duen korrontea. Mitoaren zentzua ezinbestekoa da erabilera tradizionalak eta bizikidetza-arauak adierazteko, tradizioak onartutako eta denek onetsitako justifikazio narratibo bat emanez.
  • Mitologia konparatu berria: herri indoeuroparren konparaketaren parte ere bada, baina ez hizkuntzen ikuspuntutik, haien egitura sozialetik baizik. Ikus testu horietan, etengabeko egitura ideologiko batek irauten du. Gizartearen ikuskera orokorra dago hiru taldetan, bakoitza bere funtzioarekin. Talde bat apaiz-buruak osatzen du, magia eta subiranotasun juridikoarekin; beste talde bat gudaria da, indar fisikoa duena, eta, azkenik, langilearena, emankortasuna eta langintza dagozkiena. Indoeuropar herrien mitoek egitura hierarkiko hori islatzen dute; oraindik, jarraitzaile asko dituen teoria da, nahiz eta 1920an sortu zen Dumezilekin.
  • Estrukturalismoa: itxurazko narrazio baten azpian, mitoak esanahiak agerian uzten ditu bere egitura sakonean, askotan errepikatzen direnak. Analisiak hiru alderdi nabarmentzen ditu: datu historiko zehatzen baliagarritasuna aitortzea; gai mitikoen ikerketa sistematikoa eta kulturan, pentsamenduan eta ideologian duten lekua; eta mitoaren eta erritualaren arteko konfrontazioa.
  • Joera eklektikoa: gaur egungo joerak, laburbilduz, agerian uzten du mitoaren ezaugarria bere adibidea dela, oroitzapenen munduari dagokiona, kolektiboki kontatzen eta onartzen den eta herriaren tradizioetan dagoen zerbait izatea. Logotik duten distantzia da istorio horien marka.

Mitoen interpretazioak XXI. mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatutako interpretazio askok gaur egun oraindik ere balio badute ere, mito-kritika kulturala sortu zen XXI.mendean, José Manuel Losada literatura-teoriaren eskutik. Metodologia horrek mitora egungo kulturatik eta egungo kulturara mitotik hurbiltzeko aukera ematen du.

Ikertzaile horren ustez, mitoaren kritikak eskatzen du azterketa jakin bakoitzean mitoaren definizio bat aldez aurretik bere gain hartzea; mito bakoitza tipologia batean katalogatzea definizio koherente baten bermea da.

Losadak mitoa definitzen du: «naturalez gaindiko erreferente transzendente sakratua duten aparteko gertaeren kontakizun funtzional, sinboliko eta tematiko gisa, printzipioz testigantza historikorik ez duena eta kosmogonia edo eskatologia indibidual edo kolektibo bati erreferentzia egiten diona, baina beti absolutua»[29].

Beste zientziekiko (soziologia, politika zientzia, psikoanalisia, etab.) autonomia osasuntsu bat mantenduz soilik egin daiteke benetako mitoaren kritika. Aldi berean, mito baten azterketak nahitaez diziplinarteko izaera izan behar du[30][31].​

Ondorioz, mito-kritikak, imajinario sinbolikoaren analisia alde batera utzi gabe, edozein kultura-agerpen hartzen du indarrez. Mito-kritika berri hori literatura, zinema eta telebista, antzerkia, eskultura, pintura, bideojokoak, musika, dantza, kazetaritza, Internet eta bestelako agerpen-bide kultural eta artistiko besteak beste, esparru zabaletako agerpen mitikoak aztertzeaz arduratzen da.

Azkenik, mito-kritikak mito-kritikaren epistemologia ere garatzen du diziplina zientifiko gisa. .

Euskal mitologia kontestuan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal mitologia ere badela kontsideratzen da, batez ere Jose Migel Barandiaranek XX. mendearen hasieran egindako ikerketetatik batutako materialetatik, substratu mitiko euskaldun bat agerikoa zela azaldu zuelako. Barandiaranen ikuspegian, mitologia hori, euskara bezala, aurre-indoeuroparra izatez, kristautasuna iritsi baino lehenagoko paganismo batekin lotzen da.

Era berean, Barandiaranek kontsideratu zuen Mariren pertsonaia, ikuspegi horietan, zentrala zela, "mendietako jeinu" bat batzuetan, naturaz gaindiko izakia gehienetan, eta hipotesi gisa antzinako euskal erlijio bateko jainkosa izan zitekeela aipatu zuen. Hortik abiatuta, Luis Garagalza izeneko ikerlariak Mari "Europa zaharreko mitologia ama-emakumezkoarekin" lotzen du, Marija Gimbutasek eta beste batzuek identifikatu duten antzinateko Europako "Jainkosa Handi" batekin.[32]

XX. mendean jasotako datuetatik eraikitzen ahal den euskal mitologiaren deskribapena edo osotasuna nahikoa mugatua da, europar mitologia klasikoarekin edo mitologia zeltarekin konparatuta. Era berean, euskal mitoek inguruko mitologiekin dute lotura (Kantabria, Asturias, Galizia, Aragoi), eta, kasu horien antzera, naturarekin harreman handia dute. Mito hauetan agertzen diren izakiek fenomeno naturalekin eta naturako elementuekin dute zerikusia gehienbat. Europar mitologia handietan ere, badira oinarrian naturarekin harremana duten izaki eta mitoak; baina, oro har, jainko-jainkosa, errege-erregina, printzesa, borrokalari eta heroiz josiak daude, eta, elezaharretan, beraien arteko ahaidetza luze eta korapilatsuak kontatzen dira. Azken batean, mitologia pertsonifikatu eta gizarteratu bat islatzen dute. Euskal mitologia, ordea, oinarrizkoagoa eta zuzenagoa da, eta, historian zehar, gutxiago garatua (eta gutxiago idatzia). Bestalde, mitologia handi horien panteoian, jatorri indoeuroparraren eraginez, jainko nagusiak zerutiarrak dira (Zeus grekoan, Jupiter erromatarrean, Thor iparraldekoan), eta, euskal mitologian, lurra da guztiaren erdigunea.[33]

Euskal pertsonaia mitologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal mitologiari dagokionez, Jose Maria Satrustegik, bere Mitos y Creencias[34] liburuan, honela aipatzen ditu Euskal Herriari buruzko pertsonaia mitologikoen gorabeherak:

Mari: euskal mitologian, pertsonaia mitiko aipagarriena da. Dudarik gabe emakume ederra da Mari. Eskuarki, lurraren barruan bizi da, eta, noizean behin, kanpora ateratzen da kobazuloren batetik. Batzuetan, arriskutsua da bere kobazulora hurbiltzea ere. Artzainek bere txabolak Supelegor ingurutan eraiki dezaten ez du pairatzen.

Herensuge: herensugea munduko mitologian ere agertzen da. Euskal Herrian, Aralarko istorioa da aipagarrienetakoa. Euskal herensugea lurrazpiko kobazulotan bizi da, eta gizakumeak jaten ditu.

Basajaun: basoko jauna (izenak dioen moduan) euskal tradizioen berezko emaitza da. Euskaldunen irudimen sineskeriatsuak giza itxurako munstro ikaragarri bat bezala margotzen du, ilez estalia eta azazkal luze eta gogorrekin piztia baten atzaparrak balitz bezala.

Jentilak: ikaragarri handi eta indartsu diren gizakiak. Jentila maleziarik ez duen gizakia da, tolesgabea. Bidasoaldean diote Hendaiako hondartzan dauden bi harri tzarrak (dunbak) jentil batek bota zituela Aiako Harritik.

Tartalo: euskal ziklopea, Torto, Anxo eta Alabari ere deitua. Kopetan begi bakarra duen gizakia da. Gizaki haragiz elikatzen da, eta Zegamako Sahadar mendian omen du egoitza.

Mitologia indigena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitologia, hizkuntza mota bat izateaz gain, talde sozial batzuek sortu duten bizimodua da. Hori dela eta, uste da soziologia modernoa, ia osorik, ez dela arduratzen komunitate indigenen sinesmen eta bizipenei dagokienez "egiaztaezinak" diren itxurazko gertakariekin zerikusia duten gertaerez. Kontuan izan behar da, gizarte horiek, beren "ez intelektualtasunaren" erdian, mundua ikusteko modu batzuk erabiltzen dituztela, non "zibilizatu edo intelektual" izeneko gizarteek ez duten haiek behatzeko gaitasunik. Esperientzietan antzeman daitezke, zientziaren begien aurrean azaldu ezin diren esperientzietan, baina esperientziaren aurrean azal daitezkeenetan. Esan behar da egiaztagarri guztiak ez direla benetan existitzen.

Mitologiak eta egutegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Venusen eskultura bat

Oraingo egutegian, gregorianoa deitzen dena, hilabeteak eta asteko egunek izaki eta jainko mitologikoetatik eratorritako izenak dituzte Europar jatorriko hainbat hizkuntzetan[35]. Frantsesa, Okzitaniera eta Gaztelania bezalako hizkuntzetan, jatorri hau begi bistakoa da, baina horrek ez du esan nahi mitologia propiotik datozela. Adibide bat ematearren, gaztelaniaz ostirala "viernes", frantsesez "vendredi" eta okzitaneraz "divendres", Venus-etik dator, erromatar mitologiako jainkosa zena eta ingelesez, berriz, "friday" Freyja, jainko germaniarragandik dator, alemanez antzekotasuna are estuagoa da:alemanez "freitag". Bi kasuetan antzekotasunak dituzten izakiei lotuta daude, edertasunaren jainkosak baitira biak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  2. a b c (Ingelesez) «Myth | Definition, History, Examples, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
  3. «Aeschylus, Prometheus Bound, line 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  4. Armstrong 2006.
  5. a b Eliade 1963, 1 orr. .
  6. a b c Dundes 1984, 1-3 orr. .
  7. a b Dundes 1997, 45 orr. .
  8. a b c Dundes 1996, 147 orr. .
  9. Doty 2004, 11-12 orr. .
  10. Segal 2004, 5 orr. .
  11. Kirk 1984, 57 orr. .
  12. Kirk 1984, 74 orr. .
  13. Simpson 1967, 3 orr. .
  14. a b c d e Bascom 1984, 9 orr. .
  15. a b "myths", A Dictionary of English Folklore
  16. O'Flaherty 1975, 19 orr. .
  17. Eliade 1963, 23 orr. .
  18. Pettazzoni 1984, 102 orr. .
  19. Eliade 1963, 10-11 orr. .
  20. Pettazzoni 1984, 99-101 orr. .
  21. a b Eliade 1963, 6 orr. .
  22. Hartsuaga, Juan Inazio. (2004). Euskal mitologia konparatua: Jentilen akabera. Donostia: Gaiak ISBN 9788496371019..
  23. (Gaztelaniaz) Espinosa, Francisco Miguel. (2017-11-07). J.R.R. Tolkien, una mitología viva - Jot Down Cultural Magazine. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  24. Harris, Neil. (1985). «Who Owns Our Myths? Heroism and Copyright in an Age of Mass Culture» Social Research 52 (2): 241–267. ISSN 0037-783X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
  25. a b Anderson 2004, 61 orr. .
  26. a b c d Wiles 2000, 5-6 orr. .
  27. a b Wiles 2000, 12 orr. .
  28. Lincoln 1999, 3-5 orr. .
  29. Losada, José Manuel (2022). Mitocrítica cultural. Una definición del mito. Madrid: Akal. p. 195. ISBN 978-84-460-5267-8
  30. Losada, José Manuel (2010). «Por una mitocrítica abierta: teoría, método y significado», in Losada, J.M. (arg.) Mito y mundo contemporáneo. Bari: Levante Editori. 9-24. or. ISBN 978-88-7949-547-9
  31. Losada, José Manuel (2015). «Tipología de los mitos modernos». In Losada, J.M. (arg). Nuevas formas del mito. Berlín: Logos Verlag. 187-221. or. ISBN 978-3-8325-4040-1
  32. Garagalza Arrizabalaga, Luis. (2006). «La mitología vasca en la actualidad» Kobie. Antropología cultural (12): 135–148. ISSN 0214-7939. (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
  33. «Euskal Mitologia - Mitologia konparatua» www.amaroa.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-29).
  34. Satrustegi 1980, 110-157 orr. .
  35. (Gaztelaniaz) Fernando dice. (2018-09-10). «El origen del nombre de los días de la semana» astrométrico | El blog de Antonio Pérez Verde (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Ingelesez) Anderson, Albert A. (2004). Mythos, Logos, and Telos: How to Regain the Love of Wisdom. Anderson, Albert A.; Hicks, Steven V.; Witkowski, Lech, eds., Mythos and Logos: How to Regain the Love of Wisdom, Rodopi, or. ISBN 978-90-420-1020-8..
  • (Ingelesez) Armstrong, Karen. (2006). A Short History of Myth. Canada: Knopf,.
  • (Ingelesez) Doty, William. (2004). Myth: A Handbook. Greenwood: Westport.
  • (Ingelesez) Dundes, Alan. (1997). «Binary Opposition in Myth: The Propp/Levi-Strauss Debate in Retrospect». Western Folklore, 56, Hivern.
  • (Ingelesez) Dundes, Alan. (1984). Sacred Narrative: Readings in the Theory of Myth: Introduction. Berkeley: University of California Press: Ed. Alan Dundes.
  • (Ingelesez) Dundes, Alan. (1996). «Madness in Method Plus a Plea for Projective Inversion in Myth» A: Myth and Method.. Charlottesville: University of Virginia Press: Laurie Patton and Wendy Doniger.
  • (Ingelesez) Eliade, Mircea. (1963). Myth and Reality. Nova York: Harper & Row.
  • (Ingelesez) Eliade, Mircea. (1967). Myths, Dreams and Mysteries. Nova York: Harper & Row.
  • (Ingelesez) Kirk, G.S.. (1973). Myth: Its Meaning and Functions in Ancient and Other Cultures. Berkeley: Cambridge University Press.
  • (Ingelesez) Kirk, G.S.. (1984). «On Defining Myths». A: Alan Dundes. Sacred Narrative: Readings in the Theory of Myth. Berkeley: University of California Press.
  • (Ingelesez) Lincoln, Bruce. (1999). The Prehistory of Mythos and Logos. Theorizing Myth: Narrative, Ideology, and Scholarship, University of Chicago Press or. ISBN 978-0-226-48202-6..
  • (Gaztelaniaz) Satrustegi, Jose Maria. (1980). Mitos y Creencias. Editorial Txertoa ISBN 84-7148-063-8..
  • (Ingelesez) Segal, Robert. (2004). Myth: A Very Short Introduction. Oxford: Oxford UP.
  • (Ingelesez) Wiles, David. (2000). Myth. Greek Theatre Performance: An Introduction, Cambridge University Press or. ISBN 978-0-521-64857-8..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kulturaka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]