Moldavia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Moldaviako Errepublika
Republica Moldova
Moldaviako bandera
Bandera

Moldaviako armarria
Armarria

Nazio ereserkia:
Limba noastră
Moldavia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Chisinau
47°0′N 28°50′E / 47.000°N 28.833°E / 47.000; 28.833Koordenatuak: 47°0′N 28°50′E / 47.000°N 28.833°E / 47.000; 28.833
Hizkuntza ofiziala(k) Moldaviera/errumaniera
Gobernua
Errepublikako Presidentea
Lehen ministroa
Errepublika
Marian Lupu
Vlad Filat
SESBetatik independentzia
Data
1991 abuztuaren 27
Eremua
• Guztira
• Ura

33.843 km² (135.)
% 1,4%
Biztanleria
• Zenbatespena (2011)
• Errolda (2004)
• Dentsitatea

Herritarra

3.560.400 (129.)
3.383.332
122 biztanle/km² (87.)

moldaviar
Dirua Leu (MDL)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
EET (UTC +2)
EEST (UTC +3)
Interneteko domeinua .md
Telefono aurrezenbakia +373

Moldavia edo Moldaviako Errepublika Ekialdeko Europan dagoen estatu itsasgabea da. Balkanetako penintsulan dago. Sobietar Batasuneko errepublika izan zen, 1991ra arte.

Mendebal eta hegoaldean Errumania eta ipar eta ekialdean Ukraina ditu mugakide.

33.700 km2 ditu, eta 3.560.400 biztanle (2011ko zenbatespena, moldaviarrak). Txanpona Moldaviako leua da.

Hiriburua Chisinau da (707.700 biztanle).

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dniesterrek sortutako ibarra.

Inguru naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdea Dniester eta Prut ibaien artean kokatuta dago. lehendabizikoa ekialdean eta bigarrena mendebaldean daudelarik eta muga naturalak sortzen dituztelarik. Prut ibaiak Danubiorekin bat egiten du iparraldetik Itsaso Beltzean amaitu baino lehen.

Iparraldeko eskualdeak menditsuak dira, 400 metro inguruko muinoak badira ere.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Chisinau: 647.513 biztanle.*
  2. Tiraspol: 159.163.**
  3. Balti: 122.778.*
  4. Bender: 97.027.**
  5. Ribnita: 53.648.**

(*2005; **2004).

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijioa: ekialdeko kristau ortodoxoak, % 93,3; protestanteak, % 2.

Gizatalde nagusiak: moldaviarrak, % 75,8; ukrainarrak, % 8,3; errusiarrak, % 5,9.

Moldaviak du Sobietar Batasun ohiko errepubliken eta inguruko herrialdeen artean biztanle dentsitaterik handiena (121 biztanle/km2), bertako lurren aberastasunaren eta bilakaera ekonomiko azkarraren eraginez. Era berean, Moldavia da Europako urbanizazio maila apalenetakoa duen herrialdea; biztanleen % 41 inguru bizi da hirietan. Dena dela, herriak handi samarrak dira eta gehienetan badute argindarra. Bizi itxaropena 65 urtekoa da, batez beste. Biztanle kopuruaren hazkundea oso txikia da: % 0,22, 2005eko zenbatespenen arabera.

Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumanieraren aldaera den moldaviera herrialdeko hizkuntza ofiziala da, kontzeptualki eta identitatearen aldetik ika-mikak sortzen dituena: Hizkuntza arloan bi mintzairak gauza bera dira, baina diferentzia nagusia da moldavierak alfabeto zirilikoa erabiltzen duela batzuetan, gaur egun Transnistrian gertatzen den bezala, adibidez. Moldaviako gainontzeko lurraldean, hala ere, moldaviera izeneko errumanieraren aldaera latindar alfabetoz idazten da.

Bestela, errusiera bigarren hizkuntza nagusia da, eta gizartearen zati handi bat moldavierarekin elebiduna da. Ukrainera ere oso hizkuntza hedatua da, eta aipatzekoa da frantsesa biztanleen heren baten mintzaira izatea, izan ere herrialdea frankofoniako kidea da.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moldaviak klima egokia eta lur oparoak ditu, baina ez du mea baliabide aberatsik. Bertako ekonomia nekazaritzan oinarritua da eta haren mende dago (ekonomia jardueraren % 34 inguru hartzen du); gehien lantzen diren gaiak fruituak, barazkiak, mahatsa, larrosak eta tabakoa dira. Abeltzaintzak ere garrantzi handia du, esnetarako eta haragitarako abere aziendek batez ere.

Moldaviak, bestalde, oinarrizko lehengaiak inportatu behar ditu (petrolioa, ikatza, gas naturala...), eta gai horiek gehienbat Errusiatik inportatzen zituenez gero, 1991. urtean Sobietar Batasuna desagertu zenetik murrizketa handiak izan dira industria ekoizpenean.

Industria aipagarrienak nekazaritzatik ateratzen diren gaien lanketarekin (azukre findegiak, ardogintza) lotuta daude.

1992an gainbehera larria gertatu zen industria ekoizpenean, esan bezala, eta, oro har, ekonomia guztian; beheraldi horretan eragin handia izan zuen Dniester ibaiaren ekialdeko lurraldean pizturiko gerra zibilak ere. Moldaviako gobernuak ekonomian aurrerapen handiak egiteko neurriak hartu zituen eta berrikuntza asko egin ziren (prezioak liberalizatu, pribatizazioa bultzatu, interes tasei mugak kendu, esportazioen gaineko kontrola murriztu...), baina azken urteetan neurri horietako batzuetan atzera egin du agintea. 1998an barne produktu gordinaren hazkundea eten eta atzeraldia izan zen (1995ean iritsi zuen mailarik apalena, -% 8,6, eta 1997an -% 2,5ekoa izan zen), Moldaviak Errusiarekin tirabirak izan zituelako eta herrialde harekin dituelako merkataritza harreman guztien erdia baino gehiago.

1999an Nazioarteko Diru Funtsa berriro hasi da Moldaviari kredituak ematen (1997an bertan behera utzi zuen ekimen hori), eta 1999rako 135 milioi dolar izendatu zizkion NDF erakundeak.

Nolanahi ere, 2005eko datuen arabera, biztanleko BPGa munduko batez bestekoaren 4,5 aldiz txikiagoa zen (nahiz eta 2007an igo egin zen) eta biztanleen % 20 inguru bizi ziren pobrezian.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde moldaviarrak.

Legebiltzarra da legegintzaren ardura duen erakundea, 104 diputatuz osaturiko ganbera bakarrarekin. Diputatuak eta lehendakari eta estatuburua bost urtez behin aukeratzen dira. 1994an onartu zen gaur egun indarrean dagoen konstituzioa, eta herrialdea osatzen duten herrien arteko elkar ulertzea bultzatzeko xedea du.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Moldaviaren banaketa administratiboa»

Moldavia 32 barruti, hiru udaltasun (Balti, Chisinau, Bender) eta bi eskualde autonomotan (Gagauzia eta Transnistria) banatuta dago. Azken honen estatusa eztabaidan dago oraindik gaur egun.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroan, Europa eta Asiaren arteko kokapena dela-eta hainbat inbasio pairatu zuen, tartean godo, huno, magiar eta mongoldarrenak. Bestela, Erromatar Inperioaren garaian Daziako probintziaren zatia izan zen.

Erdi Aroan, Moldaviako Printzerriko zati nagusia izan zen XIV. mendetik, Errusiako Inperioak 1812an bereganatu zuena.

Errumaniako beste herrialdeekin bat egin zuen 1918an, eta Bigarren Mundu Gerraren ostean, berriz, SESBko errepublika bihurtu zen 1991ko abuztuaren 27an independentzia aldarrikatu zuen arte.

Moldaviako printzerria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stefan III.a Moldaviako printze nagusia (1457-1504).

XIV. mendean, Ekialdeko Karpatoetako printzerri batzuek bat egin eta Moldaviako printzerri autonomoa eratu zuten. Printzerriak hedadura handiena erdietsi zuenean, iparraldetik eta ipar-ekialdetik Dniester ibaiak mugatzen zuen, hegoaldetik Itsaso Beltzak, Dobrudjak eta Valakiak, eta mendebaletik Transilvaniak. Printzerriaren urterik oparoenak Estebe IV.a Handiaren agintaldikoak izan ziren (1457-1504), herrialdea otomandarren erasoez babestea lortu baitzuen. Hala ere, XVI. mendearen erdialdean, printzerria otomandarren inperioaren zergapeko estatu autonomo bihurtu zen eta, hurrengo hirurehun urtez, sistema feudal gogor bat ezarri zuten turkiarren mendean egon zen.

Errusiaren mende[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendean errusiarren aginpidea Moldavian handituz joan zen, eta 1774an Errusiaren babespean geratu zen, nahiz eta Turkiak izan lurraldearen gaineko aginpidea. Turkiaren eta Errusiaren arteko 1806-12 bitarteko gerraren ondoren, Moldaviako zati bat, Besarabia, Errusiaren mendean geratu zen.

Krimeako gerraren ondoko Parisko Itunean (1856), Besarabiako hegoaldea Moldaviari eman zitzaion. 1859an Moldaviak Valakiarekin bat egitea erabaki zuen, eta Alexandro Joan Cuza printzearen aginpidean Errumaniako estatua osatu zuten; batasuna 1861ean gauzatu zen. Errusiaren mendeko Besarabia Sobietar Errepublika Sozialista Autonomo bihurtu zen, Ukrainaren baitan lehendabizi (1924-40), eta Moldaviako sobietar errepublika sozialistaren baitan gero.

Burujabetasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gheorghe Ghimpu sobietarren bandera kendu eta moldaviarrena jarri zueneko irudia, 1990eko apirilaren 27koa.

1991. urtean Sobietar Batasunarengandiko burujabetasuna aldarrikatu zuen Moldaviak, baina 1980ko hamarraldiaren hasieratik dagoeneko etnien, lurraldeen eta hizkuntza desberdineko taldeen arteko liskarrak nabarmendu ziren Moldaviako politikan, eta hamarraldi haren amaieran izan zuten, hain zuzen ere, unerik larriena, Dniester ekialdeko gerra zibilarekin. 1989. urtean Moldaviako burujabetasunaren aldeko mugimendua indar hartzen hasi zenean, hizkuntza nazionalaren auzia larritu zen. Izan ere, Moldaviako lurraldea Errusiaren mende gelditu zenez gero alfabeto zirilikoa erabili izan zen bertan (errusiera zen hizkuntza ofiziala), baina 1989an independentzia zaleen presioei esker errumaniera (errumanieraren moldaviar aldaera, alfabeto latindarrekoa) izendatu zuten Moldaviako hizkuntza ofiziala. Dniester ekialdeko lurraldeetan, errusiera erabiltzen baitzen inguru hartan errumaniera baino gehiago, ez zuten errumaniera hizkuntza ofizial gisa hartzen zuen legea onartu eta autonomia eskatzen hasi ziren bere lurraldearentzat.

Bestalde, Moldaviaren burujabetasunaren aldeko mugimenduarekin batera Errumaniarekin bat egitearen aldeko iritzia zabaldu zen (historian zehar lotura estua izan du Moldaviako lurraldeak bai Errusiarekin eta baita Errumaniarekin ere) eta horrek are gehiago larritu zuen egoera (Errumaniarekin bat egitearen kontrako greba handiak egin zituzten errusiarrek). Moldaviako hegoaldean ere, Gagauziako lurraldean, burujabetasunaren aldeko mugimendua indartu zuten gagauziarrek.

1990ean autonomiari buruzko erreferenduma egin zuten Dniester ekialdean; Dniester ekialdeko errepublika osatzea erabaki zen, eta beren gobernua ezarri zuten errusiarrek. 1991n, beraz, Moldaviak Sobietar Batasunarekiko burujabetasuna aldarrikatu zuen urtean, gauza bera egin zuten Moldaviari buruz Dniester ekialdean eta Gagauzian, eta errepublika burujabe izendatu zituzten lurralde haiek; bi lurraldeotan Moldaviaren burujabetasunaren kontra eta Errumaniarekin bat egitearen kontra zeuden.

Moldaviako lehendakaritzarako lehenengo hauteskundeetan Mircea Snegur moderatua izan zen garaile, Mircea Druc, Errumaniarekin bat egitearen aldekoen buruzagiari aurrea harturik. Dniester ekialdeko gatazkak lurraldeen arteko batasuna arriskuan jarriko zuen beldur, eta lurraldeen arteko gatazkak indarra erabili gabe konpontzearren, Moldaviako lehendakariak amore eman behar izan zuen gauza askotan: lurraldean bakea lortu eta egoera bere onera etorri arte errusiar gudarostearen presentzia onartu zen, besteak beste, eta 1992an bake hitzarmena sinatu zen.

Tirabirak ez ziren erabat konpondu, ordea, eta 1994ko konstituzio berriaren bidez hegoaldeko gagauziarrei eta Dniester ekialdeko errusiarrei autonomia gehiago ema zitzaien, Moldaviako etnien eta lurraldeen arteko elkarbizitza erraztearren: errumaniera hizkuntza ofiziala zen arren, zeinek bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea onartu zen, gobernu propioa osatzeko aukera eman zitzaien, eta era berean, Moldaviak inoiz Errumaniarekin bat eginez gero, lurralde berriarekiko burujabetasuna eskuratzeko eskubidea ezagutu zitzaien.

1996ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Petru Lucinschi izan zen irabazle, ezkerreko taldeen babesarekin. Hurrengo urtean Andrei Sangheli nazionalistak dimisioa eman zuen, eta Ion Ciubuc izendatu zuten Lehen Ministro. Petru Lucinschiren agintaldiaren hasieran ekonomia egoerak okerrera egin zuen, eta 1998ko legebiltzarrerako hauteskundeetan komunistek gora egin zuten.

2001ean Vladimir Vorodin izendatu zuten lehendakari eta Vasile Tarlev gobernuburu; eraberritu gabeko alderdi komunista batek agintea berreskuratu zuen Sobietar Batasun ohiko estatu bakarra izan zen. Alderdi komunistak erreforma ekonomiko eta sozial handiak egiteko programa bat abian jarri zuen, herrialdea Europar Batasunean sartzeari begira, eta ahalegin handiak egin ziren enplegua sortzeko ere. 2005eko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu zuten komunistek berriro ere (2008an alderdi bereko Zinaida Greceanli izendatu zuten Lehen Ministro).

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Moldavia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]