Mondragon (korporazioa)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mondragon Korporazioa
Eslogana Humanity at work
Mota Kooperatiben Korporazioa
Sektorea Industria, Distribuzioa, Ezagutza, Finantzak
Sorrera 1941
Sortzailea Jose Maria Arizmendiarrieta
Egoitza Arrasate (Gipuzkoa)
Salmentak 11.582 milioi € (2013)
Irabaziak 12.574 milioi € (2013)
EBITDA 1.272 milioi € (2013)
Langileak 74.061 (2013)
Webgunea http://www.mondragon-corporation.com

Mondragon (lehen Mondragón Corporación Cooperativa edo MCC) Arrasaten sortutako kooperatiba taldea da, Euskal Herriko enpresa industrialik handiena eta munduko talde kooperatibo handiena. Jose Maria Arizmendiarrietak sortu zuen 1956an. Taldea 103 kooperatiba autonomo independenteek osatzen dute baina horrez gain hezkuntza eta teknologia zentroak ere baditu eta finantza zein aseguru edota aurreikuspenen alorretako erakundeak.

Arrasaten 1941ean sortua, bere jatorria lanbide eskola txiki bati eta petrolio bidezko estufak egiteko lantegi txiki bati lotuta dago. Gaur egun, Espainiako enpresen artean zazpigarren postuan dago diru sarrerei erreparatuz gero eta Euskal Herriko enpresa talderik handiena da. 2013ren amaieran 74.061 pertsona zituen enplegatuta, lau jarduera ildotan: finantzak, industria, banaketa eta ezagutza.

Mondragon taldeko kooperatiben funtzionamenduaren oinarrian pertsona eta lanaren subiranotasuna dituen eredu bat dago eta, horri esker, oso enpresa parte hartzaile eta solidarioak garatu ahal izan dira, proiekzio sozial handia dutenak, baina betiere enpresa bikaintasuna baztertu gabe. Kooperatiben jabetza bazkide langileena da, eta boterea gauzatzeko printzipioa da pertsona bat boto bat.

Kooperatiben bokazioaren helburuetako bat kokatuta dauden eskualde edo komunitateetan enplegua eta ongizatea sortzea da. Adibidez, bere inguruan —Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan—, Mondragon eragile nabarmen gisa agertzen da enplegua sortzeari dagokionez: 2009. urtean, taldeak 32.692 laguni eman zien lana EAEn, eta 4.258ri Nafarroan. 2012an Korporazioak 80.321 langile zituen, horietatik 14.000 nazioarteko negozioari esker. 2013an, berriz, Fagor Etxetresnak enpresa hartzekodunen lehiaketan sartu zen eta langileak 74.060ra jeitsi ziren. Urte horretan bazkideen %84ak industria arloan egiten zuen lan eta %43a emakumeak ziren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Mondragon korporazioa osatzen duten kooperatibak sortzeko elementu erabakigarria Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz gaztea Arrasatera iritsi izana izan zen, 1941ean. Herrian 7.000 biztanle bizi ziren, Espainiako gerraondoko ondorio mingarriak pairatzen ari zirenak –pobrezia, gosea, erbestea eta giro asaldatua–, eta Arizmendiarrietak erabaki zuen sakon lan egingo zuela elkarbizitzaren eta enplegu solidarioa lortzeko formulak garatzearen alde. Idealismoa eta talentu pragmatikoa ustartuz, guziontzat irekia izango zen Lanbide Eskola bat sortu zuen 1943an, eta Eskola, denboraren poderioz, hazitegi bihurtu zen inguruko enpresetarako eta, batez ere, kooperatibetarako zuzendariak, teknikariak eta eskulan kualifikatua prestatzeko.

Ulgor fabrika, Fagor-en aitzindaria, Arrasateko San Andres auzoan.

Lehenengo kooperatiba sustatu aurretik, Arizmendiarrietak hainbat urte eman zituen gazteak humanismo solidarioaren eta parte hartzailearen inguruan hezitzen, erro kristautik abiatuta, eta beharrezko ezagutza teknikoak lortzeko lanean. 1955ean, Unión Cerrajera enpresan lanean ari ziren bost gazte aukeratu zituen (Usatorre, Larrañaga, Gorroñogoitia, Ormaechea eta Ortubay), eta horiek taldearen enpresa aitzindaria eta korporazioaren muin industriala izan zen Ulgor lantegia eratu zuten (abizenen akrostikoa), gaur egungo Fagor Etxetresna Elektrikoak.

Lehenengo hamabost urteetako ezaugarria oso dinamismo handia izatea izan zen. Garai hartan, merkatuaren autarkia eta ekonomia espainolaren susperraldia aprobetxatuz, kooperatiba ugari sortu ziren. Urte haietan, halaber don Jose Mariaren bultzadarekin, Mondragonen garapenerako funtsezkoak izan ziren bi erakunde eratu ziren, Euskadiko Kutxa (1959) eta Lagun Aro Gizarte Aurreikuspenerako erakundea (1966), eta lehenengo eskualde taldea osatu zen, Ularco, Korporazioaren historian hain garrantzitsua izan den asoziazionismo kooperatibo industrialaren ernamuina. 1969an Eroski sortu zen, herri mailako bederatzi kontsumo kooperatiba txikik bat eginda, eta bere garairako oso ikuspegi aurreratua erakutsi zen, lehiakorrak izan ahal izateko elkartu beharrari dagokionez.

1970etik 1990era doan etapan aurreko urteetako dinamismoa mantendu zen, eta horren erakusle dira negozio bolumenaren hazkunde handia, Euskadiko Kutxako enpresa dibisioak sustatutako kooperatiba berriak, asoziazionismo kooperatiboaren bultzada, eskualde mailako taldeen bitartez, eta Ikerlan ikerketa zentroaren sorrera, 1974an.

Espainia 1986an Europako Batasunean sartzearekin aurreikusten ziren aldaketa handiei erreparatuta, antolamenduaren arloan jauzi handia egitea erabaki zen, eta 1984an Mondragon Talde Kooperatiboa eratu zen, gaur egungo Korporazioaren aurrekaria. Zuzendarien etengabeko prestakuntza ere indartu zen, eta horretarako Otalora sortu zen, aldi berean kooperatibismoari buruzko prestakuntza eta zabalkundea landuko zituena. 1990eko ekitaldiaren amaieran 23.130 lanpostu zeuden.

Hirugarren etapa antolamenduaren eremuan aldaketa sakona ekarriko zuen proiektu batekin hasi zen: 1991ko Kongresu Kooperatiboak Mondragon Korporazio Korporatiboa sortzea erabaki zuen (MCC) –gaur egun Mondragon Korporazioa–, egoera lehiakor berrian enpresa eraginkortasunik handiena lortzeko helburuarekin, zuzendaritza estrategikoa bultzatuz eta jarduerak sektoreka antolatuz. Urte horietako alderdirik garrantzitsuenen artean nabarmen daiteke prestakuntzaren aldeko apustua, Mondragon Unibertsitatearen sorrerarekin, 1997an, eta ikerkuntzari emandako bultzadarekin, 10 Zentro Teknologiko sektorial eta Garaia Berrikuntza Gunea abiaraziz.

Nazioarteko eremuan, prozesu globalizatzaile gero eta handiagoari erantzun nahi zaio eta, ondorioz, atzerriko hedapena biziki bultzatu da, hainbat herrialdetan produkzio lantegiak instalatuz. Coprecik 1990ean Mexikon instalatu zuen lehenengo plantari beste askok jarraitu diote, eta 2010aren amaieran 77 baziren, 2012aren bukaeran 105 ziren, helburu hauek dituen estrategia baten barruan: lehiakortasuna eta merkatu kuota irabaztea, osagaien hornidura bezero handien lantegietara hurbiltzea, batez ere automobilgintzaren eta etxetresna elektrikoen sektoreetan, eta Euskal Herriko enpleguak indartzea, kooperatibek fabrikatzen dituzten produktuak plataforma berrien bidez esportatzen lagunduz.

Nazioarteko negozioak sustatzea krisi ekonomikoari aurre egiteko modua ere izan da. 2012an industria arloaren portaerak apustu hori berretsi zuen: ekitaldiaren itxieran nazioarteko salmentek marka historikoa gainditu zuten, 4.004 milioi eurora iritsita. Salmenta guztien %69 egin ziren nazioartean (2013an portzentajea %71,1ra iritsi zen) eta hazkunde hori bereziki aipagarria izan zen Errusia, Brasil, India eta Txinan (%20ko igoera aurreko ekitaldiarekin alderatuta). Guztira, 2013aren bukaeran 211 filiak produktibo zeuden atzerrian (horietatik 17 urte horretan bertan zabaldu ziren) eta 11.000 lagun enplegatzen zituzten.

2014ko azaroaren 14an, Javier Sotil Mondragoneko presidente berri aukeratu zuten[1]. Abenduaren 14an jakin zenez, Javier Sotil Mondragoneko presidenteak Etorkizuneko Mondragon proiektua azalduko zuen abenduaren 15ean, kooperatibetako ordezkariei. Krisiak eta batez ere, Fagor Etxetresnen aferak jarduteko moduan eragingo zitzuten aldaketak jakingo zituzten ordezkariek[2]. Abenduaren 15ean jakin zenez, MCCk enpresen gaineko exijentzia eta kontrol maila handituko zituen. Taldeak “elkartasun zorrotz eraldatzailea” izeneko printzipioari eutsiko zion eta ondorioz dibisioek “protagonismo handiagoa izango zuten”[3]. Egun berean, Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako kaltetuek «erantzukizuna eta negoziazioa» eskatu zuten Mondragonen kongresu atarian[4].

Jarduera arloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korporazioko enpresen jarduera lau arlotan garatzen da: finantzak, industria, banaketa eta ezagutza, eta azken hori da Mondragonen ezaugarri berezietakoa, enpresa taldea den heinean. Zifrei dagokienez, Korporazioak 2013an guztira 11.582 milioi euro lortu zituen salmenten bidez.

Finantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere baitan daude Laboral Kutxaren banku negozioa, horren partaidetua den Lagun Aro Aseguruak eta Lagun Aro Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea, eta horrek 2013ren amaieran zeukan Ondare Fondoa 5.205 milioi euro zen. Fondo horren kudeaketatik lortutako errentagarritasuna epe luzera erretiro, alarguntasun eta ezintasunerako prestazioak estaltzera zuzentzen da, Gizarte Segurantzaren prestazioen osagarri gisa.

Laboral Kutxari dagokionez, 2013an 104,3 milioi euro irabazi zituen (zergak ordaindu ondoren) eta kaudimenari dagokionez %12,13ko ratioarekin itxi zuen ekitaldia. Horrez gain, 16.743 milioi euro eman zituen kredituetan, batez ere etxeko ekonomiara eta enpresa txiki eta ertainera zuzenduta. Korporazioko kooperatibekin duen esperientzia zabalari esker, aukera dauka enpresa txiki eta ertainei enpresa handiei ematen zaizkien pareko zerbitzuak emateko.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korporazioko enpresen zati handi baten jarduera hartzen du industriak, eta horren barruan sartzen dira kontsumo ondasunak, ekipo ondasunak, industria osagaiak, eraikuntzako produktuak eta sistemak eta enpresa zerbitzuak.

Mondragonek askotariko produktuak ekoizten ditu industriaren alor desberdinetan: kontsumo ondasunak (Orona, Orkli), makina-herraminta (Danobat, Cikautxo), etxetresnentzako osagaiak edota ingenierietza (LKS). Halaber, bulegoko zein etxeko altzarietan ere giro desberdineko gama handia dauka. Aisiaren eta kirolaren eremuan, Orbea bizikletak egiten ditu, gimnastikako aparatuak edota kanpin, lorategi eta hondartzarako artikuluak.

Ekipo ondasunetan, MONDRAGONek 976 milioi euro fakturatu zituen 2009an, eta nabarmentzekoa da Espainiako lehenengo postuan dagoela txirbil harroketa bidezko Makina-erremintaren sektorean (DANOBATGROUP) eta txapa deformaziokoan (Fagor Arrasate Taldea). Bere ekipamenduak automobilgintza, etxetresna elektriko, siderurgia, trenbide eta aeronautikaren sektoreetara zuzentzen dira.

Eskaintza hori osatuz aurki daiteke makina-erremintak automatizatzeko eta kontrolatzeko produktuak, packagingerako makineria, muntatze prozesuak edota egurraren tratamendua automatizatzeko makineria, orga jasotzaileak, transformadore elektrikoak, sukaldaritza eta kolektiboetarako ekipamendu integrala eta hotz kamerak eta hozteko ekipamenduak. Halaber, zehazki automobilgintzaren sektorera zuzenduta, Korporazioak askotariko elementuak ekoizten ditu, hala nola burdina eta aluminioa galdatzeko trokelak, moldeak eta tresnak, eta galdaketarako makineriari dagokionez leku aipagarria betetzen du.

Industri osagaietan, MONDRAGONek 1.574 milioi euro fakturatu zituen 2009an; hain zuzen, sektore horretan automobil fabrikatzaile nagusien hornitzaile integrala da, eta piezaren diseinutik eta garapenetik osagaien eta multzoen industrializazioraino eta horniduraraino iristen da. Hainbat negozio unitate ditu, eta horietan ekoizten dira balaztak, ardatzak, esekidura, transmisioa, motorrak, aluminiozko hagunak, fluidoen kondukzioa eta automobil barruko zein kanpoko bestelako osagaiak.

Horrez gain, etxetresna elektrikoen fabrikatzaile nagusientzako osagaiak ere egiten ditu, hiru negozio arlotara bideratuta: Lerro zuria, Etxe konforta eta Elektronika. Eta gainera, bridak eta hoditeriako osagaiak fabrikatzen ditu petrolioa/gasa prozesatzeko, planta petrokimikoetarako eta energi sorkuntzarako; kobrezko eta aluminiozko eroale elektrikoak edota garraiatzaileetarako osagaiak.

Eraikuntzan, salmentak 974 milioi euro izan ziren 2009an. Sektore honetan MONDRAGONek eraikin esanguratsuak eta azpiegiturako lan handiak egiten parte hartu du eta parte hartzen du, maila nazionalean zein internazionalean. Horretarako: egitura metaliko handiak diseinatu eta gauzatzen ditu (URSSA), zur xaflatuzkoak eta hormigoizko aurrefabrikatuak; polimero hormigoizko pieza aurrefabrikatuak ekoizten ditu; enkofratu eta egituretarako soluzioak eskaintzen ditu (ULMA Taldea), baita obra publikoetarako makineria ere; eta eraikuntza prozesuaren industrializazioa ere eskaintzen du, ingeniaritza eta muntaketa zerbitzuak barne. Horiez gain, igogailuak eta jasokuntza sistemak ekoizten ditu (ORONA Taldea), eta espazioa aprobetxatzeko eta segurtasuna handitzeko eta energi aurrezteko teknologia modernoak aplikatzen ditu.

Enpresa Zerbitzuen esparruan ere aritzen da MONDRAGON, tartean egonik enpresarako Aholkularitza zerbitzuak, Arkitektura eta Ingeniaritza, Higiezinen aholkularitza, Diseinua eta Berrikuntza (LKS Taldea), Instalazio elektromekanikoetarako sistemak eta Ingeniaritza logistiko integrala. Halaber, hizkuntz zerbitzu modernoa ere eskaintzen du, ekipamendu didaktikoak egiten ditu eta dinamismo handia dauka Arte Grafikoen sektorean (MccGraphics).

MONDRAGONen jarduera industrialak nazioarteko proiekzio indartsua dauka. 2013ko fakturazio osoaren %71,1 nazioartean egindako salmentei dagokie (2012an baino %6,7 gehiago), Korporazioak 122 eskumendeko enpresa ditu atzerrian eta 11.000 lagun ingururi ematen die lana kanpoan. Txinan eta Indian industria parke korporatiboak ditu, Kunshanen eta Punen.

Hauek dira jarduera industriala osatzen duten enpresak:

Mondragon Automatizazio Industriala: prozesu industrialen automatizazioan lan egiten duten enpresak.

  • Fagor Automation: Zenbaki bidezko kontrol sistemak (CNC). Garaiera bisualitzale digitalak. Kaptazio sistema lineal eta birakariak. Erregulazio sistema digitalak eta motorrak.
  • Mondragon Assembly: Muntaia automatikoak eta errobotika sistemak.
  • Fagor Arrasate: ekoizpen eta muntaia automatikoak.
  • Onapres: prentsa hidraulikoak.

Mondragon Automoción Chasis and Powertrain (CHP): automozioaren alor horietan lan egiten duten enpresak:

Mondragon Automoción CM: kautxo eta aluminiozko piezak egiten dituzten enpresak, automozio alorrerako gehienbat.

  • F.P.K.: Plastikozko euskarrien muntaia. Motor tapak. Insonorizazio kapsulak.
  • Maier: Plastikozko injekzioak. Matrizak. Kromatuak, serigrafia, termograbatua, tanpografia, pintura, laserra.
  • Cikautxo: Likidoen kondukziorako kautxozko piezak.

Mondragon Componentes. Osagaiak egiten dituzte, bereziki etxetresna elektrikoentzako.

  • Consonni: erresistentzia elektrikoak.
  • Copreci: termostatoak, presostatoak eta etxetresna elektrikoen kontrolak.
  • Eika: erresistentziak, irakiteko plaka elektrikoak eta labeetarako kontrolak.
  • Embega: osagai metaliko eta apaingarriak; estankotasun junturak eta mintz-teklatuak.
  • Fagor Electrónica: etxetresna elektrikoentzako eta automoziorako osagai elektronikoak.
  • Matz-Erreka: finkatze elementuak eta leiho zein ateetarako automatismoak.
  • Orkli: segurtasun, erregulazio eta kontrol osagaiak (berogailu sistementzako, komunetako ur beroentzako...).
  • Tajo: plastikoa injekzioz transformatzeko sistemak.

Eraikuntza. Eraikuntza alorrarekin harremana duten enpresak.

  • Biurrarena: eraikuntza publikoen salmenta, alogera eta konponketak.
  • Elur: egurrezko xaflak.
  • Etorki
  • Fagor Industrial: sukalde industrialen ekoizketa eta muntaia.
  • Kide: panel bakartzaileak, hozkailuentzako ateak, minikamerak, izozkatze gelak.
  • Lana: enkofratze lanak.
  • Rochman
  • Urssa: azpiegitura metalikoen ingenieritza eta ekoizpena.

Igotze sistemak. Igogailuekin zerikusia duten lanak egiten dituzten enpresak.

  • Electra Vitoria. Igogailuen ekoizpena eta mantentze lanak.
  • Orona. Igogailuen ekoizpena eta mantentze lanak.

Ekipamenduak. Kontsumo gaiak egiten dituzten enpresak, eta automozio edo etxetresna elektrikoetarako ez diren osagai elektrikoak.

  • Alkargo: transformadore elektrikoak.
  • Becker: Eroale elektrikoen esmaltazio eta trefilazioa.
  • Coinalde: sare, punta eta alanbra metalikoak.
  • Dikar
  • Ederfil: gidari elektrikoen ekoizlea.
  • Eredu: altzairu metalikoen ekoizlea.
  • MccGraphics: inpresio grafikoa.
  • Oiarso: medikuntza osagaiak.
  • Orbea: bizikletak.
  • Osatu: medikuntza osagai eletronikoak.
  • Wingroup: kanpin dendak eta soinketa aparailuak.

Mondragon Ingenieria eta Zerbitzuak. Ingenieritza zerbitzuak eta aholkularitza ematen duten enpresak (formakuntza etabar).

Makina-Tresna. Makina-tresna alorreko enpresak. Alor honetan enpresa handienak Danobat eta Soraluce dira, Danobat Group taldea osatzen dutenak.

Sistema Industrialak. ULMA Taldea osatzen duten kooperatibak.

Mondragon Lanabes eta Sistemak.

  • Aurrenak: burdina eta altzairua urtutzeko teknologiak, automozioaren merkaturako.
  • Batz: trokelak egiten dituzte.
  • Loramendi: hegazkinetarako osagaiak.
  • Matrici: automoziorako trokelak.
  • MB Sistemas: automozioan muntaiak egiteko sistemak.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liderra Eroski izanik, Espainiako banaketa talderik handienetakoa da, eta 2013an 6.698 milioi euro fakturatu zituen. Bere enpresa jarduera Espainian eta Frantziako hegoaldean dauka zabalduta, eta harreman estuak dauzka Les Mousquetaires talde frantsesarekin eta Edeka banaketa lider alemanarekin; hain zuzen, 2002. urtean hiru taldeek Alidis aliantza osatu zuten. Eroskiren kudeaketan langile jabeek eta kontsumitzaile bazkideek parte hartzen dute, eta biek dute partaidetza Kooperatibako erabaki organoetan.

Eroskiren sare komertzialean 2009aren amaieran 2.069 establezimendu zeuden, honela banatuta: 179 Eroski center, 143 Eroski city, 8 Eroski merca, 366 Caprabo, 84 familia, 339 Aliprox, 92, Onda, 90 hipermerkatu, 19 Cash & Carry, 155 bidai agentzia, 63 gasolindegi, 39 Forum denda, 221 If denda.

2008an, bazkideen gehiengoak kooperatibizazioa Talde osora zabaltzeko prozesua erabaki zuten Batzarrean, eta horren ondorioz sozietate partaidetuak kooperatiba bihurtzeko eta langile soldatapekoak lan bazkide bihurtzeko prozesuari ekin zitzaion. Prozesu hori gradualki joango da osatzen datozen urteetan.

Banaketa Arlo honetakoa da baita ere Erkop elikadura taldea. Bere jarduera sektoreak dira kateringa, garbitasuna, abeltzaintza eta baratzezaintza, eta bere adierazle nagusia Auzo Lagun da, zeinak kolektiboetarako sukaldaritza lantzen duen, baita eraikinen eta lokalen garbitasuna ere, eta gainera arlo sanitarioan zerbitzu integrala eskaintzen du.

Hona hemen Eroskiz gain banaketa alorreko beste enpresak:

  • Ausolan Taldea: sukaldatutako platerak eta taldeentzako platerak sukaldatzea. Eraikin eta bulegoen garbiketak. Osasun zerbitzu osoak.
  • Barrenetxe: berotegiko zein landa-guneko hortuariak.
  • Behi-Alde: esnea y abereak.
  • GSR: adineko pertsonentzako osasun zerbitzuak.
  • Miba: pentsuak. Nekazaritzarako burdindegi-tresnak eta makina txikiak. Pentsuak eta haziak. Fitosanitarioak. Albaitaritza zerbitzua.
  • Unekel: untxi-etxaldea.

Ezagutza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarri bikoitz batean bermatuta dago: prestakuntza eta berrikuntza, horiek izan direlarik Korporazioaren garapenaren bi zutabe nagusiak. Prestakuntzaren ezaugarri bereziak dira Mondragon Unibertsitatearen dinamismoa, Politeknika Ikastegia Txorierri, Arizmendi Ikastola eta Lea Artibai Ikastetxearen rol nabarmena, bakoitza bere eskualdean, eta Otalora Zuzendarien eta Kooperatiben Garapenerako Zentroaren jarduera.

Mondragon Unibertsitatea izaera kooperatiboa duen unibertsitatea da, ezagutzen, gaitasunen eta balioen garapena uztartzen duena, eta harreman berezia dauka enpresekin, batez ere enpresa kooperatiboekin. Bere ikasketak Bologna Planari egokitu dizkion lehenengo ikastetxe euskalduna izan da, 2000. urtetik hona metatu duen esperientzia handiari esker, Mendeberri Garapen Integralerako Programaren bidez. Gaur egun 4.000 ikasle inguru dabiltza bertan, graduko eta graduondoko ikastaroak egiten ari direnak barne.

4 fakultate ditu (Enpresagintza, Zientzia Gastronomikoak Basque Culinary Center-en bidez, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Goi Eskola Politeknikoa), 13 gradu eskaintzen ditu, 11 master eta 3 doktoretza programa.

Mondragon Korporazioak 3 zentro teknologiko ditu, Ikerkuntza eta garapenaz arduratzen diren 12 unitate eta kooperatiben arteko elkarkidetzari esker negozio aukera berriak garatzeko BAC izeneko programa. Zientzia eta teknologia plan korporatiboa ere badauka, bost ildo teknologikoren inguruan antolatua: material berriak eta fabrikazio sistemak, IKT, energia eta iraunkortasuna, osasuna eta enpresa kudeaketa.

Honako hauek dira Mondragon Korporazioaren berrikuntza zentroak:

  • Fagor Aotek: automatizazioa eta optika.
  • Cikatek: material , teknologia eta produktu polimerikoen ikerketa, garapen eta berrikuntzan espezializatuta dago.
  • CS Centro Stirling: Osagaien Dibisioko enpresen zerbitzura dagoen I+G+Bko enpresa unitatea.
  • Edertek: Fagor Ederlan Taldearen berrikuntza teknologikoko beharrei erantzuten die.
  • ETIC-Embedded Technologies: Teknologia txertatuetan aditua zen zentroa izatetik, Smart Cityes inguruko eremu teknologikoetara bideratzera pasatu da. IKT soluzioak garatzen ditu.
  • IK4-Ideko: Industri fabrikazioko eta ekoizpeneko teknologietan espezializatuta dagoen zentro teknologikoa.
  • IK4-Ikerlan: produktu mekatronikoak, nanoteknologikoak eta energetikoa
  • ISEA: Enpresa zerbitzu aurreratuak
  • Koniker: Konformazioa eta ahokadura
  • Leartiker: Polimeroen teknologian eta elikagaien teknologian espezializatuta dagoen Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Zentroa.
  • IK4 Lortek: Materialetan, gehikuntza prozesuetan eta lotura teknologietan espezializatutako zentro teknologikoa.
  • MIK: Kudeaketaren berrikuntzara zuzendutako Ikerketa Zentro bat da, oinarrizko 4 alor hauek lantzen dituena: Ekintzailetza, Nazioartekotzea, Enpresa partaidetua eta Enpresa irekia.
  • MTC: pieza nahiz multzo termoplastikoen ikerketan eta garapenean espezializatuta dago. Batez ere automozioaren sektorerako ari da lanean.
  • Orona Ideo:Garraio bertikalean, iraunkortasunean eta energiaren kudeaketa eraginkorrean egiten du lan, puntako teknologiarekin.
  • UPTC: 'Packaging' sektorerako teknologiaren ikerketan eta garapenean espezializatuta dagoen zentro espezializatu bat da.

2012an Korporazioak nazioarteko 91 proiektutan parte hartu zuen, besteak beste, aeronautika, energia, IKT edo nanoteknologien sektoreetan. 2013rako, MONDRAGONen 1.679 ikertzailek egiten zuten lan berrikuntza arloan eta korporazioak 305 milioi euro inbertitu zituen I+G+b atalean. Guztira, Korporazioak 467 patente familia ditu eta 2013an 628 milioi euro jaso zituen 5 urte lehenago existitzen ez ziren produktu eta zerbitzuak saltzetik. Garaia Berrikuntzari dagokionez, bere helburua da Bikaintasun Espazio baten gisara funtzionatzea, zentro teknologikoen, enpresen eta Unibertsitatearen lana harremanetan jarriz, eta 2008an bere garapenari bultzada handia eman ziola aipatu behar da: automobilgintzako material metalikoak ikertzeko Edertek zentroa inauguratuz; ETIC eratuz, Microsoftekin egindako hitzarmenaren ondorioz, teknologia txertatuetan oinarritutako aplikazio mikroinformatikoetarako; Ikerlan-IK4 Microgune Zentroa eraikiz, nanoteknologien ikerketarako, eta Mondragon Unibertsitateko Elektronikako Berrikuntzarako Zentroa eginez.

Erreferentzia bibliografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • El hombre Cooperativo. Egilea: Joxe Azurmendi. Argitaratzailea: Azatza SA (Otalora)
  • Interioridades de una Utopía. El Cooperativismo de Mondragón. Egilea: Jesus Larrañaga. Argitaratzailea: Azatza SL (Otalora)
  • José María Arizmendiarrieta. Egilea: Fernando Molina. Argitaratzailea: Euskadiko Kutxa
  • La Experiencia Cooperativa de Mondragón cumple 50 años. Egilea: José Ramón Fernández. Argitaratzailea: Mondragon Korporazio Kooperatiboa
  • Making Mondragon. Egileak: William Foote Whyte and Kathleen King Whyte. Argitaratzailea: ILR Press, Cornell University. ISBN O-87546-182-4
  • Medio siglo de la Experiencia Cooperativa de Mondragón. Egilea: Jose Maria Ormaetxea. Argitaratzailea: Otalora
  • Mondragon más que una utopía (jatorrizko izenburua: Making Mondragon). Egileak: William Foote Whyte and Kathleen King Whyte. Gaztelaniazko itzulpenaren argitaratzailea: Txertoa argitaletxea
  • Orígenes y claves del Cooperativismo de Mondragón. Egilea: Jose Maria Ormaetxea. Argitaratzailea: Saiolan, Euskadiko Kutxa
  • We build the Road as We Travel. Egilea: Roy Morrison. Argitaratzailea: New Society Publishers (1991) Philadelphia. ISBN USA O-86571-172-0

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mondragon (korporazioa) Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Xabier Martin, «Javier Sotil, Mondragoneko presidente berria», Berria, 2014-11-14
  2. Xabier Martin, «ZAURIAK IXTEKO KONGRESUA», Berria, 2014-12-14
  3. «MCCk enpresen gaineko exijentzia eta kontrol maila areagotuko ditu», EiTB, 2014-12-15
  4. Jon Fernandez, «Haserre eta etsipen oihuak», Berria, 2014-12-16