Mongolen Inperioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mongolen Inperioa
Ikh Mongol Uls
1206 – 1294
Hautazko monarkia
Inperioaren hedapena
Geografia
HiriburuaAvarga
Karakorum
Dadu (egungo Beijing)
Azalera33.000.000 km2 km²
Kultura
Hizkuntza(k)persiera
ErlijioaTengrismo, gero budismo, islam, kristautasuna eta besteak
Historia
Aurrekoa
Mongolen khamag
Ondorengoak
Txagatai khanerria
Urrezko Horda
Ilkhanerri
Yuan dinastia
Iparraldeko Yuan dinastia

Mongolen Inperioa[1] (mongolieraz: Монголын Эзэнт Гүрэн, Mongolyn Ezent Güren edo Их Mонгол улс, Ikh Mongol Uls) XIII. eta XIV. mendeetan Eurasian zehar Europako ekialdetik Txinara hedatzen zen inperioa izan zen. Menpeko lurrak ondoan izan dituen historiako inperiorik handiena izan da.

Inperioa Genghis Khanek sortu zuen, egungo Mongoliako tribu mongol eta turkiarrak batu eta bere burua mongol guztien buruzagi izendatu zuenean (1206), eta inbasioen bidez hazi zen. Hedapen handienean, Danubiotik Japoniako itsasoraino eta Artikotik Kanbodiaraino hedatzen zen, 33,000,000 km²ko azalera (munduko lur zabaleraren %22) eta 100 milioi biztanle zituela. Konkisten ostean lortu zen bake erlatiboaren azpian (Pax Mongolica), Mendebaldea eta Ekialdea lurrez lotuta geratu ziren, eta ideia eta ondasun andana trukatu eta sakabanatu ziren bereizitako bi mundu horien artean.

Nolanahi ere, ondorengotza zela eta 1260-1264 bitartean inperioa zatitzen hasi zen. Urrezko Horda eta Txagatai khanerria, de facto, estatu independente bezala aritu ziren, Kublai Khan Khan Handia onartzeari muzin eginda. Kublai Khanaren heriotzaren garairako, Mongolen Inperioa lau zatitan zegoen bereizita. Adar nagusia Txinan kokatu zen. Khanak enperadore bilakatu ziren, Yuan dinastia osatuz eta hiriburua Karakorum hiri tradizionaletik egungo Beijing hirira eramanez. Mendebaldeko hiru khanerriek 1304ko bake hitzarmenaren ondoren subiranotzat hartzen bazuten ere eta zergak eta laguntza bidaltzen bazizkieten ere, nork bere interesak eta helburuak zituen, estatu independente gisa. Azkenean Txinan mongolen agintea 1368an amaitu zen, nahiz eta Borjigin leinuak XVII. mendera arte segi zuen Mongolian.

Mongoliar zalditeri

Mongoliar inperioren hedapenaren ardatza zalditeria izan zen, zalditeria honen oinarria Mongoliako bertako poni arraza bat izanik, mongoliar zaldia. Gaur egun ere Mongolian zaldiek berebiziko garrrantzi ekonomiko zein kulturala dute.

Erreferentziak

  1. Mongol Egungo Euskararen Hiztegia
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mongolen Inperioa Aldatu lotura Wikidatan