Montesquieu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ketxus (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 00:13, 26 otsaila 2016
Charles Louis Secondat, Montesquieu baroia

Charles Louis Secondat, La Bredako jauna eta Montesquieu baroia (La Brèda, 1689ko urtarrilaren 18a - Paris, 1755ko otsailaren 10a) Ilustrazio garaiko kronista eta pentsalari politikoa izan zen. Ilustrazioaren mugimenduko filosofo eta saiakeragile garrantzitsuenetakoa. Ospetsua da berak egituratu zuelako botereen banaketaren teoria, gaur egungo gobernu modernoetan oinarrizkotzat jotzen dena eta mundu osoko konstituzio ugaritan ezarria.

Haren pentsamendua Ilustrazio frantsesaren izpiritu kritikoaren korrontean sartuta dago. Korronte horren ezaugarri nagusiak hauek dira: tolerantzia erlijiosoa, askatasunaren bilaketa eta zoriontasunaren kontzeptu zibikoa. Hala ere, berak ez zituen jarraitu abstrakzioa edota metodo deduktiboa baztertzen zuten korronte horretako beste egile batzuek. Horrela, konstituzio ingelesaren zabaltzailea eta botereen banaketaren teoriko izanda, Lockeren pentsamendutik hurbil zegoen, eta Persiar gutunak liburuan idatzitakoarekin, Saint-Simonen pentsamenduarengandik hurbil; baina, betiere, bazituen bere ezaugarriak eta berezko izaera.

Biografia

1689ko urtarrilaren 18an jaio zen La Bredako gazteluan, Bordeletik (Frantzia) kilometro gutxira. Aita Jacques Secondat eta ama Marie-Francoise Pesnel izan zituen. Bere familia kaparea zen. Jaio zen urte horretan ezarri zuen parlamentu ingelesak monarkia konstituzionala Ingalaterran, Bill of Rights idatziaren bitartez. Frantzian, berriz, Luis XIV.ak erregearen botere absolutua finkatu zuen bere erreinaldi luzean zehar, nahiz eta bere heriotza gertatu zenean 1715ean, krisia eta herriaren haserrea agerian geratu ziren.

Montesquieu-k Juilly-ko Oratoria Eskolan ikasi zuen eta, ondoren, familiako ohitura zen moduan Zuzenbidea egin zuen Bordeleko Unibertsitatean lehenengo eta azkenik Parisen. Paris hiriburuan bertako intelektualekin harremanak hasi zituen.

Aita hil zitzaionean 1714an, La Bredara itzuli zen eta Bordeleko Parlamentuan kontseilari aritu zen. Osaba zuen Montesquieu baroiaren babespean geratu zen eta osaba hiltzean haren ondasunak, baroi titulua eta Parlamentuko Presidente kargua (1716-1727) jaso zituen.

1715ean Jeanne Lartigue-rekin ezkondu zen.

Garai horretan zehar, Bordeleko Zientzien Akademiako kide zela, zenbait ikerketa lan aurkeztu zituen giltzurrinei buruz, grabitateari buruz eta oihartzunari buruz.

Azkenik, zeukan magistratu lanak aspertu egiten zuen eta, ondorioz, kargua saldu zuen eta Europan zehar bidaian aritu zen, herrialdeen ohiturak eta erakundeak aztertuz.

1775eko otsailaren 10ean hil zen Parisen.

Ideia politikoak eta lanak

Montesquieu-k John Locke-ren botere banaketari buruzko ideiak garatu zituen. Legeen espirituaz lanean argi uzten zuen, ingelesen erakunde politikoei zien miresmena eta bertan baieztatu zuen legea zela Estatuaren kontzeptu garrantzitsuena.

Persiar gutunak 1721ean argitaratu zituen 32 urterekin eta garai hartako gizarte frantsesean (erregentziaren urteak ziren) arrakasta izugarria izan zuen.

Akademia Frantsesean sartu zen 1727an eta 1729an Ingalaterrara joan zen eta Royal Society-ko kide bihurtu zen. Ingalaterran egin zituen hiru urteak ezinbestekoak izan ziren bere garapen intelektuala gertatzeko.

1739an erromatarrei buruzko entsegua argitaratu zuen.

Legeen espirituaz Geneban argitaratu zen 1748an. Bi urte geroago, lan horri jansenistek eta jesuitek egindako kritikei erantzuteko, Legeen espirituaz defendatuz argitaratu zuen, baina Elizak debekatutako liburuen zerrendan sartu zuen.

Bi dira gizarteak aztertzeko Montesquieu-k egin zituen ekarpen orijinalak egile askoren arabera:

  • Montesquieu-k gizartearen errealitatea zientifikoki azaltzeko metodo analitikoa eta positibista erabili zituen. Alegia, soilik deskribatu beharrean, datuak taldekatzen eta tipoak sortzen saiatu zen.
  • Gertaera sozialak gertatzen diren moduan gertatzeko, arrazionalki interpretatu daitekeen ordena eta arrazoi bat existitzen dela uste zuen eta, ondorioz, erantzun soziologikoa ematea posible dela, gertaera ustez hain anitz eta desberdinentzat.

Liberalismoaren bultzatzaileetako bat izan zen eta, esan bezala, botereen banaketaren teoria eratu zuen.

Lanak

  • Les causes de l'écho
  • Les glandes rénales
  • Essai sur le goût (1757)
  • La cause de la pesanteur des corps
  • La damnation éternelle des païens (1711)
  • Système des Idées (1716)
  • Lettres persanes (Persiar gutunak 1721)
  • Le Temple de Gnide (1724ko poema liburua)
  • Arsace et Isménie (1730eko eleberria)
  • Considérations sur les causes de la grandeur des Romains et de leur décadence (1734)
  • De l'esprit des lois (Legeen espirituaz 1748)
  • La défense de «L'Esprit des lois» (1750)
  • Pensées suivies de Spicilège
  • Le flux et le reflux de la mer
  • Mémoires sur la fièvre intermittente
  • Mémoires sur l'écho
  • Les maladies des glandes rénales
  • La pesanteur des corps
  • Le mouvement relatif
  • Le Spicilège
  • Pensées


Bibliografia

  • Montesquieu, Persiar gutunak, Literatura unibertsala 38, Euba, Ibaizabal, [itzultzailea, Patri Urkizu], ISBN 978-84-7992-569-8.
  • Montesquieu, Gutunak, Mikoleta, Bilbo, Desclée de Broker, 1998 [Manu Erzillaren moldapena], ISBN 978-84-330-1323-8.
  • Montesquieu, Legeen espirituaz, Pentsamenduaren klasikoak, Bilbo, Klasikoak, 1999 [euskaratzailea, Iñaki Iñurrieta ; berrikuslea, Jon Arrieta ; hitzaurregilea, Carmen Iglesias], 2 liburuki, ISBN 978-84-88303-36-X.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Montesquieu Aldatu lotura Wikidatan