Montgomery Clift

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu


Montgomery Clift
Montgomery Clift
Datu pertsonalak
Izen osoa Edward Montgomery Clift
Jaio 1920ko urriaren 17
Omaha, Nebraska (Ameriketako Estatu BatuakAmeriketako Estatu Batuak)
Hil 1966ko uztailaren 23
New York, New York (Ameriketako Estatu BatuakAmeriketako Estatu Batuak)
Lan nabarmenenak From Here to Eternity
A Place in the Sun
Suddenly, Last Summer
IMDB IMDBko fitxa

Edward Montgomery Clift (Omaha, 1920ko urriaren 17 - New York, 1966ko uztailaren 23) Estatu Batuetako aktorea izan zen, XX. mendeko 50eko hamarkadan ospe handia lortu zuena. Hemezortzi urteko ibilbide zinematografikoa izan arren, 17 pelikuletan besterik ez zuen parte hartu. Hala ere, talentu handiko aktorea izan zen, Oscar eta Urrezko Globoen sarietara behin baino gehiagotan izendatua izan zena. Zinemako izar heterodoxoa, beti saiatu zen bere intimitatea gordetzen; horrek Hollywood inguruko giro mediatiko eta arranditsuari bizkarra ematera bultzatu zuen. "Aktorea izan nahi dut, ez zinemako izarra" errepikatu ohi zuen. Gazte galanta, 1956. urtean bere xarma fisikoa aldrebestu zuen kotxe istripu larria pairatu zuen, bere bizitza sakon markatuko zuena. 45 urteekin hil zen, bihotzekoak jota.


Haurtzaro eta gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ethel Fogg-en eta William B. Clift-en semea zen, eta arreba bikia (Ethel) eta anaia bat (Brooks) zituen. Aita ingeniaria zen, geroago bankaria bihurtu zena. Ama, jatorri apalekoa, saiatu zen bere seme-alabei hezkuntza fina eta dotorea emanez. Horrenbestez, bidai luzeak egin zituzten Europan zehar, umeek hizkuntzak ikasi (frantsesa, alemana...) eta eliteko heziketa jaso zezaten. 1930ean, baina, burtsaren krisiak bete-betean harrapatu zuen Clift familia, eta porrotera eraman. AEBetara itzuli ziren.

Monty -hala deitzen zioten- gazteak, 13 urteekin, bere lehenengo lana egin zuen antzerki obra batean: "As Husbands Go". Garai hartan zeukan irakasle partikular batek, Walter Hayward-ek, jakin zuen bere lagun produktore bat gazte baten bila zebilela bere antzerki obra baterako, eta Monty animatu zuen parte hartzera. Nahiz eta hasieran familiaren jarrera oso aldekoa ez izan, bere antzezle karreraren abiapuntua izan zen obra hori.

Urtebete geroago bere bigarren lana lortu zuen, Fly Away Home izenekoa, Broadway-en sei hilabeteetan antzeztu zena. Kritikaren laudorioak jaso zituen obra honek, eta baita Clift gaztearen lanak ere. Hurrengo urteetan publizitateko modeloaren lana antzerkiarekin uztartu zuen, 1938an Dame Nature antzezlanean protagonista izan arte. Lan honek arrakasta handia lortu zuen eta Broadway-eko ateak parez pare ireki zizkion Clift gazteari.


Hollywood[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montgomery Clift 1948an


Broadway-en karrera distiratsua burutu zuen 40ko hamarkadaren urteetan, hamaika antzezlanetan parte hartuz (Mexican Mural, Our Town, The Skin of our teeth -Elia Kazanek zuzenduta-, The Searching Wind, You touched me!...). Laster iritsiko zitzaizkion Hollywood-eko lehenengo eskaintzak, hasiera batean errefusatu zituenak. 1947an, ordea, ez zion muzin egin Howard Hawks zuzendariaren eskaintzari, John Wayne-rekin batera western batean parte hartzeko: Red River (1948) genero horren klasiko bat bihurtu zen, eta arrakasta handia lortu zuen kritiko zein publikoaren aldetik. Bere bigarren pelikula, The Search (1948), Bigarren Mundu Gerraren ondorio latzak era gordinean islatzen zituen, eta Oscar sarietarako bere lehenengo izendapena ekarri zion.

Lehenengo bi pelikula horiekin Clift, bat-batean, Hollywoodeko aktore kotizatuenen artean bilakatu zen. Bere xarma fisikoaz haratago (bazterrak astinduko zituena neskatoen artean), interpretatzeko era berri bat kaleratu zuen: sentikorra, trinkoa, emozioez betea, bere begi berde itzelekin espresibitate handia igortzen zuena.

The Heiress (1949) eta The Big Lift (1950) egin ostean, Elizabeth Taylor-ekin (hortik aurrera bere lagun mina izan zena) A Place in the Sun (1951) errodatu zuen. Film honek jauzi kualitatiboa suposatu zuen bere ibilbide profesionalean, eta Hollywoodeko goi izarren artean leku pribilegiatua eman zion. Pelikulak 6 Oscar irabazi zituen baina Monty, izendatua izan arren, saririk gabe geratu zen.

Hurrengo urteetan Montyk garai hartako zuzendari hoberenen agindupean lan egin zuen: Alfred Hitchcock-ekin I confess-en (1953), Fred Zinnemann-ekin From Here to Eternity-n (1953), eta Vittorio De Sica-rekin Terminal Station (1954) pelikulan. Lan horietan guztietan Clift-ek pertsonaia zailak antzezten ditu, sentikorrak eta atsekabetuak: aitormen sekretua tinko mantentzen duen apaiza gaztea (I confess), bere lagunen isekak jasan behar dituen soldadu bakartia (From Here to Eternity), eta ezinezko amodioa sufritzen duen irakasle italiarra (Terminal Station). Hirugarren aldiz izendatua izan zen Oscar sariarentzat From Here to Eternity-n egin zuen lan bikainagatik: pelikulak 8 Oscar irabazi arren, Montgomery Clift-ek ez zuen preziatutako estatua txikia eskuratu.

Kotxe istripua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filmagintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Montgomery Clift