Morihei Ueshiba
Morihei Ueshiba (Tanabe, Japonia, 1883 - Tokyo, Japonia, 1969) Japoniako aikido-irakaslea izan zen, aikido gudu-antzearen asmatzailea.
Biografia [aldatu]
Judoarekin batera Japoniako beste gudu-antze tradizionalak ikasi zituen. Ikasketa horietan, esku hutseko gudua eta arma tradizionalen erabilera ikasi zuen: ezpata, makila eta lantza, batez ere. 1912-1926 bitartean hainbat bidaia egin zituen Txinara hango gudu-antze tradizionalak ikertzeko. Ikasketa horien guztien ondorioz, denak biltzen zituen sintesi bat egin zuen gudu-antze berri batean: aikidoa. 1925ean zabaldu zuen lehenengo aikido-eskola Kukuban. Geroztik, 1945 ondoren zenbait urtez aikidoa Estatu Batuetako agintariek Japonian ere debekatu zuten arren, berehala zabaldu zen M. Ueshibaren gudu-antzea munduan zehar.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.