Moussa Traoré

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Moussa Traoré

Maliko 2. Presidentea
1968ko azaroaren 19a – 1991eko martxoaren 26a
Aurrekoa Modibo Keïta
Ondorengoa Amadou Toumani Touré (Trantsizio batzordeko Presidentea)

Jaiotza 1936ko irailaren 25a
Kayes, Frantziar Sudan (gaur egun Mali)
Alderdi Politikoa Militarra (geroago Union Démocratique du Peuple Malien)
Ezkontidea Mariam Traoré
Erlijioa Islam

Moussa Traoré (Kayes, Frantziar Sudan (gaur egun Mali), 1936ko irailaren 25a) maliar militarra eta politikaria da. Maliko presidentea izan zen 1969-1991 bitartean.

Katiko Eskola Militarrean egin zituen ikasketak. Gero Frantziako armadan sartu zen, eta 1960an bere herrialdera itzuli zen. 1971n, koronel izendatu zuten eta zazpi urte geroago jeneral. 1968an Maliko lehendakari Modibo Keïta kargutik kendu zuen estatu kolpearen buru izan zen. Orduan Askapen Nazionalerako Batzorde Militarreko (Comité militaire de libération nationale) presidente izendatu zuten, eta Maliko Gudarosteen komandanteburu. 1969 eta 1979 bitartean estatuburu izan zen, eta azken urte hartatik aurrera Maliko lehendakari. Gainera, Defentsa eta Segurtasun ministro izan zen 1978-1986 bitartean, eta Barne Arazoetako ministro 1978-1979 bitartean. 1970ean Afrika Mendebaldeko Estatuetako Estatuburuen Konferentziako lehendakari izan zen.

1985ean Maliko lehendakari hautatu zuten berriro. 1988an, berriz, Afrikar Batasunaren Aldeko Erakundeko (OUA, Organisation de l'Unité Africaine) lehendakari hautatu zuten. 1989ko uztailean, Egiptoko lehendakari Hosni Mubarakek hartu zuen haren lekua OUAren lehendakaritzan. 1990ean, Egipto eta Mexikoko lehendakariekin batera, Haurtzaroaren Mundu Gailurraren antolatzaileetako bat izan zen, Nazio Batuen babespean. 1991n Maliko egoera politikoa krisian sartu zen, eta ikasleek hezkuntzaren kalitate txarraren aurkako manifestazioak deitu zituzten. Martxotik aurrerako protestetan, baina, alderdi bakarreko sistema desagertzea eta alderdi-aniztasuna onartzea izan zen manifestazioetako eskari nagusia. Protestek herritarren eta armadaren arteko borroka odoltsuak ekarri zituzten. Negoziatzeko ezintasunaren aurrean, oposizioak greba orokorra deitu zuen, Traorék dimisioa aurkeztu arte greban irauteko asmoz. Traorék ez zuen dimisioa aurkezteko asmorik agertu, baina setio-egoera eta etxeratze-deia bertan behera uztea erabaki zuen. Bere agintaldiaren amaiera arte, alegia ekainera arte, eutsi nahi zion karguari, baina martxoan armadak kenarazi zuen kargutik. Armadak bertan behera utzi zuen konstituzioa, parlamentua desegin zuen, alderdi bakarra abolitu zuen, Bakearen Aldeko Batzorde Nazionala antolatu zuen eta oposizioarekin bat egin zuen.

1993an, heriotza zigorra ezarri zioten krimen politikoak zirela medio, Bamakon hil ziren 300 manifestariren hilketan nahasia egoteagatik batez ere, baina aurrerago epai hori kommutatu egin zioten. 1999an, berriro, heriotzara zigortua izan zen, bere emaztearekin batera, oraingoan ekonomia-arloko delituengatik. Alpha Oumar Konaré presidenteak zigor horiek kommutatu egin zizkien eta biziarteko zigorra ezarri zieten. Aurrerago, 2002an, barkatu egin zien.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]