Munduko Xake Txapelketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Munduko Xake Txapelketa
Irudia
Motakirol lehiaketa errepikakor
Kirolaxake
     Eztabaidatuak ez diren txapeldunak     Tapeldun klasikoak clàssics     FIDEren txapeldunak

Munduko Xake Txapelketa, xakean Munduko Txapelduna nor den erabakitzeko asmoz FIDEk antolatzen duen txapelketa bat da.

Lehenengo txapelketa ofiziala 1886an izan zen eta Wilhelm Steinitzek irabazi zuen. 1886tik 1948ra txapelketa antolatzeko arauak ez zeuden finkatuta; eskuarki txapeldunak ezartzen zituen txapelketako baldintzak, non aurretik aurkariak gutxieneko diru kopuru bat segurtatu behar zuen jokatu ahal izateko. 1948tik 1993ra FIDEk arautu eta antolatu zuen txapelketa. 1993an, orduko txapeldun zen Gari Kasparovek FIDErekin eten eta munduko xake txapelketa paralelo bat antolatu zuen. Zenbait urtez bi Munduko Txapeldun izan ziren aldi berean, harik eta 2006an tituluak txapelketa bakarrean batu zituzten arte. Ordutik FIDEk antolatzen du Munduko Xake Txapelketa.

Egungo Munduko Xake Txapelduna Magnus Carlsen norvegiarra da.

Honako munduko txapelketa hauek ere badira: Emakumezkoen Munduko Xake Txapelketa (emakumezkoek Munduko Xake Txapelketan ere parte har dezakete), Munduko Junior Xake Txapelketa (20 urtetik beherakoentzat), Munduko Senior Xake Txapelketa (60 urtetik gorakoentzat) eta Munduko Korrespondetzia Xake Txapelketa. Munduko Ordenagailu Xake Txapelketa ere bada, zeinean ordenagailuek baino ezin dezaketen parte hartu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Philidor XVIII. mendeko xakelari onenetakoa izan zen.

Munduko xake txapeldun terminoa 1845ean agertu zen lehen aldiz. Hala ere, aurreko mendeetan zehar hainbat jokalari izan ziren beren garaiko xakelari onenak (edo behintzat ospetsuenak) izatearen aitorpena zutenak. Lehenengoetarikoak Ruy López de Segura (1560 inguruan), Paolo Boi eta Leonardo da Cutri (1575 inguruan), Alessandro Salvio (1600 inguruan) eta Gioachino Greco (1623 inguruan) izan ziren.

XVIII. mendean eta XIX.aren hasieran frantziar jokalariak nabarmendu ziren: Legal de Kermeur (1730–55), François-André Danican Philidor (1755–95), Alexandre Deschapelles (1800–21) eta Louis-Charles Mahé de La Bourdonnais (1821–40).

1843an, Howard Staunton ingelesak Pierre Charles Fournier de Saint-Amant frantziarraren aurkako lehia bat irabazi zuen, eta munduko jokalari sendoentzat hartua izan zen. Handik gutxira, 1845ean, Munduko Txapeldun terminoari buruz ezagutzen den lehenbiziko aipua agertu zen Chess Player’s Chronicle aldizkarian (Stauntonek berak sortutako aldizkaria), hain zuzen ere Stauntoni buruz ari zela: "the Chess Champion of England, or ... the Champion of the World" (Ingalaterrako Xake Txapelduna, edo... Munduko Txapelduna).

Adolf Anderssen

1851n Stauntonek nazioarteko xake txapelketa bat antolatu zuen Londresen, orduko jokalari sendoenak bilduko zituena. Horrelakorik egiten zen lehenengo aldia zen, eta hainbat kazetarik idatzi zuten irabazlea munduko txapeldun izango zela. Txapelketa hura Adolf Anderssenek irabazi zuen, eta handik aurrera munduko jokalari onena kontsideratua izan zen. Anderssen joko erasokorragatik eta sakrifizio ikusgarriengatik ezaguna zen, eta XIX. mendean nagusi zen xake eskola erromantikoaren adierazgarririk onena zen.

Paul Morphy

1858an Anderssenek Paul Morphy estatubatuarraren aurkako norgehiagoka bat galdu zuen. Morphyk nagusitasunez irabazi zuen eta handik aurrera jokalari onenen aurka izan zituen lehia guztietan gailendu zen. Inork ez zuen zalantzarik orduko jokalari onena zela. Handik gutxira, Morphyk, aurkariei lehenengo mungimendua eta peoi bateko abantaila ematen hasi zen, baina leihakiderik aurkitzen ez zuela eta, xake mundutik erretiratu zen 1959an. Hala ere, askorentzat munduko txapeldun izan zen 1884an hil zen arte.

Morphyren erretiroaren ondoren Anderssen zen berriro munduko jokalari sendoena, eta 1862ko Londresko txapelketa garratzitsua irabaziz berretsi zuen bere nagusitasuna.

Anderssenek Wilhelm Steinitzen aurka galdu zuen 1866an. Handik aurrera Steinitz munduko txapelduntzat zuten askok. Steinitzek berak, gerora, International Chess Magazine aldizkarian 1866tik munduko txapeldun zela aldarrikatu zuen. Batzuen ustez 1872an Johannes Zukertort xakelari poloniarra garaitu zuenetik zen txapeldun, eta beste batzuen ustez Steinitzek ez zuen txapeldun titulua beretzat aldarrikatzeko eskubiderik Paul Morphy bizirik zen artean (Morpyk Anderssen oso aise garaitu zuen 1858an, baina handik gutxira utzi zion txapelketetan jokatzeari eta 1984an hil zen). Hala ere, 1883an Zukertortek Londresen txapelketa garrantzisua irabazi zuen Steinitzen aurretik. Kontuak kontu, artean ez zegoen inongo titulu ofizialik eta 1866ko lehia horren ondoren lortutako emaitzak ez ziren hain onak izan Steinitzentzat, ez behintzat Steinitz munduko txapeldun eztabaidaezintzat jotzeko bezain emaitza onak. 1883ko Londresgo txapelketaren ostean argi geratu zen Steinitz eta Zukertort zirela munduko jokalari onenak.

FIDE aurreko txapeldun ofizialak (1886-1946)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wilhelm Steinitz, lehenengo txapeldun ofiziala.

1886an, munduko txapelduna nor zen erabakitzeko lehia bat antolatu zuten AEBetan Steinitzen eta Johannes Zukertort xakelari poloniarraren artean. Steinitz izan zen garaile eta, ofizialki, Munduko Xake Txapeldun titulua eskuratu zuen. Lehenengo txapelduna izateaz gain Steinitzek ekarpen handiak egin zituen: xakea sakonki aztertu zuen eta xake posizionalaren printzipio estrategiko asko aurkitu zituen, gaurko jokamolde modernoaren oinarri direnak, eta ordura arte nagusi zen eskola erromantikoari kontrajarriz eskola modernoa edo klasikoa deitzen dena sortu zuen.

1948 arte munduko txapelketa ez zegoen araututa. Txapeldunak bere titulua jokoan jartzen zuen, baina txapeldunari desafioa bota nahi zion hautagaiak diru kopuru bat jarri behar zuen aurrez, eta kopuru horrek zenbatekoa izan behar zuen ere txapeldunak erabakitzen zuen. Haugagaiak, eskatutako dirua biltzeko gai baldin bazen, txapeldun tituluagatik lehiatzeko eskubidea zuen. Diru koputu hori oso handia izan ohi zen, eta, hasiera batean, baldintza horren helburua txapeldunaren aurkaria munduko jokalari sendoenen artekoa izatea zen, bestela edozeinek botako baitzion desafioa. Hala ere, sarritan, diru kopuru handi hori hautagai oso sendoentzat oztopo moduan erabilia ere izan zen, txapeldunak titulua galtzeko arriskua oso handia zela ikusten zuenean. Bestalde, txapeldunak titulua galduz gero errebantxa eskubidea zuen, baina zenbait kasutan puntu hau ez zen bete.

Steinitzek 1894an galdu zuen txapeldun titulua Emanuel Laskerren aurka. Hurrengo txapeldunak José Raúl Capablanca, Aleksandr Alekhin eta Max Euwe izan ziren. Alekhin 1946an hil zen, Munduko Txapeldun zela. Hurrengo Munduko Xake Txapelketa FIDEk antolatu zuen.

FIDE (1948-1993)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikhail Botvinnikek bost aldiz irabazi zuen Munduko Xake Txapelketa.

Ordura arte, Munduko Xake Txapelketa ez zegoen araututa; txapeldunak bere titulua jokoan jartzen zuen, eta berak ezartzen zituen txapelketako baldintzak. Baina, 1946an Alekhinen heriotzak egoera nahasia ekarri zuen, eta urrengo txapelduna erabakitzeko moduari buruzko eztabaidak sortu ziren. Alde batetik, argi samar zegoen sistema aldatzeko beharra zegoela, izan ere Alekhinek bere garaiko aurkari arriskutsuenak, Capablankak, botatako desafioen aurrean oztopoak ipintzen zituen lehia saihesteko, eta 1937tik 1946ra ez zuen txapela jokoan ipini; horrelako egoerek amaitu beharra zuten. Bestetik, batzuen ustez automatikoki Euweri zegokion txapeldun titulua eta tituluaren defentsa, bera izan baitzen Alekhinen aurreko azken txapelduna. Euwek, ordea, bera txapelduna ez zela eta tituluaren eskubideari uko egin zion, eta beste jokalari batzuen aurka txapelketa batean parte hartzea onartu zuen.

Txapelketaren antolaketa FIDEk hartu zuen bere gain. FIDEk urteak zeramatzan munduko txapelketak behingoz arautu eta antolatu nahian, eta egoera hau baliatu zuen. Ez zen erreza suertatu baina. Arazoetako bat txapelketaren finantzaketa zen; Bigarren Mundu Gerra amaitu berria zen eta herrialde gehienek ez zuten beren jokalari onenak finantzatzeko dirurik. Bestalde, Sobietar Batasunak FIDEn sartzeari uko egin zion, baina hautagai sendoenen erdiak sobietarrak ziren. Azkenean, FIDEren eta Sobietar Batasunaren arteko negoziaketen ondoren, bost jokalariko round robin ligaxka formatua zuen txapelketa antolatu zuten 1948an. Txapelketa hura Mikhail Botvinnikek irabazi zuen (Euwe azken postuan geratu zen), eta Sobietar Batasuneko xakelarien nagusitasun aroari hasiera eman zitzaion.

FIDEk hurrengo txapelketen formatua arautu zuen, eta hiru urteko zikloa ezarri zuen. Herrialde guztietako xakelariak zenbait barrutitan antolatuako txapelketak jokatuko zituzten, ondoren Txapelketa Interzonala, eta azketik Hautagaien Txapelketa. Hautagaien Txapelketako irabazleak orduko Munduko Txapeldunaren aurka hainbat partidako match bat jokatu ahal izango zuen.

(1949–63)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

FIDEk 1963 arteko bost ziklo prestatu zituen, eta Botvinnikek 1951ko eta 1954ko txapelketak irabazi zituen. 1955ean FIDEk itxuraz txikia zen aldaketa bat sartu zuen: txapeldunak titulua galduz gero, errebatxa jokatu eta titulua berreskuratzeko aukera izango zuen. Arau berri hori Botvinnikek ederki baliatu zuen, 1957ko txapelketa Vasili Smysloven aurka galdu ostean 1958an titulua berreskuratu baitzuen, eta 1960an Mikhail Talen aurka galdu ostean 1961ean berreskuratu zuen titulua. Hori dela eta, batzuk Botvinnik araua deitu zioten horri.

(1963–75)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1963ko Munduko Xake Txapelketa Tigran Petrosianek irabazi zuen Botvinniken aurka, baina 1962ko Hautagaien Txapelketaren ostean Bobby Fischerrek jokalari sobietarrek elkarren aurkako partidetan, jokalari ez sobietarren aurka indarrak gordetzeko asmoz, aldez aurretik berdinketa adosten zutela salatu zuen, eta Viktor Kortxnoi bere partidak galtzera behartzen zutela. Juri Averbakhek, talde sobietarraren kapitainak, Tigran Petrosian, Efim Geller eta Paul Keresek berdinketak adostu zituztela aitortu zuen 2002an, eta 2006ko analisi batek ondorio hori berretsi zuen. Viktor Kortxnoik, ordea, zeinak 1976an Sobietar Batasunetik ihes egin zuen, ez zuen inoiz adierazi partidarik galtzeko presiorik jaso izana. Salaketa horien aurrean, FIDEk hurrengo Hautagaien Txapelketaren formatua aldatu zuen, eta round robin ligaxkaren ordez kanporaketa sistema ezarri zuten.

Bobby Fischerrek nagusitasun handiz irabazi zuen 1972ko txapelketa.

Petrosianek 1966an titulua mantendu zuen Boris Spaskiren aurka, baina Spaski beraren aurka galdu zuen 1969ko txapelketan.

Hurrengo txapelduna Bobby Fischer estatubatuarra izan zen eta 1948tik sobietarrek zuten nagusitasuna hautsi zuen. Aurretik, 1971ko Hautagaien Txapelketan Fischerrek izugarrizko erakustaldia eman zuen: final-laurdenetan eta finalaurrekoetan Mark Taimanov eta Bent Larsen hartu zituen mendean hurrenez hurren, bi kasuetan 6 eta hutseko emaitzarekin, oso aspalditik ikusten ez zen gauza. Goi mailako xakean berdinketa da ohikoena eta pentsaezina zen horrelako emaitzarik ikustea, are gutxiago hori bi aldiz jarraian gertatzea. Hautagaien Txapelketako finalean Petrosian hartu zuen mendean nagusitasun osoz, 6½ eta 2½, eta horrela 1972ko Munduko Xake Txapelketarako txartela eskuratu zuen. Munduko Txapeldun titulua eskuratu zuen Islandian jokatu zen 1972ko Munduko Xake Txapelketan Spaski menperatzean (8½ - 12½), Gerra Hotzaren testuinguruan presio politikoak tarteko, gogoratzen den lehia ezagunenetako batean (XX. mendeko Match-a deitua).

Emandako erakustaldiaren ondoren, bazirudien Fischer luzaz izango zela munduko txapeldun. Hala ere txapelketa haren ostean ez zuen beste torneorik jokatu. 1975ko Munduko Xake Txapelketa Anatoli Karpov sobietarraren aurka jokatzekoa zuen. Karpovek 1974ko Hautagaien Txapelketa irabazia zuen eta garaipen horrek Fischerren aurka titulua lehiatzeko aukera eman zion, baina estatubatuarra ez zegoen txapelketako arauekin ados eta berarentzat mesedegarri ziren arauak eskatu zituen, arau horiek onartu ezean jokatzeari uko egingo ziola esanez. FIDEk onartezintzat jo zituen Fischerren eskakizunak eta, 1975ean, Karpov munduko txapeldun izendatu zuen.

Karpov eta Kasparov (1975–93)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karpovek eta Kasparovek lehia handia izan zuten.

Karpov nagusi izan zen 70eko hamarkada eta 80koaren hasieran. Torneo ugari irabazi zituen eta munduko jokalari onena zela erakutsi zuen hurrengo munduko txapelketetan Viktor Kortxnoi mendean hartzean, 1978an eta 1981ean. Bere estilo posizional sendoak aukera gutxi uzten zien aurkariei.

80ko hamarkadaren hasieran Gari Kasparov gaztearen jokoa nabarmentzen hasi zen; Karpoven aldean oso bestelako jokalaria zen, askoz taktikoagoa eta oldarkorragoa. Hurrengo urteetan izugarrizko lehia izan zen bien artean, behar bada xakean inoiz izan den handiena. Bost Munduko Xake Txapelketa jokatu zituzten jarraian elkarren aurka. 1984ko txapelketan polemika handia izan zen, 47 partidaren ostean epaileek txapelketa bertan behera utzi baitzuten (+5 -3 =40; Karpov aurretik). Ondorenko lau txapelketak Kasparovek irabazi zituen, 1985ean (13–11), 1986an (12½–11½), 1987an (12nako berdinkerarekin Kasparovek titulua mantendu zuen)eta 1990ean (12½–11½), eta norgehiagoka oso estua izan zen beti. Orotara, bost txapelketa haietan 144 partida jokatu zituzten, 104 berdinketa, Kasparovek 21 garaipen eta Karpovek 19 garaipen.

Banaketa (1993–2005)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993an xake munduan banaketa eman zen. Urte hartako Munduko Xake Txapelketan Gari Kasparov txapelduna eta Nigel Short lehiatzekoak ziren. Azken bost txapelketetan Karpovek eta Kasparovek elkarren aurkako lehia estua izan zuten; horrek xakearekiko interesa eta zaletasuna piztu zuen mundu osoan, eta txapelketen babesleek dirusari handia ematen zieten. 1993ko Hautagaien Txapelketan, ordea, Nigel Short britainiarrak Karpov kanporatu zuen, eta ondoren Jan Timmanen aurka finala irabazita Munduko Xake Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu zuen. Baina Karpov kanporatuta, Kasparoven eta Shorten arteko lehiak interesa galdu zuen, eta jokalarientzado dirusaria nabarmen murriztu zen. Kasparovek eta Shortek dirusaria txikiegia zela uste zuten, eta oraindik dirusari egokia bermatuko zuten babesleak aurkitu zitezkeela. Azkenean, Kasparovek Nazioarteko Xake Federakuntzari (FIDE) aurre egin, Professional Chess Association (PCA) elkartea sortu eta munduko txapelketa paralelo bat antolatu zuen (Munduko Xake Txapelketa Klasikoa deitua). Txapelketa hura Kasparovek irabazi zuen, eta, FIDEk onartu ez bazuen ere, bere burua Munduko Xake Txapeldun aldarrikatu zuen. Karpovek eta Shortek FIDEren Munduko Xake Txapelketatik alde egin zutenez gero, finala Karpovek eta Jan Timmanek jokatu zuten; Karpovek irabazi (12½–8½) eta Munduko Txapeldun titulua berreskuratu zuen, baina hein batean titulu horrek jada balioa galdua zuen, aurretik Karpov eta Tinman Hautagaien txapelketan kanporatuak izan zirelako eta jokalari onenen zerrendako lehen postuan Kasparovek jarraitzen zuelako alde handiz.

Karpovek 1999an galdu zuen FIDEren Munduko Xake Txapeldun titulua (parte hartzeari uko egin zion), eta Kasparovek 2000. urtean galdu zuen Vladimir Kramniken aurka. Hurrengo urteetan ere bi txapeldun paralelo izango ziren.

Egoera hori 2006 urtera arte luzatu zen: Vladimir Kramnik eta Veselin Topalov xake jokalariek, une hartako txapeldun klasikoa eta FIDEren txapelduna hurrenez hurren, titulua batzeko norgehiagoka burutu zuten. Vladimir Kramnik izan zen garaile.

2006tik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kramniken ondoren Viswanathan Anand indiarrak munduko lau txapelketa irabazi zituen jarraian (2007, 2008, 2010 eta 2012). Magnus Carlsen Norvegiarraren aurka galdu zuen txapeldun titulua 2013an.

Gaur egun Magnus Carlsen da Munduko Xake Txapelduna.

Munduko xake jokalari onenak 1886. urterarte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena Urtea Herrialdea Adina gutxi gorabehera
Francí de Castellví
Narcís Vinyoles
Bernat Fenollar
eta Francesc Vicent
~1475 Aragoiko Koroa

~37
25
Luis Ramirez de Lucena ~1490 Gaztelako Koroa ~25
Pedro Damiano ~1520 Portugal ~40
Ruy López de Segura 1559–1575 Gaztelako Koroa 19–35
El Morro ~1560–1575 Portugal
Leonardo da Cutri 1575 Napoliko Erresuma 33
Paolo Boi 1575 Siziliako Erresuma 47
Giulio Polerio ~1580 Napoliko Erresuma ~32
Alessandro Salvio ~1600 Napoliko Erresuma ~30
Gioachino Greco ~1620–1634 Napoliko Erresuma ~20–34
Pietro Carrera ~1640 Siziliako Erresuma ~67
Alexander Cunningham of Block ~1700 Eskozia Eskoziako Erresuma ~45
Legall de Kermeur ~1730–1745 Frantziako Erresuma ~28–43
François-André Danican Philidor 1745–1795 Frantziako Erresuma 19–69
Johann Baptist Allgaier ~1795–~1815 Austriar Inperioa ~32–~52
Verdoni ~1795–~1804  Italia  Frantzia
Jacob Henry Sarrat ~1805–~1815  Erresuma Batua ~33–~43
Alexandre Deschapelles 1815–1821  Frantzia 35–41
Louis-Charles Mahé de La Bourdonnais 1821–1840  Frantzia 26–45
Alexander McDonnell 1834 Irlanda 36
Pierre Charles Fournier de Saint-Amant 1840–1843  Frantzia 40–43
Howard Staunton 1843–1851  Erresuma Batua 33–41
Adolf Anderssen 1851–1858 Prusiako Erresuma 33–40
Paul Morphy 1858–1862 Ameriketako Estatu Batuak 21–25
Adolf Anderssen 1862–1866 Prusiako Erresuma 44–48
Wilhelm Steinitz 1866–1878 Austria-Hungariako Inperioa, Bohemia 30–42
Johannes Zukertort 1878–1886  Polonia Alemaniar Inperioa 36–44

Munduko xake txapeldunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera: Munduko Xake Txapelketen zerrenda

Munduko xake txapeldunak 1886–1993 artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

# Izena Urtea Herrialdea Adina
1 Wilhelm Steinitz 1886–1894 Austria-Hungariako Inperioa, Bohemia
Ameriketako Estatu Batuak
50–58
2 Emanuel Lasker 1894–1921 Alemaniar Inperioa 26–52
3 José Raúl Capablanca 1921–1927  Kuba 33–39
4 Aleksandr Alekhin 1927–1935
1937–1946
 Frantzia
 Errusia
35–43
45–54
5 Max Euwe 1935–1937  Herbehereak 34–36
6 Mikhail Botvinnik 1948–1957
1958–1960
1961–1963
Sobietar Batasuna (Errusia) 37–46
47–49
50–52
7 Vasili Smyslov 1957–1958 Sobietar Batasuna (Errusia) 36
8 Mikhail Tal 1960–1961 Sobietar Batasuna (Letonia) 24
9 Tigran Petrosian 1963–1969 Sobietar Batasuna (Armenia) 34–40
10 Boris Spassky 1969–1972 Sobietar Batasuna (Errusia) 32–35
11 Bobby Fischer 1972–1975 Ameriketako Estatu Batuak 29–32
12 Anatoli Karpov 1975–1985 Sobietar Batasuna (Errusia) 24–34
13 Gari Kasparov 1985–1993 Sobietar Batasuna (Errusia) 22–30

FIDEren munduko txapeldunak 1993–2006 artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

# Izena Urtea Herrialdea Adina
13 Anatoli Karpov 1993–1999  Errusia 42–48
14 Aleksandr Khalifman 1999–2000  Errusia 33
15 Viswanathan Anand 2000–2002  India 31–33
16 Ruslan Ponomariov 2002–2004  Ukraina 19–21
17 Rustam Kasimdzhanov 2004–2005  Uzbekistan 25
18 Veselin Topalov 2005–2006  Bulgaria 30

Munduko txapeldun klasikoak 1993–2006 artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

# Izena Urtea Herrialdea Adina
13 Gari Kasparov 1993–2000  Errusia 30–37
14 Vladimir Kramnik 2000–2006  Errusia 25–31

Eztabaidatuak ez dauden munduko txapeldunak (2006tik aurrera)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

# Izena Urtea Herrialdea Adina
14 Vladimir Kramnik 2006–2007  Errusia 31
15 Viswanathan Anand 2007–2013  India 38
16 Magnus Carlsen 2013–2023  Norvegia 22
17 Ding Liren 2023- gaur arte  Txina 25

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Luanda errorea in Modulu:Navbar at line 58:Invalid title Munduko Xake Txapeldunak.