Municheko Putscha

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marienplatz (Munich) Garagardotegiko Putschean.

Municheko Putscha edota Garagardotegiko Putscha, Langileen Alderdi Nazionalsozialista Alemaniarreko kideek, hau da, Alderdi Naziko kideek, burutu zuten arrakastarik gabeko estatu-kolpe saioari deitzen zaio. 1923ko azaroaren 8 eta 9aren bitartean gertatu zen eta honen ondorioz Adolf Hitler eta Rudolf Hess, beste hainbat buruzagiren artean, auzitaratuak eta kartzelara kondenatuak izan ziren.

Atarikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniako hegoaldeko hirietan ohitura zen ehunka pertsona biltzen ziren garagardotegietan mitin politikoak eta gobernuei zuzendutako kritikak egitea. Municheko garagardotegi handienetako bat Bürgerbräukeller zen eta bertan Alderdi Nazi sortu berriaren lehen taldeak biltzen ziren 1920ko hamarkadaren hasieran.

Hitlerrek oraindik jarraitzaile gutxi zituen Alderdi Naziko buruzagitza bereganatua zuen 1921. urtetik. Alderdiak Lehen Mundu Gerraren amaiera markatu zuen Versaillesko Itunaren (1919) baldintzak arbuiatzen zituen, izan ere honek Alemania ekonomikoki erabat egoera larrian utzi zuen, lur eta armada-murrizketak ezarriz.

1923ko irailean, Hitlerrek eskuineko buruzagiekin batera ospatu behar zituen 14 bileraren berri eman zuen. Eugen Ritter von Knilling lehen ministro bavariarrak larrialdi-egoera deklaratu zuen, Gustav von Kahr bavariako komisario izendatu eta Otto von Lossow jenerala aukeratu zuen Reichswehrraren buru.

Benito Mussolinik 1922an gidaturiko Erromako Martxak eragin handia izan zuen Hitlerren xedearengan. Hitlerrek, Munich Weimarko Errepublikako gobernuari aurre egiteko egoitza moduan erabiltzeko asmotan ibili zen eta Bavarian errepublika propio bat ezartzeko planak ere egin zituen, Berlinerantz aurreratzeko.

Putscha[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1923ko azaroaren 8ko arratsaldean, Hitler SAetako kontingente batez lagunduta Bürgerbräukellerrera iritsi zen, Bavariako Gustav von Kahr gobernadoreak 3.000 pertsonen aurrean hitzaldi bat ematen zuen lekura. SAetako 600 gizon inguruk irteerak blokeatu zituzten. Hitler, bere alderdikide ziren Hermann Göring, Alfred Rosenberg eta Rudolf Hessez inguraturik, aurreko atetik sartu zen arratsaldeko zortzi eta erdietan, sabaira tiro egin eta aulki baten gainera salto egin zuen "iraultza nazionala hasi da!" oihukatuz.

Berehala behin-behineko gobernu bat deklaratu zen bertan. Reichwehrraren eta poliziaren kuartelak eskuineko kideek okupatu zituzten. Hitler eta beste hainbat alderdikidek Gustav von Kahr Bavariako Komisarioa eta bere bi gizon garrantzitsuenak bahitu zituzten ere.

Odeonplatz azaroaren 9an.

Azaroaren 9ko egunsentian, Ernst Röhmen indar armatuek —horien artean Heinrich Himmler gazteak— Hitlerren aginduei jarraiki, Defentsa Ministerio bavariarra okupatu eta gobernuaren indarrei aurre egin zieten, bi hildako jasan zituztelarik. Bitartean, Erich Ludendorff inozoak Bürgerbräukellerren atxikitako hiru gizonak askatu zituen hauek 'iraultzarekin' bat egingo zutelako akordioa hitzeman ondoren. Askatuak izan eta berehala, hiru agintariek poliziari matxinada geldiarazteko agindua eman zioten eta irmo eutsi zieten euren karguei. Egoera hau ikusita, Hitlerrek Ludendorff mariskala buru harturik, Municheko kaleetan zehar martxa bat egitea erabaki zuen, dirudienez, eta kontserbatu diren testigantzen arabera, helburu argirik gabe. Hitlerrek uste zuen poliziek ez ziela Lehen Mundu Gerrako beteranoei tirorik egingo eta putschean lagun izango zituela. 2.500 gizon inguru Marienplatzera abiatu ziren, bertan dago Municheko udaletxea, eta bertan istiluaren berri izanik kalera irten zen jende-mordoarekin topatu ziren. Jendetza hark eragindako nahasmen hartan minutu batzuk igaro ondoren, Ludendorffek Defentsa Ministeriora jarraitzeko erabakia hartu zuen, Odeonplatza (Odeoiaren Plaza) zeharkatu ostean, Röhmen gizonekin topatzeko asmoz. Bidean zehar geroz eta jende gehiagok egin zuen bat, Hitler eta putscharekin. Hala eta guztiz ere, ibilaldia Odeonplatzeko sarrerara heltzean, aberriaren gerrateetako jeneral alemaniarren ohorez egindako monumentua den Feldherrnhallaren parean zeudela, igarobidea blokeatzen zieten polizia-indarrekin egin zuten topo. Gizon armatuen talde biak aurrez aurre gelditu ziren segundo batzuez, bat-batean tiro baten hotsa entzun eta tiroketa larri bat hasi zen arte. Hitler eta Göring zaurituak izan ziren, azkenengoak ihes egitea lortu zuen. Inoiz ez zen agitu nor izan zen su egiten aurrena.

Hitlerrek Putzi Hanfstaengl bere lagunaren etxera egin zuen ihes eta bertan bere buruaz beste egiteaz hitz egin zuen. Poliziak tiro egingo ziolako ustea zuen. Bi gau igaro zituen Hanfstaenglen teilatupean ezkutaturik eta hirugarren gauean polizia agertu zen eta bertan atxilotu zuten. Landsbergeko kartzelara bidali zuten eta bertan jakinarazi zitzaion goi-mailako traizioa leporatzen zitzaiola eta honen arabera epaituko zutela.

Feldherrnhalleko martiriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Feldherrnhallen poliziak hil zituen 14 militante naziak eta Defentsa Ministerio Bavariarraren aurrean hilik gertatu ziren Reichskriegerflagge liga paramilitar nazionalistako bi kideak martiritzat eta Mugimendu Nazionalsozialistako heroitzat hartu zituzten. 1933. urtearen ondoren, beraien gorpuzkiak Odeonplatzeko Heroien Panteoira bertara eraman zituzten eta bertan errespetua adieraziz, urtero, azaroaren 9an gurtu egiten zituzten. Und Ihr habt doch gesiegt! esaldia (Eta hala ere, arrakasta izan zenuten!) heroitasunaren mitologia nazian derrigorrezko ikurritza bihurtu zen.

Martirien izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Allfarth, Félix, merkataria
  • Bauriedl, Andreas, kapelugina
  • Casella, Theodor, banku-langilea
  • Ehrlich, Wilhelm, banku-langilea
  • Faust, Martin, banku-langilea
  • Hechenberger, Anton, sarrailagilea
  • Körner, Oskar, merkataria (NSDAPeko presidenteordea)
  • Kuhn, Karl, hoteleko langilea
  • Laforce, Karl, Ingeniaritzako ikaslea
  • Neubauer, Kurt, mirabea
  • von Pape, Klaus, merkataria
  • von Der Pforten, Theodor, Eskualdeko Auzitegi Nagusiko idazkaria
  • Dr. von Scheubner-Richter, Max Erwin, Ingeniaritzan doktorea
  • Rickmers, Johann, Zalditeriako kapitain ohia
  • von Stransky, Lorenz Ritter, ingeniaria
  • Wolf, Wilhelm, merkataria

Tiroketan lau polizia ere hil ziren:

  • Friedrich Fink
  • Nikolaus Hollweg
  • Max Schobert
  • Rudolf Schraut

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Putscha gertatu eta hiru egunera, Hitler eta beste zenbait konspiratzaile atxilotuak izan ziren traizioaren kargupean. Beste askok, ordea, Austriara ihes egin zuten. Alderdi naziaren bulego nagusiak itxi zituzten eta Völkischer Beobachter (Herriaren Begiralea) haien egunkaria debekatu zuten. Hala ere, ez zen Hitler legearekin arazoak zituen lehen aldia. 1921eko irailean istilu bat sortu zuen SAetako kide batekin batera Bavariako Parlamentuan ospatzen zen bilera bat moztuz. Ekintza honen ondorioz, saldukerian aritzeagatik Festungshaftean (literalki, 'gotorlekuko konfinamendua') bost urte igarotzera kondenatu zuten.

Hitler giltzapetu zuten kartzelak, presoak egunero eta ordu luzez bisitak hartzea baimendu zuen. Ez zen urtebeteko espetxeratzea betetzera heldu, eta denbora horretan Mein Kampf liburua idatzi zuen.

Ludendorf aske utzi zuten. Röhm eta Wilhelm Frick doktorea askatu egin zituzten erruduntzat jo bazituzten ere. Bala batek hankan zauritu eta hau sendatzeko jaso zuen tratamendu gogorraren ondorioz, iheslari zen Göring morfinazalea eta beste drogen menpekoa bihurtu zen.

Estatu-kolpearen porrotaren ondorio nagusia eragin zuen estrategia aldaketa izan zen, Hitlerrek une hartan ulertu baitzuen matxinada ez zela boterea konkistatzeko bidea. Une hartatik aurrera, konstituzioaren arabera funtzionatuko zuen masa-alderdi baten eraketan jarri zuen bere arreta guztia, hein batean, bere gain zuten 'alderdi-kontrako' irudiaz eta mugimendu naziak jatorritik islatu zuen politika liberal klasikoaren kontrako irudiaz libratzeko. Pragmatismo hau gerrartean nagusitu ziren mugimendu faxista ororen ezaugarri izan zen, Mussolinik berak ere, botereari heldu baina pixka bat lehentxeago, 1921ean hasierako fasci di combattimento-ak Alderdi Nazional Faxista bihurtzean.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]