Municheko sarraskia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Municheko sarraskia
MunichIsraeliOlympicFront.jpg
Apartamentu hauetan zegoen israeldar kirol ordezkaritza bahitu zutenean.
Lekua Munich
 Alemania
Data 1972ko irailaren 5-6
Eraso mota hilketa, sarraskia, bahiketa
Helburua Israeldar talde olinpikoa
Heriotzak 17
Egileak Irail Beltza

Municheko sarraskia Munich hirian gertatu zen, Bavaria estatuan (Alemania) 1972ko irailaren 5ean XX. Udako Olinpiar Jokoak jokatzen ari ziren bitartean. Egun hartan Irail Beltza izeneko terrorista palestinarren komando batek Israelgo talde olinpikoko 20 taldekideetatik 11 bahitu zituen[1]. Erasoaren ondorioz, 11 atleta israeldarrak, 8 terroristetatik 5 eta alemaniar polizia ofizial bat hil ziren. Zorigaitza mundu osoan ikusia izan zen telebista bitartez.

Terroristen erasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren 4an, Israelgo atletak hirian gaueko irteera batez gozatzen egon ziren egoitza olinpikora itzuli aurretik. Irailaren 5eko goizeko 04:40ak aldera, kirolariak lo zeuden bitartean, Irail Beltza terrorista palestinar taldeko 8 kideek, kirol jantziak soinean eta pistolak eta granadak kirol poltsetan ezkutatuta, 2 metro neurtzen zuten eta apartamentu gunea inguratzen zuten hesia eskalatu zuten. Terroristen benetako nortasuna ezagutu gabe, talde estatubatuarreko kirolarien laguntza izan zuten, haiek bezala, gau dibertigarriaren ondoren beraien apartamentuetara ezkutuan sartu nahi zuten kirolariak zirela uste baitzuten.

Borroka-libreko taldeko entrenatzaileak, 33 urteko Moshé Weinbergek, lehenengo apartamentuko atearen atzean zarata entzun zuen. Norbaitek atea zirrikatzen zuela ikusita, honen gainera salto egin zuen besteak ohartarazteko garrasi eginez, terroristen kontra indar eginez atea ixten saiatzen zen bitartean. Nahaspilan, 9 atletek ihes egitea lortu zuten eta beste 8 ezkutatu egin ziren. Une hartan zetorren Joseph Romano borrokalaria jatetxe batean afaltzetik eta terrorista baten arma hartzea lortu zuen, baina tiro baten ondorioz hil zen[2]. Era berean, Moshé Weinberg ere eraila izan zen frutarako labanarekin erasotzaile bati eraso egin nahi izan zionean. Honen heriotzaren ondoren, terroristek taldeko 9 kide bahitu zituzten: David Berger, Ze'ev Friedman, Joseph Gottfreund, Eliezer Halfin, Andre Spitzer, Amitzur Shapira, Kehat Shorr, Mark Slavin eta Yakov Springer.

Gerora jakingo zen bahitzaileak Libano, Siria eta Jordaniako errefuxiatuen esparruko fedajin palestinarrak zirela, Luttif Afif (taldeko burua; bere hiru anaia baita ere Irail Beltza taldeko kide ziren, horietako bi Israelgo espetxeetan), Yasuf Nasal, Afif Abmed Hamid, Khalid Jawad, Ahmed Chic Thaa, Mohammed Safady, Adnan Al-Gashey eta bere iloba Jamal Al-Gashey, hain zuzen ere.

Taldeak Israelgo espetxeetan zeuden 234 preso palestinar eta Alemanian preso zeuden beste bi askatzea eskatzen zuen, baita Egiptora segurtasunez garraiatzea ere[3]. Israelen erantzuna, ordea, berehalakoa eta sendoa izan zen: ez zen negoziaziorik egongo.

Alemaniako agintariek, Willy Brandt kantzelariaren eta Hans-Dietrich Genscher Barne ministroaren agindupean, Israelek bere herrialdeko indar berezien taldea bidaltzearen eskaintzari ezetz esan zioten.

Arrakastarik gabeko erreskatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Germaniar agintariek burutu zituzten hizketaldiei esker, kirolarien exekuziorako epea 3tik 5 ordura luzatu zen. Manfred Schreiber alemaniar polizia buruak eta Egiptoko olinpiar delegaritzako burua zen Ahmed Tounik zuzenean negoziatu zuten bahitzaileekin, mugarik gabeko diru kantitatea eskainiz[4]. Alemanian kokatutako Tunisia eta Libiako enbaxadoreak ere saiatu ziren bahitzaileen amore ematea lortzen, baina ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren.

Azkenean, terroristek Kairorako garraioa eskatu zuten. Agintariek akordio batera iristearen plantak egin zituzten eta 22:10ean bi helikopterok erasotzaileak eta bahituak Fürstenfeldbruck inguruan erdi ilunpean zegoen hegazkin-base batera garraiatu zituzten, terroristen aurkako erasoa antolatzeko. Bertan Lufthansako Boeing 727 hegazkina zain zuten. Bahitzaileek, ordea, Riemen zeudela uste zuten, Munichetik gertuko nazioarteko aireportuan hain zuzen.

Bost frankotiratzaile alemaniar aukeratu zituzten bahitzaileei tiro egiteko. Inork ez zuen prestakuntza berezirik mota honetako ekintzetarako eta asteburuetan era lehiakorrean tiro saioak egiten zituztelako izan ziren aukeratuak[5]. Zoritxarreko amaiera baino lehen igaro ziren 75 minutuetan, alemaniar poliziak tanketak eskatu zituen, zirkulazio astuna zela medio, iristerako 30 minutu luze behar izango zituztena.

Helikopteroek 22:30an hartu zuten lur aireportuan. 23:03an, bi terrorista helikopteroetatik jaitsi, hegazkinerantz ibili eta buelta hartu zuten. Jarraian, beste bi jaitsi ziren eskuak bizkarrean lotuta zituzten bi bahitu bultzatuz. Hegazkina hutsik zegoela ikusiz eta iruzur egin zitzaiela jakinik, terroristak helikopteroetara itzuli ziren presaka batean. Une hartan, aireportua supituki bengalaz eta fokuz argiztatua izan zen eta agintari alemaniarrek tiro egiteko agindua eman zuten.

Zelatan ipinitako bost tiratzaileek ez zuten irratirik tiroak koordinatzeko, ezta doitasun-errifle eta teleobjektibo edo gaueko ikusmeneko gailurik ere[6]. Berehalakoan gertatu zen kaosean, pilotuetako baten inguruan zeuden bi bahitzaile deuseztatuak izan ziren. Beste hiru terrorista helikopteroen atzean babestu ziren, argien helmenetik kanpo, eta tiro egiten hasi ziren. Kontrol-dorrean zeuden polizietatik bat hil zen bala batek jo zuenean. Helikopteroko pilotuek ihes egitea lortu zuten, ez horrela bahituek, helikoptero barruan besoak sabaiari lotuta jarraitzen baitzuten.

Gauerdian, bahitzaileei amore eman zezaten exijitu zitzaien. Lau minutu geroago, terroristetako batek lehenengo helikopterotik salto egin zuen granada bat barrura botaz; 4 atleta israeldar eta pilotu bat zeuden barruan, lehertu zenean. Lehenengo leherketaren sua bigarren helikopteroaren gasolina-tangara heldu baino lehen, Luttif Afif eta beste bahitzaile bat aparatutik irten eta poliziari tirokatzeari ekin zioten. Hauek tiroei erantzun zieten eta biak hil zituzten tiroz. Bigarren helikopteroko bahituak tiroketan hil ziren (geroago aditzera eman zen hirugarren erasotzaile batek metrailatu zituela). Gainontzeko 3 terroristak harrapatuak izan ziren.

Eragina jokoetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Memoriala Tel Aviven

Harrigarria bada ere, txapelketa olinpikoa egun batez bakarrik eten zen, irailaren 5ean, nahiz eta pertsona ospetsu askok jokoak bertan behera uztea eskatu zuten[7]. Nazioarteko Olinpiar Batzordeko lehendakariak, Avery Brundagek, eta NOBeko beste kide batzuk terroristek ezin zutela jokoen ospakizuna baldintzatu erabaki zuten. Hurrengo egunean, estadio olinpikoan hildakoen oroimenezko ekintza bat ospatu zen eta 80.000 ikusle eta 3.000 atleta bertaratu ziren. Avery Brundagek olinpiar mugimenduaren indarra goraipatu zuen hitzaldian eta ez zituen aipatu eraildako kirolariak. Israeldarrak eta bertan bildu zen jende asko haserrarazi zuen honek[8].

Ekitaldian zehar, bandera olinpikoa haga erdian jarri zuten doluz, jokoetan egon ziren herrialde gehienetako nazio-banderen moduan. Salbuespena arabiar herrialdeak izan ziren, hauek beraien banderak mastaren gorenean mugitzea nahi baitzuten. Terroristen herrialdeetako arabiar nazioek Israelen aurrean amore ematea bezala ikusten zuten.

Irailaren 5ean, talde olinpiko israeldarrak Munich utziko zuela eman zuen aditzera, segurtasun-indarrek bereziki babesten zituzten bitartean. Egiptoko taldeak, berriz, irailaren 7an utzi zituen jokoak, errepresalien beldur baitziren.

Biktimen ahaideek hildako atleten oroimenez monumentu iraunkor bat egitea eskatu zioten NOBari, baina hauek ezetza eman zioten eskaerari, biktimen erreferentzia esplizitua egiteak gainerako olinpiar komunitatea haserrarazi zezakeela argudiatuz[9].

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israeldar atletei dedikaturiko plaka. Alemanieraz eta hebreoz idatzita dago: Israelgo ekipoa eraikuntza honetan izan zen 1972ko Udako Olinpiar Jokoetan 1972ko irailaren 5ean. Irailaren 5ean, (hildakoen zerrenda) erail zituzten

Irailaren 5ean, orduan Israelgo lehen ministroa zen Golda Meirrek gainerako nazioak estutu zituen ekintza kriminal basatia gaitzesteko. Erasoa mundu guztiak gaitzetsi zuen, Hussein I.a Jordaniakoa erregea bezalako pertsonaia arabiar esanguratsuak barne[10].

Alemaniako autoritateek bizirik geratu ziren hiru terroristak atxilotu zituzten eta GSG9 unitate antiterrorista sortu zuten erantzun sendoa emateko etorkizuneko bahituen erreskateetan.

Irailaren 9an, erantzun moduan, Israelgo aireko indarrek Siria eta Libanoko Palestinaren Askapenerako Erakundearen (PAE) baseak bonbardatu zituzten. Erasoa NBEko Segurtasun Kontseiluak gaitzetsi zuen. Halaber, Municheko gertakariak gaitzesten zituen NBEren ebazpen bat, Ameriketako Estatu Batuek babestutakoa, errefusatua izan zen.

Urriaren 29an, Lufthansako hegazkin bat bahitua izan zen, terroristek Alemaniako kartzeletan zeuden Irail Beltzako hiru kideak askatzeko exijitzen zutelarik. Terroristen eskakizunei kasu egin zieten autoritate germaniarrek.

Munichen jazotako gertaerek biolentzia katea ekarri zuten Israelen aldetik, ekintza terroristaren ustezko arduradunak harrapatzeko helburuarekin. Egoitza olinpikoaren erasoa eta geroko 3 terrorista hauen askatzearen ondoren, Golda Meirrek eta Israelgo defentsako batzordeak Mossadi atleta israeldarren sarraskia planifikatu eta organizatu zuten Irail Beltzeko eta Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko (PAHF) 11 gizonak, zeuden tokian zeudela, hiltzeko isilpeko aginduak eman zizkioten. Horretarako, Israelgo zerbitzu sekretuak ezkutuko unitate bat sortu zuen eta Europan kokatutako informazio zelula israeldarrek unitate honi lagunduko zioten. Geroago, misio hau Jainkoaren Sumindura Operazioa bezala ezagutu zen (edo Mivtzah Za'am Hael hebreeraz)[11].

PAEtik harrapatutako eta herrialde europar aliatuek emandako informazioari esker, Mossadek Wael 'Aadel Zwaitertik hasten zen helburu zerrenda bat osatu zuen. Gizon hau Irail Beltzaren kide izatearen susmagarri zen eta PAE ofizialki ordezkatzen zuen Italian. Urriaren 16an eraila izan zen. Zwaiterren heriotzaren ondoren, hildakorik sortu ez zituzten atentatuak hasi ziren. Atentatu hauek bonba-gutunen bitartez egin ziren eta Aljeria eta Libiako PAEaren ordezkarien, Bonnen (Alemania) eta Kopenhagenen (Danimarka) zeuden palestinarren eta Stockholmeko (Suedia) Gurutze Gorriko ordezkari baten aurkakoak izan ziren.

Abenduaren 8an, Parisko PAEko ordezkaria, Mohammad Hamshiri, bere idazmahaiaren azpian instalatuta zegoen lehergailu bat urrutiko kontrolaz aktibatzean hil zuten. Hurrengo 3 hilabeteetan, PAEko eta PAHFko 4 kide era berdinean erailak izan ziren Zipren, Grezian eta Parisen[12].

1973ko apirilaren 9an, Israelek Gaztetasun Udaberria Operazioa martxan jarri zuen Beiruten, Libanon. Helburuak Mohammad Yusuf al-Najjar (Abu Yusuf), Kamal Adwan eta Kamal Nasser ziren, guztiak PAEko buruzagi garrantzitsuak. Israelgo komando talde bat Libanoko hondartza bakarti batean lehorreratu zen, gero Beirutera abiatzeko. Bertan hiru palestinarrak, Libanoko lau zibil, Siriako hiru turista eta italiar bat hil eta beste 29 pertsona zauritu zituzten. Jarraian, hiriko PAHFko kuartel nagusia eta Fatahko lehergai-fabrika bat lehertu zituzten.

1973ko ekainaren 28an, Mohammad Boudia aljeriarra, Irail Beltzaren operazioen burua Europan, eraila izan zen Parisen bonba-auto baten ondorioz.

1973ko uztailaren 21ean, Lillehammer afera deitua gertatu zen. Mossadeko agente talde batek Ahmed Bouchiki hil zuen Lillehammerren, Norvegian. Marokoar honek ez zuen zerikusirik Municheko gertaerekin, baina Mossadeko berriemaile batek Irail Beltzeko kide zen Ali Hasan Salamehrekin nahastu zuen[13]. Israelgo zerbitzu sekretuko bost agente, horietako bi emakumeak, norvegiar autoritateek harrapatu zituzten epaituak eta espetxeratuak izateko. Geroago, askatuak eta Israelera egotziak izango ziren.

1979ko urtarrilaren 22an, Israelgo zerbitzu sekretuak azkenean aurkitu zuen Salameh eta bonba-auto baten bidez hil zuen[14].

Mohammed Daoud Oudeh, Abu Daoud ezizenez (diotenez ekintza asmatu zuena), Damaskoko Al-Andalus ospitalean hil zen (Siria) 2010eko uztailaren 3an giltzurrunetako gutxiegitasunaren ondorioz.

Municheko sarraskiko hildakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Municheko Parke Olinpikoan atentatuan hil zirenei dedikaturiko memoriala
  • Moshe Weinberg (borroka-libreko entrenatzailea)
  • Yossef Romano (halterofilia)
  • Ze'ev Friedman (halterofilia)
  • David Berger (halterofilia)
  • Yakov Springer (pisu epailea)
  • Eliezer Halfin (borrokalaria)
  • Yossef Gutfreund (borroka-libreko epailea)
  • Kehat Shorr (tiro entrenatzailea)
  • Mark Slavin (borrokalaria)
  • Andre Spitzer (eskrima entrenatzailea)
  • Amitzur Shapira (atletismo entrenatzailea)
  • Anton Fliegerbauer (terrorismoaren aurkako borrokaren poliziako ofizial alemana)

Municheko sarraskia zinematografian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 21 ordu Munichen William Holden, Franco Nero eta Shirley Knightekin.
  • 2005eko abenduaren 23an Munich filma estreinatu zen, judu jatorriko Steven Spielbergek zuzendutako filma. Produkzioan gobernu israeldarrak hiribildu olinpikoa erasotu zuten terroristak hiltzeko helburuz, Europara bidali zuen Mossadeko espioi taldeak egiten dituen ekintzak azaltzen dira. Eric Bana eta Daniel Craig dira protagonistak.
  • 1999an, Egun bat irailean dokumentala aurkeztu zen, Kevin Macdonaldek zuzendua. Bertan, elkarrizketak eta kazetaritza-materiala direla medio, gertakizunak iraun zituen 21 orduak berritzen dira. Produkzioan lehen aldiz bizirik irten zen fedai bakarraren ahotsa entzuten da, Jamal Al-Gasheyrena. Dokumentalak 2000. urteko edizioko metraje luzeko dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   The terrorist trap: America's ... – Google Books, Books.google.com, 1976-07-18, http://books.google.com/books?id=AWzieu562dQC&pg=PA107&dq=%22munich+massacre%22+terrorists&hl=en&ei=uVIgTNfOOsL6lwf264mOAQ&sa=X&oi=book_result&ct=result&resnum=8&ved=0CEgQ6AEwBw#v=onepage&q=%22munich%20massacre%22%20terrorists&f=false .
  2.   Archives.cbc.ca, Article on CBC Archives, http://archives.cbc.ca/IDC-1-41-1289-7332/sports/olympics_cbc/clip5 .
  3. Olympics Massacre: Munich - The real story. THE INDEPENDENT
  4.   «"Uns ging es darum, das Leben der Geiseln zu retten», Süddeutsche Zeitung, 2006-1-1, http://www.sueddeutsche.de/,tt5m3/muenchen/artikel/567/68499/ .
  5. TIME, 2002-8-5
  6. Groussard, Serge (New York, 1975), The Blood of Israel: the massacre of the Israeli athletes, the Olympics, 1972 ISBN 0-688-02910-8
  7. Calahan, A. B. (1995) "The Israeli Response to the 1972 Munich Olympic Massacre and the Development of Independent Covert Action Teams"
  8. TIME, 2002-8-5
  9.   Upi.com (2007-1-12), Munich Crisis, http://www.upi.com/Audio/Year_in_Review/Events-of-1972/1972-Election/12305688736666-2/#title .
  10. Dahlke, Matthias (Munich 2006), Der Anschlag auf Olympia '72. Die politischen Reaktionen auf den internationalen in Deutschland Martin Meidenbauer ISBN 3-89975-583-9
  11. “Munich: Mossad breaks cover” Ewen MacAskill eta Ian Black, The Guardian, 2006-1-26
  12. Klein, A. J. (New York, 2005), Striking Back: The 1972 Munich Olympics Massacre and Israel's Deadly Response, Random House ISBN 1-920769-80-3
  13. Shalev, Noam 'The hunt for Black September'. BBC
  14.   Posner, Gerald (2004), Why America slept: the failure to prevent 9/11, Random House Inc., 13. orrialdea, ISBN 0812966237 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Municheko sarraskia Aldatu lotura Wikidatan