Munotxabal baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Munotxabal / Muñozabal
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Donostia
Munotxabal baserria is located in Gipuzkoa
Munotxabal baserria
Munotxabal baserria
Munotxabal baserria (Gipuzkoa)
Ezaugarriak
Garaia XVIII. mende amaieraren eta XIX. mende hasiera
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2010eko abenduaren 16a

Munotxabal edo Muñozabal Donostian (Gipuzkoan) dagoen baserria da[1], XVIII. mendean eraikia.

2010eko abenduaren 16an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia bakarreko baserria da, oinplano angeluzuzen txikia duena. Hiru solairu ditu: behekoa, lehendabizikoa eta ganbara labur bat. Bi isuriko estalkia dauka, eta gailurra, fatxada nagusiarekiko (hego-ekialdera begira) perpendikularra. Teilatu-hegalaren irteera oso txikia da. Hormak landu gabeko hareharrizkoak dira, eta bistan daude. Alde askotan, harri bitarteetan mortero karga handia ikusten da. Hareharrizko harlandu nabarmenak ditu ertzetan eta baorik gehienetan.

Fatxada nagusiak, hego-ekialdera begira, egitura simetrikoa dauka, eta erdian sarrera nagusia dauka, ateburu eta guzti. Sarrera horrek egurrezko ate lodi bat dauka, burdineria eta burdinazko iltzeak dituena, bai eta behatxulo bat ere erdian. Sarrera horretako baoa harlanduz inguratuta dago, eta behealdean ere harlandu bat dauka, karel gisa jarrita. Ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko fatxadetan harlanduz inguratutako leiho-zuloak daude, eta fatxada bietan dago egurrezko atez itxitako sarrera bana. Ipar-mendebaldeko fatxada itsua da ia, leiho-zulo bakarra baitago.

Baserriaren barruko armadura eta dolarea zeharkako hiru habe luzetan bermatzen dira. Aurreko habea dolarearen ardatz-zutabe nagusi bitan dago zurkaiztua. Hirugarrena atzeko horman bermatuta dago eta dolare barrokoaren bigarren ardatz-zutabe nagusiarekin mihiztatuta dago. Bien artean dolare horren azpilari eusten diote. Ardatz-zutabe horietan, alboetan erantsitako eskuairak ikusten dira, aipatutako azpilari eusten dion aldea sendotzeko. Zutabe horietan bermatzen da estalkiaren egitura eta armadura, petral eta gapirioz osatua. Bai gailurra bai alboetako petralak tirante kurbatuen gainean jarrita daude.

Beheko solairuan sukaldea eta biltegi bat daude, baita eskailera eta upategia eta ukuilua ere, irekita, eraikinaren barrenean. Azken horma-artearen forjatuaren altuera aurreko biena baino txikiagoa da. Lehenengo solairuan, aurreko horma-artean, logelak, ganbarara igotzeko eskailera eta goian aipatutako azpil zabala daude.

Munotxabal baserria XVIII. mende amaieraren eta XIX. mende hasieraren artean eraiki zuten, eta ez da aldatu eraiki zuten aldiko jatorrizko egitura.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]