Gihar-uzkurdura

Wikipedia(e)tik
Muskulu-uzkurdura» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Eskeleto-giharren eskema.

Gihar-uzkurdura gihar-zuntzak laburtzearen ondorioa da, estimulu egoki batek, nerbio-bulkadak normalean, sortua[1]. Bi eratakoa izan daiteke uzkurdura: isotonikoa, gihar-zuntzek, uzkurtzeaz gain, beren luzera aldatzen dutenean, eta isometrikoa, gihar-zuntzen luzera aldatzen ez denean (ez dira luzatzen edo laburtzen). Bigarren kasuan estatikoa izan arren, giharra tentsioan dago (esaterako, pisu bat hartzen dugunean eta mugitu gabe mantentzen dugunean).

Gihar-ehunen zelulak luzeak dira, eta zuntz muskularrak edo gihar-zuntzak deritze. Barnean miofibrila izeneko egitura luzeak dituzte, aktina eta miosina proteinez osatuak; miofibrila horiek uzkurkorrak dira.

Hiru gihar-ehun mota bereizten dira ornodunengan:

  • leuna: hesteetan, arteria eta zainetan, umetokian eta errai gehienetan dagoen gihar-ehuna da. Bere mugimendua oharkabekoa da, eta nerbio-sistema autonomoaren kontrolpean dago.
  • kardiakoa: bihotzean dagoena. Bere mugimendua ere ez-borondatezkoa da.
  • eskeletikoa: eskeletoen giharrek osatzen dutena (besoak, hankak, eskuak, aurpegia...), hezur-ehunaren gainean dagoena. Borondatezkoa da eta garunak kontrolatzen du haren mugimendua.

Azken bi gihar-ehunei (kardiakoa eta eskeletikoa) gihar ildaskatua deritze, zeharkako ildaskak dituztelako.

Gihar ildaskatuen uzkurdura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

S = sarkomero, A = A marra, I = I marra, H = H eremua, Z = Z eremua

Giharraren ezaugarri nagusia energia kimikoa (ATP) energia mekaniko bihurtzeko gaitasuna izaten da.

Gihar-ehunak uzkurtzeko gaitasuna du nerbio estimulu bat jasotzen duenean. Uzkurtzerakoan, giharrak bere luzera aldatzen du, eta indar mekaniko bat burutu dezake.

Mikroskopio elektronikoan ikusita, gihar-zuntzen miofibriletan marra argiak eta marra ilunak agertzen dira. Marra ilunak A izenekoak dira, eta argiak I-koak. I marraren erdian eremu ilun bat dago (Z). Bi Z-en arteko aldeari sarkomero deitzen zaio. Era berean, A marraren erdian eremu bat argiagoa agertzen da (H) (ikus irudia).

A marran -marra ilunean- miosina proteina ugari da, eta I marran aktina ugari dago.

Giharra uzkurtzerakoan haren luzera laburtzen da. Hori gertatzen da aktinaren filamentuak miosinaren filamentuen artean sartzen direlako; ondorioz A marraren luzera ez du aldatzen, baina I marra laburtu egiten da (eta baita sarkomeroen luzera ere).

Esan daiteke giharra uzkurtzen denean aktinaren filamentuek -miosinaren filamentuei lotuta daudenak gurpilen moduan jarduten duten zubien bidez- irristatu egiten dutela miosinaren filamentuen artean. Filamentuen mugimendu horrek energia asko behar du, ondoan dauden mitokondrio ugariek sortzen dutena (ATP eran).

Uzkurduraren ostean giharra erlaxatu egiten da; aktinaren filamentuak miosinakoarenak banantzen dira, I marra luzatzen da eta baita sarkomeroak ere.

Uzkurdurak energia behar du (ATP) eta baita kaltzio ioia ere (Ca+2). Ioi honek funtsezko zeregina burutzen du aktina eta miosina lotzeko.

Biokimika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahalegina handia eta luzea denean giharrek oxigeno eta glukosa asko behar dute energia eskuratu ahal izateko.

Giharraren energia-iturri ohikoena glukogenoa da. Glukogenoaren hidrolisia glukosa sortzen du.

Uzkurdurak energia (ATP) behar du. ATP horren sorrera bide metaboliko desberdinetatik etor daiteke:

  • oxigenorik ezean, glukolisiaren ondorioz sortutako azido pirubikoak azido laktiko sortzen du hartzidura berezi batean. Azido laktiko hori giharrean pilatzen da, eta ariketa trinko baten osteko ohiko gihar-mina eragiten du.
  •  :fosfocreatinina + ADP → creatina + ATP.

Fosfocreatina gihar-zeluletan ugaria den molekula da, energia asko duena. Atseden egoeran goiko erreakzioa alderantzizko norabidean doa (ezkerretara), baina gihar-uzkurdura dagoenean eskubira jotzen du

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Muskulu-uzkurdura Euskalterm. Euskara.euskadi.net