Balea

Wikipedia(e)tik
Mysticeti» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Baleak
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Cetacea
Azpiordena: Mysticeti

Baleak edo mistizetoak (lat. mysticeti) itsas ugaztunak dira, zetazeoen taldekoak. Sei generotan banaturiko hamahiru espezie daude, lau familiatan banaturik.

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo animaliarik handiena da; 30 m inguru izaten da luze, eta 150 tonako pisua har dezake. Larrua leuna, ilerik gabea du, eta haren azpian 50 zentimetroko gantz-geruza du. Hori dela eta, animalia hauek -1 Â°C eta 30 Â°C arteko tenperaturak jasan ditzakete. Baleak, beste zetazeoek bezala, uraren azalera igo behar izaten du arnasa hartzera, ugaztuna izaki, oxigenoa airetik hartzen du eta. Aurreko gorputz-adarrak hegats bihurtuak ditu igeri egiteko, gorputzaren alde banatara. Isatsa etzana du eta ez zutik, arrainek bezala. Ahoan ez du hortzik; haien ordez, adarkizko xaflak eta bizarrak ditu, eta mihi luzea ere bai.

Oskoldun txikiak, algak eta planktona janez elikatzen da; horretarako, bizarretatik barrena ura xurgatu eta kanporatu egiten du atzera; hala, urarekin batera sartzen zaion janaria bereganatzen du. Bizarren eginkizuna janariari eustea da; horregatik dute sarearen tankera. Arnasa hartzeko, bi zulo ditu buru gainean eta ur azpitik azalera igotzen denean, indar handiz jaurtitzen du kanpora biriketako airea bi zulo horietatik. Jaurtitzen duen ur-zorrotadari esker jakiten zuten arrantzaleek balea non zegoen. Balea luzaro egon daiteke ur azpian, bihotza poliki mugitu eta giharretan mioglobina ugari duelako. Baleak ume bakarra izaten du aldiko.

Animalia hauek entzumen fina dute eta soinuak igortzeko ere gai dira, batzuetan ultrasoinuak gainera, elkarren artean komunikatu eta talde osoa biltzeko.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emeak ume bakarra izaten du, balekumea, alegia, eta amak duen muskulu-mekanismo berezi batek bere ahora proiektatutako esneaz elikatzen da. Umeak bi urtean behin dituzte umeak, eta haien prestakuntza sei hilabetekoa da. Normalki, ume bat edukitzen dute, baina kasu espezial batzuetan bi eduki ditzakete. Jaiotzen denean, zenbait metro luze izaten da. Heldutzat hartzen da 4 edo 5 urte dituenean.

Balearen ekonomia eta ehiza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balearen parte guztiak aprobetxatzen dira. Hala, lumera, gihar eta hesteetatik xaboiak egiten dira; gibeletik olioa; guruinetatik intsulina, kortisona eta beste hormonak lortzen dira, eta haragia oso estimatua da jateko. Gaur egun, garai bateko eskuzko arpoiaren ordez, arpoi leherkaria jaurtitzen zaio baleari kanoi berezi batez. Kanoi hori 1860an asmatu zen; ordurako, ordea, hainbat bale mota desagertzen hasiak ziren.

Hainbat hitzarmen izenpetu dira nazioen artean bale-arrantza debekatzeko. Gaur egun, ia munduko herrialde guztiek dituzte akordio horiek sinatuta; hala ere, balea harrapatzen segitzen da eta desagertzeko arriskuan dago. Norvegia, Japonia eta Groenlandia dira herrialde ehiztari nagusiak.

Literaturan eta zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herman Melville idazle estatubatuarrak "Moby Dick" eleberri famatua idatzi zuen 1851n, balearen harrapaketaren inguruan. Urteekin, behin baino gehiagotan zinemaratu dute lan hori, eta mundu osoan famatua da istorioa.

Bestela, 2002an "The Whale Rider" pelikula zeelandaberritarra pantailaratu zuten, maorien kulturan baleak daukan garrantzi kulturala ondo islatzen duena.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko baleazale»

Bizkaiko Golkoan, gaur egun ere zetazeo mota batzuk bizi dira, Euskal Herriko kostatik ez oso urrun.

Beste garai batzuetan, balea-espezie handiak arruntak ziren Euskal Herriko uretan. Lotura estua zegoen, beraz, herri arrantzaleetan animalia hauekin. Horren erakusgarri dira kostaldeko hainbat herritako armarriak, non balea agertzen baita. Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Getaria (Gipuzkoa), Zarautz, Hondarribia, Hendaia, Getaria (Lapurdi) eta Biarritz herrietako kasuak dira.

Balea Kantauri itsasoetatik urrundu zenean, euskal arrantzaleak atzetik joan ziren; halaxe iritsi ziren Ternua eta Kanadaraino.

Espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Balea espezieen zerrenda»


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Bale

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]