Nabarreriako Gerra
Nabarreriako Gerra Nafarroako erresumako alderdi ezberdinen arteko tirabirak zirela-eta gertatutako gatazka izan zen. Henrike I.a hiltzean oinordeko alaba txiki bat baino utzi ez zuela hasi ziren liskarrak azaleratzen. Aldameneko erresumek eskua sartu nahi izan zuten, Nafarroan norberaren aldeko eta kontrakoen arteko desadostasunak zabalduz. Azkenean, Iruñeko burguen arteko liskar zaharrek piztuta, matxinada eta Frantziako armadaren interbentzioa gertatu ziren. Ondorioz, Nabarreria guztiz suntsiturik gelditu zen.
Eduki-taula |
Oinordekoaren bila [aldatu]
Henrike I.aren heriotzak (1274) ondorengotzan krisia eragin zuen: urte eta erdiko alaba, Joana, utzi zuen, Blanche de Artois amaren zaintza eta agindupean harik eta Joanak 12 urte bete eta ezkondu arte. Gobernatzaile Pero Sanchiz de Montacut, Cascanteko jauna, izendatu zuten.
Nolanahi ere, aldameneko erresumen (Aragoi, Gaztela eta Frantziaren) nahiei aurre egin behar izan zuen Nafarroak. Aragoiko Jaume I.ak berehala ekin zion. Uztailaren 29an, Nafarroako baroiei, zaldunei eta hiriei, koroaren gaineko eskubideak aldarrikatzeko gutun bat helarazi zien. Gainera, eskubideak eskubide, bere subirontasuna ez zuen Nafarroan derrigorrez ezarri nahi, baizik eta nafarrek beraiek aukera zezaten. Pere bere semea Sosen Pero Sanchiz de Montacut, Iruñeko apezpikuekin eta nafarroako beste ordezkari batzuekin elkartu zen.
Blanche de Artois Frantziara joanda, Garesen nafarren Gorte Orokorra bildu zen, eta Aragoiko ordezkariek erregearen proposamena aurkeztu zuten. Urriaren 16an nafar ordezkariek Tarazonara bidaiatu zuten Pere printzearekin mintzatzera. Gorteak Erriberrin bildu ziren geroago, erabakia hartzeko. Aragoiko baldintzak onartuta, azaroaren 1ean, Pere infanteari homenajea eta zina egin zioten.
Erriberrin bildutakoen kopurua altua bazen ere, ausentzia nabarmenak ere bazeuden: Iruñeko apezpikua, Gartzia Almoravit baroia edo Lizarrako ordezkaririk ez ziren bertaratu. Hautagaitza aragoiarra ez zen aho batez onartua Nafarroan. Batzuek Gaztelako erregea nahiago zuten. Izan ere, Gaztelako Alfontso X.ak tronurako horrenbeste eskubide erakutsi ezin arren, indarra erabiltzeko prest agertu zen. Abuzturako Errioxako mugan zegoen. Irailaren 8an Viana hartzen saiatu zen alferrik, baina Mendabia hartu egin zuen.
Beste nafar batzuek, azkenik, Aragoiko zein Gaztelako esku-sartzea arbuiatzen zuten. Gainera, Gaztelako erasoaren aurrean, gero eta nafar gehiago bildu ziren Joana txikiaren aldean. Bitartean, Blanche de Artoisek Frantziako Filipe III.a erregearen babesa bilatu zuen. Joana Filiperen bigarren semearekin ezkonduko zela adostuta, Frantziak Nafarroa defendatuko zuen Aragoi eta Gaztelaren aurrean (1275eko maiatzean). Nafarrek, azkenean, 1275eko ekainaren 8an, onartu zituzten Frantziako hautagaitza eta babesa.
Ika-mikak [aldatu]
Oinordekoa nor izango zen hitzartuta, Pero Sanchiz de Montacutek zeukan, beraz, erresuma gobernatzeko ardura. Aurre egin behar izan zion arazo nagusienetakoa Iruñeko 3 burgoen arteko liskarrena izan zen. Nabarreriakoek gotorlekuak eraikitzeari ekin zioten, 1266an Henrike I.aren baimena edukita. Arazoa korapilatu zen San Zerninekoek Nabarreriakoek okupaturiko hainbat soro eta solar aldarrikatzen baitzituzten.
Gobernadoreak San Zerninen alde erabaki arren, Nabarreriak ez zuen men egin nobleziaren zati handi baten babesa, batik bat Gartzia Almoravit Gaztelaren aldeko eta gobernadorearen etsai amorratuarena, zeukalako. Pero Sanchiz de Montacutek, egoera konpontzeko gai ez zelakoan, dimisioa aurkeztu zuen. Hori zela eta, Parisen, Frantziako erregeak Eustace de Beaumarchais izendatu zuen gobernadore.
Beaumarchais Tolosan zebilen seneskal. Urtearen amaieran Iruñera iritsi zen. Nobleziari zor zitzaiona kitatuta, nobleek eta hiri onek onartu zuten. Gobernadore berriak Gaztelako muga zaindu zuen, Alfontso X.aren aurka matxinatuta zeuden nobleekin (tartean Lope Diaz, Bizkaiko Jaunarekin) elkarrizketatuta. Iruñeko burgen arteko liskarra ere konpondu nahian, biltzar batean erabaki zen auzo guztietako gotorlekuak eraistekoak zirela.
Altxamendua eta borroka [aldatu]
Ebazpen horren aurrean, Nabarreriakoek aldarrikatu zuten apezpikua eta ez gobernatzailea zela horrelako erabakia hartu behar zuena. Apezpikuak, orduan, kabildoarekin batera, Nabarreriaren alde egin zuen modu nabarmenean.
Aldez aurretik bitan banaturik zeuden nobleak bat egiten joan ziren. Gontzalbo Ibaines de Baztanek Pero Sanchiz de Montacut eta Gartzia Almoravit bat etorrarazi omen zituen. Honela, Nabarreriaren alde eta gobernatzaile atzerritarraren kontra egin zuten, Gaztelako babesa zeukatelakoan.
Gobernatzaileak San Zernin zein San Nikolas burgoen babesa bakarra zeukan. Maiatzean eta ekainean borroka latza izan zuten Iruñean, Gaston de Bearne, besteak beste, menia adosten ahalegintzen zen bitartean. Gaston de Bearnek Pero Sanchiz de Montacut konbentzitu zuen gobernadorearen alde igarotzeko. Baina horrelakorik saiatu aurretik, hil zuten Nabarrerian Gartzia Almoravitek aginduta.
Estu eta larri ibili zen gobernadorea armada frantziarra iritsi ez zen arte. Nafarroan gutxitan ikusitako oste itzela heldu zen irailean, Imbert de Beaujeu eta Robert de Artois, Blancheren anaia, buru zituela. Aldi berean, Gaztelari eskatutako laguntza etorri zen, baina Erreniegan kanpaturik ez zuten aurrera egin.
Amaiera azkarra eta ankerra izan zen. Erresistentziaren buru zen Gartzia Almoravitek matxinatutako nobleekin batera alde egin zuen, setiatzaileren batek ohartarazita. Hurrengo egunean tropa frantziarrak Nabarrerian sartu ziren oposiziorik topatu gabe. Etxebizitzak erre, katedraleko altxorrak, liburutegia nahiz erregeen hilobiak arpilatu eta gizaki oro hil zituzten. Anelier de Toulouse kronistaren hitzetan, “hain ongi mendekua hartu zuen gizonik ez zen sekula ikusi”. Nabarreria suntsiturik, Nafarroako matxinoen beste gune batzuk ere menderatu zituzten.
Ondorioak [aldatu]
Nabarrerian egindako txikizioak nabarmenak izan ziren. Burgu hori populaziorik gabe geratu zen, harik eta 1324an erregeak berriro etxebizitzen eraikuntza baimendu zuen arte. Esan bezala, erasotzaileek ez zuten katedrala ere errespetatu. Hango klaustroa oso kalteturik suertatu zen, eta erabaki zen beste bat eraikitzea, horko horretan estilo gotikoan.
Nobleziari dagokionez, Gaztelan adostutako hitzarmenetan idatzi zen bezala, Frantziako erregeak matxinoei eta haien familiei amnistia eman zien eta euren ohore zein ondasunak bueltatzekoak zitzaizkien. Baina barkamena paperetatik errealitatera ez zen gauzatu. Imbert de Beaulieu jeneralak Nafarroako gazteluetan konfidantzazko pertsonak kokatu zituen, Joana erregina txikiari fideltasuna agindu ziotenank. Eustace de Beaumarchais gobernariak politika bera segi zuen. Honela, Gontzalbo Ibaines de Baztan, Gartzia Almoravit edo Johan de Vidaurre baroiak erbesteratu ziren, eta haien ondasunak korora pasa ziren.
Barneko erresistentzia garaituta edo kanporatuta, Nafarroako gobernua frantziarrek izan zuten eragozpen handirik gabe. Joana Frantziako erregearen bigarren semearekin ezkondu zen 1284ko abuztuaren 16an. Baina orduko Frantziako printzerik zaharrena hilda zegoenez (1276), eta 1285ean Frantziako errege bera zendu zenez, Frantziako eta Nafarroako koroak Filipe Ederrarengana igaro ziren. Honek Paristik gobernatu zuen, frantziar gobernadoreen bidez Nafarroan. Nahigabea hedatuta, erreginaren heriotzan (1305) nafarrak berriro matxinatu ziren, eta aukera izan zutenean, kapetar leinuko azken erregea hil zenean (1328), nafarrek beste etxe bat hautatu zuten euren tronurako.
Bibliografia [aldatu]
- Jose Maria Lacarra, Historia política del reino de Navarra.