Nadezhda Krupskaia
Nadezhda Konstantinovna Krupskaia (San Petersburgo, Errusia, 1869 - Mosku, Sobietar Batasuna, 1939) errusiar iraultzaile eta pedagogoa izan zen.
Biografia [aldatu]
Leninen emaztea eta Errusiako Alderdi Komunistako buruzagi nagusietako bat izan zen. Militante marxista zen 1890etik aurrera, eta lau urte geroago ezagutu zuen Lenin. 1896an atxilo hartu zuten, eta 1898an Leninen ondora eraman zuten Siberiako erbestera, eta hantxe ezkondu ziren biak urte horretan bertan.
Leninen hurbileko laguntzailea izan zen erbesteko urteetan eta berebiziko eragina izan zuen boltxebikeen alderdia sortzeko unean. Iraultzaren ondoren, Hezkuntzarako Herri Batzorde Nagusiko kide zela gazteriaren arloaz arduratu zen bereziki (1918), eta Lenin hil ondoan (1924), Alderdiko barne-borroketatik kanpora geratu zen, berak hala nahi izanda.
Leninen oroitzapenak (Vospominaniya o Lenine) eta pedagogia-lanak idatzi zituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.