Nafarroako Alderdi Sozialista
| Nafarroako Alderdi Sozialista - Partido Socialista de Navarra (PSN-PSOE) | |
|---|---|
| Presidentea | Román Felones |
| Buruzagia | Roberto Jiménez |
| Sorrera | 1982 |
| Egoitza nagusia | Iruñea |
| Ideologia politikoa | Sozialdemokrata |
| Nazioarteko afiliazioa | Europako Alderdi Sozialista Sozialista Internazionala |
| www.psn-psoe.es | |
Nafarroako Alderdi Sozialista edo gaztelaniaz Partido Socialista de Navarra (PSN) Espainiako Alderdi Sozialistaren Nafarroako adarra da. 1982an sortu zen, nafar sozialistek Euskadiko Alderdi Sozialista utzi ondoren.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
1902an sortu zen lehenengo elkarte sozialista Iruñean, UGT sindikatura bildutako langile batzuek bultzatuta. 1914an aukeratu zuten Iruñean lehen zinegotzi sozialista, eta 1920an aukeratu zuten Fitero herrian Nafarroako lehen alkate sozialista. Handik aurrera, Iruñean eta Erribera aldean zabaldu ziren sozialistak bereziki eta nolabaiteko indarra izan zuten Espainiako errepublika garaian. UGT eta PSOEko militante asko hil zuten faxistek 1936ko gerra zibilaren hasierako hilabetetan. Erbestera jo zuten sozialista nafarrek harreman estuak izan zituzten Euskadiko sozialistekin.
1974an, Tuteran, Nafarroako sozialistak bildu ziren PSOE berrituari bultzada emateko asmotan, eta PSOE alderdiaren mendeko Euskadiko Alderdi Sozialistaren barnean jardun zuten 1977tik aurrera. 1977ko irailean PSOEk bere lehen euskal kongresua egin zuenean, lau herrialdeetako ordezkariak batzartu ziren. 1982. urtera arte, PSN Euskadiko Alderdi Sozialistaren (PSE-EE) barnean egon zen, eta lau herrialdeetarako autonomia-estatutuaren eta autodeterminazioaren alde agertu zen.
1979tik aurrera, sozialista nafarrak berezko nortasunaren alde lanean hasi ziren, eta, hasieran Hego Euskal Herrirako autonomia bakar baten alde zuten proiektua bazter utzi ondoren, Nafarroako Alderdi Sozialista sortu zuten 1982an. Nafarroako sozialisten lehen kongresua egin zuten orduan; nafar sozialistek PSE-EEtik irten eta Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN) izena hartu zuten.
2008an Carlos Chivite idazkari nagusia hil eta gero, ekainaren 28 exekutiba erregionala antolatu eta idazkari nagusi berria aukeratu zuten. Roberto Jimenez eta Amanda Acedo, azken hau UPNrekin gobernatzearen aurkakoa, lehian aritu ziren. Azkenik Roberto Jimenezek irabazi zuen botoen % 71,71rekin.
Hiru aldiz eskuratu du Nafarroako gobernua, eta haietako bitan lehendakaritza izan du: 1984-1991 bitartean, Gabriel Urralbururekin, eta 1995-1996 bitartean Javier Otanorekin (CDN y EA alderdiekin koalizioan). 2011tik UPNrekin dago gobernuan: ez du lehendakaritza, baina Roberto Jiménez gobernuko lehendakariordea da.
[aldatu] Idazkari nagusiak
- Gabriel Urralburu (1982-1994)
- Javier Otano (1994-1996)
- Juan Jose Lizarbe (1997-2004)
- Carlos Chivite (2004-2008)
- Roberto Jimenez (2008-)
[aldatu] Kanpo-loturak
- (Gaztelaniaz) PSNren webgunea
| Nafarroako Foru Erkidegoko alderdi politikoak | ||
|---|---|---|
|
Nafarroako Parlamentuan ordezkapena duten alderdi politikoak: Ikus, gainera: EAEko alderdi politikoak |
||
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.