Nafarroako Foru Erkidegoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Nafarroako Foru Erkidegoa
Comunidad Foral de Navarra

Autonomia erkidegoa
Nafarroako bandera Nafarroako armarria
Hiriburua Iruñea
Probintziak bakarra
Herritarra nafar, Hegoaldeko nafar[1]
Nafarroa Euskal Herrian.svg
Eremua
- Espainiaren
10.391 km²
%2,2
Biztanleria
- Espainiaren
Dentsitatea
644.566 (2012)
%1,35
61,72 bizt/km²
ISO 3166-2 ES-NA
Estatutua 1982ko abuztuaren 16
Presidentea Yolanda Barcina (UPN)
Hizkuntza ofiziala(k) gaztelania
euskara (erdi-iparraldeko eremuan)
Espainiako Gorteak
- Kongresuan
- Senatuan

5 eserleku
5 eserleku
www.navarra.es/home_eu/
Nafarroaren mapa fisikoa

Nafarroako Foru Erkidegoa[2], Nafarroako Foru Komunitatea[3] edo Nafarroa Garaia (gaztelaniaz Comunidad Foral de Navarra) Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik handiena da (10.391 km², Euskal Herriaren % 49,6), Euskal Herriko erdialdean eta hegoaldean dagoena, eta Espainiako autonomia erkidegoetako bat. 644.566 biztanle ditu, eta Iruñea du hiriburu (197.604 biztanle).

Nafarroa Garaia Iberiar penintsularen iparraldean dago. Bere mugakideak hauexek dira: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa iparraldean, Aragoi ekialdean, Errioxa hegoaldean, eta Gipuzkoa eta Araba mendebaldean.

Geografia

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako Foru Erkidegoko eskualdeak, Nafarroako ibaien zerrenda, eta Nafarroako mendien zerrenda

Nafarroako Foru Erkidegoak 10.391 km²-ko azalera du, eta Pirinio mendien, Euskal Herriko arkuaren eta Ebro ibaiaren arroaren artean dago. Elkarren oso bestelakoak diren mendi horiez gainera, Nafarroan elkartzen dira Kantauri aldeko eta Mediterraneo aldeko isuriak eta klima ozeanikoa, subalpeetakoa eta mediterraneoa, bakoitzak bere landaredi berezia duela. Horren guztiaren ondorioz, kontrasteak dira Nafarroaren ezaugarri nabarmenenetako bat, eta arrazoi beragatik, heterogeneitatea dute eskualdeek ezaugarri, nahiz batetik besterako trantsizioa oso mailakatua den.

Geografia ezaugarri horien trantsizio mailakatu horrek ez ditu zehatz bereizten uzten Nafarroako eskualdeen arteko mugak. Eskualde banaketa, beraz, era askotara egin daiteke, nahiz banaketa horiek batzuetan bat etorri ez. Nolanahi ere, kontuan izan behar da banaketa hori aztertu beharreko gaiaren araberakoa izaten dela, eta hartara denak izan litezkeela baliagarri. Alderdi fisiko-geografikoen arabera, Nafarroa hiru eremu geografikotan banatua dago oro har: Mendialdea, Erdialdea eta Erribera. Hiru eskualde horien tamaina eta eskualde bakoitzaren berezitasunak ikusita, azpibanaketa bat egitea komeni da. Hala, Mendialdean Ipar-mendebaldeko Nafarroa Hezea, Pirinioetako haranak eta Pirinio aurreko haranak edo arroak bereizten dira. Nafarroako Erdialdea Ekialdeko Erdialdean eta Mendebaldeko Erdialdean edo Lizarraldean banatua dago, eta Erribera bi zatitan dago banatua: Ekialdeko Erribera edo Tuterakoa eta Mendebaldeko Erribera edo Lizarrakoa.

Historia

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako historia eta Nafarroako Erresuma

Nafarroako Erresuma Europako Erdi Aroko erresumen artean garrantzitsuenetarikoa zen. Erresumak, Euskal Herriko lurralde guztiak hartzen zituen Antso III.a Nagusiaren garaian.

Nafarroako errege hura halaber izan zen Aragoiko kontea eta Hispaniako enperadore. Testamentuan, lau semeen artean banatu zituen bere mendeko lurrrak. Antso III.ak, Euskal Herriko ondorengotza-zuzenbidean ohitura zenez, tronkaltasuna aplikatuta, bere seme nagusi Gartzia III.a Santxez Naiarakoari utzi zion erreinu osoa, eta bere beste hiru semeei lurralde banaren jaurgoa. Hau da, oraingo Nafarroa-Errioxa-Euskal Autonomia Erkidegoa biltzen zituen lurren agintea Gartziari zuzenean utzi zion. Gartziaren meneko izateko baldintzarekin, Gontzalori, Sobrarbe-Ribagortzaren gobernua utzi zion eta Ramirori, Aragoikoa. Hala ere, Antso III.ak ez zuen inoiz Gaztelako konde titulurik hartu nahi izan, beraz, Fernandok bere amarengandik jaso zuen Gaztela.

XIII. mendetik aurrera, Gaztelako erregeak kendu zizkion Nafarroako erregeari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurrak. XVI. mendearen hasieran Alba-ko Dukeak militarki hartu zuen Nafarroa Garaia, eta beraz Espainiako erregeek Nafarroako errege bihurtu ziren, gerratearen bidez. Nafarroa behera ez zuen Espainiar armadak lortu, eta independiente gelditu zen.

Bitarte horretan bizi izan zen Xabierko Frantzisko, Jesusen Konpainian sartu eta Asian misiolari ibili ondoren santu eta Nafarroako patroi bihurtu zena. Geroago, Nafarroako Henri III. errege zena, Frantziako Henri IV bihurtu zen 1589. urtean, katolizismoa onartu ondoren. Ondorengo Frantziako errege guztiak, beraz, "Roi de France et de Navarre" titulua izan zuten.

Frantziako iraultzaren ondoren galdu zuen Nafarroa Behereak askatasuna.

Hegoaldean, Nafarroa garaia erresuma bezala gelditu zen, nahiz eta Espainiar erregea hartu behar. 1841. urtean galdu zuen bere askatasuna, lehen karlistada galdu ondoren.

Banaketa administratiboa

Nafarroa.png

Merindadeak

Foru Erkidegoa tradizionalki bost zatitan banatzen da, Nafarroako merindadeetan alegia. Halaber, merindade bakoitza eskualdetan banatuta dago. Nafarroa erresuma zela eta frankismora arte (1979ra arte hain zuzen), merindadeak garrantzizkoak izan ziren. Esaterako, hauteskunde barrutia izan ziren XIX. eta XX. mendeetan. Gaur egun, ordea, merindadeek ez daukate eskudantziarik, epaitegi barrutiekin bat egiten badute ere.

1530era arte, Nafarroako Erresumak Behe Nafarroa ere bazeukan bere. Seigarren merindadetzat hartzen bada ere, zehazki bailegoa zen, hau da, baile izeneko administrariaren ardurapean zegoen. Merioa Zangozan zegoen.

Eskualdeak

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako eskualdeak

Alfredo Floristani jarraikiz, Nafarroa hiru zatitan ere banandu da, erliebea eta klima kontuan hartuta: Mendialdea (iparraldean), Erdialdea (erdian), eta Erribera (hegoaldean).

Azken urteotan Nafarroako Gobernuak beste era batean sailkatu zituen eskualdeak, "Nafarroa 2000" izeneko proiektuan. Hala ere, ez dago soberan arautua (izenak ez daude finkaturik esaterako), eta ez ditu zalantzan jartzen Nafarroako Gobernuko departamentuek haien kasa egin ditzaketen beste sailkapenak. Dena dela, maiz erabiltzen da nafar administrazioan eta kanpokoan ere. Horren arabera, Nafarroako 7 eremutan, 18 azpieremutan eta 68 eskualdetan geratzen da bananduta. Hona hemen eremuak eta azpieremuak:

Udalerriak

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako udalerrien zerrenda

Nafarroako udalerrietan eredu batzuk aurki daitezke: herrigune bakarrekoak eta herri bat baino gehiagokoak. Bigarren horiek kontzejuez osatuak dira, eta batez ere erdialdean eta mendialdean kokatzen dira. Iruñea inguruko herrigune anitzeko entitate batzuk "zendea" izena daukate; bost dira horiek, hain zuzen ere: Berriobeiti (lehen Antsoain), Galar, Itza, Oltza eta Zizur. Beste haran asko ere kontzejuz konposaturiko udalak dira. Baztan kasu berezia da, herriak kontzejuak ez direlako.

Guztira, Nafarroako udalerriak 272 dira, eta kontzejuak 353.[4]

Kontzejuek ere eskumenak dituzte, besteak beste herri lurrak kudeatzeko. Batzarra da kontzejuak gobernatzeko sistema, betiere kontzejuburu bat dutela. 100 biztanle baino gutxiago dituenean batzarra irekia da, hau da, herri osoak hartzen du parte erabakietan. 100 biztanletik goitiko bada, kontzejuburuaz gain beste 4 kide daude herria gobernatzeko.

Probintziako udalerrien artean, hauek dira nagusiak:

Azken urteotako hazkunde eta mugimendu demografikoak kontuan hartuta, ordea, badira beste udalerri batzuk garrantzi handia hartzen ari direnak, hala nola Berriobeiti, Aranguren, Galar...

Politika

2007ko Nafarroaren Eguna Baigorrin

Nafarroako Gobernua erakunde politiko nagusia da, Nafarroako Legebiltzarra izanda gune legegilea.

Autonomia eratu ondoren, Gabriel Urralburu buru zuen PSNk gobernatu zuen Nafarroa; batzuetan, UPNren laguntzarekin. Hala ere, Nafarroan UPN eta AP (oraingo PP) batutakoan, lehendabiziko indar politikoa bilakatu ziren, eta Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuburua izan ahal zen (1991). Nolanahi ere, Juan Cruz Alli bera alderdi politikotik aldenduz joan zen, batik bat Alfredo Jaime, garaiko Iruñeko alkate alderdikidearekin izandako ika-mikengatik. Azkenean UPN utzi eta CDN osatu zuen. UPN erdibituta, 1995eko hauteskundeek aldaketa politikoa ekarri zuten, eta PSN, CDN gehi EA alderdiek Javier Otano presidente zuten gobernua eratu zuten, IUN-NEBaren aldizko babesarekin. Gobernu horrek, ordea, ez zuen luze iraun, 1996an desegin baitzen Otano Auzia zela eta. Izan ere, Javier Otano presidenteari Suitzan diru-kontu sekretuak izatea leporatu baitzioten. Javier Otanok dimititu eta politika utzi zuen. PSN ohiz kanpoko biltzarrak kudeatzen zuen, zeinek UPNri aldizko laguntzak eskaini zizkion gobernua osa zezan. Miguel Sanzek 1996tik aurrera izan du boterea Nafarroan.

Alabaina, 2007ko hauteskundeetan, gobernu alternatiboa antolatzeko gehiengoa atera zen. PSN, Na-Bai eta IUN-NEBen arteko negoziazioak hasi ziren. Posible zen udaletan, haietako bozka gehien lortu zuenak alkatetza eskuratu zuen. Honela, PSNko hautagaiak Erriberrin edo Burlatan alkate bihurtu ziren, eta Na-Baikoak Zizur Nagusian, Barañainen edo Atarrabian besteak beste. Nolanahi ere, Nafarroako udal garrantzitsuenean, Iruñean hain zuzen ere, akordioa ez zen hitzartu, PSNk EAE-ANVrekin bat egitea nahi ez zuelako, eta Uxue Barkosek ezin zion Yolanda Barcinari alkatetza kendu.

Nafarroako Gobernua osatzerakoan traba gehiago topatu zituzten bidean. Lehendabiziko oztopoa Nafarroako Parlamentuko presidentearen izendatzea izan zen. Na-Baik, bigarren indar politikoa izanda eta presidentetzari uko eginda, Parlamentuko burua nahi zuen Koldo Amezketarentzat. Bozka egunean, aldiz, PSNko Elena Torresek erdietsi zuen postua, UPNk bere alderdiarekin bat egin ondoren. Trukean, PSNk UPNko Javier Markotegiri eman zion botoa Parlamentuko mahaiako bigarrena izan zedin.

Horrek guztiak negoziazioaren lehendabiziko krisialdia eragin zuen. Edonola ere, gobernua osatzeko elkarrizketek aurrera segi zuten. Hasiera batean programa zuten eztabaidagai hiru alderdiek. Hori adostutakoan, eta gobernua eratzear zegoela zirudienean, sailburuen banaketan porrot egin zuen negoziazioak. Na-Baik gobernuko 6 eserleku betetzea espero zuen, baina PSNren proposamenean, 2 besterik ez zitzaizkion egokitu. Beste bi PSNrentzat izango lirateke (horien artean presidenteordetza), beste bat IUN-NEBarentzat, eta gainerako 6ak independenteak izango lirateke. Onartezina zelakoan, Na-Baik muzin egin zion proposamen horri.

Sanferminak igarotakoan, berriro bildu ziren alderdiak. Baina horko horretan, PSNk luzatutako eskaintza guztiz irauli zen: Na-Bai eta IUN-NEBarekin gobernua antolatzeari uko egin zion, eta alderdi guztien arteko larrialdizko gobernua eratzea proposatu zuen. Gainerako alderdi guztiek, UPNk eta CDNk ere, errefusatu zuten. UPNk, bere aldetik, Na-Bai izan ezik besteek osatutako gobernuaren alde egin zuen.

Funts handirik gabeko proposamen horiek alboratuta eta hirukotearen negoziazioak apurtuta, PSN eta UPNren egoera politikoak gero eta hurbilago zirudien. Baina PSNko hainbat kidek, Ainhoa Aznarezek edo Jose Luis Urizek besteak beste, zuzendaritzaren jokabidea gogor kritikatu zuten, eta Na-Bai eta IUN-NEBrekin elkarrizketei berriro ekitea aldarrikatu zuten. Gainera, UPNk 10 baldintza bidali zizkion PSNri bere babesa onartzeko, sozialistek onartezinatzat jo zituztenak. Hori guztia zela eta, abuztuaren 1ean, PSNko zuzendaritzak eta parlamentuko kideek batera eta ustekabean Na-Bai eta IUN-NEBarekin berriro ituna hitzartzeko prest zeudela jakinarazi zuten. PSOEko zuzendaritzak, ordea, ez zuen erabaki hori onartu, Espainian 2008ko martxoan egitekoak ziren hauteskunde orokorretan eragin txarra izango zutelakoan. Abuztuaren 3an, PSOEko zuzendaritzak ebatzi zuen PSN abstenituko zela UPNko hautagaiaren bozketan, eta, ondorioz, Miguel Sanzek Nafarroako presidentea izaten jarraituko zuela.



Nafarroako Instituzioak

Iruñeko Sarasate Pasealekutik ikusita, Parlamentuaren fatxada.
  • Nafarroako Parlamentua: Instituzio legegilea, Nafarroari dagozkion legeak onartzen ditu. Lau urtean behin nafarrek aukeratuta, Parlamentuak Gobernuburua hautatzen du. Horretaz gain, gobernuaren ekintzak kontrolatzen ditu.
  • Nafarroako Gobernua edo Foru Aldundia: Instituzio betearazlea, Foru Erkidegoko administrazioa zuzentzeaz gain, orokorreko politika ezartzen du. Presidentea gobernuburua da, zeinek sailburuak aukeratzen dituen. Gaur egun UPNk du agintea.
  • Konptoen Ganbera: Nafarroako Foru Erkidegoko alderdi publikoaren ekonomi eta finantza kudeaketa kontrolatzen dituen erakundea da.
  • Arartekoa: Parlamentuaren aginduz, hiritarren oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak zaintzen dituen erakundea da.

Euskara

Sakontzeko, irakurri: Nafarrera eta Ekialdeko nafarrera
Nafarroa Garaian XIX. mendean mintzatzen ziren euskalkiak, udalerrien mapan. Euskalki horietatik hegoaldekoenak eta ekialdekoenak galduak dira gaur egun.

Euskararen ezagutzari dagokionez, Nafarroan askoz gutxiago aurreratu da Euskal Autonomia Erkidegoan baino, eskolatzeari esker hobetu egin den arren. Euskaraz ikasten duten umeen kopurua etengabe hazten ari da, eta horrek euskara estimatu edo balioetsi egiten dela adierazten du. Eta hori, Nafarroako UPNko gobernuek euskara sustatzeko eman duten laguntza publikoa urria izan den arren.[5]

Kultura

Hizkuntzak

Euskararen banaketa
Sakontzeko, irakurri: Euskararen Foru Legea

Bi hizkuntza erabiltzen dira: gaztelania eta euskara. Gaur egun, erdi eta iparraldeko eskualdeetan bakarrik da koofiziala euskara, Hizkuntza-eremuen Legearen arabera «eremu euskalduna» eta «eremu mistoa» deiturikoetan. «Eremu ez-euskaldun»ean, batere ofizialtasunik ez du hizkuntzak.

Euskalkiei dagokienez, Nafarroa Garaiak lau aldaera ditu: nafarrera, nafar-lapurtera, ekialdeko nafarrera eta (berrikitan baina gero eta indar handiagoz) gipuzkera.

Literatura

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako idazleak

Lurraldeak izen handiko euskarazko idazleak eman ditu, klasikoen artean "Axular", Arturo Campion, Pablo Fermin Irigarai Larreko, Alexander Tapia Perurena nabarmentzen direla. Garaikideak ditugu, besteak beste, Jon Alonso, Aingeru Epaltza, Eduardo Gil Bera, Jose Angel Irigarai, Patziku Perurena, Alberto Ladron Arana, Inma Errea, Josetxo Azkona, Anjel Erro, Hedoi Etxarte eta Jokin Muñoz.

Halaber, erdarazko idazle aipagarriak dira Yehuda Halevi eta Abraham Ben Meir Ibn Ezra (hebreeraz) eta Antonio de Eslava eta Francisco Navarro Villoslada (gaztelaniaz).

Musika

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako musika

Bertsolaritza

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Nafar ospetsuak

Iruñeko Sarasate pasealekuko Foruen Estatua.

Ekonomia

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako Kutxa

Hedabideak

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako euskarazko irratiak

Euskalerria irratiak Nafarroa osorako eta euskaraz emititzen du. Kate txikienen artean Eguzki Irratia dugu.

Egunkari nagusiak Diario de Navarra eta Diario de Noticias probintzian.

Aldizkarien artean "Nabarra" Euskal Herri osorako argitaratzen zen, baina itxi egin zuten 2011n, arazo ekonomikoak medio[6]. Tokian tokikoen artean, Bortziriko "Ttipi-Ttapa" dugu adibide.

Zerbitzuak

Ospitaleak

Garraioak

Unibertsitateak

Jaiak

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindiaren 57. araua (Euskal herrialdeen, herritarren eta euskalkien izenak).
  2. Nafarroako Foru Erkidegoa da Euskaltzaindiak hobetsitako forma.   32. araua: Espainiako erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak, Euskaltzaindia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0032.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-07-09 .
  3. Nafarroako Foru Komunitatea da Nafarroako Gobernuak onartutako euskarazko izen ofiziala.   Autogobernua. Foru Hobekuntza, Nafarroako Gobernua, http://www.navarra.es/home_eu/Navarra/Asi+es+Navarra/Autogobierno/El+Amejoramiento.htm. Noiz kontsultatua: 2010-07-09 ..
    Euskaltzaindiak, Nafarroako Foru Erkidegoa hobesten duen arren, beste izen hori ere "erabil daitekeela" zehaztu du.   154. araua, Euskaltzaindia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0154.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-10-14 .
  4. Nafarroako izendegia 2007-1-1ean. Nafarroako Gobernua 2007.
  5. Ramón Zallo eta Mikel Ayuso (euskaratzailea: Josemari Navascués): Euskal Herria ezagutzea, Eusko Jaurlaritza, 2009, 44. orrialdea.
  6. http://www.argia.com/albistea/nabarra-aldizkariak-argitaratzeari-utzi-dio-arazo-ekonomikoak-direla-eta 'Nabarra' aldizkariak argitaratzeari utzi dio arazo ekonomikoak direla eta

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nafarroako Foru Erkidegoa Aldatu lotura Wikidatan