Nafarroako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nafarroako historia oso aberatsa izan da gertakarietan. Nafarroak garrantzi handia izan du bai erromatarren garaitik bai eta geroago, non Nafarroako Erresuma osatu zen. Azkeneko urteetan ere historia garrantzitsua jokatu du Euskal Herriko politikan.

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolitoa Nafarroan K. a. 5. milurtekoan kokatu behar da eta gutxi gorabehera K. a. XVIII. menderaino luzatu.[1]. Neolitoa Kaukaso eta Babilonia inguruan sortu zenez ez dago guztiz zehaztua ea nahasketa kulturalak ekarri zituen aldaketak edo ea migrazio bat izan zen. Migrazioa izan balitz euskaldunen jatorria Kaukasoan kokatzen dutenen teoriak irabaziko luke.

Behe neolitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroan garai honetako aztarna gutxi aurkitu dira eta horregatik hasiera batean influentzia eskasa egon zela uste da.[1]. Neolitoko kultura ekialdetik sartu zen Iberiar penintsulara eta leku egoki bat izan beharko luke horretarako, Nafarroa eta, batez ere, iparraldea, oso menditsua baita.

Autore batzuen arabera Nafarroa eta Mediterraneoko, Akitaniako eta Kantauri aldeko biztanleen artean nahasketak egon ziren[1]. Baina beste batzuen arabera[2] elkarte kultural berdina zen Pirinioetan, bai iparraldean zein hegoaldean, zegoena.

Aldaketa klimatikoa zela eta animalien aldaketak egon ziren. Ehiza jada ez zen kobazulo inguruetan bizi, baizik eta lautadetan. Hori dela eta kobazuloak alde batera utzi ziren hein handi batean eta lautadatara jaitsi. Honek ere elkartze kulturala egotea ekarriko luke. K. a. 5. milurtekoan garia eta txakurra agertu ziren Nafarroan. Garagardoaren antzeko edariak, harri bero batekin eginda, agertu ziren ere. Nafarroako gaur egungo lurraldean 1.000 biztanle inguru zeuden eta 12 tribu. [1]

Neolito ertaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroan 3.500etik K. a. 2500 urtera arte luzatu behar da. Garai honetan agertzen da lehenengo aldiz zeramika Nafarroan. Garai honetan biztanleria gehiena kobazuloetan bizi zen, eta horrekin lotutako kultura dago, nahiz eta silex edo bestelako aztarna gutxirekin.

Zenbait aztarnategik aukera ematen digute berrikuntza horiek ailegatu zireneko bilakaera ikusteko, Zatoiako (Abaurregaina) kobazuloan lehenbiziko zeramika aztarnak aurkitu dira, harri leunduzko tresnak, erabiltzeko errazagoak (azal leundua, forma borobilekoa); eta Mara–ongo la Pe–an edo Biotzariko Padre Areson abereen hezurrak aurkitu dira.[3]

Goi neolitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai honetan Iberiar Penintsulatik edalontzi kanpaniformearen kultura hedatu zen, eta beste migrazio bat egon zen Ekialdeko Europatik. Baina ez dirudi bertan geratu zirenik.[1]. K. a. 2. milurtekoaren hasieran trikuharri eta harrespilak egiten zituen kultura megalitikoa hedatu zen Pirinioetan eta baita Nafarroa osoan ere. Brontze Aroaren hasiera eman arte biluzik joaten ziren eta uste da hortik aurrera bizarra mozten hasi zirela eta buruan apaindurak jartzen.

Erromatarren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrak Euskal Herrira iristean, Baskoiak zeuden lurralde hauetan, baina ez dago borrokaren idazkirik, erromatarrak ager vasconum izendatutako lurralde lauetan finkatu baitziren, saltus vasconum izeneko lurralde menditsuan baskoiak zeudelarik. Iberiarren artean baskoiez hitz egiten da, iberiarren txanpon batzuetan barskunes inskripzioa agertzen delarik, honen itzulpena “mendietako jendea” izango litzateke. Garai hauetan gertaturiko gauzarik garrantzitsuena Ponpeio jeneral erromatarrak Iruña izeneko herrixkaren gainean Ponpaelo hiria sortu zen.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisigodoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarren erorketarekin urte askotan ez dira idazkiak aurkitzen eta Europa osoan gertaturiko garai ilunak gertatzen dira Nafarroan ere. Garai hauetan bisigodoak etorri ziren iberiar penintsulara, Iberiako kultura erromatarrarekin nahasturik. Bisigodo hauek behin eta gehiagotan baskoiak menperatzen saiatu ziren baina hainbat kronikek diote baskoiak ez zirela inoiz menperatuak izan.

Arabiarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

711. urtean, musulmanak penintsulan sartu ziren eta bi urteko inbasioa jarraituz 713. urtean Ebroko haranera iritsi ziren. Garai hartan Ebroko harana Casio konde bisigodoaren eskuetan zegoen eta konde hau, bere jabetzak kontserbatzeko, islamera bihurtu zen eta Omeiatarrak bere jaunak bezala onartu zituen, Banu Qasi familia sortuz. Iruña 718an konkistatua izan zen eta bertan musulmanek protektoratu bat ezarri zuten. Musulmanak frankoen kontra egitean, 732an Poitiersen galdu egin zuten eta Karlos Martel frankoen erregeak Iparraldean Baskoniako dukerria sortu zuen, Iruñako hiriaren inguruan baskoiak berrantolatzen ari ziren bitartean.

Orreagako gudua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Orreagako gudua»

778. urtean, Karlomagno errege frankoak Zaragozara jo zuen hango wali-ari laguntzeko asmoz, Kordobako emirraren kontra altxa nahi zuen eta, honen truk Karlomagnori Zaragozako plaza emanez. Zaragozarako bidean Karlomagnok Iruñako harresiak bota zituen, baskoiei irakaspenen bat emateko edo. Zaragozara iristean waliak aliantzak aldatu zituen eta ez zion Karlomagnori sartzen utzi eta hau, inbasio bat kostu altua izango zuelakoan buelta eman zuen bere erreinurantz. Iruñea suntsitu egin zuen, Banu Qasi-en aliatua omen zelako, eta Orreagatik pasatzean, baskoiek eraso egin zioten Karlomagnoren ejertzitoaren erretagoardia suntsituz eta bere iloba Roldan hilez. Guda honen bidez frankoen aurrean independentzia aldarrikatzea izan zen ondorioa.

Nafarroako Erresuma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Erresuma»


Frankoen kontra instituzio sendo bat sortzearren, Iruñako baskoiak eta Banu Qasi aliatuak, Iñigo edo Eneko Arista izeneko erregea ezarri zuten Iruñako Erresumarako. Errege hori, nafarren lehenengo erregea, Iñigo Ximenez baskoiaren eta Onecca Banu Qasitarren alabaren semea zen. Erresuma hau Nafar estatu primitibotzat jo daiteke, nafarren antolaketa politiko bezala. Iruñeko Erresuma lehenik eta Nafarroako Erresuma geroago, hainbat dinastia ezberdinez izan zen gobernatua. 824 eta 905 urte bitartean Aritza dinastiak gobernatu zuen; 905 eta 1234 bitartean Semeno leinuak; azkenik 1234tik erresumaren desagerpena arte Xanpaina leinua izan zen erresumaren buru.

Nafarroako Erresumaren dinastia garrantzitsuena Semeno leinua izan zen. Garai hauetan, Nafarroako Erresuma bere gorenera heldu zen Antso III.a errege zela (1000-1035), euskal lurralde guztiak bere baitan hartuz eta, Penintsulan iparraldean, Leon zen, Nafarroaz gain, erresuma bakarra. Euskal erresuma horretan sartzen ziren Gaztela, Aragoi, Sobrarbe eta Ribagorza. Hortik aurrera, erresumak lurrak galdu zituen, lehendabizi Antso III.aren semeek erresuma beren artean banatu zutelako, Gaztelako, Aragoiko eta Iruñeko erresumetan.

1134an, Alfontso I.a Borrokalaria errege nafar-aragoitarra hildakoan, Iruñeko Erresuma berrezarri zen. Hala ere, ez zuen Erromaren oniritzirik eta aita santuek ukatu egiten zioten erresuma estatusa, Alfontsoren testamentua bete ez zelako. Harrezkero, Gaztelako erregeek areagotu egin zuten Nafarroako lurren gaineko gutizia. Iruñeko Erresuma Nafarroako Erresuma bihurtu zen 1163an. 1200ean Gaztelaren tropek Gipuzkoa, Araba eta Durango okupatu zituzten, Araban 1332an berretsitakoa. 1212an, Semeno leinuko azken erregeak, Antso VII.ak, Navas de Tolosako guduan parte hartu zuen eta, kondairak dioenez, handik ekarri zituen Nafarroako kateak.

1234an Antso VII.a Azkarra hil zen. Frantziako Xanpainatik dinastia bat heldu zen, kultura politiko desberdinekoa. Bada, erresumako indar aktiboek Nafarroako Foru Zaharra idatzi zuten 1238an, Nafarroako Foru Orokorraren lehen idatzizko aurrekaria, ohituran oinarritua. Frantziako kapetoen dinastia Nafarroako izatera ere pasa zen, baina kontra zituzten erresumako herria eta haren ordezkariak. Bada, 1276ko Nabarreriako Gerran Foru eta hainbat lurralde zituzten Frantzian ere eta erresumaren gobernua pixka bat ahaztu zuten. Erresumaren dekadentzia etengabea da, bere barnean gertatzen diren hainbat eta hainbat zatiketengatik, 1441an gerra zibila izan zen. Gerraren arrazoiak nobleen arteko borrokak dira, Joanes II.a Aragoiko erregeak Nafarroako erresuma beretzat hartu zuenean, bere seme Karlos Vianako printzeari utzi ordez testamentuan zioen bezala.

Bi bando sortu ziren gerran, beaumondarrak eta agaramondarrrak lehenengoak Gaztelaren laguntzarekin eta bigarrenak Aragoienarekin. Gerrak Karlos printzea hil arte iraun zuen eta Nafarroaren egoera txarra Gaztelak eta Aragoik aprobetxatu zuten 1512an Nafarroako konkistari ekiteko. Urte berean, Biarnotik eta Donapaleutik birkonkistari ekin zioten baina ez zen lortu, diplomaziaren eskutik ere ez. Fernando Katolikoak Nafarroako foruei zin egin zien eta Iruñean zein beste hainbat tokitan bezala beaumondarren gehiengoak, Nafarroako gorteetan, Fernando Nafarroako errege zin egin zuten. Nafarroako Erresumak Nafarroa Beherean jarraitu zuen, Katalina I.a erregina zuela. 1515ean, Gaztelako Gorteek Nafarroa Gaztelari lotzearen alde bozkatu zuten, uztailaren 7an Fernando erregeak berretsia.

1521eko maiatz-ekainean, monarka frantsesek eta nafarrek erresuma birkonkistatu zuten aste batzuetan, berehala herria haren alde altxa eta babes zabala izan zuena. Karlos V.a enperadoreak (Nafarroako IV.ak), ordea, Gaztelako komuneroen errebolta zapaldu zuen, eta indarrak bildu zituen nafar-frantses espedizioa kanporatu eta Nafarroa okupatzeko. Noaingo Gudua porrot handia izan zen nafar subiranistentzat. Hurrena, frantses eta nafar aliatuek Hondarribia okupatu zuten, eta bertan gotortu. Une horretan, Amaiurko Gudua borrokatu zen, eta posizio hori 1522ko uztailaren 19an okupatu zen. Karlos V.aren tropek Hondarribia berreskuratu zuten setio luze baten ondoren (1524ko apirila).

Boto emateko Nafarroako Gorteen hautetsontziak.

Nafar subiranistak ohartu ziren epe laburrean ez zutela zereginik espainiar potentzia militarraren kontra. 1523ko abuztuaren 18tik aurrera, Pirinioez iparraldeko Nafarroako Erresuma antolatu zen, Henrike II.a erregearen kontrolpeko lurraldeetan, Biarnori loturik. Okupazioaren kontrako errebolta giroan, Nafarroa Garaian, konkista ondoko erregimen berria antolatu zen, eta lehendabiziko sorgin ehiza zabala egin zen, 1525ean. Nafarroako Gorteek burujabetzari eusteko ahaleginak egin zituzten, baina Pirinioak gerra fronte bihurtu ziren, eta Espainiar Koroak presio gero eta handiagoa egin zuen ezohiko neurriak onar zitzaten. 1576an, Erresumako Diputazioaren ernamuina eratu zen.

Nafarroa Beherean, Donapaleu erdigune harturik, Erresumako Estatuak, Nafarroako Kantzilertza justizia organo gorena eta Diru Etxea eratu ziren. Pirinioak gerra fronte bilakatu ziren. Haatik, partzuergo batzuk eratu ahal izan ziren 1536tik aurrera Pirinioez hegoaldeko eta iparraldeko herri erakundeen artean. Nafarroa Behereko herritarrak bertakotzat hartzen ziren Nafarroa Garaian, eskubide berdinez, harik eta estatus hori kendu zitzaien arte mende erdialdera. Henrike II.ari Joana III.a erregina alabak hartu zion monarkiaren ondorengotza, eliza erreformatuaren zalea. Nafarroa Behereak, ordea, katoliko jarraitu zuen eta gerra piztu zen 1570-1572an. Nafarroako koroa independentearen erdigunea gero eta gehiago lerratu zen Pauera, eta Néracera. Nafarroa Beherean, Foru eta Kostuma berriak lantzen hasi ziren, eta 1608an argitaratu ziren. 1620an, ordea, Nafarroa Behereak galdu egin zuen bere subiranotasuna, eta Nafarroako Parlamentua sortu zen Pauen, justizia auzitegi gorena, Donapaleun seneskaltza bati eutsi zioten arren.

Kontrarreformako neurriak 1591tik aurrera hasi ziren aplikatzen Iruñean egin sinodoan hala erabakita. Ordena erlijiosoak, eliza erakundeak eta jauntxoak sendotu egin ziren. Iruñean, espainiar agintariak gotorleku handi bat eraikitzen hasi ziren, Zitadela, nafarren lanesku behartua baliatuz. Mende gehienean, sorgin pertsekuzioak izan baziren ere, 1610n heldu zen bere gorenera, Zugarramurdin ezarritako errepresioan. Logroñon epaiketa handi bat egin ondoren, 12 herritarrek sutan amaitu zuten. Ordu arte, nafarrek Nafarroaz kanpoko mugetan borrokatu baziren ere, 1641etik 1662ra, nafarrak Kataluniako gerran borrokatzera izan ziren behartuak, kontraforua zena; ugari izan ziren desertzioak.

XVII. mende hasieran, Nafarroako santu zaindaria hautatzeko eztabaidak hasi ziren. 1658an, aita santuak hala San Fermin nola Frantses Xabier izendatu zituen. Handik hamarkada batzuetara, San Fermin Kongregazioa sortu zen Espainiar Inperioko hiriburuan, Madrilen, nafarren bilgune eta espainiar koroarekiko harremanen bideratzaile. Frantziarekiko etengabeko gerrek Bortuen inguruko euskal lurraldeetako gizartea, ekonomikoa eta antolamendu politikoa guztiz higatu zituen; bake gogoa handia zen. Bada, Nafarroa Garaian, abegi beroa egin eta babes militarra eman zioten Ondorengotza Gerran Filipe Anjoukoari, frantses Borboia eta Henrike III.aren ondorengoa. Filipek foruak zin egin zituen 1704an. Bortuetan, indarrean jarraitu zuen Erdi Arotik zetorren partzuergo sistema, alegia, herri lurren kudeaketa mankomunatua.

Oraingoz, babes horrek salbatu egin zuen Bortuez hegoaldeko Nafarroako Erresuma foruen kontrako eraso gogor batetik, Kataluniari eta Aragoiri foruak kentzen zizkieten bitartean, Planta Berriko Dekretuen bidez. Nafar eliteek eroso ikusi zuten beren burua borboitarren espainiar administrazioan. Horren adierazle nabarmenetako bat da Juan Goienetxe baztandarra (1656-1735), hainbat ekimen ekonomiko eta administratiboren ekintzaile. Ilustrazioarekin batera, areagotu ziren Frantziaren eta Espainiar Koroaren zentralizazio ahaleginak.

Nafarroa Behereko Estatuen ahalmenak nabarmen murriztu ziren 1743an, eta espainiar koroak nafarren gaineko presioa estutu zuen, hainbat dekreturen bitartez Ebroko aduanak Bortuetara eramateko. Nafarroako Erresuma eta haren produktuak atzerritartzat hartuak izan ziren Espainiar Koroako Lurralde Komunean. Presio horren aurrean, ilustratuak banaturik ziren, noblezia gehienean aduanak Bortuetara eramatearen alde lerratzen zen bitartean; Gorteetako Hirugarren Besoak (herriak) Ebron nahi zituen aduanak. 1785ean, estatuen arteko Elizondo Ituna sinatu zen Pirinioetako mugak zedarritzeko, baina horrek Kinto Realeko lurren erabilerari buruzko gatazka areagotu zuen. Gorteek, bestalde, ardura agertu zuten erresumako hezkuntzaren egoera kaskarrarekin. Espainiar koroak, haatik, Nafarroako unibertsitate bat sortzeko ahaleginak zapuztu zituen.

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean Gerra Karlistak izan ziren Nafarroako aro modernoa eta ondorengo garaiak ere markatu zituzten gertakari garrantzitsuenak, heriotzak eta gaixotasunak eraginez, gizartea bananduz eta Karlismoa probintzian sakon errotuz. Euskal Pizkundearen garaian, Nafarroan XIX. mendeko azken laurdenean Nafarroako Euskara Elkargoa sortu zuten, Arturo Kanpion eta bertze euskaltzale eta foruzale batzuen eskutik. Urte horietan ere Julian Gaiarre tenorra munduan nabarmendu zen.

Bertzela, abertzaletasunaren hastapenak 1910eko hamarkadan izan ziren, EAJk Napar Buru Batzar sortu zutenean. Garai hartakoa "Napartarra" izeneko aldizkari elebiduna izan zen (1911-1919). Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian beste argitalpen bat atera zuten, ordea, "Amayur" izenekoa 1931tik 1936 arte. Garai hartakoa Lizarrako Estatutua (Estatuto Vasco-Navarro) azpimarratzekoa da, Hego Euskal Herriko lau probintzietarako diseinaturikoa. 1931ko ekainetik 1932ko urtarrila arte hainbat egitasmo eta bozketa egin zuten, aldeko botoak nagusi zirelarik. Azkenean, biltzar orokorra egin zuten Iruñean 1932ko ekainean eta bertan ika-mika handiak gertatu ziren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aldeko botoek gehiengo absolutua lortuz baina Nafarroan aurkako botoak ofizialki nagusitu ziren (%53/%38.7). Hainbat urte geroago Jose Maria Jimeno Juriok eta beste hainbatek egondako irregulartasunak argitu zituzten.

Gerrate Zibila pizturik, probintzia kolpisten alde egin zuen hasiera-hasieratik. Horrek Errepublikaren aldekoentzat ekarri zuen errepresio handia. Bertzeak bertze, Erriberako herriak diren Sartaguda, Lodosa eta Mendabian gertaturiko sarraskiak aipatzekoak dira. Frankismoarekin batera, gizarte nafarrean errotu egin zen 1928an sortutako Opus Dei erakundea, ondorengo hamarkadetan Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Klinika Unibertsitarioa sortuz. Bertzela, gerratea baino lehen, Ernest Hemingwayk Iruñera etorri zen eta bertatik bertara Sanferminak ezagutu zituen, ondoren mundu mailan ezagunaraziz.

1973an ereiten hasi ziren egungo Nafarroaren estatusa itxuratu zuten oinarriak. Orduan, Nafarroako Foru Berria (kode zibila) ondu zuten Francoren erregimenaren hurbileko Nafarroako legelariek, tartean zela Aizpun Tuero. Testu kontserbardore horrek uko egin zion inplizituki Nafarroaren burujabetzari.[4] Espainiako Trantsizio Demokratikoa delakoaren hasieran, bi gertaera nagusik astindu zuten nafar gizartea: Alde batetik Jurramendiko gertakari odoltsuak, 1976ko maiatzaren 9an, ultraeskuindar talde batek karlista erromesak eraso zituztenekoa; eta bestetik poliziak German Rodriguez gaztea hil izanak, 1978ko San Ferminetan.

Hortik aitzina, ETAk atentatuak egin zituen behin baino gehiagotan herrialdean, 1980ko hamarkadan bereziki. Nafarroako Gobernuari dagokionez, UPNren nagusitasuna argia izan da azken urteotan, eta Miguel Sanzena izan da orain arteko agintaldirik luzeena. 1986an, PSNren lehenengo agintaldian, Euskararen Foru Legea ezarri zuten: euskararen ofizialtasuna probintziaren iparraldean soilik aitortu da, erdialdean erdizka, eta hegoaldean ukatu. 2017ko ekainean, Nafarroako gobernu aurrerazaleak Foru Berria berridatziko zuela iragarri zuen.[5] Kulturaren arloan, Maria Bayo opera abeslariaren ibilbideak nazioartean oihartzun handia izan du. Eta kirol arloan, azkenik, Miguel Indurainen jarduera oso nabarmena izan zen 1990eko hamarkadan, orduan munduko txirrindularirik hoberena baitzen. Aipagarria da zinez, bestalde, Pedro Miguel Etxenike nafar fisikariak lortu duen sona.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Historia de Navarra II. El Neolítico
  2. URZAINQUI, TOMAS. "Navarra, sin fronteras impuestas". Pamiela
  3. Merindadeak. Nafarroako historiako gaiak Bigarren Hezkuntzarako
  4. Intxusta, Aritz. (2017-06-12). «EL CAMBIO REDACTARÁ UN NUEVO CÓDIGO CIVIL PARA LOS NAVARROS» Naiz (Noiz kontsultatua: 2017-06-12).
  5. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2017-06-11). «EL CAMBIO REDACTARÁ UN NUEVO CÓDIGO CIVIL PARA LOS NAVARROS» GARA (Noiz kontsultatua: 2017-06-12).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]