Nafarroako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nafarroako historia oso aberatsa izan da gertakarietan. Nafarroak garrantzi handia izan du bai erromatarren garaitik bai eta geroago, non Nafarroako Erresuma osatu zen. Azkeneko urteetan ere historia garrantzitsua jokatu du Euskal Herriko politikan.

Antzinaroa

Neolitoa

Neolitoa Nafarroan K. a. 5. milurtekoan kokatu behar da eta gutxi gora behera K. a. XVIII. menderaino luzatu.[1]. Neolitoa Kaukaso eta Babilonia inguruan sortu zenez ez dago guztiz zehaztua ea nahasketa kulturalak ekarri zituen aldaketak edo ea migrazio bat izan zen. Migrazioa izan balitz euskaldunen jatorria kaukasoan kokatzen dutenen teoriak irabaziko luke.

Behe neolitoa

Nafarroan garai honetako aztarna gutxi aurkitu dira eta horregatik hasiera batean influentzia eskasa egon zela uste da.[1]. Neolitoko kultura ekialdetik sartu zen Iberiar penintsulara eta leku egoki bat izan beharko luke horretarako, Nafarroa eta, batez ere, iparraldea, oso menditsua delarik.

Autore batzuen arabera Nafarroa eta Mediterraneoko, Akitaniako eta Kantauri aldeko biztanleen artean nahasketak egon ziren[1]. Baina beste batzuen arabera[2] elkarte kultural berdina zen Pirinioetan, bai iparraldean zein hegoaldean, zegoena.

Aldaketa klimatikoa zela eta animalien aldaketak egon ziren. Ehiza jada ez zen kobazulo inguruetan bizi, baizik eta lautadetan. Hori dela eta kobazuloak alde batera utzi ziren hein handi batean eta lautadatara jaitsi. Honek ere elkartze kulturala egotea ekarriko luke. K. a. 5. milurtekoan garia eta txakurra agertu ziren Nafarroan. Garagardoaren antzeko edariak, harri bero batekin eginda, agertu ziren ere. Nafarroako gaur egungo lurraldean 1.000 biztanle inguru zeuden eta 12 tribu. [1]

Neolito ertaina

Nafarroan 3.500etik K. a. 2500 urterate luzatu behar da. Garai honetan agertzen da lehenengo aldiz zeramika Nafarroan. Garai honetan biztanleria gehiena kobazuloetan bizi ziren, eta horrekin lotutako kultura dago, nahiz eta silex edo bestelako aztarna gutxirekin.

Zenbait aztarnategik aukera ematen digute berrikuntza horiek ailegatu zireneko bilakaera ikusteko, Zatoiako (Abaurregaina) kobazuloan lehenbiziko zeramika aztarnak aurkitu dira, harri leunduzko tresnak, erabiltzeko errazagoak (azal leundua, forma borobilekoa); eta Mara–ongo la Pe–an edo Biotzariko Padre Areson abereen hezurrak aurkitu dira.[3]

Goi neolitoa

Garai honetan Iberiar Penintsulatik edalontzi kanpaniformearen kultura hedatu zen, eta beste migrazio bat egon zen Ekialdeko Europatik. Baina ez dirudi bertan geratu zirenik.[1]. K. a. 2. milurtekoaren hasieran trikuharri eta harrespilak egiten zituen kultura megalitikoa hedatu zen Pirinioetan eta baita Nafarroa osoan ere. Brontze Aroaren hasiera eman arte biluzik joaten ziren eta uste da hortik aurrera bizarra mozten hasi zirela eta buruan apaindurak jartzen.

Erromatarren garaia

Erromatarrak Euskal Herrira iristean, Baskoiak zeuden lurralde hauetan, baina ez dago borrokaren idazkirik, erromatarrak ager vasconum izendatutako lurralde lauetan finkatu baitziren, saltus vasconum izeneko lurralde menditsuan baskoiak zeudelarik. Iberiarren artean baskoiez hitz egiten da, iberiarren txanpon batzuetan barskunes inskripzioa agertzen delarik, honen itzulpena “mendietako jendea” izango litzateke. Garai hauetan gertaturiko gauzarik garrantzitsuena Ponpeio jeneral erromatarrak Iruña izeneko herrixkaren gainean Ponpaelo hiria sortu zen.

Erdi Aroa

Bisigodoak

Erromatarren erorketarekin urte askotan ez dira idazkiak aurkitzen eta Europa osoan gertaturiko garai ilunak gertatzen dira Nafarroan ere. Garai hauetan bisigodoak etorri ziren iberiar penintsulara, iberiako kultura erromatarrarekin nahasturik. Bisigodo hauek behin eta gehiagotan baskoiak menperatzen saiatu ziren baina hainbat kronikek diote baskoiak ez zirela inoiz menperatuak izan.

Arabiarrak

711. urtean, musulmanak penintsulan sartu ziren eta bi urteko inbasioa jarraituz 713. urtean Ebroko haranera iritsi ziren. Garai hartan Ebroko harana Casio konde bisigodoaren eskuetan zegoen eta konde hau, bere jabetzak kontserbatzeko, islamera bihurtu zen eta Omeiatarrak bere jaunak bezala onartu zituen, Banu Qasi familia sortuz. Iruña 718an konkistatua izan zen eta bertan musulmanek protektoratu bat ezarri zuten. Musulmanak frankoen kontra egitean, 732an Poitiersen galdu egin zuten eta Karlos Martel frankoen erregeak Iparraldean Baskoniako dukerria sortu zuen, Iruñako hiriaren inguruan baskoiak berrantolatzen ari ziren bitartean.

Orreagako gudua

Sakontzeko, irakurri: «Orreagako gudua»

778. urtean, Karlomagno errege frankoak Zaragozara jo zuen hango wali-ari laguntzeko asmoz, Kordobako emirraren kontra altxa nahi zuen eta, honen truk Karlomagnori Zaragozako plaza emanez. Zaragozarako bidean Karlomagnok Iruñako harresiak bota zituen, baskoiei irakaspenen bat emateko edo. Zaragozara iristean waliak aliantzak aldatu zituen eta ez zion Karlomagnori sartzen utzi eta hau, inbasio bat kostu altua izango zuelakoan buelta eman zuen bere erreinurantz. Iruña suntsitu egin zuen, Banu Qasi-en aliatua omen zelako, eta Orreagatik pasatzean, baskoiek eraso egin zioten Karlomagnoren ejertzitoaren erretagoardia suntsituz eta bere iloba Roldan hilez. Guda honen bidez frankoen aurrean independentzia aldarrikatzea izan zen ondorioa.

Nafarroako Erresuma

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Erresuma»

Frankoen kontra instituzio sendo bat sortzearren, Iruñako baskoiak eta Banu Qasi aliatuak, Iñigo edo Eneko Aritza izeneko erregea ezarri zuten Iruñako Erresumarako. Errege hori, nafarren lehenengo erregea, Iñigo Ximenez baskoiaren eta Onecca Banu Qasiarren alabaren semea zen. Erresuma hau Nafar estatu primitibotzat jo daiteke, nafarren antolaketa politiko bezala. Iruñeko Erresuma lehenik eta Nafarroako Erresuma geroago, hainbat dinastia ezberdinez izan zen gobernatua. 824 eta 905 urte bitartean Aritza dinastiak gobernatu zuen; 905 eta 1234 bitartean Semeno leinuak; azkenik 1234tik erresumaren desagerpen arte Xanpaina leinua izan zen erresumaren buru.

Nafarroako Erresumaren dinastia garrantzitsuena Semeno leinua izan zen. Garai hauetan, Nafarroako Erresuma bere gorenera heldu zen Antso III.a errege zela (1000-1035), euskal lurralde guztiak bere baitan hartuz eta, Penintsulan iparraldean, Leon zen, Nafarroaz gain, erresuma bakarra. Euskal erresuma horretan sartzen ziren Gaztela, Aragoi, Sobrarbe eta Ribagorza. Hortik aurrera, erresumak lurrak galdu zituen, lehendabizi Antso III.aren semeek erresuma beraien artean banatu zutelako, Gaztelako, Aragoiko eta Iruñeko erresumetan. Harrezkero, Gaztelako erregeek areagotu egin zuten Nafarroako lurren gaineko gutizia, eta 1200ean Gaztelaren tropek Gipuzkoa, Araba eta Durango okupatu zituzten, Araban 1332an berretsitakoa. 1212an Semeno leinuko azken erregeak, Antso VII.ak, Navas de Tolosako guduan parte hartu zuen eta, ustez, handik ekarri zituen Nafarroako kateak.

Nafarroako Gerra Zibila

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Gerra Zibila» eta «Nafarroako konkista»

Azken dinastia Frantziatik etorri zen, azken errege nafarra hilda, hainbat lurralde zituzten Frantzian ere eta erresumaren gobernua pixka bat ahaztu zuten. Erresumaren dekadentzia etengabea da, bere barnean gertatzen diren hainbat eta hainbat zatiketengatik, 1441an gerra zibila izan zen. Gerraren arrazoiak nobleen arteko borrokak dira, Joanes II.a Aragoiko erregeak Nafarroako erresuma beretzat hartu zuenean, bere seme Karlos Vianako printzeari utzi ordez testamentuan zioen bezala. Bi bando sortu ziren gerran, beaumondarrak eta agramondarrrak lehenengoak Gaztelaren laguntzarekin eta bigarrenak Aragoienarekin. Gerrak Karlos printzea hil arte iraun zuen eta Nafarroaren egoera txarra Gaztelak eta Aragoik aprobetxatu zuten 1512an Nafarroako konkistari ekiteko. Urte berean Frantziatik birkonkistari ekin zioten baina ez zen lortu, diplomaziaren eskutik ere ez. Fernando Katolikoak Nafarroako foruei zin egin zien eta Iruñan eta beste hainbat tokitan bezala beaumondarren gehiengoak, Nafarroako gorteetan, Fernando Nafarroako errege izendatu zuten. Nafarroako erresumak Nafarroa Beherean jarraitu zuen Joanes Labritekoa erregea zelarik

Aro Modernoa

XIX. mendean Gerra Karlistak izan ziren Nafarroako aro modernoa eta ondorengo garaiak ere markatu zituzten gertakari garrantzitsuenak, heriotzak eta gaixotasunak eraginez, gizartea bananduz eta Karlismoa probintzian sakon errotuz.

Euskal Pizkundearen garaian, Nafarroan XIX. mendeko azken laurdenean Nafarroako Euskara Elkargoa sortu zuten, Arturo Kanpion eta bertze euskaltzale eta foruzale batzuen eskutik. Urte horietan ere Julian Gaiarre tenorra munduan nabarmendu zen.

Bertzela, abertzaletasunaren hastapenak 1910eko hamarkadan izan ziren, EAJk Napar Buru Batzar sortu zutenean. Garai hartakoa "Napartarra" izeneko aldizkari elebiduna izan zen (1911-1919). Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian beste argitalpen bat atera zuten, ordea, "Amayur" izenekoa 1931tik 1936 arte.

Garai hartakoa Lizarrako Estatutua (Estatuto Vasco-Navarro) azpimarratzekoa da, Hego Euskal Herriko lau probintzietarako diseinaturikoa. 1931ko ekainetik 1932ko urtarril arte hainbat egitasmo eta bozketa egin zuten, aldeko botoak nagusi zirelarik. Azkenean, biltzar orokorra egin zuten Iruñean 1932ko ekainean eta bertan ika-mika handiak gertatu ziren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aldeko botoek gehiengo absolutua lortuz baina Nafarroan aurkako botoak ofizialki nagusitu ziren (%53/%38.7), urte batzuk geroago Jose Maria Jimeno Juriok eta beste hainbatek irregulartasunak salatu zituzten arren.

Gerrate Zibila pizturik, probintzia kolpisten alde egin zuen hasiera-hasieratik. Horrek Errepublikaren aldekoentzat ekarri zuen errepresio handia. Bertzeak bertze, Erriberako herriak diren Sartaguda, Lodosa eta Mendabian gertaturiko sarraskiak aipatzekoak dira. Frankismoarekin batera, gizarte nafarrean errotu egin zen 1928an sortutako Opus Dei erakundea, ondorengo hamarkadetan Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Klinika Unibertsitarioa sortuz.

Bertzela, gerratea baino lehen, Ernest Hemingwayk Iruñera etorri zen eta bertatik bertara Sanferminak ezagutu zituen, ondoren mundu mailan ezagunaraziz.

Aro Garaikidea

Espainiako Trantsizio Demokratikoa delakoaren hasieran, bi gertaera nagusik astindu zuten nafar gizartea: Alde batetik Jurramendiko gertakari odoltsuak, 1976ko maiatzaren 9an, ultraeskuindar talde batek karlista erromesak eraso zituztenekoa; eta bestetik poliziak German Rodriguez gaztea hil izanak, 1978ko San Ferminetan. Hortik aitzina, ETAk atentatuak egin zituen behin baino gehiagotan probintzian, 1980ko hamarkadan bereziki. Nafarroako Gobernuari dagokionez, UPNren nagusitasuna argia izan da azken urteotan, eta Miguel Sanzena izan da orain arteko agintaldirik luzeena. 1986an, PSNren lehenengo agintaldian, Euskararen Foru Legea ezarri zuten: euskararen ofizialtasuna probintziaren iparraldean soilik aitortu da, erdialdean erdizka, eta hegoaldean ukatu.

Kulturaren arloan, Maria Bayo opera abeslariaren ibilbideak nazioartean oihartzun handia izan du. Eta kirol arloan, azkenik, Miguel Indurainen jarduera oso nabarmena izan zen 1990eko hamarkadan, orduan munduko txirrindularirik hoberena baitzen.

Erreferentziak

  1. a b c d e Historia de Navarra II. El Neolítico
  2. URZAINQUI, TOMAS. "Navarra, sin fronteras impuestas". Pamiela
  3. Merindadeak. Nafarroako historiako gaiak Bigarren Hezkuntzarako

Ikus, gainera

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa