Nastassja Kinski
Nastassja Kinski alemaniar antzezlea (Mendebaldeko Berlin, 1962ko urtarrilaren 24a).
Biografia [aldatu]
Klaus Kinski antzezlearen eta Ruth Brigitte idazlearen alaba. Gorabehera handiko karrera egin du. Hamahiru urte zituela egin zuen debuta zineman, Wim Wenders zuzendariaren aginduetara. Harrezkero, zenbait filmetan parte hartu zuen, baina Roman Polanskiren zuzendaritzapean 1970ean egin zuen filmak ezagutarazi zuen: Tess. Film hartan egindako lanarengatik, Urrezko Globoa eta Frantziako Cesar saria irabazi zituen. Estatu Batuetara deitu zuten Ragtime filmean parte hartzera, baina azkenean ez zuten onartu, alemaniar azentu nabarmena zuela eta. Gero, antzerki-ikastaroak egin zituen Lee Strasbergen Actor's Studion. 1982an, beste film batean hartu zuen parte, beldurrezko film klasiko bihurtu den Cat people filmean, hain zuzen, Jaques Tourneurren gidaritzapean. Urte hartan bertan, trapezista baten papera jokatu zuen One From the Heart filmean, Francis Ford Coppolaren esanetara. Nastassja Kinskiren karrerak aurrera jarraitu zuen, Europan eta Estatu Batuetan, baina gorabehera handiekin. 1984an, Win Wendersekin elkartu zen berriro arrakasta handiko film baterako: Paris-Texas. 1985ean, Revolution egin zuen, Donald Sutherland eta Al Pacinorekin. 90eko hamarkadan, aipagarriak ditu Faraway, So Close! (1993 ), Terminal Velocity (1994) eta One Night Stand (1997). Azkenaldiko lanik onenak Michael Winterbottom —The Claim (2000)— eta David Lynch —Inland Empire (2006)— zuzendariekin egin ditu.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.