Natterer saguzar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Natterer saguzar
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaVespertilionidae
GeneroaMyotis
Espeziea Myotis nattereri
(Kuhl, 1817)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,268 m
Eguneko zikloagaueko

Natterer saguzarra (Myotis nattereri) Europan topa dezakegun saguzar espeziea da[1]. Izena Johann Natterer austriar naturalista eta esploratzailetik datorkio.

Mendebaldeko Europatik erdialdeko Asiaraino hedaturik dagoen saguzar espezie txiki hau afera taxonomiko baten barruan dago egun. 2006an plazaraturiko ikerketa baten arabera, Iberiar penintsulako ustezko M. nattereriak genetikoki Europako gainerakoengandik aldendurik daudela ikusi da[2]. Euskal Herrian aurki daitekeen M. nattereria, ordea, ez da Iberiar penintsulako gainerakoen modukoa eta Europa osoko azterketa filogeografiko zabalak egin bitartean, Europa iparraldean aurki daitekeen betiko taxonaren barruan mantenduko dugu.

Deskribapena

Belarri nahiko handiak dituen saguzar txikia da. Euskal Herrian aurkitzen diren helduek 6,4 eta 8,5 gramo bitarteko pisua dute eta besaurrearen luzera 35,6 eta 41,9 mm bitartekoa da. Belarriak zabalduta muturra baino luzeagoak dira, eta muxarradura bat dute belarrietan. Eskotadura hau, ordea, Myotis emarginatus espeziearena baino txikiagoa da. Tragoa puntazorrotza da, gainerako generokideen antzera. Espoloia uropatagioaren ertzaren erdiraino iristen da, eta mintzaren ertzaren beste erdia ile motz eta sendoz estalirik dago. Tibiatan ez zaie ilerik hazten.

Ilajea gris-arrea da, sabelaldea bizkarraldea baino argiagoa. Bien arteko kontrastea oso nabarmena da. Ileek bi kolore dituzte. Goialdean gris-arreak dira eta oinarri iluna dute. Azpialdean, berriz, oinarria iluna den arren, punta zurixka dute. Begien inguruan ez dute ilerik izaten. Gazteak helduak baino askoz ere ilunagoak izan ohi dira eta ez dago dimorfismo sexualik.

Banaketa

M. nattereri espeziea Europa mendebaldea eta Afrika iparraldetik Turkmenistan eta Iraneraino hedaturik dagoen espeziea da. Iparraldean 63º-ko paraleloraino aurki daitezke eta hegoaldeko muga Saharako basamortuak ezartzen du[2][3].

Izendatzeke dagoen eta Iberiar penintsula iparraldeko mendietan aurkitzen den espeziearen hedadura aipaturiko mendiguneetara mugatzen da. Lekuotan 1.000 metrotik gorako altueran bizi ohi da. Euskal Herrian, Raneroko haitzetan, Jorrioseko mendigunean, Aulestiko haitzetan, Urkiolan eta Lekeition aurkitu izan da. Gorbeia mendian eta Aralarren ikusi izana ere aipatu da[4].

Habitata

Euskal Herriko izendatu gabeko Myotis hauek, basoetako saguzarrak dira eta zuhaitzak erabiltzen dituzte, batez ere, beren koloniak ezartzeko. Hostaila handiko hostoerorkorren basoetan aurkitu dira, batez ere, eta udan salbu, gainerako urtaroetan altuera handian dauden inguruneak hautatzen dituzte[5].

Elikadura

Iberiar penintsulan daturik bildu ez den arren, Europako M. nattererien antzeko elikadura-ohiturak dituztela pentsatzen da. Landare edo substratuaren gainean geldirik dauden intsektuak harrapatuz elikatzen da, gleaning izeneko teknikaren bitartez. Landaredia eta lurzorutik oso gertu hegan egiten du normalean. Hala ere, hegan ehizatzen ere ikusi da[6].

Dietaren konposaketa aldakorra da elikagai-eskuragarritasunaren arabera, baina dipteroak, trikopteroak, koleopteroak, lepidopteroak eta araknidoak dira talderik garrantzitsuenak.

Ugalketa eta ontogenia

Kumatze-koloniak, batez ere, emeek osatuta egon ohi dira[4]. Ernaldiak hilabete eta erdiko luzera izaten du. Europako M. nattererietan, hala ere, negu guztian emeak arraren esperma gordetzeko ahalmena duela behatu da, ernalketa udaberrian emanaz. Kume bakarra jaio ohi da udaberriko azken egunetan edo udako lehenengoetan eta edoskitzaroa 50-60 egunekoa izan ohi da.

Europako Natterer saguzarren bizi-luzetasuna 20 urteraino luza daiteke, nahiz eta 16 urteko muga gainditzea zaila den[7].

Bizimodua

Natterer saguzarrak maniobrabilitate handia du abiadura moteletan eta bost metrotik beherako altueratan egin ohi du hegan[8].

Saguzar honen ultrasoinuak gainerako generokideetatik bereiztea oso zaila da. Seinalearen intentsitatea nahiko baxua da eta frekuentzia modulatuko bilaketa-seinaleak 135 kHz-rainoko anplitudea dute. Pultsuak zein tarteak oso motzak dira, batez ere landareditik gertu (< 1m) hegan egiten dutenean. Intentsitate maximoa, aldakorra den arren, 40 eta 50 kHz inguruan aurkitu ohi da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez da beste animalia baten ohiko harrapakina, baina hontz zuriaren (Tyto alba) egagropiletan saguzarraren arrastoak aurkitu izan dira.

Kontserbazioa

Euskal Herrian Natterer saguzarra ez da oso arrunta eta bere populazioen tamaina ere urria dela dirudi. Europan, populazioen murriztea eman da azken urteotan, batik bat Alemanian eta Herbehereetan.

Espezie honen mehatxu nagusien artean bioziden erabilera (Natterer saguzarraren babeslekuetan zein nekazal eskualdetan), babeslekuen galera, eraikinen birmoldaketak, pasaiaren eraldaketak, espeleoturismoa eta baso-suteak daude.

Erreferentziak

  1. Parsons, S.; Jones, G.. (2000). «Acoustic identification of twelve species of echolocating bat by discriminant function analysis and artificial neural networks» J Exp Biol. (203): 2641-2656. PMID 10934005..
  2. a b Ibáñez, C., García-Mudarra, J., Ruedi, M., Stedelman, B., Juste, J.. (2006). «The Iberian contribution to cryptic diversity in European bats» Acta Chiropterologica 8 (2): 277-297..
  3. Topál, G.. (2001). Myotis nattereri (Kuhl, 1818) – Fransenfledermaus. in: Handbuch der Säugetiere Europas. Wiesbaden: Aula Verlag.
  4. a b Balcells, E.. (1956). «Estudio Biológico y Biométrico de Myotis nattereri (Chir. Vespertilionidae)» Publicaciones del Instituto de Biología aplicada (23): 37-81..
  5. Aiharza JR. (2001). Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Bilbo: EHU.
  6. Siemers, B. M., Schnitzler, H. U.. (2000). «Natterer's bat (Myotis nattereri Kuhl, 1818) hawks for prey close to vegetation using echolocation signals of very road bandwidth» Behav. Ecol. Sociobiol. (47): 400-412..
  7. Roberts, G.M., Hutson, A. M.. (1993). Natterer's bat Myotis nattereri. Londres: BCT.
  8. Blanco JC. (1998). Mamíferos de España. Bartzelona: Planeta.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Natterer saguzar Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Myotis_nattereri