Navas de Tolosako gudua
| Navas de Tolosako gudua | |||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Errekonkista | |||||||
Van Halen: "Batalla de Las Navas de Tolosa", Espainiako Senatua (Madril). Olioa |
|||||||
|
|||||||
| Gudulariak | |||||||
| Buruzagiak | |||||||
| Indarrak | |||||||
| 70.000 | 125.000 | ||||||
| Galerak | |||||||
| 2.000 | 90.000 | ||||||
Navas de Tolosako gudua, arabierazko historiografian Al-Uqab gudua (معركة العقاب), Jaengo Navas de Tolosan 1212ko uztailaren 16an eginiko gudua. Kristauen garaipenak Gaztelako lurrak Iberiar Penintsulako hegoalderantz zabaltzea ekarri zuen.
Eduki-taula |
Aurretikoak [aldatu]
Bataila Alfontso VIII.a Gaztelakoa, Toledoko artzapezpikua zen Rodrigo Ximenez eta Inozentzio III.a aita santuak XII. mendetatik Al-Andalus kontrolpean zuten almohade musulmanean aurkako eginiko gurutzadak bultzatua izan zen.
1195ean Alarcosko gudua galdu ondoren musulmanek muga Toledoko mendietan kokatu eta Toledo eta Tajo ibaiaren ibarra mehatxatu zituzten.
Alfontso VIII.ak almohadeek espedizio berria prestatzen ari zirela jakinda, Aita Santuaren bitartez penintsulako erresuma kristau guztiak aliatu eta tregoa batzuk bukatu eta gero Muhammad An-Nasir kalifak berak zuzendutako armadaren aurkako borroka handia prestatu zuen.
Armadak [aldatu]
Kristauen armada [aldatu]
Hauek dira kristauen armadaren parte-hartzaileak:
- Alfontso VIII.a Gaztelakoak zuzendutako gudaroste gaztelarrak, 20 hirietatik etorritakoak, tartean Medina del Campo, Madril, Soria, Palentzia, Almazán, Medinaceli, Béjar eta San Esteban de Gormaz. Guztira 50.000 lagun inguru ziren. Banderaduna Bizkaiko jauna zen Haroko Diego Lopez II.a zen eta hauekin batera 500 infantzoi bizkaitar zeuden. Hau Martin Halaja izeneko bertoko artzainekin batera Losa mendatea igo eta Sierra Morena zeharkatzeko bidea erakutsi zien kristauei.
- Antso VII.a Nafarroakoa, Piarres II.a Aragoikoa eta Alfontso II.a Portugalgoak 20.000 lagun bidali zituzten, gehienak aragoarrak. Portugalgo erregeak ez zuen batailan parte hartu, besteek bai.
- Santiago, Calatrava, Tenplu eta Malta ordenek bidalitako gudarosteak.
- Pirinioez bestaldetik joandako gurutzatuak, gehienak frantziarrak. Inozentzio III.ak deitutakoak 30.000 lagun inguru baziren ere, hauetako askok ez zuten guduan parte hartu. Parte-hartzaileen artean Narbonne, Bordele eta Nantesko gotzainak zeuden.
- Leongo Erresumako erregea zen Alfontso IX.ak ez zuen guduan parte hartu. Aldiz, Gaztelako Erresumako gotorleku batzuk erasotzeko parada aprobetxatu zuen. Hala ere, zenbait leondar zaldun joan ziren.
Armada Toledon 1212ko udan bildu eta hegoalderantz jo zuen. Malagón hartu eta gero, Pirinioez bestaldetik joandako gurutzatuek ihes egin zuten Alfontso VIII.ak hartutako erabakiekin bat ez zetozelako eta beroa zela eta. Calatrava la Vieja hartu zutenean, berriro izan zituzten liskarrak Alfontso eta frantziarrek: Alfontso VIII.ak galtzaileekiko jarrera gizabidetsu azaltzea erabaki bazuen ere, gurutzatuek lapurreta eta erailketei ekin zizkien Malagónen. Lehen ere, frantziarrek Toledoko judutegia eraso zuten.
30.000 frantziarrek alde egiteak (Narbonneko gotzainak gidatutako 150 Languedoceko zaldun baino ez ziren geratu) armada murriztu bazuten ere, 70.000 lagunek osatu zuten inoiz eskualde hartan ikusitako armada handienetariko bat. Calatrava la Vieja hartu ondoren, Antso VII.a Nafarroakoak zuzendutako 200 zaldun nafarrak agertu ziren.
Musulmanen armada [aldatu]
Armada kristauan handia izanda, Muhammad An-Nasir almohadeen kalifak zuzendutakoa handiagoa zen. Kristauen kronikek 300.000 eta 400.000 lagunen artean osaturiko armada zela esan bazuten ere, 120.000 zirela uste dute gaur egungo historialariek. Hona hemen parte-hartzaileak:
- Atlas mendietan errekrutatutako infanteria arina zen abangoardia.
- Al-Andalusetik etorritako borondatezko oinezkoek bigarren lerroa osatzen zuten.
- Almohadeen armada bera, afrikar zaldunak bere hegaletan zituela. Gehienak Afrikako ipar-ekialdetik etorritakoak baziren ere, Arabiar mundu guztietatik jihadek deitutako bolondresak ere bazeuden.
- Agzaz izeneko arkulari turkiarrak, Libian harrapatutako mertzenarioak zirenak.
- Senegaletik etorritako Goardia Beltza (edo imesebelen). Hauek katez eta hesolez lotuta zeuden kalifaren denda inguruan, Antso VII.a Nafarrokoak bere armarrientzako ekarriko zituen kateak berak.
Gudua [aldatu]
Kristauak 1212ko uztailaren 13an, barikua, Navas de Tolosara heldu ziren, Santa Elenatik gertu. Zapatua eta domekan liskar txikiak egin zituzten. Uztailaren 16an eraso zuten.
Kristauen bigarren lerroa Nuñez Larakoak gidatutako gaztelarrek eta ordenak erdigunean, nafarrek eta Ávila, Segovia eta Medina del Campo gudarosteek eskuinaldean eta aragoarrek ezkerraldean osatua zen. Lehenengo lerroa Haroko Diego Lopez II.ak zuzendua zen. Almohadeek Alarcosko guduan erabilitako taktika bera erabili zuten: abangoardiako bolondres eta arkulariak atzera eman, elite soldaduen kontraerasoa eta zaldunek hegaletatik inguratuz.
Kristauen lehenengo lerroak ezin eutsi eta bigarrena laguntzera etorri zen. Hildako asko izan bazituzten ere, Haroko Diego Lopez II.a, bere semea zen Haroko Lope Diaz II.a, Nuñez Larakoa eta ordenek zutik zirauten. Orduan, kristauen erregeek azken lerroa erabiliz karga bat egin eta hegalekoek zaldunei eraso zieten.
Geroko iturrien arabera, Antso VII.a Nafarrokoak, bere hegalean soldadutza borrokatzeari ekin ziola aprobetxatuz, Al-Nasir zegoen lekurantz jo zuen. Berarekin zeramatzan berrehun zaldun nafarrek, bere hegaleko beste lagunekin batera, azken defentsa hartu zuten mendean: imesebelena. Nafarrek hauen kateak apurtzeko lehendabizikoak zirenez, Antsoak kateak eraman zituen Nafarroako armarria jartzeko asmotan[1].
Muhammad An-Nasirren kanpamenduan egindako sarraskia latza zen. Islamiar arkulariek ezin zuten zalditeria astuna gelditu eta denek bere kabuz bilatu zuten ihes egiteko bidea, tartean kalifak berak.
An-Nasirrek Jaénera presaka ihes egin zuenez gero, kristauek gerrako harrapakin handian lortu zuten.
Ondorioak [aldatu]
Guda honen ondoren, Iberiar penintsulan musulmanek izandako boterea gain behera etorri zen. Hurrengo berrogei urteetan, kristauek berreskuratu zituzten hegoaldeko eskualde asko. Gudua eta gero Baeza hartu arren, almohadeek laster berreskuratu zuten. Garaipenaren eraginkortasuna handiagoa izango litzateke 1225 arte gosete handia izan ez balitz.
Calatravako ordenaren zaldunek Almagrotik gertu dagoen Calatrava la Nuevako gaztelua eraiki zuten 1213 eta 1217 artean galtzaileak erabiliz.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Hau Ambrosio Huitzik 1912an dudatan jarria zen, Iñaki Iriartek esanda Saltus y Ager Vasconum. Cultura y política en Navarra (1870-1960) bere liburuan online
Bibliografia [aldatu]
- María Dolores Rosado eta Manuel Gabriel López: "La batalla de las Navas de Tolosa : historia y mito" , Jaén: Caja Rural, 2001, ISBN 84-699-6793-2
- Juan Carlos Losada: "Batallas decisivas de la Historia de España", Punto de Lectura, 2004.
- Ambrosio Huitzi: "Las grandes batallas de la reconquista durante las invasiones africanas". (2000) Granadako Unibertsitatea ISBN 84-338-2659-X
Kanpo loturak [aldatu]
- (Ingelesez) Britannica Online Encyclopedia
- (Gaztelaniaz) La Batalla de Las Navas de Tolosa
