Nawal el Saadawi

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 22:30, 21 apirila 2015
Nawal el Saadawiren erretratua

Nawal El Saadawi (arabieraz: نوال السعداوى‎, Kafr Tahla, 1931ko urriaren 27a) egiptoar idazle feminista da.

Biografia

Txikitatik izan zuen idazteko zaletasuna eta trebetasuna, eta feminismoaren alde erabili du gaitasun hori. 1971n, Emakumeak eta Sexualitatea ikerketa ospetsuaren ondorioz, bere lan guztiak debekatu egin zituzten Egipton, eta Osasun-zerbitzuko zuzendari orokorraren kargua kendu zioten. Baina horrek ez zuen kikildu, eta Emakumeen Elkartasunaren Taldean bildu zuen emakumeen aldeko mugimendua. Horren ondorioz, 1981ean espetxeratu egin zuten, eta handik gutxira ihes egin behar izan zuen Egiptotik Londresa. Idatzi dituen eleberrien artean, The fall of the imam (1987) eta God Dies by the Nile ditu lan nagusietako bi. Bi lan horietan, emakume musulmanek bizi dituzten desberdintasun-egoerak ageri dira. Bere lan ezagunena Searching(1968) da. Lan horretan, Fouadaren istorioa kontatzen du Saadawik: hogeita hamar urte inguruko emakumea, amarekin bizi dena eta kimikari gisa lan egiten duena; egun batean, bere maitale Farid hitzordura ez baita ageri, mundua desegiten zaio bat-batean, eta, erotuta, gizon maitatuaren bila hasten da Kairoko kaleetan; Fouadak barruranzko bilaketa egiten du, ordea, eta emakume izateagatik bizi izan dituen egoera tamalgarriak erakusten dizkie irakurleei.

1979-1980 urteetan, Nazio Batuen Erakundeko aholkulari izan zen Emakumea Afrikan eta Ekialde Hurbilean programan.

1981ean, Saadawi espetxeratua izan zen Anwar al-Sadat lehendakariaren Jerusalemgo Bake Hitzarmenarekin ados ez egoteagatik. Hurrengo urtean utzi zuten aske, Anwar al-Sadaten hilketatik hilabetera.

1991n, islamisten heriotza-mehatxuak izan ondoren, Estatu Batuetara erbesteratu zen, non Washingtoneko Unibertsitateko irakasle izan baitzen. 1996. urtean itzuli zen Egiptora, eta bertan emakumeen eskubideen aldeko bere aktibismoarekin jarraitzen du, batez ere, bere obra idatziarekin.

2003an, Kataluniako gobernuak saritu zuen Internacional Catalunya sariarekin; kulturan, zientzian edo gizarte-gaietan ekarpen handia egin duten pertsonak saritzen dira sari honekin.

2004an, Europako Kontseiluak North-South saria eman zion. Giza-eskubideak eta hegoa eta iparraren arteko elkartasuna eta lankidetza sustatzen dituzten pertsonei ematen zaie sari hau.

Erreferentziak