Necmettin Erbakan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Necmettin Erbakan.

Necmettin Erbakan (Sinop, Turkia, 1926 - Ankara, Turkia, 2011) politikaria izan zen. Turkiako lehen ministro izan zen 1996-1997 urte bitartean. Erbakan izan zen 1923an Errepublika aldarrikatu zenetik Turkian agintzen zuen lehenengo musulmana.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istanbulgo Unibertsitate Teknikoan ikasi zuen, eta bertako irakasle izan zen. 1952. urtean doktore egin zen Ingeniaritza mekanikoan Akisgrango (Alemania) Unibertsitatean. 1969an irakaskuntzaren mundua utzi zuen Legebiltzarreko kide hautatu zutenean Konyako hautagai independente gisa. Handik urtebetera Ordena Nazionalaren Alderdia sortu zuen. 1971n lege martziala adierazi zenean, gobernuak Ordena Nazionalaren Alderdia deuseztatzea agindu zuen, alderdi hark erlijioa helburu politikoetarako erabiltzen baitzuen gobernuaren arabera. 1972an Salbazio Nazionalaren Alderdia sortu zuen. Alderdi horretako kide gisa Lehen Ministrorde izan zen hiru gobernualditan (1973-1978). Estatu-kolpe militarraren ondoren Erbakanaren alderdia deuseztatzea agindu zen 1980an, ibilaldi bat antolatu zuelako islamiar legea ezartzearen alde; hamar urtez politikatik kanpo egon behar izan zuen. 1987an Ongizatearen Alderdiko buruzagi izan zen. 1995eko hauteskundeetan Turkiako alderdi nagusia izan zen. Oposizioko alderdiak saiatu ziren Erbakan aginpidetik kentzen, Erbakanak Turkiako gobernu laikoaren ordez ordena soziala islamiarra ezarriko ote zuen beldur baitziren. Hala, 1997an dimititu egin behar izan zuen gudarostearen presioak zirela-eta. 1998an Erbakan bost urtez politikatik kanpo egotera kondenatu zuten, Estatu laikoaren kontra egiteagatik.

Erbakanen jarduera politikoak askotan debekatuta egon arren, Fazilet Partisi (Bertutearen Alderdia) sortzen lagundu zuen 1997. urtean. Erbakan Bertutearen Alderdiaren lehendakari izan zen 2003-2004 urteetan, eta berriro ere, 2010. urtetik bere heriotza arte (2011). 2001. urtean, Bertutearen Alderdia konstituzioaren aurkakotzat jo zen, eta geroago debekatua izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Necmettin Erbakan Aldatu lotura Wikidatan