Neskatan-mutiletan egin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Édouard Maneten margolan honetan, gizonak emakumearengana egiten duen hurbilketa fisikoa (ikus gizonaren ezkerreko besoa) ohiko jokabidea da ligatzean edo neskatan egitean.

Neskatan edo mutiletan egitea, aritzea nahiz ibiltzea[1] —edo, gaztelaniazko hitza mailegatuz, ligatzeapertsona batek beste pertsona baten arreta eta interesa pizteko egiten duen komunikazio-jarduera da, gehienetan ondoren sexu harreman bat hasteari begira. Jarduera horretan, hainbat eratako ekintzak egiten dira, hala nola: begiradak, irribarreak, ukipen fisiko arinak eta hizketak, eta erakarri nahi den pertsonaren aurrean atsegin agertzeko bestelako saiakera eta ahaleginak. Gaztetako jarduera izan ohi bada ere, adin guztietako pertsonei ere aplikatzen zaie esapidea, lagunarteko hizkeran, neska eta mutil hitzak gorabehera. Maila formalago batean, gorte egitea esapidea erabiltzen da.

Ligatzea, harreman arrunt batetik sexu-harreman baterako prozesu moduan, harreman arruntetan onartzen diren kodeekin jokatzen du, baina mugaraino eramanez. Adibidez, oro har kultura gehienetan onartzen da beste pertsona begietara zuzen begiratzea, baina ligatzean ohikoa da pertsona horrekiko interesa dagoela erakusteko begirada luzez mantentzea. Gerturatze fisikoak ere harreman arrunt batean onartzen diren mugaraino eramaten dira, ligatzeko asmoa garbi erakutsi nahian. Kasu batzuetan, ligatu nahi duen pertsonak sexu-askatasunaren printzipioa errespetatu ez eta muga hauek indarrez gainditzen ditu, beste pertsonaren onespenik gabe; kasu horietan, sexu jazarpena gertatzen da eta biktimak bere asmoak eta nahiak argi utzi, harremana eten eta, beharrezko izango balitz, salaketa jarri behar du.

Historian zehar ligatzea oso jarduera mugatua izan da, erlijioak sorrarazitako sexu-tabuak direla eta batez ere, baina egungo gizarte modernoetan gogoz eta normaltasunez burutzen den jarduera da. Jaiak, taberna eta diskotekak, hondartzak, ikastetxeak eta lantokiak jendeak elkar ezagutu eta ligatzeko ohiko guneak dira. Interneten garapenak ligatzeko aukera zabalak eskaintzen dituen tresna ere bada, sare sozialen bitartez esaterako.

Helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neskatan edo mutiletan ibiltzearen helburuak anitz izan daitezke. Pertsona batzuk amodiozko harreman finko eta sendo baten hasiera moduan ekiten dio pertsona batek neskatan edo mutiletan ibiltzeari. Beste batzuek epe laburreko sexu harreman bat bilatzen dute neskatan edo mutiletan aritzen direnean, kasu askotan ligatzeko prozesuan asmo hori garbi adierazten ez badute ere. Neskatan edo mutiletan ibiltzea bera ere izan daiteke helburua, jolas erromantiko moduan, zirrara bilatu nahian edo libertitzeko besterik ez. Ligatzearen helburuen aniztasunak ligatze terminoaren polisemia dakar. "Ligatu al duzu?" galdetzean, batek ez daki pertsonen arteko erakarmen jokoetan jardun edo sexu harreman bat burutzera heldu den galdetzen dioten.

Neskatan edo mutiletan ibiltzeko jokabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ligatzen hasteko, begirada luze eta arretatsuak egiten dira askotan.
Ligatzean, pertsonak arretatsuak dira eta denetariko mesedeak egiteko prest agertzen dira. Francisco de Goyaren El quitasol margolanean, mutilak eutsi egiten dio guardasola neskari. Egun jokabide hau zaharkitu eta ridikulutzat jotzen bada ere, arruntak dira antzeko jokabideak.

Sexu-harreman baterako proposamen zuzenaren aurkakoa da neskatan edo mutiletan ibiltzea. Ligatzean pertona batek beste pertsona batekiko duen sexu-interesa edo asmoa agertu eta gauzatu nahi du gehienetan, baina ligatzea ez da zuzenean pertsona batengana inguratu eta "Nirekin oheratu nahi al duzu?" bat-batean galdetzea. Sexualitatea arau, konbentzio eta errituz osaturiko jarduera izaten denez, gehienetan pertsonek arau hauen arabera jokatzen dute, baina mugaraino eramanez, ligatzeko pauso bakoitzean beste pertsonek ordura arteko harreman arrunta gainditzea onartzen duten egiaztatu arte. Horrela, ligatzea pausoz pauso burutzen den prozesua dela nabarmendu behar da, non ligatu nahi duen pertsonak bere kidearekin harreman estuagoa lortzen joaten den. Azken helburu edo asmoen aurrean, onarpen eta ukapenak, baiezko eta ezezkoak erakusten dituen jokoa ere badela nabarmendu da, ligatu nahi duen pertsonari beste pertsonak une jakin batean ematen dion ukapenak pertsona harenganako desira areagotu egiten baitu [2].

Batzuetan, ordea, arau sozialekiko gehiegizko begiruneak ligatzea bera oztopatu egiten dute, ligatu nahi duen pertsonak "maskara soziala" jantzi, bere asmoak ezkutatu eta bere kideak ligatzeko seinaleak hartzen ez dituelako. Ausardia eta aisetasuna ere, beraz, beharrezkoak dira ligatzearen arrakastarako. Aitzitik, "maskara soziala" guztiz erantzi eta asmoak argi eta garbi azaltzea bat-batekoa izan daiteke beste kidearentzat eta harremana eten egin dezake, beste pertsona ezagutu gabe bere sexu-gogoa agerian utzi duelako. Beraz, ligatzeak erritmo justua behar duen jarduera, ez azkarregi ez polikiegi. Halaber, ligatzeak arrakastarik ez duela ikusita, ez da gehiago ligatu behar, kideari seinale gehiago bidaliz, baizik eta hobeto [3]. Prozesu osoan zehar, esanahi bikoitza duten hizketetan hastea ere ohikoa da, aldi berean arau sozialak errespetatu eta sexu-iradokizunak eginez; adibidez, "Zure etxera joango al gara?" proposamenak etxera joatea soilik eta sexu-harremana burutzeko etxera joatea adieraz dezake.

Norberak beste batengana erakarmena sortzen (ez) duen jakiteko arrasto zenbait[4]
Beste pertsonak berarenganako erakarmena sentitzen duenean, Beste pertsonak berarenganako erakarmena sentitzen ez duenean,
Begirada bizia eta arretatsua. Sorbalden gainetik inguruetara begiratzen du.
Aurpegia altxatu eta ukitu egiten du, kokots, begi edo buruko ilearen inguruetan. Erantzun laburrak ematen ditu.
Gorputzeko osagarriekin jolasten hasten da (bitxiak, eskumuturrak, ...) Aurrean duten poltsa, edalontzi edo beste objektu bati heltzen diote hesi moduan.
Gorputzak berarengana zuzentzen du. Gorputzak beste norabide baterantz zuzentzen du eta beso bat edo bi besoak gurutzatuta jartzen ditu gorputzaren aurrean.

Ligatzeko pauso guztiak, neskatan edo mutiletan ibiltzen hasi eta sexu-harremana gauzatu arte, hiru alditan sailkatzen dira gizarte modernoetako gazteen artean: hurbilketa, harremana sortzea eta harremanaren burutzapena [5]:

  • hurbilketa, non beste pertsonaren arreta erakartzea izaten da helburu. Horretarako, nork bere burua nabarmendu edo bere lorpenak erakutsi ohi ditu. Dotore jantzita eta apainduta azaltzea ere ohikoa da, gizarte edo talde kulturalak eskatzen dituen parametroei jarraiki. Hurbilketa fasean gainera, hitzezkoak ez diren seinaleak maiz egiten dira, gorputz lengoaia nabarmenduz: begiradak, mugitzeko eta ukitzeko era, usaia eta hizketa-modua aipatu dira ligatzean bereziki zaintzen diren alderdi moduan. Zehatzago, begiradak zuzenak eta normalean baino luzeagoak izaten dira, mugimenduetan ohikoak dira ezpainak maizago bustitzea, norberaren ilea laztandu, ispilu-efektua eta beste pertsonak egiten dituen mugimenduak errepikatzea eta normalean baino barre gehiago egitea. Hizketan, pertsona batek ligatzen duenean gehiago hitz egiten du, arreta handiagoa jartzen dio beste pertsonak esaten duenari eta hizketa bera ere samurragoa izaten da. Proxemika edo beste pertsonarekiko distantzien neurketa ere garrantzitsua da ligatzean: ligatzen duten pertsonak beste pertsonarengana gehiago gerturatzen saiatzen dira eta ukipena bilatzen dute, beti ere egoerak ezartzen dituen mugen barnean.
  • harremana sortu eta garatzea, ligatu nahi den pertsonarekin harreman bat sortzea, hala nola kidearen aurrean adeitsu agertu edo elkarrekin eta bikotea soilik egiteko diren ekintzak egitea, hala nola telefonoz hitz egin, etxera laguntzea, elkarrekin ateratzea eta opariak egitea. Fase honetan amodio erromantikoa nabarmentzen da, libido edo sexu gogoaren gainetik, batzuetan amodio hori itxura hutsa den arren.
  • burutzapena sexu-interesa adierazteko ekintzak burutzen dira, sexu-harremana gauzatu arte. Horretarako, amodio eta sexuari buruz hitz egin, ukipen fisiko arinak egin, sexu-harreman baterako egokia den ekitaldi batera gonbitea egin (gaueko festa batera, esaterako) eta giro erromantikoa bat sortu egin ohi da. Burutzapenean derrigor haustura gertatzen da aurreko jokabideekin. Lagun bikotean noizbait bietako batek jauzi kualitatibo nabarmena egingo du, aurreko adiskide-harremana gainditu eta amodiozko edo sexu harremanerako bidea ari eta garbi zabalduz. Egoera berria eskua hartuz, musu emanez edota deklarazio eta proposamen argi baten bitartez izan daiteke.

Gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak ligatzean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizonezkoek eta emakumezkoek ligatzean seinaleak era ezberdinetan interpretatzen dituztela jaso da. Adibidez, gizonezkoek emakumezkoen adeitasuna ligatu nahi dutelako seinale moduan interpretatzen dute, emakumezkoen aldetik horretarako inongo asmorik ez badago ere [6]. Emakumezkoek jarrera pasiboagoa izaten dutela ere baieztatu da, irudi egokia ematera mugatzen baitira sarri, gizonezkoek batez ere emakume ederrak bilatzen dituztelako edo, beste ikuspuntu batetik, patriarkatuak exijitzen duen rolarekin bat etortzeko [7]. Ildo horretatik, hitzezkoak ez diren seinaleak (begiradak, gorputz lengoaia, apainketa) gizonezkoek baino maizago egiten dituzte. Gizonezkoak zuzenagoak izaten dira, proposamen argiagoak eta harreman saltoak eraginez esaterako; baina matxismozko jokaerari jarraiki egiten dutela aipatu da [8].

Helburuei dagokienean, emakumezkoek ligatzea jolas moduan hartzeko joera handiagoa dutela ere jaso da, mutilek sexu-harremanaren burutzapena bilatzen duten bitartean [9][10]. Kide bat bilatzean baloratzen dituzten ezaugarriei dagokienean, gizonezkoek emakumearen edertasuna bilatzen duten bitartean, emakumezkoek gizon ulerkorrak, nortasun egonkorra dutenak eta baliabide ekonomiko sendoak dituztenak nahiago dituzte. Ezberdintasun hauek ligatzean bertan nabaritzen dira: emakumezkoak gizonezkoaren aurrean eder agertzen saiatzen dira, gizonezkoak gizarte-estatusa nabarmentzen saiatzen diren bitartean, euren lanbidea edo kirol lorpenak goraipatuz, emakumea gonbidatuz, elkarrekin ateratzean gastuak berak ordainduz edota arropa garestiak jantziz, besteak beste[11]. Nolanahi ere, kide bat hautatzerakoan gizonezkoak emakumezkoak baino irekiagoak izan eta emakumezkoek gizonezkoek baino hautespen zorrotzagoa egiten dutela jaso da eta hori azaltzeko eboluzioaren teoriaren inguruko argudioak eman dira [12]. Aldi berean, gizonezkoek sexu harremanera iristeko ligatzeko denbora txikiagoa behar dutela ere jaso da [13].

Modu diskretuan biluztu, gorputz atal ezkutuak edo barruko arropak erakustea ligatzeko jokabide moduan erabili da.
Ligatzean, beste sexuak gehien baloratzen dituen 10 ezaugarriak, ordenaturik[14]
Gizonen ezaugarriak, emakumeen iritziz Emakumeen ezaugarriak, gizonen iritziz
Atsegina. Atsegina.
Sentikorra emakumearen kezka eta arazoei buruz. Ongi apaindua.
Adeitsu eta begirunez jokatzen du. Sentikorra emakumearen kezka eta arazoei buruz.
Ongi apaindua. Adeitsu eta begirunez jokatzen du.
Ahaleginak egiten ditu emakumearekin denbora luzea izateko. Egunero dutxatzen da.
Lagunkoia. Lirain egoteko ahaleginak egiten ditu.
Egunero dutxatzen da. Dibertigarria.
Kirola egiten du, sasoi onean egoteko. Ahaleginak egiten ditu emakumearekin denbora luzea izateko.
Langilea. Jantzi dotoreak ditu.
Jantzi dotoreak ditu. Lagunkoia.

Neskatan ibiltzearen eta sexu jazarpenaren arteko muga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neskatan eta mutiletan ibiltzea eta sexu jazarpena diren beste jokabide batzuk bereizi behar dira. Neskatan edo mutiletan ibiltzean pertsona batek beste baten aldetik estutze, beldurra edo edonolako tratu txarrak (fisikoak zein psikologikoak) jasaten baditu, sexu jazarpena pairatzen ari da eta horren aurka jo behar du, harremana etenaz edo sexu-jazarpen larriaren kasuan, salaketa bat jarriz. Harremanetan zehar azpikeriatan ibiltzea ere, hala nola sexu-harremanak lortzeko gezurretan ibili edo kidea mozkortu edo drogatzea, sexu-jazarpentzat jotzen da[8].

Matxismoak nabarmen eragin du gizonezkoen jokabide okerra ligatzerakoan: kalean emakumeei botatzen zaizkien bestelako ustezko loreak adieraztea emakume batekin harremanetan hasteko keinua baino objektu bihurtu eta erasotzea da. Beste alde batetik, gizonezkoek, jaietan eta mozkortuta daudelako aitzakiaz, ligatzean izan behar diren errespetuzko mugak gainditu izan dituzte askotan, emakumeari musuak eman edo ipurdia ukituz adibidez. Ohikoa da, aldi berean, emakumearen inongo erantzunik gabe bere atzetik etengabe ibiltzen den gizonaren irudi deitoragarria, emakumea gogaitu eta azkenean estutuz. Ligatu ez baizik eta emakumea erasotu egiten duten gizon horiei "baboso" deitu izan zaie[15].

Non ligatzen den[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar estatuan gazteen artean egindako inkesta baten arabera, ligatzeko aisialdi-guneak (jaiak, tabernak, diskotekak, hondartzak) eta lantokia aukeratzen dira gehienetan. Lagun, lagunen lagunak, adiskideak edo ezagunekin maiz ligatzen da. Internet ligatzeko tresna nabarmena ere bada:

Ligatzeko aukeratutako guneak [16] Gazteen portzentajea
Aisialdi guneak (diskotekak, hondartza, jaiak) 77.77
Lagunak eta ezagunak 61.11
Lantokia eta ikastetxea 28.88
Internet 21

Halatan, aisialdi gune zenbaitek ligatzeko aukera jarri dute erreklamo moduan. Adibidez, diskoteka askok pasabide librea ematen die neska gazteei, gizonezkoek nesken atzetik sarrera ordaindu behar duten bitartean. Areago, badira gune turistikoak "sexu erraza" proposatzen dutenak, mutil zein neskak modu masiboak erakartzeko[17], sarri alkoholaren kontsumo masiboarekin batera.

Neskatan eta mutiletan sarean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interneten zabalkundea ligatzeko aukerak zabaldu ditu. Sare sozialek eta txat zerbitzuek pertsonak ezagutu eta horiekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen dute. Ligatzeko modu hauen arriskuak nabarmenak dira, batzuetan beste pertsona bere benetako nortasunari buruzko datu faltsuak ematen baititu, bere asmo txarrak ezkutatuz. Halatan, ezezagun batekin zita bat adostu ondorengo bortxaketa kasuak eta argazki pertsonalak baimenik gabe publiko egin izan direneko kasuak gertatu dira[18]. Dena den, sare sozialak jendeak elkar ezagutu eta amodiozko harremanak ezagutzeko balio izan duela ere egiaztatu da.

Sare sozial hauen alternatiba moduan, ligatu edo harreman erromantikoetan hasi nahi duen jendea harremanetan jartzeko webguneak ere badaude. Izena eman ondoren, pertsonak bere gustuak eta preferentziak azaltzen ditu bilatu nahi duen pertsonari buruz eta kuota baten ordaindu ondoren, zerbitzua kontratatu duten eta norberarekin bat datozen pertsonekin harremanetan jartzeko aukera ematen zaio.

Gertuko ligatzean gorputz-lengoaiak garrantzi handia duen bitartean, sareko ligatzean bestelako ezaugarri bereziak aipatu dira. Sareko anonimotasunak, herabeak diren pertsonak erakartzeaz gainera, ligatzearen esperientzia gertuago bihurtzen du, pertsonek klixe sozialak alde batera utz baititzakete. Itxura fisikoak, argazkien bitartez erakuts daitekeen arren, garrantzia galdu eta mezuak bidaltzean berehalakotasuna eta jatortasuna indartzen dira arrakastaz ligatzeko faktore moduan [11]. Aldi berean, genero ezberdintasunak lausoagoak dira: emakumezkoek ekimen handiagoa erakusten dute, esaterako.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzina, ligatzeko prozesua oso luzea zen. Horretxegatik, amodiozko harremana zabaltzea luzez itxaron eta zirraraz beteriko momentua izaten zen. Irudian, neska batek konortea galtzen du mutilak lehenengo musua ematen dionean.

Egungo ligatzea antzinako gorte egitearen bilakaera besterik ez dela esan daiteke, gorte egiteak zituen erritu eta arau zorrotzak gainditu eta sexuen arteko harreman berezkoagoa sortuz. Europan eta XIX. mende arte, sexu harremanek prozesu bat eskatzen zuten, non neskak mutilari "benetako amodioa" sentitzen ote zuen eta matrimonioa formalizatzeko asmoa benetakoa ote zen frogak eskatzen zizkion, denbora batean zehar erabateko sexu-abstinentzia exijituz. XVIII. mendean emakume maitatuaren etxea aurrean serenatak kantatzeko ohitura zabaldu zen. Garai haietako gizartean emakumea haurdun geratzeak kritika eta bazterketa soziala ekartzen zuela hartu behar da kontuan. Halatan, gorte egiteko lengoaia ezkutuak ere garatu ziren, hazemaileen bitartez esaterako [19], jendaurrean emakumeak eta gizonezkoak komunikatzeko. Gorte egiteko epe hau bukatu, plazaratu eta konpromisoa egiaztatuta, mutilak sexuaren saria har zezakeen.[20]

Euskal Herrian, XX. mendeko bigarren erdialde arte, orduan nagusi zen sexualitate-tabu eta errepresioaren eraginez, gizonezkoek edo emakumezkoek soilik osaturiko lagun taldeetan ibiltzen ziren; horrek beste sexuarekin harremana izatea eragozten zuen, ezin zen neskatan edo mutiletan naturaltasunez egin.[21] Dena den, ligatzearen arrastoak badaude ahozko literatura, Santa sekulan kanta herrikoia esaterako:

Jende danairi jartzen baiozu
Begiratua alaia
Iñoiz edo bein etorriko da
Zuen gustoko galaia.
Guk ezin aprobetxatu badeu
Kertenik gabeko laia,
Ordun zuek ere alper-alperrik
Txilbor azpiko zelaia.

Kasu eder bat gertau zitzaidan

Gazte samarra nintzela

Dama polit bat inguratu zan

Txis eiten ari nintzela.

Nezesidadez kunplitutzeko

Ura tokia etzala

Esan ziraden zeladorian

Alaba zarrena zala.

Inguratuta esan ziraden

Belarriaren ertzera.

Anai txikiya konformidadez

Oso makala etzera.

Iñularrian garai onakin

Baldin etortzen bazera

Nik gonak altxa, zuk prakak jetxi

Biok konponduko gera.

Ligatzearen oinarri biologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles Darwinek asmatutako hautespen naturalari buruzko teoria eta bertan sexu hautespenak duen garrantzia daude ligatzearen oinarrian. Sexu hautespenak bi mekanismo erabiliz gauzatzen da: lehia intrasexuala eta lehia intersexuala, biak ligatzearekin lotutakoak. Lehia intrasexualean, sexu bereko kideek beste sexuko kide egokienaren alde borrokatzen dira eta arren artean gertatzen da batik bat. Lehia intersexualean, berriz, sexu bateko kideak hautespena egiten du beste sexuko kideen artean. Animalien artean lehia intrasexuala askotan indarrez egiten bada ere (adarka eginez adardun animalietan, esaterako), gizakien arteko lehian bestelako jokabideak dira nagusi, animalien artean ere arruntak diren arren: beste sexuko kideak dauden lekuak esploratuz, beste sexuko kideei interes-seinaleak bidaltzea, beste sexuko kideek bilatzen dituzten baliabideak edo ondasunak eskuratuz eta itxura aldatzea. Ligatze jardueran biltzen diren jokabide guztiak, hurbilketa fasekoak batik bat, aurreko lau ataletan sailka daitezke. Beste alde batetik, jokabide horietan bi sexuek dituzten ezberdintasunak animalia ar eta emeen artean ere aurki daitezke: arrek lurralde bat menderatzen ahalegintzen diren moduan, emearentzako baliabideak lor ditzaketela erakusteko, gizonek emakumeari opariak egin eta ondasunen erakuskeria egiten dute askotan[14].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Neska bada erakarri nahi den pertsona, neskatan egitea/aritzea/ibiltzea deritzo jarduerari; mutila bada erakarri nahi dena, berriz, mutiletan egitea/aritzea/ibiltzea.
  2. (Ingelesez)   Simmel, Georg (1984), Georg Simmel: On Women, Sexuality and Love ..
  3. (Gaztelaniaz) 8 Pasos para Flirtear y Coquetear con Mujeres Atractivas, seduce mujeres webgunea, 2010-09-24an kontsultatua.
  4. (Ingelesez) Signs of sexual attraction, The dating Doctor, 2010-10-08an kontsultatua.
  5. (Ingelesez)   Eyre, Stephen; Read, Nancy; Millstein, Susan (1997), «Adolescent sexual strategies», Journal of Adolescent Health, http://www.sciencedirect.com/science?_ob=ArticleURL&_udi=B6T80-3RY4PX6-7&_user=984461&_coverDate=04/30/1997&_rdoc=1&_fmt=high&_orig=search&_origin=search&_sort=d&_docanchor=&view=c&_searchStrId=1469911581&_rerunOrigin=google&_acct=C000049823&_version=1&_urlVersion=0&_userid=984461&md5=88919c9dbf56328270a359dff9473bf2&searchtype=a ..
  6. (Ingelesez)   Abbey, Antonia (1982), «Sex Differences in Attributions for Friendly behavior: Do Males Misperceive females' Friendliness?», Journal of Personality ans Social Psychology, http://www.lostcomplex.com/junk/psp-42-5-830.pdf ..
  7. Enrique Gil Calvoren esanetan, "emakumezkoen irudia behatua izateko pentsatua da, gizonek emakumea behatuz pentsa dezaten". Ikus: (Gaztelaniaz)   García García, Antonio Agustín (2002), «Medias miradas.Un análisis cultural de la imagen femenina», Política y sociedad, http://revistas.ucm.es/cps/11308001/articulos/POSO0202230497A.PDF .. Jarrera pasibo horren harian, gogoratu, baita ere, "Fumando espero al hombre que yo quiero" tangoa.
  8. a b (Gaztelaniaz) "Beldur Barik": Guía contra la violencia sexista", 2010-09-25ean kontsultatua.
  9. Gaztelaniaz ligatzean jolas asmoa gaitzetsi eta emakumearekiko mespretxuz, "calientapollas" (euskaraz, "zakil-berotzaile") deitu izan zaie ligatzean sexu-harremanik bilatzen ez duten emakumeei. Zoritxarrez, gizonezko zenbaitek sexu-erasoak justifikatzeko erabili izan dute emakumearen jolaserako aukera aske hau. Ikus: (Gaztelaniaz) ¿Cuando somos unas calienta-pollas ?, 2005-02-17ko blog-sarrera.
  10. (Ingelesez)   Loisel, Katia, Differences Between Men and Women when Flirting, http://www.simplysolo.com/relationships/differences_between_men_women_flirting.html .
  11. a b (Ingelesez)   Whitty, Monica T. (2004), «Cyber-Flirting: An Examination of Men’s and Women’s Flirting Behaviour Both Offline and on the Internet», Behaviour Change, http://www.atypon-link.com/AAP/doi/pdf/10.1375/bech.21.2.115.55423?cookieSet=1 ..
  12. (Ingelesez)   Buss, David M. (1993), «Sexual Strategies Theory:An Evolutionary Perspective on Human Mating», Psychological Review (2) ..
  13. (Ingelesez)   Schmitt, David P.; Shackelford, Todd K.; Buss, David M. (2001), «Are men really more 'oriented' toward short-term mating than women? A critical review of theory and research», Sexualities, Evolution & Gender (3), http://www.informaworld.com/smpp/content~db=all~content=a713606481 .
  14. a b (Ingelesez)   Buss, David M. (1988), «The Evolution of Human Intrasexual Competition: Tactics of Mate Attraction», Journal of Personality and Social Psychology 54 (4), http://homepage.psy.utexas.edu/homepage/group/busslab/pdffiles/evolution_intrasexual_competition_1988_jpsp.pdf ..
  15. (Gaztelaniaz)   «Lo que son y lo que queremos que sean las relaciones entre hombres y mujeres», Ekintza Zuzena (35), 2008, http://www.nodo50.org/ekintza/article.php3?id_article=442 ..
  16. (Gaztelaniaz)   Jóvenes, sexualidad y género, 2006, http://www.educarenigualdad.org/upload/Doc_238_estudio_jovenes_sexualidad.pdf ..
  17. (Gaztelaniaz)   La segunda fiesta de jóvenes británicos en Salou divide a vecinos y hosteleros, 2010-04-08, http://www.heraldo.es/noticias/detalle/la_segunda_fiesta_jovenes_britanicos_salou_divide_vecinos_hosteleros.html ..
  18. (Gaztelaniaz) Los riesgos del flirteo 2.0, www.elpais.com, 2010-02-22.
  19. (Gaztelaniaz) «El lenguaje del abanico», www.todoabanicos.com, 2010-09-28.
  20. (Gaztelaniaz)   Muir, Edward (2001), Fiesta y rito en la Europa moderna, 163-169. orrialdeak, http://books.google.es/books?id=gO7DsekTrgQC&printsec=frontcover#v=onepage&q&f=false .
  21. (Euskaraz)   «Hiru-lau ordu egiten ginttuan, tabernatik atera gabe kantuan: Bixente Esteibar Izkiñari elkarrizketa», Baleike: 25-26, 2004, http://baleike.com/index.php?option=com_docman&task=doc_download&gid=4&Itemid=79 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Neskatan-mutiletan egin Aldatu lotura Wikidatan


Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Neskatan-mutiletan egitea