Nestor Makhno

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nestor Ivanovitx Makhno (ziriliko ukraineraz: Нестор Iванович Махно; Gualiaipole, Ukraina 1888ko urriaren 26a -Paris 1934ko uztailaren 6a) Urriko Iraultzan boltxebikeekin bat egitea gaitzetsi zuen ukrainar iraultzaile anarkista izan zen. Nekazarien armadaren buru jarrita, Armada Beltza izenez ezagutu zena, Makhnok gerrilla zuzendu zuen Errusiako gerra zibilean.

Biografia

Nestor Makhno

1888ko urriaren 26an jaio zen Ekaterinoslar gobernupean zengoen Ukrainako Alexadovsk distritoko Gulay Pole herrian, nekazari pobreen familia batean. Jaio eta denbora gutxira aita hi zitzaiolarik, 7 urterekin hasi behar izan zuen lanean behiak eta ardiak zaintzen, ama eta lau anaia-arrebak aurrera atera ahal izateko. Neguan herriko eskolara jonez ikasketa apur batzuk jaso zituen. Ukrainan ohikoak ziren alemanen baserrietan lanean, ugazabek langileekin egiten zituzten bidegabekeriak ikusi zituen.

1905eko iraultzan parte hartu zuen 16 urterekin, eta hainbat alderdi politikorekin kontaktua izan eta gero, anarkistekin hasi zen militatzen, zenbait betebehar arriskutsutan. 1908an agintari zaristek harrapatu eta heriotz zigorra ezarri zioten anarkista izan eta ekintza terroristak egiteagatik. Adin txikikoa izateagatik, biziarteko kartzela-zigorragatik aldatu zioten. Moskuko kartzela zentralera eraman zuten, non Piotr Arshinov-en lagun egin eta bertako liburutegiko (Zaristek kentzen zituzten liburu asko hemen zeuden) liburu asko irakurri zituen. Arshinov-ek, Makhno baino askoz ere ikasiagoa izanik, hainbat ikasgaitako ezagutzak lortzen lagundu zion. Kartzelako bizimodu gogorraren ondorioz, biriketako gaitz batek hartu zion. 1917an, beste preso politiko batzuekin batera askatu zuten, Moskun langilegoaren iraultza hasia zela. Gulay-Pole bere jaioterrian lan politikoa egitera abiatu zen. Errusian Keresky demokrataren gobernupean, bere herriko sovietaren buru bihurtu zen, lurraldeko nekazariek eta langile metalurgiko eta arotzek osatuta.

Nestor Makhno 1909an

Langile eta nekazarien batailoiak antolatu zituen, austroalemanek herrialdea okupatu zutenean. 1918an Moskura joan zen anarkista teorikoekin mintzatu eta nekazariak anarkistak bihurtzeko prozesuan aurrera egiteko. Baina anarkista zaharrak pasibo eta boltxebikeekin zein erlazio eduki jakin gabe aurkitu zituen. Piotr Kropotkin izan zen aholkuak eman zizkion bakarra. Lenin-ekin izandako elkarrizketa baten ondoren hasi ziren okertzen boltxebikeekin zuten harremana. Ukrainiara itzultzen ari zela austriarrek harrapatu egin zuten, eta bere herriko judu batek emandako diruari esker lortu zuen askatasuna. Bere herrira iritsita lan handia egin zuen borondatezko hainbat gerrilla antolatzen. Estrategia honakoa zen: zonalde bat askatu ondoren, borroka beste lurraldeetara hedatu, horrela anarkisten ideiak areago zabalduz. Borroketan abantaila zen bere zaldun taldeen ausarkeria eta mugikortasuna; geroago, infanteria azkarrena garatu zuen, gurdi tradizional batzuk erabiliz. Beste abantaila, inguruko nekazarien laguntza zen, hauek lagundu egiten baitzieten, nahiz eta zigor gisa etxeak erretzen zizkieten. Irautza sozial eta Komuna askeei buruzko manifestuak idatzi zituen.

Boltxebikeek inongo funtsik ez zuten hainbat leienda beltz zabaldu zituzten Makhno-ren pertsonaren gainean. Dena den, Volin-ek berak zioen bezala <<Makhno-k ahulezia batzuk zituen bere izaeran>> mugimenduari kaltegarri zitzaizkionak: Alkoholari zion zaletasuna zela eta, inoiz kontseiluari jaramonik egin gabe hainbat erabaki hartu zituen, autoritario agertuaz. Volin-en esanetan, hainbat kidek Makhno bezain onak ziren hainbat komandante gomendatu zizkioten, estratega onak, politiko onak eta moralki Makhno-ren gainetik zeudelako; agian bere ahultasun hauek direla eta, beste kide bat bezala kontsideratzen zuten, nekazari masen konfiantza jasoaz.

Makhno bere kideekin

Hainbat alditan zauritu zuten azken urteetan, hala nola martxoaren 21ean sabelean, boltxebikeen bala batek jota. Abuztuan 7 tiro jaso zituen, azkena lepoan. Kontseiluak Makhnoren bizia arriskuan ikusiaz, atzerrira eramatea erabaki zuten zauriak osatzera, Ukraina ez baitzen ordurako leku segurua. Abuztuaren 28an, boltxebikeak inguraturik zeudela, zauritu batzuek Dniesterrera ihes egitea lortu zuten, Makhno haien artean.

Errumaniako agintarien errepresiotik ihesi, Poloniara abiatu zen ondoren. Han atxilotu egin zuten poloniarren aurkako ekintzak egitea leporatuta, nahiz eta epaiketatik aske irten zen. Dantzig-era joanda, han ere atxilotu egin zuten, baina azkenik Parisera ihes egitea lortu zuen talde anarkista batzuek lagunduta. Parisen gorriak ikusi zituen, izan ere, ez zen girora eta hizkuntzara ohitu eta gerrako zauriak ez zitzaizkion erabat sendatu. Noizean behin ekitaldiren batean parte hartu bazuen ere, denboraldi luzeak pasatu zituen mugimenduetatik kanpo. Ukrainan pasatakoa kontatzeko asmoz idazteari ekin zion, baina 1918. urtean zendu zen bere lanak argitaratu gabe. Liburuak 1935. urtean plazaratu ziren.

Parisen bizi izan zen bitartean, anarkistei auto-diziplina gehiago, antolakuntza eraginkorragoa eta homogeneitate handiagoa eskatu zien. Bere azken egunera arte, Frantziako Renaulten lantegi batean aritu zen lanean. 1934ko uztailaren 6an hil zen tuberkulosiak jota. Hurrengo egunean erraustu eta Père-Lachaise hilerri ezagunean ehortzi zuten. Hiletara 500 lagun inguru agertu ziren. Halyna Kuzmenko emaztearekin Yelena izeneko alaba bat zuen. Gerora, naziek Frantzia okupatu zutenean, ama-alabak Alemaniara deportatu zituzten lan gogorrak egitera. Gerra bukatzean, NKVD sobietarrak atxilotu eta 1946an bortxazko lanetara kondenatu zituzten. 1953an aske geratzean, Kazakhstan-en bizi izan ziren.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nestor Makhno Aldatu lotura Wikidatan