New Yorkeko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

New Yorkeko historia Lenape biztanleekin hasten da, Giovanni da Verrazzano italiarrak 1524an uhartea aurkitu baino lehenago. Geroago, herbeheretarren "Nieuw Amsterdam" hiriaren fundazioarekin eta britainiarren "New York" izen berriarekin jarraitzen du. Independentzia Gerraren ondoren, Estatu Batuetako hiriburu izan zen, 1790. urteraino. Hurrengo mendean, hiria garatu eta modernizatu zen, bost borough edo barrutiak bateratuz. Depresio Handiaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan erakintza eta ekonomia goraldi izugarria izan zuen, gaur egungo metropoli-gune handia eratu arte. Historian zehar, New York immigranteen sarrera hiri nagusia izan da eta bertako eragin kultural eta ekonomikoak Estatu Batuetako hiri garrantzitsuenetakoa bilakatu dute.

Sorrera, Herbehere Berriak eta Britainia Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lower Manhattan 1660an, New Amsterdam hiriko zati zenean (iparra eskuinean).

New Yorkeko inguruetan gutxi gorabehera 5000 jatorrizko amerikar bizi ziren (lenapetarrak), gaur egungo hiriaren kokalekua Giovanni da Verrazzano italiarrak 1524an[1] deskubritu zuenean. Verrazzano esploratzaile italiarra zen, Frantziako koroaren zerbitzuan ziharduena, eta tokiari "Nouvelle Angoulême" (Angulema Berria) deitu zion.

Toki hori biztanle europarrez populatzen hasi zen herbeheretarrek 1614an larru-merkataritzarako gune bat fundatu zutenean Manhattanen hegoaldeko muturrean, "Nieuw Amsterdam" ("Amsterdam Berria") deitu zutena. 1626an Peter Minuit-ek, Herbehereetako kolonia haren zuzendariak, Manhattan uhartea lenapetarrei erosi zien, 60 florinen balioaren truke.

1664an ingelesek hiria konkistatu eta "New York" izena jarri zioten, York and Albany-ko duke ingelesaren omenez. Ingelesen eta herbeheretarren arteko bigarren gerraren amaieran, herbeheretarrek Run uhartearen gaineko kontrola lortu zuten, ingelesek New York kontrolatzearen truke. Run Indonesiako uharte txiki bat da, eta garai hartan New York baino askoz ere ondasun baliotsuagoa zen, bertako zuhaitzetatik lorturiko espezieei esker.

1700erako, lenapetarren populazioa soilik 200 biztanlekoa izateraino murriztua izan zen. Britainiarren agintepean, New Yorkek merkataritza-portu gisa zeukan garrantzia hazten joan zen. 1754an Columbia Unibertsitatea fundatu zen.

Independentzia eta XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mulberry Street, Lower East Side auzoan, 1900 inguru.

Amerikako Independentzia Gerran, hiria zenbait borroka garrantzitsuren gertalekua izan zen. Manhattan iparraldeko Fort Washingtoneko Batailaren ondoren (1776), britainiarrek Ipar Amerikan zeukaten egoitza politiko eta militar nagusia bihurtu zen, okupazio militarra 1783an amaitu zen arte.

Handik gutxira Estatu Batuetako hiriburu bilakatu zen, Estatu Batuetako Konstituzioa berretsi zen eta, 1789an, Estatu Batuetako lehen presidenteak, George Washingtonek, bertan hartu zuen bere karguaren jabetza; halaber, Estatu Batuetako Kongresuak hemen egin zuen bere lehenbiziko batzarra, 1789an, eta Estatu Batuetako Bill of Rights (bertako konstituzioaren lehenbiziko hamar zuzenketek osaturiko multzoa, alegia) idatzi zen. Hori guztia, Wall Street-en dagoen Federal Hall izeneko eraikinean. 1790erako, New York Estatu Batuetako hiririk handiena bihurtu zen, Philadelphia gaindituz.

XIX. mendean hiriak eraldaketa handiak izan zituen, immigrazioaren eta garapenaren ondorioz. 1811ko plana jarraituz, hiriaren kale-sarea hedatu egin zen, Manhattan uhartearen osotasuna hartzeraino. 1819an Erie ubidea ireki zuten[2] eta, horren bitartez, Ipar Amerikaren barrualdeko lurralde eta nekazaritza-merkatu handiak Ozeano Atlantikoarekin komunikatuta gelditu ziren.

1857an Central Park ireki zen eta, horrekin, gizakiak diseinaturiko parke bat zeukan Estatu Batuetako lehenbiziko hiria izan zen New York.

Bai Manhattanen eta bai Brooklynen, biztanle beltz askez osaturiko populazio nahiko handia zegoen. New Yorkek 1827ra arte eduki zituen esklaboak, baina 1830eko hamarkadan zehar hiria arrazakeriaren aboliziorako muntako aktibismo-gune bihurtu zen.

Amerikako Gerra Zibilean (1861-1865) izandako errekrutatze militarrak piztutako haserrearen ondorioz, 1863an "Draft Riots" gisa ezaguturiko kale-istiluak gertatu ziren, Estatu Batuen historian izandako larrienetakoak.

1898an New York hiri modernoa eratu zen, Brooklyn gehitu zitzaionean (ordura arte hiri independentea izandakoa baitzen), bai eta New York konderria (garai hartan Bronxeko zati batzuk hartzen zituen), Richmond konderria eta Queens konderriaren mendebaldeko zatia ere.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

New York erdialdea, Rockefeller Center eraikinetik (1932).

1904an New Yorkeko metroa ireki zen, eta horrek neurri handian lagundu zuen hiriko zati guztiak elkartzen eta bateratzen.

XX. mendeko lehen erdian zehar, New York mundu-mailako zentroa bihurtu zen industria, merkataritza eta komunikazioaren alorretan. Alabaina, garapen horrek alde iluna ere izan zuen: 1904an, "General Slocum" lurrun-itsasontziak su hartu zuen East River-en, eta bertan zihoazen 1021 pertsona hil ziren. 1911n, Triangle Shirtwaist fabrikan izandako sutean (hiriko hondamendi industrialik okerrena) jantzigintzako 146 langilek bizia galdu zuten, eta horren ondorioz International Ladies' Garment Workers' Union elkartea indartu eta lantegietako segurtasun-neurrietan hobekuntza nabarmenak ezarri ziren.

1920ko hamarkadan New York City helmuga nagusitzat hartu zuten afrikar jatorriko amerikar herritar askok eta askok, Estatu Batuen hegoaldetik abiaturiko migrazio handiaren ("Great Migration") garaian. 1916rako, Afrikako diasporak Ipar Amerikan zeukan hiri-kokagune handiena zen New York. Harlem Renaissance mugimendua alkohol-debekualdiaren garaian loratu zen, zeinak denboran bat egin baitzuen "boom" ekonomiko batekin eta horren ildotik etxe orratzen eraikuntzan pizturiko norgehiagokarekin.

Depresio Handiaren urte latzetan, Fiorello LaGuardia erreformatzailea hautatu zuten alkate, eta Tammany Hall-ek behera egin zuen, laurogei urtean nagusitasun politikoa eduki ondoren.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, itzulitako beteranoek eta Europatik iritsitako etorkinek boom ekonomikoa eragin zuten, bai eta Queens-en ekialdean etxebizitza-auzo handiak eraikitzea ere.

1948an New York hiria munduko hiririk jendetsuena izatera iritsi zen, Londres gaindituz (azken horrek ehun urtez eutsi zion bere nagusitasunari).

2001-09-11 aurreko ikuspegia.

Gerraren suntsipenak jasan gabe, munduan New York nagusitu zen hiri aitzindari gisa, Wall Street izanik Estatu Batuak munduko botere ekonomiko izaterainoko igoeraren gidari, Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusia (1959an bukatua) izanik New York hiriaren eragin politikoaren erakusgarri, eta New Yorkeko espresionismo abstraktuak Parisen ordez New York ipiniz artearen munduaren zentro gisa.

1960ko hamarkadan, New Yorkek arazo ekonomikoak, goranzko delitu-tasak eta arrazen arteko tirabirak jasan zituen, eta horiek guztiek 1970eko hamarkadan jo zuten gailurra. 1980ko hamarkadan finantzen industria indarberritu egin zen, eta horrek hoberantz bultzatu zuen hiriaren zerga-egoera. 1990eko hamarkadan arrazen arteko tirabirak baretuta zeuden, delitu-tasek beherakada ikusgarria izan zuten, eta etorkin-sorta berriak iritsi ziren Latinoamerika eta Asiatik. Sektore berri garrantzitsuak, hala nola Silicon Alley, sortu ziren hiriaren ekonomian, eta, 2000ko erroldan, New Yorkeko biztanleria inoiz baino ugariagoa izatera iritsi zen.

New York izan zen 2001eko irailaren 11ko atentatuen gertalekuetako bat: ia 3000 pertsona hil ziren World Trade Center negozio-gunearen suntsipenean. Orube horretan "Freedom Tower" ("Askatasunaren Dorrea") eraikiko da. 2013an bukatuta egongo dela aurreikusita dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]