Nigeria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nigeria
Federal Republic of Nigeria (ingelesez)
Jamhuriyar Taraiyar Nijeriya (hausaz)
Ȯha nke Ohaneze Naíjíríà (igboeraz)
Àpapọ̀ Olómìnira ilẹ̀ Nàìjíríà (joruberaz)
Nigeriako bandera
Bandera

Nigeriako armarria
Armarria

Goiburua: 'Unity and Strength, Peace and Progress
"Batasuna eta Indarra, Bakea eta Aurrerapena"
Nazio ereserkia:
Arise O Compatriots, Nigeria's Call Obey
Nigeria: kokalekua
Hiriburua Abuja
9°4′N 7°29′E / 9.067°N 7.483°E / 9.067; 7.483
Hiri handiena Lagos
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa
Gobernua
Presidentea
Errepublika federal presidentziala
Goodluck Jonathan
Independentzia
Erresuma Batutik

1960ko urriaren 1a
Eremua
• Guztira
• Ura

923768 km² (31.)
%1.4
Biztanleria
• Zenbatespena (2012)
• Dentsitatea

Herritarra

170123740[1] (7.)
184.2 biztanle/km² (71.)

nigeriar
Dirua Naira (NGN)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

Ez (UTC +1)
Interneteko domeinua .ng
Telefono aurrezenbakia +234

Nigeriako Errepublika Federala (ingelesez: Federal Republic of Nigeria) Gineako golkoaren bazterrean (Ozeano Atlantikoa) dagoen Mendebaldeko Afrikako estatu bat da, kontinenteko populatuena. Iparraldean Nigerrekin du muga, ekialdean Txad (Txad aintzirak bereizirik) eta Kamerunekin, mendebaldean Beninekin eta hegoaldean Gineako golkoarekin. 923.768 km²-ko azalera du eta 170.123.740 biztanle, 2012rako zenbatespenaren arabera[1] (184,2 biztanle/km²).

Hiriburua Abuja du (405.000 biztanle, abujarrak), baina hiri nagusia Lagos da (7.937.932 biztanle 2006ean[2]).

Estatuko hizkuntza ofiziala ingelesa da eta, zein bere eskualdean, ofizialak dira orobat hausa, jorubera, igboera eta beste zenbait hizkuntza. Diru ofiziala naira da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nigeriaren banaketa administratiboa»
Nigeriako 36 estatuak.

Kolonia izandako sasoian eta independentzia lortu ostean, 1960ko hamarkadan, hiru eskualde handitan bereizten zen Nigeria: Iparraldekoa, Ekialdekoa eta Mendebaldekoa. 1996tik aurrera, berriz, herrialdea 36 estatutan banatuta dago, gehi Abuja, hiriburua barne hartzen duen eskualdea.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «#Biztanleen_banaketa_espaziala»
  1. Lagos: 7.937.932 biztanle.
  2. Kano: 3.248.700 biztanle.
  3. Ibadan: 3.078.400 biztanle.
  4. Kaduna: 1.652.844 biztanle.
  5. Abuja: 1.320.000 biztanle.

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean, Niger; ekialdean, Txad eta Kamerun; hegoaldean, Ozeano Atlantikoa; mendebaldean, Benin.

Orografia eta hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niger ibaiaren arro hidrologikoa.

Nigeriako lurraldea 600-1.200 m bitarteko goi-lautadaz eta haien artean dauden ibai-arro zabal zelaiz osatua dago. Itsasaldean, Niger ibaiaren deltaren alde banatara, Beningo eta Biafrako golkoak daude, Gineako golkoan. Hegoaldea, itsasbazterretik 400 bat km-ra dagoen Niger eta Benue ibaien elkarguneraino, lautada zabal bat da. Lurraldearen erdialdean, Niger eta Benue ibaien elkargunetik iparraldera, Josko goi-ordokia nabarmentzen da (batez besteko garaiera: 1.280 m; Shere, 1.781 m), ura Ozeano Atlantikora eta Txad aintzirara isurtzen duten ibaien banalerroa osatzen duena eta iparraldera joan ahala apalduz doana Hausa herrialdeko goi-lautada zabaleraino. Ipar-ekialdean, berriz, Bornuko goi-ordokia dago. Bornuko eta Josko goi-ordokiek labazko gainazala eta, tarteka, sumendi itzaliak dituzte. Bestalde, Benue ibaitik ekialdera, Kamerunekin muga eratuz, Nigeriako mendi garaienak daude (Vogel, 2.040 m), eta hego-mendebaldean, Niger ibaitik mendebaldera, joruba herrialdean, beste goi-lautada bat dago.

Ibaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nigeriako ibai nagusiak Niger (4.200 km luze da guztira) eta Benue, Nigerren adar nagusia, dira. Nigerrek Gineako golkoan isurtzen du ura, 25.000 km2-ko delta batean (Nigerren delta). Niger ibaiaren ura Kainjiko urtegian biltzen da: Afrikako aintzira artifizial handienetako bat da. Ibai horietaz gainera, aipatzekoak dira Sokoto, Kaduna eta Gongola ibai-adarrak. Bestalde, lurraldearen ipar-ekialdean Txad aintzira dago.

Lurraldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai-sare zabal batek hartzen du herrialde osoa: Niger eta haren adar bat, Benue, dira ibai nagusiak. Iparraldea, Sahararen haize idorraren eraginpean, lehorragoa da. Goi lautadak eta sabanak ditu, eta kotoia eta kakahueteak egiten dira esportatzeko. Erdialdeko lautadetan ere sabana da nagusi eta jende gutxi bizi da. Hegoaldea, beheragoa eta askoz hezeagoa, oihan sarriak estaltzen du, eta bertan bizi dira biztanle gehienak. Bertan, besteak beste, kakaoa eta olio palmondoa egiten dira. Niger ibaiaren delta erraldoiak bi aldetan banatzen du kostaldea. Ekialdean, Port Harcourten inguruan, petrolio-putzuak daude, eta bertako gizatalde nagusia igbo etnia da, kristautua. Alde hori da Biafrako errepublika burujabea izateko borrokatu zen eskualdea. Mendebaldean, Lagos eta Ibadan inguruan, industria da ekonomia-jarduera nagusia, eta jorubak, berriz, gizatalde nagusia, musulmana neurri handi batean.

Nigeriak dagoeneko basoen % 75 galdu ditu.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hausa harpist.jpg Igbo hat and Isiagu.jpg Kwarastatedrummers.jpg
Hausa harpa-jotzailea Igbo gizonak Yoruba perkusio-jotzaileak

Datu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etnia hauek daude Nigerian: hausak, jorubak, igboak, fulaniak, ibibioak, kanuriak, edoak, tivak, ijawak, burak, nupeak...

Erlijioa horrela banatzen da: musulmanak % 50, kristauak % 40, afrikar sektak % 10.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nigeria Afrikako herrialde jendetsuena da. Ehun eta berrogeita hamar milioitik gora biztanle ditu, eta gaur egungo hazkunde-tasari eutsiz gero (% 3), 2015. urtean 190 milioi izatea espero da. Izan ere, Nigeriak oso jaiotza-tasa handia du oraindik (6 seme-alaba) eta heriotza-tasa pixka bat jaitsi da.

XXI. mendearen hasieran, nigeriarren bizi-itxaropena 52 urtekoa da.

Etnia ugari bizi dira Nigerian, 250tik gora, baina lau talde nagusitik datoz gehienak: hausak eta fulaniak nagusi dira iparraldean; jorubak hego-mendebaldean; eta igboak hego-ekialdean.

Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina eskualde bakoitzak eta etnia bakoitzak bere hizkuntza erabiltzen du.

Iparraldeak harreman estua izan du betidanik Sahararekin, eta, hori dela-eta, musulmanak dira gehienak; hego-ekialdean kristauak dira, eta hego-mendebaldean kristauak, musulmanak eta afrikar erlijio tradizionalen jarraitzaileak.

Biztanleen banaketa espaziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanle gehienak herrietan bizi dira (biztanleen % 35 baizik ez da bizi hirietan), baina demografia-hazkunde handiaren ondorioz, landa-lurra agortzen ari da, eta jendeak hirietara jotzen du. Biztanle-dentsitatea ez da berdina alde guztietan. Erdialdea (nupe eta tiva etnien bizilekua) da jende gutxien bizi dena, eta hego-ekialdea (igboak), ipar-mendebaldea (hausak) eta hego-mendebaldea (jorubak), berriz, lekurik jendetsuenak.

Hiri nagusiak hego-mendebaldean daude. Haietatik inportanteena Lagos da, hiriburu historikoa; jorubek sortu zuten XVII. mendean, portu gisa, eta esklabo-salerosketaren bidez Afrikako hiri nagusietako bat izatera iritsi zen. Gaur egun, zazpi milioitik gora biztanle ditu, eta Nigeriako hiri industrializatuena da. Joruben beste hiri nagusiak Ibadan (3.078.400 biztanle), Ogbomosho (1.200.000 biztanle), Ojo eta Ilorin dira. Niger deltaren ekialdean Port Harcourt da hiri nagusia, eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da petrolio-salerosketari esker. Iparraldean, Nigeriako hiririk zaharrenak daude, Kano (3.848.885 biztanle), Zaria, Kaduna eta Sokoto. Ipar-ekialdean Maiduguri dago, Txad aintziraren ondoan; eta erdialdean, Abuja, herrialdeko hiriburua 1991z geroztik.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nigeriako aberastasun-iturri nagusia nekazaritza izan da 1970-1980 urteak arte. Handik aurrera petrolioak hartu zuen nagusitasuna. Ordu arte, nekazaritzak esportazioen % 60 hartzen zuen, baina krisian sartu zen gobernuaren politika ekonomikoaren erruz, eta erabiliaren erabiliaz eta presio demografiko etengabearengatik, lurra pobretuz joan zelako. Garai batean zur-produkzioa handia izan zen, baina gaur egun ez da hainbeste, gehiegi moztu baita, landa-lurrak lortzearren. Afrikako beste herrialde askok bezala, Nigeria ez da gauza biztanleen oinarrizko elikadura beharrizanak asetzeko.

Nigeriako aberastasun-iturri nagusia mea-baliabideak eta petrolioa dira. Nigeria Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kide da. Petrolio gehiena, gas naturala eta ikatza deltaren inguruan dago. Petrolioa da nazioaren ekonomiaren eragile nagusia, bereziki prezioak gora egin zuenetik aurrera 1970. urte ondorengo urteetan. Horri esker, industriak ere aurrerabide handia egin zuen garai hartan, batez ere ehungintzaren eta janari-industriaren alorretan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benin Erresuman erabilitako marfilezko maskara, XVI. mendekoa.

Kolonizazioaren aurrekoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jorubak, Nok zibilizazio zaharraren ondorengoak, hiribide zabalekiko hiri harresituetan bizi ziren. IX. menderako hiria administratzeko sistema demokratikoa zuten, herritarrek hautatutako udalbatza eta guzti. Hurrengo bi mendeetan, joruben herria Niger ibaitik egungo Togoraino zabaldu zen; Ife, Oio, Ilorin eta Benin ziren joruben estatu-hiri nagusiak. Ife erlijiogune nagusia zen, eta hala da gaur egun ere. Oio erregearen bizilekua zen, eta XVI. mendetik aurrera esklaboen salerosketarako gune nagusietako bat izan zen. Iparraldean hausa estatuak bizi ziren ezaugarri desberdin askoko kulturagunean, eta ipar-ekialdean, berriz, igbo merkatariak, joruben enbor berekoak.

Kolonia ingelesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914an, ingelesen kolonizazioak administrazio batera bildu zituen kultura horiek guztiak, eta estatu artifizial bat sortu zen. Gaur egun ere, estatu horren batasun nazionala lortu gabe dago. Ingelesen helburua eztainua eta nekazaritzako eta basoko aberastasunak ustiatzea zen. Beste kolonia batzuetan bezala, britainiarrek bitartekarien bidez gobernatzen zuten, eta iparraldeko emir musulmanez baliatu ziren horretarako, hausa herriari lehentasuna eta nagusitasuna emanez.

Independentziaren ondorengoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nigeriak burujabetasuna lortu zuenean, 1960an, Northern People's Congress alderdiak (iparraldekoak) hartu zuen agintea, National Council of Nigerian Citizen (igbo etniakoa) alderdiarekin banatuta. Baina estatuaren egitura federala eta bi ganberako legebiltzarra ez ziren lurraldeko ezaugarrietara behar bezala egokitzen. Tokian tokiko gobernariek lehendakariak berak (Nnambi Azikiwe) baino ahalmen handiagoa zuten. Hauteskunde-iruzurra zela-eta, alderdi progresistak baztertuak izan ziren behin eta berriz, eta buruzagiek, ikuspegi nazionalik ezean, norbere etniaren alde egin zuten. Azkenean, gudarosteak hartu zuen gobernua, Yacubu Gowon jeneralaren lehendakaritzapean. Orduan hasi zen petrolioaren ustiapena ere.

Aldi berean, 1967an, Frantziak igboen separatismoa bultzatu zuen Biafran. Hiru urteko gerra zibilaren ondoren, Nigeria bereizteko ahaleginak porrot egin zuen. Ordurako, Nigeria munduko zortzigarrena zen petrolioa ekoizten zuten herrien artean. Gowonek enpresa transnazionalen erdiak desjabetu zituen, eta bertako enpresaburuei lagundu zien. Gobernuaren arduradunak aldatuz zihoazen bitartean, Batzorde Militar Gorenak Estatu Batuen instalazio militarrak ixtea erabaki zuen. Obasanjo lehendakari zela, Barclays eta British Petroleum nazionalizatu ziren, Hegoafrikari ezarritako blokeoa hausteagatik.

Hauteskundeak, krisiak eta estatu-kolpeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Obasanjo jenerala Jimmy Carter lehendakari estatubatuarrarekin, Lagosen, 1978ko apirilean

Hamahiru urtez militarren mendean egon ondoren, 1978an konstituzioa aldatzea, hauteskundeak deitzea eta zibilei gobernuko ateak irekitzea erabaki zuten. Hauteskunde Batzordeak bost alderdi besterik ez zituen onartu, finantza eta politikako elite tradizionalaren ordezkariak; alderdi sozialistak eta iraultzaileak baztertu egin ziren, atomizazio politikoa eragozteko aitzakiarekin. Nigeriako Alderdi Nazionalak botoen % 25 eskuratu zuen, eta Nigeriako Alderdi Batuak % 20. Shehu Shagari lehendakari berriak hazkunde-plangintza kapitalista bultzatu zuen, petrolioak sortutako irabazietan oinarritua, Nigeria Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialde nagusia bilakatzeko asmoz. Besteak beste, hiriburu berri bat eraikitzea, lehen eta bigarren mailako irakaskuntzan matrikula-kopurua bikoiztea, eta biztanleen elikagai-beharrizanak asetzea ziren gobernu berriaren helburuak. Ez ziren bete, ordea. Ekonomia-indizeak ere ez ziren batere baikorrak: kontrabando handia; hiriak inmigrantez eta behartsuz beteak; langabezia-tasa handia; diru-sarrera gutxiko soldatapekoen bizi-mailaren galera; Nazioarteko Diru Funtsaren baldintza gogorrak kanpo-zorra ordaintzeko.

Hurrengo hauteskundeetan, Shagari bera atera zen garaile, iruzur salaketen eta militarren konspirazioen erdian. 1984ko urtarrilaren 1ean, Nigeriako historiako laugarren estatu-kolpea izan zen, Muhamad Buhariren eskutik. Shagariren gobernuaren aurkako salaketetako bat petrolioaren inguruko ustelkeriarena zen. Militarrek jende mordoa atxilotu zuten, eta gobernadore zibilen ordez gobernadore militarrak jarri zituzten, baina krisia ez zen konpondu, eta arrozaren prezioa laukoiztu egin zen urte baten buruan. 600.000 atzerritar legez kanpoko kanporatu zituzten, eta kanpo-zorra 15.000 milioi dolarretara iritsi zen.

Krisiaren erdian beste estatu-kolpe bat izan zen, 1985eko abuztuaren 26an, eta Ibrahim Babangida jeneralak hartu zuen lehendakaritza. 1987ko abenduan, tokian tokiko estatu-erakundeetarako hauteskundeak egin ziren. 15.000 hautagai zeuden. Baina hauteskundeak ez ziren behar bezala prestatu, eta iskanbila eta borroka ugari izan zen. Azkenean, baliogabetu egin ziren. 1989ko abendurako deitu zen berriro ehendakaritzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeetara (lehenengoak 1983az geroztik), baina, abenduan bertan, gobernuak hauteskundeak atzeratzea erabaki zuen. Handik gutxira, Babangidak jarduera politikoaren gaineko debekua kentzea erabaki zuen, gobernu militarretik zibilerako trantsizioa gainbegiratzeko asmoz.

1990eko apirilean eta ekainean, agintea indarrez hartzeko saioak izan ziren, baina gobernuaren indarrek zapuztu zituzten. Etnia etsaiak elkarrengandik bereizteko estatu berriak sortzeak ere istilu handiak eragin zituen; gudarostek gogor zapaldu zituen protestak eta, abuztua eta urria bitartean, 300 pertsona hil ziren borroketan. 1991ko abenduaren 14an, existitzen ez ziren hautagaiak erroldatik kendu ondoren, gobernadoreak hautatzeko hauteskundeak egin ziren: Alderdi Sozialdemokratak 16 gobernu (edo estatu) eskuratu zituen, eta Konbentzio Nazional Errepublikarrak 14.

1992an, estatu batzuetan istilu gogorrak izan ziren etnien artean. Taraba estatuan, esate baterako, 5.000 lagun hil ziren lurraren jabetzarengatik borrokan. Urte horretan Europar Erkidegoak 240 milioi dolarreko laguntza eman zuen, nekazaritza, osasun, telekomunikazio, errepide eta parke naturalen proiektuetarako. Legegintzarako hauteskundeak 1992ko uztailean egin ziren: Alderdi Sozialdemokratak 52 aulki eskuratu zituen Senatuan, eta 314 diputatu; Konbentzio Nazional Errepublikarrak 52 aulki eskuratu zituen Senatuan, eta 257 diputatu. Azkenik, Nigeria gobernu zibilerako bidean zela ematen zuen, 23 urtez militarren agindupean egon ondoren. Urrian, lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren. Babangida lehendakariak baina, iruzur egin zelakoan, baliogabetu egin zituen, eta kargutik kendu zituen bi alderdi nagusietako buruzagiak. Hil horretan bertan, gobernu militarrak debekatu egin zuen jarduera politikoa, eta jendeak zalantzan jarri zuen gobernua zibilen eskuetan jartzeko borondatea. Azkenik, zenbait atzerapenen ondoren, 1993ko ekainean egin ziren lehendakaritzarako hauteskundeak, lehenengo aldiz 1983az geroztik. Ekainean, baina, Babangidak hauteskundeak baliogabetu zituen, eta hautagaiei botoak erosi izan egotzi zien. Abiola, Alderdi Sozialdemokratako hautagaia hauteskundeetako irabazlea Londresa joan zen erregimenaren nazioarteko kondena lortzearren. Estatu Batuek eta Britainia Handiak bertan behera utzi zituzten laguntza ekonomikoak eta harreman diplomatikoak. Kanpoko erantzunak adoreturik, Abiolak desobedientzia zibilera deitu zuen; protesta jendetsuak egin ziren, eta gudarosteak gogor zapaldu zituen. Oposizioko 25 talde demokraziaren alde elkartu ziren. Alde guztietarik presionaturik, gobernuak lehendakaritzarako hauteskundeetara deitu zuen berriro, baina Alderdi Sozialdemokratikoko eta Konbentzio Nazional Errepublikarreko buruzagiak Abiola eta Othma Tofa, hurrenez hurren, ez zituen onartu. Protesta eta istilu gehiago izan zen, eta abuztuaren 26an, Babangidak uko egin zion karguari. Ernest Shonekanen eskuetan utzi zuen lehendakaritza, eta hauteskunde berriak iragarri zituen. Abiola Londresa itzuli zen, eta sindikatuek grebara deitu zuten Nigeriako lehendakari gisa onar zezaten. 1993ko bukaeran, Sani Abacha jeneral eta defentsa-ministroak kargutik kendu zuen Shonekan, Legebiltzarra desegin zuen, eta jarduera politikoa debekatu zuen. Abiola bere karguan onartzeko protestak etengabeak ziren, eta hura atxilotu zutenean, 1994ko ekainean, petrolioaren sektoreko langileek, Nigeriako sektorerik inportanteena askogatik, hamar eguneko greba egin zuten. Abachak ez zuen amore eman, eta ez zuen Abiola askatu. 1995eko apirilean, Desmond Tutu artzapezpikua Nigeriara joan zen, Hegoafrikako lehendakari Nelson Mandelaren ordezkari gisa, Abiola aska zezaten eskatzera. Abiolak 1993ko hauteskundeak baliogabetzea onartu bazuen ere, lehendakariak ez zuen askatu. Azaroan, gobernuak ogoni herriaren aldeko erakunde bateko bederatzi kide hilarazi zituenean, erregimen militarra bakarrik geratu zen. Herrialde batzuek, Estatu Batuak barne, enbaxadak itxi zituzten. Hauteskunde Batzorde Nazionalak egindako erregistroa oinarri hartuta, Abachak eta haren junta militarrak bost alderdi politiko legeztatu zituzten: Nigeriako Kongresu Batuaren Alderdia, Kontsentsu Nazionalerako Batzordea, Nigeriako Alderdi Zentral Nazionala, Nigeriako Alderdi Demokratikoa eta Grassrotts Mugimendu Demokratikoa.

1997an, petrolioaren prezioaren gorakadak ekonomiaren hazkundea bultzatu zuen. Gobernuak behin eta berriro azaldu zuen horrek herrialdearen egoera soziala hobetzen lagundu zuela. Hala ere, datu ofizialen arabera, biztanleen % 80 behar gorrian bizi zen. 1998ko apirilean, Abachak hauteskundeen ordez erreferenduma iragarri zuen, berak aginpidean jarraitu behar zuen ala ez erabakitzeko. Ekainaren 8an, baina, ustekabean, lehendakaria hil egin zen.

1999an, Olusegun Obasanjo hautatu zuten nigeriarrek lehendakari; haiek ziren 16 urtean egiten ziren lehenengo hauteskundeak. 2003an ere Obasanjoren alderdiak irabazi zituen hauteskundeak, eta, ustelkeriaren kontrako eta herrialdearen garapenaren aldeko hainbat lege eta neurri hartu bazituen ere, kritika ugari egin zizkioten berari ere ustelkeria-kontuengatik.

2007ko hauteskudeetan Umaru Yar'Adua irten zen garaile. Nazioarteko behatzaileen ustez, ordea, hauteskunde haiek ez ziren garbiak izan. Umaru Yar'Adua 2010eko maiatzaren 5ean hil zen eta biharamunean Goodluck Jonathan izendatu zuten presidente[3]. Jonathan bera nagusitu zen 2011ko apirileko presidentetzarako hauteskundeetan, aspaldiko garbienak nazioarteko ikuskatzaileen arabera[4]. 2011 eta 2012an Boko Haram, Nigeriako iparraldean xaria ezarri nahi duen sekta islamikoaren atentatuek hildako ugari eragin zituzten[5][6].

2014ko abuztuaren 5ean, epaiz kanpoko exekuzioak egitea egotzi zion AIk Nigeriako armadari. Bornon jasotakoak ziren testigantzak eta irudiak. "Horiek frogatzen duten epaiz kanpoko exekuzioak ohikoak bihurtu direla", nabarmendu zuen AIk. Aldiz, Nigeriako Gobernuak "kezka" agertu zuen salaketagatik, baina ukatu egin zuen militarrek halakorik egin izana. "Halako ankerkeriak eta zigorgabetasunak ez du tokirik Nigeriako armadan", adierazi zuen Gobernuak komunikatu baten bidez. Egun berean, Boko Haramek Maiduguriko espetxe bati eraso zion[7].

Nigeriar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Nigeria The World Factbook. Central Intelligence Agency. 2012ko apirilaren 27an begiratua
  2. 2006 Population Census" National Bureau of Statistics of Nigeria. May 2007. 2012ko apirilaren 27an begiratua
  3. http://www.gara.net/paperezkoa/20100507/198017/eu/Goodluck-Jonathanek-hartu-du-Umaru-YarAdua-Nigeriako-presidente-zenaren-kargua Goodluck Jonathanek hartu du Umaru Yar'Adua Nigeriako presidente zenaren kargua] Gara.net
  4. Bozen osteko liskarretan ehundik gora lagun hil dira Nigerian Berria.info
  5. Nigeria, mehatxupean Berria.info, 2012-01-08
  6. 38 pertsona hil dira Nigerian, bi elizaren kontra egindako atentatuan Eitb.com, 2012-04-08
  7. «Epaiz kanpoko exekuzioak egitea egotzi dio AIk Nigeriako armadari», Berria, 2014-08-05

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nigeria Aldatu lotura Wikidatan