Nikita Magaloff
Nikita Magaloff errusiar pianista izan zen, suitzar hiritartasuna hartu zuena (San Petersburgo, 1912 - Vévéy, 1992). Gurasoak 1917ko Iraultzaren ondoren ihes egindako errusiar erbesteratuak ziren. Magaloffek Parisko Kontserbatorioan egin zituen ikasketak eta han lehenengo saria lortu zuen, 1929an. Hobekuntza eskolak hartu zituen Sergei S. Prokofievekin. 1939an Suitzan hartu zuen bizilekua, eta Genevako Kontserbatorioko piano-irakasle izan zen, 1949-1959 bitartean; garai horretan hasi zen lanean bakarlari gisa. Errepertorio erromantikoa zuen gustukoen, eta Frederic Chopinen lanetan nabarmendu zen. XX. mendearen hasierako frantses musikako interprete fina izan zen, Ravelena batez ere. Nikita Magaloffek bere aitaginarreba Josef Szigetirekin jo ohi zuen, eta hainbat disko grabatu zituen harekin batera.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
