Nikolai Iudenitx
Nikolai Nikolaievitx Iudenitx (Mosku, Errusiar Inperioa, 1862 - Saint-Laurent-du-Var, Frantzia, 1933) Errusiar Inperioko Armadako jeneral izan zen.
Lehen Mundu Gerran errusiar osteen buruzagia izan zen Kaukason, eta Erzurumgo eta Trebizondako guduetan garaipena lortu zuen. Errusiako Gerra Zibilean Armada Zuriko buruzagia izan zen ipar-mendebaldean. Boltxebikeen Iraultzaren ondoren Finlandiara erbesteratu zen, baina gero Estoniara itzuli zen berriro, eta britainiarren laguntzarekin 1919an eratu zen boltxebikeen kontrako Gobernuak Armada Zuriko buruzagi izendatu zuen. Armada berrantolatu zuen (12.000 gizon inguru bildu zituen) eta boltxebikeei eraso zien, baina Armada Gorria gailen gertatu zen, eta zuriak erretiratzera behartu zituen (1920). Iudenitxek bere kargua utzi eta erbesteratu zen, Ingalaterrara lehenik eta Frantziara gero.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
