Norbert Casteret

Wikipedia, Entziklopedia askea
Norbert Casteret
Norbert Casteret
Datu pertsonalak
Izen osoa Norbert Casteret
Jaio 1897ko abuztuaren 19a
Saint-Martory, Okzitania (Frantzia)
Hil 1987ko uztailaren 20a
Tolosa Okzitania (Frantzia)

Norbert Casteret (Saint-Martory, Okzitania, 1897ko abuztuaren 19a - Tolosa Okzitania, 1987ko uztailaren 20a) frantziar mendizale, espeleologo eta idazlea izan zen.

1923an Montespan haitzuloa (Garona Garaia) esploratu zuen eta, lurpeko sifoiak zeharkatu ostean, beste aldean historiaurreko margoak aurkitu zituen. 1926, emazte Élisabeth Martin eta anaia Martialekin batera, Errolanen Arrailaren ondoko haitzulo izoztua kausitu zuen. Bere omenez Castereteko haitzulo izoztua izena jarri zitzaion. 1928 eta 1931 artean Maladeta esploratu eta, fluoresceina erabiliz, Garona ibaiaren iturburua Aragoin, hots, Mediterranear isurialdean, dagoela frogatu zuen. Beste zenbait haitzulo esploratu zituen, esate baterako Girosp (Garona Garaia, 1929) Alkerdi (Urdazubi, 1929), non magdalen aldiko grabatuak aurkitu baitzituen, Labastideko leizea (Pirinio Garaiak, 1930), La Cigalère (Ariège, 1932) eta Esparrosko osina (Pirinio Garaiak, 1938). 1941ean Herrango Henne Morte osina esploratzeari ekin zion eta hurrengo urteetan zenbait espedizioren buru izan zen. Azkenik, 1947an, 446 metroko sakonera duen haitzuloaren hondora iritsi ziren. 1952tik aurrera San Martin Harriko leizea esploratzeko espedizioetan parte hartu zuen[1]

Erreferentziak

  1. Norbert Castereten biografia

Kanpo loturak