Ojibwa
Ojibwa Ipar Amerikako indiar herria da, ojibway, ojibwe edota chippewa izenez ere ezaguna. Ojibwak algonkineraz mintzo dira, eta garai batean Kanadako Superior eta Huron aintziren ertzean bizi ziren. 1970ean 30.000 ojibwa zeuden Ameriketako Estatu Batuetako Minnesota, Michigan, Montana, Ipar Dakota eta Winsconsin estatuetako indiar erreserbetan, eta 50.000 Kanadako Ontario, Manitoba eta Saskatchewan probintzietako erreserbetan.
Antzinako bizimodua [aldatu]
Leinu bakoitza talde ibiltarietan banatua zegoen. Udazkenean, taldeak zein bere ehizalekuetan barrena sakabanatzen ziren, eta udan berriro elkartzen ziren arrantzaguneetan. Talde batzuek arroza eta artoa ereiten zuten. Urki-azala erabiltzen zuten txalupak, txabolak eta lanabesak egiteko.
Hasieran taldeko buruzagiek ia ez zuten aginpiderik, baina 1670 inguruan ojibwak eta frantses larru-saltzaileak harremanetan hasi ahala buruzagitza gero eta garrantzitsuagoa egin zen, eta oinordekotza aitagandik semeagana igarotzen zen.
Oso erlijio-mota berezia eta garatua zuten.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.