Olaran fabrika

Koordenatuak: 43°02′59″N 2°11′26″W / 43.04978°N 2.19068°W / 43.04978; -2.19068
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Beasaingo lantegiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Olaran».
Olaran fabrika
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Ikuspegi orokorra.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaBeasain
Koordenatuak43°02′59″N 2°11′26″W / 43.04978°N 2.19068°W / 43.04978; -2.19068
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza 1939
Arkitektura
Estiloaarrazionalismoa
Ondarea
EJren ondarea38

Olaran fabrika Beasainen (Gipuzkoa) 1939an eraikitako fabrika da. Iturrioz kalearen hego-ekialdera begira dago kokatua, Oria ibaiaren ondoan dagoen hiri-parke batera begira. Eraikin honek arkitektura industrialeko ezaugarriak ditu, arkitektura arrazionalista garaikoak. Florencio Mokoroa arkitektoak diseinatu zuen.

2003ko urtarrilaren 22an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Enpresaren ekoizpen jarduera

Eraikinean ekoizten aritu den enpresa 1881. urtean sortu zuen Fernando Olaranek, Antzuolan, Teneria Guipuzcoana izenarekin; geroago, Manufacturas Olaran izena hartuko zuen, baina jardueraz aldatu gabe: beti izan zen larrugintzako enpresa. 1939an, Fernandoren seme Juanek Beasaina ekarri zuen enpresa, eraikin honetara.

Etxerako goi mailako tapizak egiten zituen. XXI. mendeko lehenengo hamarkadan, Espainiara, Frantziara, Alemaniara eta Estatu Batuetara saltzen zituen bere produktuak. Bezero zituen Bartzelonako Valenti eta Parisko Romeo marka ospetsuak, besteak beste. 25 langile zituen 2007an.[1] 2009an, ordea, enpresa itxi behar izan zuten, nazioarteko krisialdiak jota.[2]

Eraikinaren ezaugarriak

Hormigoi armatuzko eraikin honek oinplano angeluzuzena du eta 45 metroko luzera eta 20 metroko zabalera ditu. Estalkia laua da eta behe-solairua eta hiru solairu gehiago ditu. Malda handiko lurzoruan dago.

Bolumen konpaktua du, trinkoa eta sendoa. Behe-solairua eta beste bi solairu ditu; badu beste solairu bat ere, baina ez da ikusten, barrurantz dagoelako. Fatxadako hormatala soila da, apaindurarik gabe, eta plano bakarrekoa. Beheko eta lehenengo solairuetan, bao laukizuzenen serie erregularra dago (oinarri handiagoa dute garaiera baino), eta haien horizontaltasuna eta erregulartasun handia nabarmentzen dira. Horma-atala, goiko aldean, erabat itsua da eta «Manufacturas Olaran» inskripzioa dauka. Inskripzio horrek erliebe apur bat du eta nahiko handia da, bigarren solairu osoa hartzen du eta. Erlaitzaren garaieran dagoen hegal txikiko inposta horizontal batek burutzen du inskripzioa, eta esaldiaren hasieran eta amaieran hiru lerro horizontal ditu. Dorre batek eraikin nagusiko muga ezartzen du, trantsizioko elementu eta hiri erreferentzia gisa. Dorreak aurreko fatxadaren plano bera du, baita fatxada horrek dituen baoen egitura ere, baina inskripzioa ez da dorreraino heltzen. Dorreak prisma angeluzuzen itxura du, eta mehea da. Goialdean zatitu egiten da eta angeluetan tratamendu diferentziala du, harlauza multzoak ditu gariera desberdinetan eta hegal moduan, bata bestearekiko paralelo eta isolatuta. Itxura neoplastiko nabarmena du, eta aipagarriak dira bere trinkotasuna eta bertikaltasuna, ia baorik gabekoa. Dorreak duen aberastasun formal eta plastikoa, eraikinaren aurrealdeko logotipoaren grafismoak duen kalitate nabarmena eta eraikina bera hiriaren bereizgarri kolektibo gisatzat hartzen dira eta kultura-garai baten adierazgarri.

Alboetako fatxadak gehien bat itsuak eta lauak dira. Hego-mendebaldeko fatxada dorrearen eraginpean dago apur bat. Ipar-mendebaldeko fatxada fabrikako atzealdean dago. Fatxada laua da eta goialdeko solairuan leiho handi eta horizontalak ditu. Beheko solairuetako baoak, berriz, txikiagoak dira.

Barrualdea fabrikaren beharrizanetara moldatzen da. Eraikinak erraz erakusten ditu barne-antolaketa eta zein material erabili diren, eta gune zabal eta oso argitsuak ditu. Zutabeek arrazionalki modulatzen dute egitura. Eraikinaren barne-antolaketa bereziki aipagarria da: bi patio modulatu eta simetriko ditu. Eraikitzeko, material hauek erabili dira batez ere: hormigoi armatua, beira eta kanpoaldeko emokadura zuria.

Erreferentziak

  1. Lide Aguirre: «Manufacturas Olaran diseña un sistema para proteger el cuero de las tapicerías», Diario Vasco (2007-04-10).
  2. Juantxo Unanu: «Cierra Manufacturas Olaran, una de las empresas más emblemáticas de Beasain», Diario Vasco (2009-07-05).

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Olaran fabrika Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa