Oliba olio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Oliba olioa botilan.

Oliba olioa landare olio bat da, batik bat sukaldaritzan erabilia, olibondoaren fruitutik —hau da, olibatik— ateratzen dena. Oso osasungarria, gantzen % 85 asegabeak dituelako. Gantz asegabe horien artean, azido oleikoa du nagusi (% 75) eta azido linoleikoa dator ondoren (% 10). Gantz asegabe horiek handitu egiten dute HDL edo «kolesterol ona», eta lagungarriak dira gaixotasun kardiobaskularren aurka. Gainera, oliba olioa aberatsa da antioxidatzaileetan (gizakiaren zahartze prozesua geldiarazten duten substantziak), eta A, D eta K bitaminak ematen dizkigu. Horregatik guztiagatik, «urre likidoa» ere esaten zaio oliba olioari.

Adituek diotenez, oro har oso osasungarria da heldu baten eguneroko dietan 25 mililitro oliba olio birjin estra (hiru bat zopa koilarakada) sartzea. Izan ere, oliba olio birjin estra da, oliba olio moten artean, giza osasunari mesede gehien egiten diona.

Merkaturatutako olioak hiru kategoria hauek erabiliz sailkatzen dira (kalitate maila apalenetik gorenekora):

  • Oliba patsaren olioa: bitarteko kimikoak erabiliz, olibaren patsa finduz lortzen den olioa. Oliba patsa, oliba zanpatu ondoren geratzen den hondarra da. Horrela eskuratutako landare koipeari oliba olio birjinaren kantitate zehatz bat gehitzen zaio. Oliba patsaren olioaren azidotasuna, gehienez, 1,5° izan daiteke.
  • Oliba olioa: oliba olio finduaren eta oliba olio birjinaren nahasketa. Gehien saltzen dena da, eta 1º-eko azidotasuna izan dezake, gehienez. Oliba olio mota hau egiteko oliba kaskarragoak eta hondakinekin nahasita erabiltzen dituztelako fintzen dute. Fintzean, azidotasuna gutxitzen diote; eta, halaber, usain eta zapore desatseginak, goma hondarrak eta pigmentu kaltegarriak kentzen dizkiote. Aldi berean, ordea, fintze horrek galdu egiten du oliba olioaren berezko lurrin, zapore eta koloreen zati handi bat. Kalitate akatsak zuzentzeko, disolbagarriak jarri ohi dizkiote.
  • Oliba olio birjina: heldutasun unerik egokienean bildutako oliben zukua da, fruitu onetatik lortua eta kontu handiz landua. Gehienez 2º-ko azidotasuna izan dezake. Olibak zapalduz eta emaitza iragaziz lortzen da, hots, prozesu mekaniko huts-hutsa erabiliz. Ezin zaio inolako disolbagarririk erantsi kalitate akatsak zuzentzeko. Dastatze proba gainditu behar du.
  • Oliba olio birjina estra: oliba onenak hartuta, prozedura mekanikoaren bidez ateratako zukua. Azidotasuna ezin du 0,8º baino gehiagokoa izan. Ezaugarri organoleptiko bikainak ditu, eta dastatze proba zorrotza gainditu behar du.

Oliba olioaren ontzian beste adierazpen hauek ere aurki ditzakegu:

  • «Lehenengo presioa, hotzean»: prentsa hidraulikoen ateratze sistema tradizionalarekin, olibak behin bakarrik zanpatuta eta gehienez 27º C-tan atera duten oliba olio birjina edo birjin estra da.
  • «Hotzean aterata»: oliba pasta iragazita edo zentrifugatuta, gehienez 27º C-tan lortutako oliba olio birjina edo birjina estra.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oliba olio Aldatu lotura Wikidatan