Olinpiar Jokoak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bost eraztun olinpiarrak lehen aldiz erakutsi zituzten ofizialki 1920an.

Olinpiar Jokoak edo Joko Olinpikoak kirol askotako eta nazioarteko ekitaldi handia da, lau urtean behin antolatzen dituztenak bai uda partean bai eta neguan ere. Udako eta Neguko Olinpiar Jokoen artean bi urteko tartea dago.

Jatorrizkoak, Olinpian (Grezia) burutu zituzten hamabi mendetan zehar, K. a. 776tik 393. urtea arte.

1894an Pierre de Coubertin frantziarrak berpiztu zituen jokoak eta Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) sortu zuen. Lehendabiziko udako Olinpiar Jokoak 1896an Atenasen ospatu zirenak izan zen. Bertan 12 herrialdeetako kirolariek parte hartu zuten. 1920 Anberesen egindako seigarren jokoak arte, ez zen egon zin egin eta banderak zabaltzeko zeremoniarik. Batzuetan politika jokoekin nahasita ibili ziren; Berlineko Olinpiaketan (1936) nazien ideologia arrazistak ez zuen begi onez ikusi kirolari beltzen parte hartzea eta arrakasta; Munichekoetan (1972) Israeleko parte hartzaileak hil zituzten. Kanadan (1976) Afrikar eta arabiar hemeretzi herri erretiratu egin ziren Zeelanda Berriaren parte hartzeagatik protesta egiteko. Zeelanda Berriak Hego Afrikara ekipoa bidali izana, nahiz eta han aparheid politika erabili, izan zen arrazoia.

Neguko Olinpiar Jokoak 1924. urtetik ospatzen dira, lehendabizikoak Chamonix izanik. 1992. urtera arte udako eta neguko Olinpiar Jokoak urte berean egiten ziren, baina NOBk ondorengo neguko Olinpiar Jokoak bi urte aurreratzea eta udakoetatik bereiztea adostu zuen. Hala, 1994an neguko Olinpiar Jokoak Lillehammerren egin zituzten.

Gaur egun arte bi gerrek gelditu dituzte Olinpiar Joko Garaikideak. Aurrena Lehen Mundu Gerra izan zen, gerra honek 1916ko Berlingo Olinpiar Jokoak bertan behera uztera behartu zuen. Beste guda Bigarren Mundu Gerra izan zen. Gerrate honek 1940ko Tokiokoak eta 1944ko Londreskoak bertan behera uztera behartu zuen.

Aro garaikideko ekitaldiak

Udakoak

Negukoak

Hasiera batean, Neguko Olinpiar Jokoetako oraingo kiroletako batzuk, izotz gaineko hockeya eta patinaje artistikoa kasu, Udako Olinpiar Jokoetako kirol bezala hasi ziren agertzen. Baina, halako batean, izotzetan eta elurretan egiten ziren kirolentzako Olinpiar Joko propioak sortu ziren. Horrela Neguko Olinpiar Jokoak 1924tik 1992ra Udako Olinpiar Jokoen urte berean ospatzen ziren, baina, 1992ko jokoen ondoren, Udako Olinpiar Jokoen bi edizioren artean sartzea erabaki zen.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Olinpiar Jokoak Aldatu lotura Wikidatan
Wikiproiektu bat abian da
Olinpiar Jokoak gaiari buruz.