Oliver Hardy
Norvell "Oliver" Hardy (Harlem, Georgia, 1892ko urtarrilaren 18a - Burbank, Kalifornia, 1957ko abuztuaren 7a) Estatu Batuetako antzezlea izan zen. Familia burges batean jaio zen, eta antzezle eta kantari gisa jardun zuen gaztetatik ikuskari ibiltarietan. 1915ean abiatu zen zinemako lanetan, hasieran traidore- eta gaizto-paperetan. Gero alderdi barre-eragilea egokitu zitzaion, eta 1925ean Stan Laurelek eta biek hain famatua izan zen bikote komikoa osatu zuten (Laurel eta Hardy edo "Potzoloa eta Argala"), eta film segida luze bati hasiera eman zioten (1925-1951). Hardy eta Laurelen lanetan, bere pertsonaiaren gizentasun, logika eta ausardiari, lagunaren mehetasun eta zalantzak kontrajartzen zitzaizkion, eta kontraste horretatik sortzen zen grazia.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.