Onddo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Onddo
Amanita muscaria, basidiomizetoa; Sarcoscypha coccinea, askomizetoa; ogi beltzaren lizuna, zigomizetoa; kitridiomikoto bat; eta Penicillium, konidioforoa.
Sailkapen zientifikoa e
Domeinua: Eukaryota
(mailakatu gabea): Unikonta
(mailakatu gabea): Opisthokonta
Erreinua: Fungi
(Linnaeus, 1753) R.T. Moore, 1980
Azpierreinuak/Filumak
Chytridiomycota
Blastocladiomycota
Neocallimastigomycota
Glomeromycota
Zygomycota

Dikarya (Deuteromycota barne)

Ascomycota
Basidiomycota

Onddoak Fungi erreinuko izaki bizidunak dira. Onddoak organismo heterotrofoak dira, zelula-horma kitinatsua dute eta, espezierik gehienetan, hifa zelulanitzez osatutako harizpi antzeko mizelioak eratzen dituzte. Kontuan izan behar da zenbait espezie organismo zelulabakar gisa bizi direla. Modu sexual zein asexualean ugaltzen dira, normalean espora bidez. Esporak egitura berezituetan edo fruitu-gorputzetan ekoizten dira askotan. Zenbait onddo-espeziek galdu egin dute ugalketa-egitura espezializatuak sortzeko gaitasuna, eta hazkuntza begetatibo bidez soilik ugaltzen dira. Legamiak, lizunak eta perretxikoak, onddoak dira denak. Onddoen taldea morfologikoki antzekoak diren mizetozooekin (onddo lirdingatsuak) eta oomizeteekin (protistak) zerikusirik ez daukan talde monofiletikoa da. Onddoak landareen antzekoak baino gehiago, animalien antzekoak dira. Hala ere, onddoen ikerketan jarduten duen diziplina, mikologia alegia, oraindik gehienetan botanikaren adarra kontsideratzen da.

Mundu osoan barrena bizi dira, baina gehienak ikusezinak dira giza begiarentzako. Zoruan bizi dira, materia organiko hilean eta landare, animalia zein beste onddo batzuen sinbionte gisa. Funtseko lana betetzen dute ekosistemen funtzionamenduan, materia hila deskonposatzen baitute eta elikagaien zikloan eta trukean ezinbestekoak baitira. Zenbait onddok ikusgarriak diren fruitu-gorputzak ekoizten dituzte, bai perretxiko eran bai lizun eran. Onddo-espezie asko elikaduran erabili izan dira, bai zuzenean bai beste prozesu batzuetan, hala nola ardoa edo garagardoa bezalako produktuen hartziduran. Berriagoak dira beste erabilera batzuk: medikuntzan antibiotikoak ekoizteko erabiltzen dira, eta garbikarietan edo erabilera industrialetan garrantzitsuak diren entzimak (zelulasak, pektinasak, proteasak...) ekoizteko ere baliatu dira. Zenbait onddok animalientzako toxikoak diren konposatu bioaktiboak sortzen dituzte, esaterako alkaloideak. Konposatu hauei mikotoxina deritze. Hainbat onddo aisialdirako droga gisa erabiltzen dira, eta beste batzuk zeremonia tradizionaletan erabiltzen dira konposatu psikotropiko modura. Onddo batzuk gizakiarentzako patogenoak dira, eta onddoek uztetan sortutako kalteek arriskuan jar dezakete tokiko ekonomien elikagai-hornidura.

Etimologia eta definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Onddo terminoa latinezko fungus ("perretxiko") hitzetik dator. Azken hau, berriz, grezierazko sphongos/σφογγος ("belaki") hitzetik sortu zen, seguru asko zenbait perretxikoren egitura eta morfologiaren ondorioz. Beste hizkuntza batzuetan oraindik erabiltzen da: alemanez Schwamm (belaki) edo Schwammerl deitzen zaie zenbait perretxikori.

Dibertsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Onddoak mundu osoan barrena daude hedaturik, eta habitat gehienetan hazi ohi dira, basamortuak barne. Onddo gehienak lurrean hazten dira, baina zenbait espezie uretan soilik bizi dira. Bakterioekin batera, onddoak materia organikoaren deskonposatzaile nagusiak dira mundu osoko ekosistema lurtar gehienetan. Onddoen espezie-kopurua eta landareen espezie-kopurua alderatu da zenbait ingurunetan, eta kalkulu horretatik abiatuz Fungi erreinuak 1,5 milioi espezie dituela estimatu da[1]. Orain arte taxonomoek 70.000 onddo-espezie inguru deskribatu dituzte, baina talde honen benetako dibertsitatea ezezaguna da oraindik[2].

Onddo batzuk mizelioak sortzen dituzte harizpi antzeko egituretatik, hifetatik alegia, abiatuz; beste batzuk zelula isolatu gisa hazten dira. Duela gutxi arte, onddo-espezie asko ezaugarri morfologikoetan eta gainerako espezie biologikoetarako erabiltzen diren kontzeptuetan oinarrituz deskribatu dira gehien bat. Esporen eta fruitu-egituren tamaina eta forma askotan erabili dira sailkapenetan. Azken aldian, berriz, adituak biologia molekularreko tresnak ari dira erabiltzen, hala nola ADNaren sekuentziatzea, onddoen sailkapenei sendotasun handiagoa emateko eta talde taxonomikoen arteko dibertsitatea hobeto ezagutzeko.[3]

Onddoak, orokorrean, hiru talde nagusitan sailka daitezke morfologiari dagokionez: legamiak (onddo zelulabakarrak), lizunak (hifa izeneko filamentuak dituztenak), eta perretxikoak (gorputz fruitu-emaile handiak dituztenak, jateko modukoak)

Giza erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sacharomyces cerevisiae onddoaren zelulak

Betidanik eta modu zabalean erabili izan dira onddoak janaria prestatzeko edo kontserbatzeko. Esaterako, legamiak ezinbestekoak dira garagardoaren, ardoaren eta ogiaren hartzidurarako. Perretxikoen laborantza eta perretxikoen bilketa jarduera ekonomiko handiak dira hainbat herrialdetan. Penizilina eta zefalosporina bezalako antibiotikoak ekoizteko, onddoak erabiltzen dira. Antibiotiko hauek XX. mendearen hasieran hasi ziren erabiltzen tuberkulosia, sifilia, legena eta beste gaixotasun asko tratatzeko, eta oraindik ere lan garrantzitsua betetzen dute bakterioen aurkako borrokan. Onddoen erabilera historikoa eta inpaktu soziologikoa ikertzen dituen zientziari etnomikologia deritzo.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askotan ikusezinak badira ere, onddoak Lurreko edozein ingurunetan bizi dira eta betebehar garrantzitsua daukate ekosistema askotan. Bakterioekin batera, ekosistema lurtar gehienetako eta urtar batzuetako organismo deskonposatzaile nagusiak dira eta, beraz, funtsezko lana egiten dute ziklo biogeokimikoetan eta elikasareetan. Ezinbestekoak dira elikagaien zikloetan, bereziki saprobio eta sinbionte gisa betetzen duten paperagatik. Materia organikoa deskonposatu eta molekula inorganikoak sortzen dituzte, molekulok berriro landareen edo beste organismo batzuen bide metabolikoetan sartzea erraztuz[4][5].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Onddo bat zutabe batean Orosí-n, Costa Rica.

Onddoen ugalketa konplexua da, hain heterogeneoa den organismo-talde honetan espero den bezala. Onddo gehienak modu sexualean zein asexualean ugal daitezke, ingurumen-baldintzen arabera. Baldintza hauek genetikoki finkatuta dauden garapen-programak abiarazten dituzte onddoetan, eta ugalketa sexualerako edo asexualerako espezifikoak diren egitura espezializatuak sortzea eragiten dute.


Patogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Onddo gehienak lur-zoruan bizi diren saprofito ez-kaltegarriak dira. Ezagutzen diren 100.000 espezietatik 50 inguru besterik ez dira giza-patogenoak. Esan daiteke, hortaz, bakterioen aldean onddoak gaixotasun gutxi batzuen sorburu besterik ez direla.

Aitzitik, onddoek landareak infektatzen dituzte sarritan. Zentzu horretan bakterioak edo birusak baino kaltegarriagoak izaten dira nekazaritzan.

Gizakiarengan onddoek eragiten dituzten gaixotasunak mikosi deritzonak dira. Mikosiak azalekoak edo barrualdekoak izan daitezke, larruazala edo barrualdeko organoak (birikak, batez ere) kaltetzen dutenaren arabera. Barrualdeko mikosiei ere mikosi sistemikoak deitzen zaie.

Oso onddo gutxi dira patogeno hertsiak. Gizakia gehienetan ingurugirotik (lur-zorutik) kutsatzen da, onddoek eragindako infekzioak -orokorrean- ez baitira kutsagarriak. Onddo asko, gainera, oportunistak dira: horrek esan nahi du gizaki osasuntsu batengan ez dutela inongo patologiarik sortzen, eta immunitate-sistema ahula dutenak besterik ez dituztela infektatzen.

Hiru mekanismoren bidez garatzen dute onddoek beren ahalmen patogenoa:

  • toxinen bidez: onddoek ahalmen toxiko handia duten toxinak (mikotoxinak) askatzen dituzte. Mikotoxinen artean aflatoxinak, okratoxinak eta ergotamina aipa daitezke, gizakia ez ezik, animalia asko ere kaltetu eta hil ditzaketenak. Janari kutsatuak irensterakoan hartzen du gizakiak onddo-intoxikazioa. Atal honetan ere perretxiko askok ekoizten dituzten toxinak edo pozoiak sartu behar dira: Amanita muscaria-ren muskarina, esaterako, edo Amanita phaloides-en faloidina. Toxina batzuen ezaugarri haluzinogenoak aski ezagunak dira.
  • infekzioaren bidez: onddoak organismo baten kolonizazioa egiten dutenean, eta bertan ugaltzen direnean, gaixotasuna eragiten dute, mikosi bat sortuz. Onddoen konidio edo esporak asnasterakoan mikosi sistemikoa agertzen da; azaleko mikosiak, aldiz, ukipen zuzenaren bidez harrapatu ohi dira (ezkabia, dermatofitosiak, etab.).

Azkenik, azpimarratu behar da ere onddoek betetzen duten zeregin onuragarria medikuntzan, antibiotiko askoren ekoizpenaren atzean baitaude. Bi besterik ez aipatzearren, Penicillium onddoak sortzen duen penizilina, eta Cephalosporium-ek ekoizturiko zefalosporinak daude.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hawksworth DL (2006) "The fungal dimension of biodiversity: magnitude, significance, and conservation" Mycol. Res. 95 (641–655)
  2. Mueller GM, Schmit JP (2006) "Fungal biodiversity: what do we know? What can we predict?" Biodivers Conserv 16 (1–5)
  3. Hibbett, D.S., et al. (2007) "A higher level phylogenetic classification of the Fungi" Mycol. Res. 111 5:(509-547) doi=doi:10.1016/j.mycres.2007.03.004
  4. Lindahl BD, Ihrmark K, Boberg J, Trumbore SE, Högberg P, Stenlid J, Finlay RD (2007). "Spatial separation of litter decomposition and mycorrhizal nitrogen uptake in a boreal forest" New Phytol. 173: 611-620
  5. Barea JM, Pozo MJ, Azcón R, Azcón-Aguilar (2005). "Microbial co-operation in the rhizosphere" J. Exp. Bot. 56: 1.761-1.778
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Onddo Aldatu lotura Wikidatan