Optimates

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Optimates («hoberenak») zen Erromatar Errepublika beranteko senatari batzuek beren buruari ematen zioten izena. Senatari talde hark Herri Biltzarretako botereak murriztu eta Senatukoak handitu nahi zituen, Senatua ganbera egonkorragoa eta arduratsuagoa zelakoan. Populares taldea zuen aurkari, kontrako politika hobesten zuelako. Haien arteko ika-mikek bortizkeria eta gerra zibila piztu zituzten.

Optimates taldeak nobleziako leinuak hobesten zituen postu publikoetarako, batez ere probintzietatik zetozen gizon berrien aurrean. Ironikoki, optimates-en azken defendatzaile sutsua, Zizeron, probintzietako «gizon berria» zen.

Erromatar hiritartasuna Italiatik kanpora zabaltzearen kontra zeuden. Italian osora zabaltzea bera gehiegikeria zen, haien ustez. Kultura helenistikoaren kontrakoak ziren orobat, Erromako gazteria usteltzen zuelakoan. Soldadu beteranoei lur-soroak banatzearen alde zeuden, zeren beterano zoriontsuek jeneral matxinatuekin bat egiteko arrisku txikiagoa zuten.

Optimates-en urrezko garaia Sila diktadorearen aldian etorri zen (K. a. 81 -79). Orduan, Herri Biltzarrak ia-ia eskumenik gabe geratu ziren. Senatarien kopurua 300dik 600era igaro zen. Italiako iparraldean soldadu andana kokatu zuten, han bizi zitezen. Populares-etako asko zerrenda beltzetan sartu eta hil zituzten. Silak boterea utzi ondoren, politika hori irauli zen pixkanaka.

Optimates taldeko beste politikari nabarmen batzuk: Katon Maior eta Katon Minor, Milo, Marko Bruto, eta azken urteetako Ponpeio Handia.