Orbaizetako ola

Koordenatuak: 43°01′N 1°14′W / 43.01°N 1.23°W / 43.01; -1.23
Wikipedia, Entziklopedia askea
Orbaizetako ola
Kultura ondasuna
Legarza erreka ola gurutzatzen
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaOrbaizeta
Koordenatuak43°01′N 1°14′W / 43.01°N 1.23°W / 43.01; -1.23
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1748
Arkitektura
Ondarea
BICRI-51-0012022

Orbaizetako Munizioen Errege Fabrika, eskuarki Orbaizetako ola deitua, Espainiako Koroaren arma fabrika izan zen, Orbaizetan kokatutakoa, Nafarroa Garaian. 1784an eraiki zen, Karlos III.a Espainiakoaren aginduz, eta 1884an gelditu zen behin betiko. Nafarroako Gobernuak Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuen 2008an.[1]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orbaizetan dago, Aezkoa ibarrean, herritik 4,5 kilometro iparraldera. Mendilatz eta Arlekia mendien artean eraiki zuten, 840 metroko garaieran, Urkulu aldera doan bidean. Legarza edo Itolazko errekak zeharkatzen du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1432an Zuria I.a Nafarroakoak baimena eman zion Zangotzako merioari burdinola bat ezartzeko Orbaizetako Larraun alderdian.[2][3] Nafarroako konkistaren ondoan, 1523an, burdinola konfiskatu zioten garai hartan errentan hartua zuen Santxo Esakoari, 1521eko nafar kontraerasoan parte hartu zuela egotzirik. Ondoko mende eta erdian, burdinolaren funtzionamendua aski gorabeheratsua izan zen; Orbaizetako herriaren jabetza zen, eta zenbait errentari izan zituen, hala nola Joanes Olagarai, Mikaela Amasorrain eta Etxauzko bizkondea.[4]

XVIII. mendearen amaieran, Eugiko arma fabrikak hornitzen zuen munizioz Espainiako armada. Hura XVI. mendean eraiki zuten baina, egurra urrituz joan zenez, handik hurbil beste lantegi bat eraikitzea erabaki zuen Espainiako Koroak. Horretarako Orbaizeta hautatu zuten, Aezkoa haranean. Izan ere, inguruko basoetan egur ugari zegoen, eta burdin meategiak eta ura ere ez ziren falta. Lehen urratsa Aezkoako Batzarrak herriko mendien ustiapen eskubidea uztea izan zen. Koroak 1784an bereganatu zituen Larraungo burdinola eta Aezkoako mendiak. Koroa, ordea, gezurretan aritu zen eskubidea lortzeko. Espainiako Koroak aetzei hitzeman zien lana eta onurak eskuratuko zituztela, baina gero hori ez zen gertatu.[5] Hitzarmenerako elkarrizketak erdaraz egin ziren, Aezkoako solaskideak errege ordezkariekin fidatu ziren, hizkuntza hori ia ezagutzen ez zutelarik, ordezkari aetzek gerora salatu zutenez:[6]


« ...el inocente candor de los que asistieron al otorgamiento, su ignorancia ó poca instrucción del castellano... »

—Aezkoa ibarreko ordezkariek adierazia, epaitegietan salatu zuten bezala.[6]


Maria Sortzez Garbia eliza

Arma fabrika eraikiko zen tokia hautatu zuen Jose Sangenisek, ordea, ez zituen aurreikusi Frantziako muga hain gertu izateak ekar zitzakeen arriskuak.[4] Burdinola zaharberritu ondoren, 1788an hasi ziren eraikitzen arma fabrika berria,[7] Meltxor Maritxalar eta Josef Sagastibeltzaren proiektuari jarraiki. Hasieran 1.200.000 erreal kuartoko aurrekontua bazuen ere, 1790eko 6 milioi erreal gastatuak ziren. 1794an, arma ola abian jarri eta lau urtera, Konbentzioaren Gerrako frantziar armadak erabat suntsitu zuen.[4]

1800eko irailean hasi ziren arma fabrika berreraikitzen. Kostu handiko obrak izan ziren, lau urte iraun zutenak, baina etekin txikikoak, Napoleonen armada lantegiaz jabetu baitzen 1808an. Frantsesek produkzioa handitu zuten, eta 1813 arte eduki zuten martxan. Urte horretan, arrapaladan alde egin behar izan zuten, Francisco Espozen gudarosteak eraso egin baitzien. Erasoan, arma fabrika errausturik gelditu zen.[4] Ekonomia arrazoiak tarteko, arma ola geldirik egon zen 1816-1829 bitartean. Azken urte horretan berriz ere abiarazia, Zumalakarregiren tropen esku geratu zen 1834an, baina bertan behera utzi behar izan zuten bi urte geroago. Lehen Karlistaldia amaitu zenetik aurrera izan zuen fabrikak garairik oparoena, 1869an piztu zen sute batek ia erabat kiskali zuen arte.[7] 1873an, Bigarren Karlistaldian, armada karlistak hartu zuen, eta gelditzen ziren langile gehienak ihesi joan ziren. Azkenik, 1882an behin betiko itxi zen.[4]

Arma fabrika itxi bazen ere, mendiak ez zitzaizkion Aezkoako Batzar Nagusiari itzuli, behin eta berriz eskatu zuen arren. 1893an, Espainiako estatuak enkantean jarri zituen zenbait eraikin eta lur eremu, eta partikular batzuek erosi zituzten. 1980ko hamarkada arte ez zituen Aezkoak herri lurrak berreskuratu. Fabrika, berriz, erabat utzia egon zen hamarkada luzez. Denbora igaro ahala, teilatuak lurreratu, paretak desegin eta sasiak hartu zituen hondakinak.[8] 1986, 1987, 1988, 1989, 1990 eta 1991n kanpaina arkeologikoak egin ziren. 2011n, Espainiako Sustapen Ministerioak eta Aezkoako Batzar Nagusiak arma ola zaharberritzeko hitzarmena sinatu zuten. Helburu bereko beste hitzarmen bat sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Aezkoako Batzar Nagusiak 2014an.[9]

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arma fabrika Argien Garaiko arkitektura industrialaren eredu bikaina da, Iberiar penintsulako hoberenetakoa.[3] Olaren goialdean ostatua, eskola, eliza, agintarien jauregia eta langileen etxebizitzak zeuden. Beheko partean, berriz, lantegia bera.[5] Bi labeak, munizioen garbitegia, sarraila eta molde tailerrak, eta gabien eraikinak erdialdean zeuden, eta alboetan, berriz, ikaztegiak eta mea biltegiak.[4] Ikaztegietatik plazara edo lantegiko beste geletara zeuden egurrezko gaineko pasabideek olaren sailak elkarrekin lotzeko balio zuten. Adibidez, meategietako burdin minerala labeetako ahoetara eramateko edota menditik ekartzen zen egur-ikatza pasabide jaso hauen bidez garraiatzen zen. Olaren arkitekturak zenbait mailatan lan egiten zela adierazten du. Lantegia diseinatu zutenek oso ongi baliatu zuten orografia zaila, eta komunikazio ezin hobea lortu zuten ikaztegi eta biltokien eta labeen ahoen artean.[5]

Orbaizetako olaren planoa: 1.- Ikaztegiak; 2.- Ikaztegien pasabidea; 3.- Munizioen aztergunea; 4.- Munizioen garbitegia; 5.- Buztinezko moldeak egiteko tailerrak; 6.- Labe eraikina; 7.- Galdaketa labeak; 8.- Haize makinak; 9.- Gurpil hidraulikoak; 10.- Ubidea eta bokartea; 11.- Sarraila-tailerrak; 12.- Zurgindegia; 13.- Biltegiak; 14.- Gabien I. eraikina; 15.- Mea biltegia; 16.- Etxebizitzak; 17.- Santa Barbara labea; 18.- Gabien II. eraikina; 19.- Baratzea; 20.- Eskola; 21.- Komunak; 22.- Eskailerak; 23.- Eliza; 24.- Jauregia; 25.- Aezkoako atea; 26.- Ogi labea; 27.- Ostatua; 28.- Kaserna; 29.- Ofizialen etxebizitzak; 30.- Hilerria; 31.- Auritzeko atea; 32.- Frantziako atea; 33.- Munizioen plaza; 34.- Etxarteak; 35.- Legartza erreka; 36.- Aezkoako bideko zubia; 37.- Tailerretako korridoreak; 38.- Ikaztegietarako bidea; 39.- Deskargatzeko arrapala; 40.- Plaza

Sistema hidrauliko baten bidez mugitzen ziren lantegiko gailu guztiak. Zurezko ubide batek bideratzen zuen Itolazko errekako ura Txangoako errekan zegoen urtegiraino. Handik abiatzen zen harrizko ubideak fabrikaraino eramaten zuen ura, eta horren indarrak birarazten zituen gabien eta bokartearen gurpilak. Fabrikaren azpitik kanalizaturik zegoen Iturroiko errekak, berriz, labeetako hauspoen gurpilei eragiten zien. Bi labe nagusiak Santiago eta San José ziren; hirugarrena, Santa Bárbara, probak egiteko erabiltzen zen. Bokarteak zepa birrintzen zuen, burdin hondarrak bildu eta berriz urtzeko.[4]

Fabrikaren funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fabrikaren ikuspegia

Arroiandieta (Luzaide) eta Olaldeako (Orotz-Betelu) meategiek hornitzen zuten burdinez Orbaizetako ola. Lehenbizikoan 25 meatzari aritzen ziren lanean, eta 10 bigarrenean. Garraiatu aurretik mea kiskali egin behar izaten zen. Meategiak fabrikatik nahiko urrun zeudenez, 16 eta 22ra kilometrora hurrenez hurren, mandazain eta langile ugari aritzen ziren garraioan (60 meatze bakoitzean). Txangoa eta Mendilazko meategiek garrantzi txikiagoa izan zuten. Labe eta sutegietan erabiltzen zen egur-ikatza txondorretan ekoizten zen, Aezkoako mendietako pagadietan. Labeen barnealdea estaltzeko eta moldeak egiteko behar ziren adreilu erregogorrak Zalbidegiko teilerian produzitzen ziren.[4]

Ekoizpen handieneko garaian 300 enplegatu baino gehiago izan zituen, arma olako langileak, meatzariak, ikazkinak eta mandazainak barne, eta urtean 3.600 bonba ekoiztera iritsi ziren.[8] Behargin gehienak zibilak baziren ere, diziplina militar gogorra ezarri zieten armadako agintariek. Langileentzako eta haien familientzako zerbitzuak kokatu ziren plaza nagusiaren inguruan: etxebizitzak, eliza, eskola, ostatua eta janari-denda. Hasieran, Hiriberriko medikuaren ardura izan zen osasun arreta, baina luze gabe ulertu zuten sendagile finkoa behar zela fabrikan. Izan ere, maiz gertatzen ziren istripuak, erredurak batez ere. Laguntza espiritualari dagokionez, jai egunetan Orbaizetako erretorea joaten zen meza ematera. Erabaki zutelarik Santa Barbara elizak egunero behar zuela apaiza, euskalduna izan zedin eskatu zuten. Kontuan hartu behar da euskara zela langile gehienen hizkuntza, Aezkoa, Baigorri, Baztan, Malerreka eta Bortzirikoak baitziren.[4]

Arma ola kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legarza errekaren gaineko tunela

Artista asko inspiratu dituzte Orbaizetako olako horma urratu eta huntzez estalitakoek. Jose Angel Irigarayk Aiezkoako mendietan olerkia idatzi zuen,[10] Benito Lertxundik musikatu eta 1977ko Zuberoa/Askatasunaren semeei diskoan argitaratu zuena, Orbaizetako arma olaren kantua-rekin batera. Izan ere, olaren argazkia ageri da disko horren azalean:

«

Orbaitzetako arma-olaren
horma zaharrak
suzko ekaitz dardartsu guziak
jaurtikiaz jasanik,
kondaira urratu baten
ezaugarri bezala,
xoilki,
bakardadean geldituak.

»

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Declarada Bien de Interés Cultural la Fábrica de Armas de Orbaitzeta. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-02).
  2. Arma fabrikatik 2 kilometro inguru iparraldera daude Larraungo burdinolaren hondakinak, Txangoa eta Azpegira doazen bideen gurutzean. Egun Olazar izena ematen zaio bazter horri.
  3. a b Etxegoien, Jose. La Real Fábrica de Armas de Orbaizeta. rutasnavarra.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).
  4. a b c d e f g h i Egia, Victor Manuel. La real fabrica de municiones de Orbaizeta. Nabarralde, 2015-12-14, nabarralde.eus (Noiz kontsultatua: 2010-10-29).
  5. a b c Arrizurieta, Irene. Olaren zori txarra. Berria egunkaria, berria.eus, CC BY-SA 4.0 (Noiz kontsultatua: 2018-10-29).
  6. a b Xamar. (2018). Etxera bidean. Pamiela, 50-62 or..
  7. a b Elizegi, Ane. Orbaizetako arma fabrika erreala. Auñamendi Eusko Entziklopedia, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2010-10-29).
  8. a b Arma fabrika. turismo.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2010-11-02).
  9. Nafarroako Gobernuak eta Aezkoako Batzarre Nagusiak hitzarmena sinatu dute Orbaizetako fabrika birgaitzeko. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-02).
  10. Irigaray, Jose Angel. Aiezkoako mendietan. susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2010-10-29).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]