Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionala

Koordenatuak: 42°40′18″N 0°03′20″E / 42.6717°N 0.0556°E / 42.6717; 0.0556
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ordesa eta Perdidoko parke nazionala» orritik birbideratua)
Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionala
KokalekuaAragoi eta Huescako probintzia, Espainia
Koordenatuak42°40′18″N 0°03′20″E / 42.6717°N 0.0556°E / 42.6717; 0.0556
Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionala is located in Espainia
Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionala
Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionala
Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionala (Espainia)
Azalera156 km² eta 15.690,61287 ha
IzendapenaParke nazional, Batasunaren Garrantzizko Leku, naturagune babestua eta Espainiako parke nazional
IUCNren babesaII. maila: parke nazional
Sorrera18-08-16 eta 1918
AdministratzaileaEspainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioa
Webguneahttps://www.miteco.gob.es/es/red-parques-nacionales/nuestros-parques/ordesa/

Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionala Pirinioetako eremu babestu bat da; Sobrarbe bailaran dago, Huescako probintziako lurretan (Aragoi, Espainia). 1918an sortu zuten, baina garai hartan 2.100 ha soilik hartzen zituen bere baitan. 1982an egun duen hedadurara (15.608 ha) arte zabaldu zuten eremu babestua. 2.600 m arteko desnibela du, Añiscloko 750 m-etan hasi eta Monte Perdido gainean 3.355 m-ko garaierara iristen baita. 1997an UNESCOk Biosferaren Erreserba izendapena aitortu zion. Hegaztien ugalketarako eremu berezi gisa ere babesturik dago.

Parkeak eta haren periferia-eremuak Torla, Broto, Fanlo, Tella-Sin, Puertolas eta Bielsa udalerrietako lurrak hartzen dituzte.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cotatueroko zirkua Ehiztarien Bidexkatik

Parkearen orografian Treserols mendigunea nagusitzen da, Europako kareharrizko mendi-puskarik handiena dena. Gailurrik garaiena Monte Perdido da, eta haren tontorretik, erradio forma argiago edo bihurrago baten eran, haran glaziarrak eta mendi-gailurrak jaisten dira. Ezagunena Ordesako harana da (ekialde-mendebalde zentzuan irekitzen da eta Arazas erreka zeharkatzen du). Berau izan zen hain zuzen natur parke izendatzearen lehen arrazoia; baina Ordesakoaz gain aipagarriak dira baita ere:

Iparraldean, berriz, Pirinioetako Parke Nazionaleko lurrak eta Gavarnieko zirku ikusgarria ditu (Bigorra edo Pirinio Garaiak, Okzitania), zeinetan Mendebaldeko Europako urjaizirik garaiena (400 m) dagoen.

Tokiaren oinarrizko itxura Tertziaroko lur zimurtze eta altxatze handiek eta Kuaternarioko glaziar higatze izugarriek eragin dute. Glaziareek sortutako haranen adibide paregabeak dira, hain zuzen, Pinetakoa eta Ordesakoa. Egun, glaziare bakarrak irauten du: Perdidokoak; baina hori ere atzerakada nabarmena jasaten ari da, Pirinioetako gainerakoak bezala.

Harkaitzei dagokienean, kareharria da gehiengoa, eta hargatik, glaziazio aroan jasandako higadurari urak eragindako topografia karstikoa gehitu zaio. Hori dela eta, ugariak dira bazter hauetan leizeak, arroilak, osinak eta abar. Aipagarrienak Añiscloko arroila eta Eskuaingo zintzurrak dira ezbairik gabe.

Soasoko urjauzia edo Zaldi Buztana

Parkeko goialdeko lurrak (2.000 m-tik gorakoak) oso idorrak dira, prezipitazioz jasotako ura berehala jasotzen baitu sistema karstikoak. Aldiz, haranetan ugaria da landaredia. Pagoak eta izeiak dira nagusi bertan, baina altuerak gora egin ahala mendi-pinua doa gailenduz.

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parkeko eremuko bidexka bat.

Nahiz eta parkea lehen aldiz bisitatzerakoan deigarrien basoak eta bertako amildegiak egin, parkeko hedaduraren %21 besterik ez dute estaltzen zuhaitzek. Eremurik gehiena larreek eta labar nahiz harritzek osatzen dute, mendizaleek ongi dakiten bezala.

Klima eragin ezberdinen pean dagoen eremua izaki, begetazio mota ezberdinak topatzen dira parkean, tokiaren arabera. Esaterako, altuera gutxieneko tokietan - Añisclon edo Eskuainen - Mediterraneo giroko landaredia bizi da; eta haizeak gogor jo eta lehortutako tokietan nahiz mendi-gailur harritsuetan, Mediterraneo azpiko girokoa. Aldiz, "ozeano-putzuen" inguruetan Kantauri aldeko landaredia dago eta tontorrik garaienetan, alpetarra. Aniztasun horren isla dira, ezbairik gabe, orain arte zerrendatu diren 112 landare-komunitateak, zeintzuetan multzorik anitzenak belardienak eta larreenak diren.

Estai menditarean (800-1700 m arteko altuera) pagadiak Fagus sylvatica, izeiak (Abies alba), pinudiak (Pinus sylvestris), erkametzak (Quercus subpyrenaica) ugariak dira; bakanagoak urkiak (Betula pendula), lizarrak (Fraxinus excelsior), sahatsak (Salix eleagnos), hurritzak (Corylus avellana) eta arteak (Quercus rotundifolia). Goragoko mailan, bestetik, mendi-pinua (Pinus uncinata) da nagusi. Oihanpea ezpelaren (Buxus sempervirens) eremua da, 1.800 m-ra arte .

Larre garaietan (2.000-2.700 m) arrauka da ugariena. Hain zuzen ere eremu horiek dira egokienak parkearen ikurra diren elur-lore entzutetsuak ikusteko (Leontopodium alpinum).


Elur-lorea

Flora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eremu babestu honetako flora1.400 espeziek osatzen dute, horietatik 82 Pirinioetan soilik bizi direnak (mendikate landare endemikoek erdia alegia). 3.000 m-tik gorako 30 gailur eta horien ingurumarietan flora alpetarreko gisa sailkatutako 100 espezie bizi dira.

Parkeko ezaugarri nagusiak diren amildegi eta hormatzarretan Pirinioetako endemikoak diren espezie ugari bizi da: Borderea pyrenaica, Campanula cochleariifolia, Ramonda myconi, Silene borderei, Androsace cylindrica, Pinguicula longifolia, Petrocoptis crassifolia, eta abar.

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marmota XX. mendean sartu zuten Pirinioetan

38 ugaztun espezie, 68 hegazti espezie (120 migrariak kontuan hartuz), narrastien 8 eta 5 arrain espezie zenbatu dira.

Ugaztunen artean, eta behin bukardoa desagertuta (2000ko urtarrilaren 5ean) sarrioa (2.000 bat ale), orkatza (desagertzeko arriskuan egon ostean dezente ugalde da egun), basurdea, oreina eta hartz arrea (20-23 ale Pirinio guztian) aipa daitezke. Bestetik ugaztun txiki ugari bizi da bertan: igaraba, azeria, katajineta, marmota, basakatua, lepazuria, muxarra, azkonarra, katagorria, basasagua, hudoa, lursagua, satitsua...).

Nagusiki lurrean bizi diren hegaztiei dagokienean, aipatzekoak dira: basoilarra (bakan batzuk soilik eta nahiko ezezagunak haiek onurarako), Tengmalm hontza (orain gutxi aurkitu berri dena), okil beltza, okil berdea, okil gibelnabarra, urubia, apo-hontza, zata, txepetxa, harkaitz-txori...

Ugatza

Zeruan, berriz, ugatza da nagusi, munduko hegazti handienetako bat dena. Arrano beltza - bertako hegazti-harrapari handiena -, sai arrea, sai zuria, miru gorria, miru beltza, arrano sugezalea ere bertan bizi dira, guztiek ere marmotak, eper grisak eta horren urria den eper zuria ehizatzen dutenak (20 bat ale ozta-ozta).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]