Oria

Koordenatuak: 43°17′25″N 2°07′55″W / 43.2903°N 2.1319°W / 43.2903; -2.1319
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Gipuzkoako ibaiari buruzkoa da; Italiako udalerriari buruzkoa beste hau da: «Oria (argipena)».
Oria
Oria ibaia Tolosa zeharkatzean
Oria is located in Euskal Herriko ibaien mapa
Oria
Oria
Koordenatuak43°17′25″N 2°07′55″W / 43.2903°N 2.1319°W / 43.2903; -2.1319
KokapenaGipuzkoa
Luzera82.65[1] km
Arroa882,53[1] km²
Batez besteko emaria25,67 m³/s

Oria[2] Gipuzkoako ibai garrantzitsuena da, bai luzeragatik, bai emariagatik. Lizarrate inguruan sortzen den tokitik Orion itsasoratzen den guneraino, 82,65 kilometro luze da,[1] eta haren ibaiadar nagusiak Agauntza, Amezketa, Araxes, Zelai, Urtsuaran, Asteasu eta Leitzaran dira. Gipuzkoako arro handieneko ibaia dugu, halaber; 54 udalerri hartzen ditu barne —Zarautz eta Getaria ere kontuan hartuz—, guztira 158.000 biztanle ingururekin (2008).

Araba eta Gipuzkoako Partzuergo Nagusiaren lurretan sortzen da, Zegamako mugan, Lizarratetik hurbil. Gero, Segura, Olaberria, Beasain, Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Alegia, Tolosa, Anoeta, Irura, Villabona, Zizurkil, Aduna, Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbil zeharkaturik, Orioren eta Aiaren artean itsasoratzen da.

Oriako itsasadarreanUsurbil, Aia eta Orio artean— balio ekologiko handiko padurak eta ibarrak daude. Halaber, Oria Garaia interesgarria da ekologiaren ikuspuntutik. Biak Natura 2000 sarearen barruan daude.

Oria ibaiaren itsasadarra.

Ibaiaren kutsadura

Kutsadura handia nozitu duen ibaia da, hondakin urak araztu gabe isuri izan dituen —eta, batzuetan, oraindik ere isurtzen dituen— industria ugari baitu aldamenean, bereziki papergintzako industria. Alabaina, azken urteetan Oria oneratzen ari da, pixkanaka bada ere, araztegiak jartzearen eta fabrika zikinenetako asko itxi izanaren ondorioz.

2009ko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ibairen kutsadura mailak Europar Batasunak ezarritakoak baino altuagoak zirela jakinarazi zen Uraren Esparru Zuzentarauaren bitartez. Ibai hauek ziren: Oria, Deba, Cadagua, Nerbioi, Ibaizabal eta Zadorra. Horien uretan, legeak araututakoa baino kopuru handiagoan zeuden kromoa, butilestanioa, lindanoa, kuprea, zianuroa eta merkurioa.[3]

Egoera horren kausa dira, besteak beste, ibai ertzeetako industria jarduerak, arazketarik eza eta nekazarien isurketak. Hala ere, Euskadiko Ur Agentziak (URA) esan zuenez, arazoa ez zen ibaiak zikinago zeudela, baizik eta Europar Batasunak legeak gogortu zituela.

Gainera, Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua (1991. urtekoa) eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua (1995. urtekoa). Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako. Oria ibaian, ondoan industria jarduera handia duten Gipuzkoako beste ibai batzuetan bezala, oso atzeratuta doaz hondakin ur guztiak arazteko lanak.[4][5][6]

Ibaiadar nagusienak

Euskal kultura eta euskara

Benito Lertxundik, 1974an argitaratutako Oro laño mee batek... diskoan, Oria ibaia izeneko abestia sartu zuen.

Aipatzekoa da, Oria ibaiak zeharkatzen dituen udalerrietan euskara aldetik duen eragina, ibai honen goi eta behe ibarrek gipuzkera euskalkiaren bi azpieuskalki edo hizkera banatzen baititu:

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oria Aldatu lotura Wikidatan
  1. a b c Euskal Autonomia Erkidegoko uholdeen ziozko larrialdiko plan berezia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 153. zenbakiaren gehigarria, 1999-08-12, 21. eta 22. orrialdeak.
  2. Euskaltzaindia: 166. araua: Euskal Herriko ibaiak.
  3. Txus Díez: «Seis ríos vascos presentan niveles de contaminación superiores a las exigencias de la Unión Europea», Diario de Noticias de Álava, 2009-02-09.
  4. Ekologistak Martxan: «Informe Banderas Negras 2006: ni un ladrillo más».
  5. Ekologistak Martxan: «Informe Banderas Negras 2007: metástasis costera».
  6. Ekologistak Martxan: «Informe Banderas Negras 2008: hipoteca costera».


Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa