Origenes
Origenes teologo kristaua izan zen (Alexandria, 184 inguruan - Tiro, 253 inguruan). Kristau familia batean sortua zen (aita martirioz hil zuten 202an). Alexandriako Klementeren eta Ammonio Saccasen ikaslea izan zen. 203tik aurrera, 28 urtez, kristau dotrina irakatsi zuen Alexandrian. 230ean apaiztu zen, zegokion elizbarrutitik kanpo; arrazoi horrengatik eta aurretik berak eskaturik irendu zutelako, eskumikatu egin zuten, eta Palestinako Zesarean hartu zuen bizilekua (231). Dezioren esetsaldian jasandako torturen ondorioz hil zen. Origenes Eliza kristauaren lehen garaietako teologoetan handiena izan zen. Greziako filosofiaren (batez ere, neoplatonismoa eta estoizismoa) eta kristautasunaren sintesia egitea izan zuen helburu. Idazle oparoa izan zen; liburu dogmatiko, aszetiko eta polemiko anitz idatzi zuen, hala nola De principiis, Celsoren aurka eta abar. Alabaina, Idatzi Santuen exegesi-lanak dira haren lanik ezagunenak (Homiliak, Iruzkinak, Hexapla eta abar). Originesen dotrinaren zenbait puntu kondenaturik gertatu ziren Konstantinoplako Kontzilioan (553).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.