Orixe
Orixe 1933an. |
||
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Nikolas Ormaetxea Pellejero | |
| Ezizena | Orixe | |
| Jaio | 1888ko abenduaren 6a | |
| Hil | 1961eko abuztuaren 9a | |
Nikolas Ormaetxea, ezagunagoa Orixe ezizenez (Orexa, Gipuzkoa, 1888ko abenduaren 6a - Añorga, 1961eko abuztuaren 9a), euskal idazlea izan zen. Joxe Azurmendik luze eta zabal aztertu zuen haren lana "Zer dugu Orixeren kontra?" eta "Zer dugu Orixeren alde?" saiakera liburuetan.
Eduki-taula |
Bizitza [aldatu]
Orexan jaio bazen ere, Nafarroako Uitzin hazi zen. Hamazazpi urte zituela Jesusen Lagundikoekin ikastera joan zen, Xabierra. Ondoren, Loiola, Burgos, Oña, Comillas, Carrion eta Tuteran ibili zen, eliz ikasketak bukatzen, harik eta 1923an, Lagundia utzi zuen arte. 1923-1931 bitarteko urteetan Bilbon bizi izan zen.
1927an, Euskal Literatura´ren Atze edo Edesti Laburra argitaratu zuen, eta bi urte geroago Santa Cruz apaiza izeneko kontakizuna. Lehen olerki bilduma 1934an argitaratu zuen: Barne-muinetan, olerki mistikoak. 1931n Orexara joan zen, Euskaldunak, Orixeren olerki lanik landuena ontzeko asmoz. Aitzolen aginduz egin bide zuen lan hori, uste zutelako Mistralen Nobel sariak proventzerari eman zion bultzada Orixek eman ziezaiokeela euskarari. Izan ere, Mistralen Mireio izeneko obra, Orixek berak itzuli zuen Mistral-en Mireio euskeraz (1930) izenburupean. Euskaldunak, berriz, gerra aurretik bukatua bazuen ere, ezin argitaratu izan zuen 1950 arte.
1936ko gerraurreko olerkari belaunaldiko kideetako bat izan zen, Lauaxetarekin, Lizardirekin eta Loramendirekin batera. Gerraren hasierak Orexan harrapatu zuen Orixe. Atxilotua izan zen eta Iruñeko San Kristobal gazteluan egon zen preso. 1938an Frantziara joan zen, atzerriratua; handik Ameriketara jo zuen, Argentinara, Txilera eta El Salvadorrera. Han zegoela, Euzko-Gogoa aldizkarirako, Kito´n arrebarekin, gerrako eta atzerrialdiko oroitzapenak kontatzen dituen obra, idatzi zuen, arrebarekin izandako elkarrizketa moduan antolatua, eta liburu moduan berriki argitaratu zena 1988an. 1954an Euskal Herrira itzuli zen; harrera beroa egin zioten euskal idazleek eta euskaltzaleek. Itzulpen lan asko egin zituen Orixek: Tormes´ko itsu-mutilla (1929), Urte guziko Meza-bezperak (1949), Agustiñ Gurenaren Aitorkizunak (1956), Salmutegia (1967). 1971n, Jainkoaren billa, hitz lauzko teologia lana, argitaratu zioten. 1976an Auñamendi argitaletxeak Euskaldunak eta beste olerki guziak bilduma argitaratu zuen. Eragin handia izan zuen Orixek bere ondorengo belaunaldiaren idaztankeran.
1965ean, Orixe hil eta handik lau urtera, Orixe. Omenaldi izeneko liburua atera zen, idazle askoren artean moldatua. Bestalde, Orixeren lan asko aldizkarietan barreiatuta zeuden (Jesusen Biotzaren deya, RIEV, Euskera, Euskal Esnalea, Yakintza, Euzko-Gogoa, Gernika, Karmel, Olerti).
Lanak [aldatu]
Nobela [aldatu]
- Santa Cruz apaiza (1929, Leizaola)
Saiakera [aldatu]
- Euskal literaturaren atze edo edesti laburra (1927, Euskal-Esnalea aldizkaria)
- Jainkoaren billa (1971, Gero)
- Euskal literaturaren historia laburra (2002, Utriusque Vasconiae)
Poesia [aldatu]
- Eusko Olerkiak (1933, Euskaltzaleak)
- Barne-muinetan (1934, Itxaropena)
- Euskaldunak (1950, Itxaropena)
- Euskaldunak (poema eta olerki guziak) (1972, Auñamendi)
- XX. mendeko poesia kaierak - Orixe (2000, Susa): Koldo Izagirreren edizioa
Haur eta gazte literatura [aldatu]
- Leoi-kumea (1948, La Photolith)
Itzulpena [aldatu]
- Mireio; Frederic Mistral (1930, Verdes-Atxirika)
- Tormesko itsu-mutilla (1929, Verdes-Atxirika)
Dibulgazioa [aldatu]
Oroitzapenak [aldatu]
- Quiton arrebarekin (1950-1954, Euzko-Gogoa aldizkaria)
Bilduma [aldatu]
- Idazlan guztiak (sorkuntzazkoak) (1991, Etor)
- Orixe hautatua (2002, Hiria)
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- «Nikolas Ormaetxea», Literaturaren Zubitegia.
Bibliografia [aldatu]
- Azurmendi, J. 1976: Zer dugu Orixeren kontra?, Oñati, EFA.
- Azurmendi, J. 1977: Zer dugu Orixeren alde?, Oñati, EFA.
- Sudupe, P. 2012: "Ideologia eztabaidak 50eko hamarkadan" in Alaitz Aizpuru (koord.), Euskal Herriko pentsamenduaren gida, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-435-9