Ortzemugak begietan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ortzemugak begietan
Ken Zazpi taldearen estudioko albuma
Argitaratze data2010
Iraupena45:30
DiskoetxeaElkar Argiak

Ortzemugak begietan Ken Zazpi taldearen seigarren diskoa da, 2010ean Elkar Argiak diskoetxearen zigilupean argitaratutakoa.

Disko honen sortze prozesuak ia hiru urte iraun zuen, taldearen aurreko lana (Argiak) 2007ren bukaeran agertu baitzen. Honek adierazten du talde gernikarrak disko honi eman nahi zion garrantzia, bere aurkezpenean esan baitzuten saiatu zirela urrats bakoitza ondo neurtzen, abestien sortze prozesutik grabazioa eta nahasketa prozesuetaraino. Emaitza aurrekoak baino landuago diskoa dugu, pop-rock anglosaxoiaren eragina nabaria duena, nahiz eta bandaren berezko kutsua ongi gorde.

Diskoaren grabazioak Muxika eta Usurbilen artean burutu ziren. Nahasketa lanak, baina, EEBBetako Los Angeles hirian osatu ziren, Rafa Sardina bermeotarraren estudioetan, aurreko diskoan bezala (Argiak, 2007). Sardinaren ukituak nabarmen hobetzen du emaitza, doinu garbiagoa eta sakonagoa lortuz.

Talde bera da lehenengo bost abestien hitzen egilea. Gainontzeko abestietan idazle eta bertsolari batzuen laguntza izan zuten: Joseba Sarrionandia, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Julen Gabiria eta Uxue Alberdi. Goi mailako ekarpen hauek are gehiago indartzen dute abesti batzuen xarma, emozio eta sentipen sakonak eragiten dituztenak.

Erritmo handiko gaiak ditu diskoak: "Hel nazazu eskutik", "Eta azkenak hasiera" eta "Bala bat lurpean", batik bat. Gainontzeko abestietan doinu melodikoa eta leuna gailentzen zaio rock gogorrari. Taldearen hasierako lanak, estilo rockeragoa zutenak ("Atzo da bihar", "Bidean"...) urruti geratzen dira, denboran ez ezik, baita musika estiloari dagokionez ere.

Gai melodiko batek, hain zuzen, hasiera ematen dio diskoari: "Hegoak astindu". Sintetizadoreak oihartzun xarmangarriak sortzen ditu gai honetan, askatasun eta irudimenari gorazarre egiten diona.

"Hel nazazu eskutik" amodiozko kanta hunkigarria bada ere, gazte gaixo baten agonian du oinarri, Eñaut Elorrietak behin kontatu zuenez. Erritmo aldaketa biziak ditu gaiak, eta Eñautek biziki ongi moldatzen du bere ahotsa abestiak azalarazten dituen sentimenduetara.

"Ihes betean" gai intimista da, bakartasunez aritzen dena. "Utzi nazazu"k maitasun apurtuak utzitako samintasuna ekartzen du gogora.

"Taloia jaisten denean" gaiaren atzetik Joseba Sarrionaindiak idatzitako "Hemen gaude" abestia dator, euskal preso baten gogoetak dakartzana. Gai honetan pianoaren soinua gailentzen zaie gainontzeko musika tresnei, melodia triste eta etsigarria sortuz, entzulea harrapatzen duena.

"Eta azkenak hasiera" gai bizia da, erritmo handikoa, Maialen Lujanbio bertsolariak idatzi zuena. Itxaropena goraipatzen du, atsekabetik haruntzago bizitza berria dela iradokiz. Diskoaren gai entzunetariko bat bihurtu zen.

"Itsasoa gara", Jon Maiaren hitzekin, arrakasta gehien lortu zuen pieza da. Disko osoaren mamia ongi jasotzen du abesti honek: sentimendu sakonak, itxaropenari eta ilusioari gorazarrea, doinu bizigarria eta melodia goxoa, entzulearen emozioak pizten dituena.

"Bala bat lurpean" piezarik rockeroena da. Julen Gabiriak idatzitako abesti honek gerra zibileko hilobi ahaztuak gogoratzen ditu. "Giltzak" izeneko melodia bareak amaiera ematen dio lanari.

2010. urtean emandako elkarrizketa batean Eñaut Elorrieta horrela mintzo zen disko honi buruz: "Disko honetan gure sentimenduak eta emozioak zintzoki plazaratzen ditugu. Bertan agertzen dira gure beldurrak, gure zalantzak eta gure ilusioak. Ortzemugaren metafora erabiliz, itxaropen eta ilusiozko mundu argi batera hurbildu nahi gara".


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantuen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hegoak astindu 04:38
  2. Hel nazazu eskutik 04:34
  3. Ihes betean 05:12
  4. Utzi nazazu 04:37
  5. Teloia jaisten denean 05:04
  6. Hemen gaude 03:56
  7. ...eta azkenak hasiera 04:08
  8. Itsasoa gara 04:53
  9. Bala bat lurpean 04:22
  10. Giltzak 03:54