Osama bin Laden

Wikipedia, Entziklopedia askea
Osama bin Laden
Osama bin Laden
Osama bin Laden.
Datu pertsonalak
Izen osoa Usāmah bin Muhammad bin Awad bin Lādin
أسامة بن محمد بن عود بن لادن
Jaio 1957ko martxoaren 10a
Riad ( Saudi Arabia)
Hil 2011ko maiatzaren 2a (54 urte)
Abbottabad ( Pakistan)

Usāmah bin Muhammad bin Awad bin Lādinarabieraz أسامة بن محمد بن عود بن لادن), eskuarki Osama bin Laden (أسامة بن لادن) izenaz ezaguna— (Riad, Saudi Arabia, 1957ko martxoaren 10a - Abbottabad, Pakistan, 2011ko maiatzaren 2a) diruduna eta Al-Kaida islamdar erakunde terroristaren burua izan zen.

Biografia laburra

Bin Osama Saudi Arabiako familia aberatsenetako baten seme, Sobietar Batasunak 1979an Sobietar Batasunak Afganistan inbaditu bezain laster, munduko beste milaka musulmanekin batera bat egin zuen Afganistango erresistentziarekin, musulman ororen betebeharra inbaditzaileak kanporatzea zelakoan.

Saudiar gobernuaren zein bere familiaren ustelkeriak nahigabetu egin zuten. Lehenengo Golkoko Gerrak areagotu egin zuen Osamaren eta bere herrialdeko agintarien arteko leizea. 1993rako, Al-Kaida (arabieraz «Oinarria») izeneko gerrillari-sarea antolatu zuen, hein handi batean Afganistango gudari ohien bidez. Bin Laden eta Al-Kaida mundu osoan zehar egindako hainbat eraso terroristaren erantzuletzat jotzen dira, haien artean 2001eko irailaren 11ko New Yorkeko World Trade Centerren zein Pentagonoaren kontrako erasoa. Orobat, talde horri leporatzen zaizkio 1998an Dar es Salaamen eta Nairobin AEBen enbaxaden kontra egindako atentatuak, 2002ko Baliko bonbak, 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo trenetako atentatua, eta 2005eko Ammango bonbak.

1994an, saudiar Gobernuak, subertsioa leporatuta, pasaportea kendu zion Osama bin Ladeni. Hark, ordea, Sudana ihes egin zuen, borroka akanpalekuak eratzera. Handik 1996an kanporatua, Afganistana itzuli zen, Taliban gobernuaren babesean.

Osama bin Ladenek, 1996 eta 1998 bitartean, fatwa (arabieraz, «iritzi erlijioso») batzuk plazaratu zituen, non fededunak AEBen kontrako gerra santura deitu zituen. AEBei, besteak beste, musulman munduko baliabide naturalak arpilatzea eta islamaren etsaiei (Israeli) laguntzea eta sustatzea leporatzen zien. Antza, bin Ladenen asmoa zen AEBak musulmanen aurkako maila handiko gerrara erakartzea, Mendebaldeak babestutako gobernu musulmanak eroraraztea, eta Kalifaldia, hau da, estatu islamiko bakarra, berrezartzea.

Heriotza

2011ko maiatzaren 1ean (maiatzaren 2a, Pakistango ordu-eremuan), Ameriketako Estatu Batuetako hiriburuan, herrialde hartako lehendakari Barack Obamak Osama bin Ladenen hilketaren berri eman zuen. Zuzenean Obamaren agindupean ari ziren Ameriketako Estatu Batuetako Itsas Armadako (US Navy) operazio berezietako hainbat soldaduk eta CIAko agenteek hil zuten Bin Laden, Pakistango Abbottabat hirian gauzatutako isilpeko operazio batean. Soldaduek Bin Laden eta harekin ziren kideak tiroz hil zituzten.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Osama bin Laden Aldatu lotura Wikidatan