Oto I.a Handia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Oto I.a "Handia"[1] (Eudon, Eudo, Eudes edo Odo ere deitua) Akitaniako eta Baskoniako dukea izan zen 700. urte ingurutik 735. urtera; urte horretan hil zen hain zuzen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akitaniako eta Baskoniako dukerria (710-740)

Otoren aita beharbada Lupo I.a izan zen, baina askotariko iturriak ez datoz bat haren jatorriari buruz: batzuetan, germaniar izenek beste etnia bateko pertsonak ezkutatzen zituzten. 715 urtean, bake hitzarmen batera heldu zen frankoen printze eta etxezain Karlos Martelekin, azken hau gerra zibilean zela. Harrezkero, Oto Handia indartsu egin zen Akitanian, hiriburu Tolosa Okzitania zuela.

716 urte aldera, armada musulmana Baskoniara heldu zen (Iruñera) eta 719an, berriz, Narbonara. Gero, Tolosa Okzitania atzeman nahi izan zuten, baina 721ean Otok armada hori birrindu zuen Tolosako Guduan, eta musulmanen hedakuntza iparraldera behin-behineko geldiarazi. Ondorioz, Otok aita santuaren faborea irabazi zuen, baita haren opariak jaso ere. Harrezkero, ordea, Septimania eta Cerdanyako jaun Uthman ibn Naissarekin bat egin zuen, Pirinio ekialdeko eskualde hori segurtatzearren. Aldiz, Kordobaren ordezkari militar Abdul Rahman Al Ghafiqik Uthman ibn Naissa hil egin zuen 731 urtean.

Bitartean, Martelek Otorekin zuen ituna hautsi eta Loira ibaia zeharkatu zuen akitaniarrak erasotzeko. Otok aurre egin zion, baina galdu egin zuen gudua. Hegoaldera alde egin zuen, bere tropekin. Tropa horiek segur aski baskoiak izango ziren eta, Martelekin izandako porrotaren ondoren ahulduta, Abdul Rahman Al Ghafiqiren armadari aurre egin behar izan zioten Bordele ondoan (732). Oraingoan, ordea, Otoren armada galtzaile atera zen; orduko kronika frankoek diotenez, "Jaunak bakarrik daki zenbat kristau sarraskitu zituzten han". Otok eta salbu ateratako tropek, orduan, haien etsai Marteli laguntza eskatu behar izan zioten Oto Martelen mendeko bihurtzearen truke. Martelek onartu zuen eta akitaniarrek, frankoekin batera, Poitierseko guduan parte hartu zuten. Irabazi egin zuten eta horrek musulmanen iparralderako zabalkuntza galarazi zuen.

Horren ondoren, Oto eta haren agindupeko Akitania Martelen mendeko egin ziren izenez, baina funtsean Otok jaun eta jabe jarraitu zuen hil arte (735).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]