Oton

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Otonen denario bat.

Oton (latinez Marcus Salvius Otho) (32ko apirilaren 25a - 69ko apirilaren 16a) Lau enperadoretako urtean bigarren enperadorea izan zen, Galba hil zenetik, urtarrilaren 15etik, hil zen arte.

Botererako bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etruriako familia zahar eta noble batekoa, Neronen adiskidea izan zen, enperadorea bezain ankerra eta bitxia. Bion arteko adiskidetasuna 58an bukatu zen, Popea Sabina, Otonen emaztea, zela eta. Otonek enperadoreari aurkeztu zion emaztea, zein haren maitale bihurtu zen. Orduan, Otonez dibortziatutakoan, Neroni eskatu zion ahalik eta urrunen bidaltzea.

Hurrengo hamar urteetan Lusitania probintzian eman zituen Otonek. Aldameneko probintzian, Hispania Tarraconensisen, Galba matxinatu zenean (68an), Otonek harekin bat egin zuen. Neronekiko suminduaz gain, bere handinahiak ere horrela jokatzera bultzatu zuen. Izan ere, astrologo batek Neronen ondorengoa izango zela iragarri zion. Iragarpen horiek gorabehera, Galbak Luzio Kalpurnio Pison hautatu zuen oinordeko.

Otonen aukera bakarra borrokatzea zen. Diru eskasa bazuen ere (Neronen garaietatik xahutzaile hutsa baitzen), Pretoriar Goardiako hainbat soldadu erosi ahal izan zuen. Kalpurnio Pisonen hautaketa baino bost egun geroago (69ko urtarrilaren 15ean), Otonek, enperadoreari ohiko errespetuak ematera zihoazela, bere jarraitzaileekin biltzeko aitzakia bilatu zuen. Pretoriar akanpalekuan, enperadore izendatu zuten.

Indar horretaz baliatuta, Forumera bueltatu zen. Galba jendetzaren artean ihes egiten saiatu zen. Alabaina, Galba, Kalpurnio Pison eta beste batzuk bortizki hil zituen Pretoriar Goardiak. Egun horretan bertan, senatariek enperadore izendatu zuten.

Otonen arrakasta Pretoriar Goardiaren suminduran oinarritzen zen. Izan ere, Galbak agindutako ordainsaria emateari muzin egin zien. Erromatarrak ere ez zeuden konforme Galbaren politikarekin. Neronen xahutzea nahiago zuten.

Gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jendetzak emandako Neron goitizena onartu zuen, edo, behintzat onartzeko plantak egin zituen. Neronen estatuak berriro eraiki ziren, haren gizonak askatu zituzten eta Neronen Urrezko Etxearen amaiera iragarri zen. Aldi berean, Otonek hiritar agurgarriei jakinarazi zien zuzentazunez gobernatuko zuela.

Hala eta guztiz ere, Germaniako matxinada uste baino askoz garrantzitsuagoa zen. Legio batzuek Vitelioren alde jo zuten. Erromara zihoazen. Hasieran Inperioa partekatzeko prest agertu bazen ere, Otonek, ustekabeko adorez, gerra antolatzeari ekin zion. Urruneko probintzietatik laguntza urria espero ahal zen. Dalmazia, Panonia eta Mesia probintziak, ordea, bat egiteko gertu zeuden. Pretoriar Goardia bera indarra izugarria zen. Itsas-armada ere haren esku zegoen.

Martxoaren 14an, kontrako iragarpenek etsi gabe, iparraldera jo zuen. Ez zuen nahi Vitelio Italian sar zedin. Hala ere, Po ibaian baino ez zuen geldiarazi ahal. Germaniako ofizialek eskarmentu handiago zeukatenez, buruz buruko borroka ekidizekoa zen, Dalmaziako tropak iritsi arte behinik behin. Nolanahi ere, Otonen jeneralen ezinegonak erasoa eragin zuen. Estrategian abilagoa, Vitelio garaile atera zen. Otonek porrota onartu zuen. Hitzaldi duin batean, hobe zela, asko baino, bat hil zedin esan ostean, bere burua hil zuen. Soldadu batzuek jeneralaren ereduari jarraitu zioten. Hil zenean, 37 urte zituen, eta bere gobernuak 3 hilabete iraun zuen.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oton Aldatu lotura Wikidatan